Edukira zuzenean joan

Making Africa. Gaur egungo diseinuaren kontinentea

katalogoa

Hiztegi berrasmatua: diseinu afrikarraren dimentsio ugariak deskodetzen. Okwui Enwezor-ekiko elkarrizketa

Making Africa

Izenburua:
Hiztegi berrasmatua: diseinu afrikarraren dimentsio ugariak deskodetzen. Okwui Enwezor-ekiko elkarrizketa
Egilea:
Making Africa
Argitalpena:
Bilbo: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa, 2015
Neurriak:
34 x 24 cm.
Orrialdeak:
346
ISBN:
978-84-95216-75-5
Erakusketa:
Making Africa. Gaur egungo diseinuaren kontinentea
Gaiak:
Arte afrikarra | Artea eta identitatea | Artea eta literatura | Artea eta politika | Artea eta emozioa | Artea. Teoria | Artearen historia | Lan intelektuala | Sorkuntza artistikoa | Sormena | Diseinua | Kontsumoa | Gogoeta | Jasangarritasuna | Birziklatzea | Kultura eta globalizazioa | Afrika | Amelie Klein | Okwui Enwezor | Autoafirmazioa | Giza harremanak | Herri-kultura
Mugimendu artistikoak:
Arte Garaikidea | Espresionismoa | Kubismoa | Surrealismoa

Jatorri nigeriarreko Okwui Enwezor komisarioa Municheko Haus der Kunst-en zuzendaria da, eta 2015ean egin Veneziako Bienaleko Nazioarteko Arte-Erakusketaren 56. edizioaren zuzendari artistikoa. Egina duen bide luzean zehar, Enwezorrek XX. eta XXI. mendeetako arte afrikarrean, europarrean, asiarrean eta amerikarrean jarri du bereziki interesa, herrialde afrikarretako arte modernoan eta garaikidean eta diaspora afrikarreko arte garaikidean bezalaxe. Era berean, diaspora eta migrazioari, modernitate postkolonialari eta garai postkolonialeko hiri afrikarretako arkitektura eta hirigintzari buruzko teoriak ikertu ditu.

Enwezor Making Africa – Gaur egungo diseinuaren kontinentea erakusketaren komisario aholkularia izan da. Amelie Klein-ek, erakusketako komisarioak, harekin hitz egin du, diseinuak Afrikan duen garrantziari eta diseinuaren ohiko terminologia testuinguru berri honetan birdefinitzearen garrantziari buruz.

 

Amelie Klein: Hiztegi berri bat iradokitzen duzu diseinu afrikarrari buruz hitz egiteko. Zergatik uste duzu beharrezkoa dela?

Okwui Enwezor: Diseinuari buruz hitz egin eta “Afrika” hitzarekin lotzen dugunean, baztertu egin behar ditugu bi hitz horiek elkartzeak berekin ekarri ohi dituen konnotazioak, eskulangintzara eta gaur egungo diseinuarekin zerikusirik apenas duten produkzio metodoetara murriztu izan baita. Kontzeptu batzuk, hala nola birziklatzea, birmoldatzea, pobretzea edo informala, berriro definitu behar ditugu, produkzio-aldetik gaur egungora ekarri eta Afrika oro har definitu ohi duen gabeziaren ideia gainditzeko. Uste dut hiztegiak, berez, autokritikoa izan behar duela, baita maiz erabilitako termino eta kontzeptuak darabiltzagunean ere.

Badirudi Afrika, garbi esango dut, “goreneko maila” dugula gaur egun arte eta kulturan.

Afrika dagoeneko behin baino gehiagotan egon da modan historian zehar, joan zen mendearen hasieran Parisko Trocaderotik Dresdeko artikulu exotikoen dendetaraino iritsiz. Kubistek Afrika aurkitu zuten, haren forma eta ezaugarri esentzialek erakarrita, hango hiztegi abstraktuak erakarrita. Espresionista alemaniarrei atentzioa eman zien eskultura afrikarrak adierazten zuen alteritate lengoaiak. Surrealistek alteritatearekiko liluramendu suerte bat aurkitu zuten lurralde horretan, kultura tribalei atxikitako garbitasun primitiboak eragin gehiegizko haluzinazio moduko baten ondorioz. Horrenbestez, galdera hori ikuspegi historiko batetik interpreta genezake, baina horretara joz gero, zenbait alderdi argitu beharko genituzke: Zergatik aurkitzen da atzera kontinentea, aldian behin? Aurkikuntza horiek egin ondoren zer ahanzten dugu, eta zerk eragiten dio Afrikarekiko egungo konpromisoaren diskurtsoari? Ni neu ez naiz Afrikaren popularitateari buruzko eztabaida horretan parte hartzearen aldeko, areagotu egiten duelako kontinentearen eta munduko beste zatiaren arteko arrakala.

Galdera nagusia zera genuke, zergatik den Afrika garrantzitsu, zergatik den garrantzitsu artista eta diseinatzaile afrikarren obra.

Afrikan mila milioi pertsona bizi direlako eta horiek, egunero, bere irudimen-, kontzeptu- eta diseinu-ingurunea era konplexu eta berritzaile batean erabiltzen dutelako, ideiak, komunitateak eta bizitza mantenduz, objektuaren teoriak eta kontsumitzaileen eta objektuen arteko teoriak garatuz. Horixe nahi nuke jendeak bere buruari planteatzea, zeren eta, modan jarri aurretik ere, Afrika izan bazen.

Alabaina, interesgarria da Afrikaren aldian behingo berraurkitze horiek bat etortzea, antza, aldaketa uneekin.

Uste dut oraingoan Afrika loraldi batean egotearekin duela zerikusia. Afrikarrak mugitzen ari dira, ahalegintzen ari dira, ez dute itxita geratu nahi, bere mugetatik irten nahi dute, panorama zabalago baten parte izan. Egiaz, globalizazioaren giza alderdiaren panorama zabalagoaren parte dira. Eta horrek segurtasun zeharo berri bat ematen die. Dena den, oso garrantzitsua da Afrika gehiegi ez idealizatzea: erakustaldi handietan galtzea saihestu behar dugu, norberaren betaurreko ideologikoak erabiltzea baztertu, eta jarrera kritiko eta produkzio aldetik eszeptiko bat hartu. Asko dago oraindik egiteko. Adeitsuegiak baldin bagara, arriskua dugu ahanzteko ezen kontinenteak nazioarteko eztabaidako zenbait alderditan duen partaidetza ez dela behar adinakoa, haren neurri, dibertsitatea eta konplexutasuna kontuan hartuta. Jende askorentzat, oraindik ere lurralde ezezaguna da. Baina, berriro diot, gero eta afrikar gehiago ari dira eztabaida sakonagoetan parte hartzen. Eta hori bikaina da.

 

[AK:] Hegoaldeko testuinguru orokorretik ikusita, zerk eragiten du Afrika gu guztiontzat bereziki garrantzitsua izatea?

[OE:] “Hegoaldea” eta “Iparraldea” zer ote diren kontua ez da, noski, geografikoa, geopolitiko eta ekonomikoa baizik. Aurrerapenaren eta aurrerapen teknologikoaren hierarkia bat egituratzen duten garapeneko terminoak dira.

Ildo horretatik, oso kontu garrantzitsuak plantea daitezke. Lehenik, zer den Hegoaldea, zer ordezkatzen duen eta zer harreman dagoen Hegoaldean diren ardatzen artean. Bestetik, zer den Iparraldea, zer harreman duen Hegoaldearekin, eta zer gertatzen den harreman horrekin testuinguru afropolitar batean edo diasporarenean. Leku batekoa izatearen sentimendua espazio batek markatzen du, imajinario mental batek, geografia emozional batek, eta baita kultura kontzeptuarekin batera diren beste balio ukiezin guztiek ere. Kontsumo afrikarrak maila zeharo bestelakoa iristen du Iparraldera esportatu eta han Hegoaldeko komunitateak topatzen dituenean, horiek oso jarraibide espezifikoak segitzen baitituzte Hegoaldea ezagutu eta horrekin identifikatzeko orduan. Desplazamenduak desegituraketa-maila desberdinak ere erakusten ditu, deserrotze- eta berrerrotze-formak, eta lekua eraikitzeko estrategia berriak, zeinek pertenentziaren —bai sozialaren, kulturalaren edo juridikoaren— etika bati laguntzen dioten. Pertenentziaren etikak bultzaturik, etengabe bilatzen ditugu pertenentzia-kode berriak integratzeko bideak, bai asimilazio-ekintzen bai ekintza egituraturako formen bitartez.

 

[AK:] 1994an Nka izeneko aldizkaria fundatu zenuen. Azalduko al zenuke tituluaren esanahia eta artetik haragoko diseinuarekin duen harremana?

[OE:] Aldizkaria fundatu nuenean, horizonte estetiko bat proiektatuko zuen baina, aldi berean, erresistentzia ideologikoaren foro bat izango zen termino bat ari nintzen bilatzen. Jendeari ulertarazi nahi nion bestearen hizkuntza ez dela mordoilo bat. Esangura bat du. Eta igbo hizkuntzan, horrexekin hazi nintzen Nigeria ekialdean, nka-k esan nahi du “sortzea”, “egitea”, “asmatzea”. “Artea” ere esan nahi du. Baina basaa hizkuntzan, hori Kamerungoa da, nka-k “diskurtsoa” esan nahi du. Sarritan jendeak galdetzen dit ea noiz joan nintzen lehen aldiz museo batera. Izango ez dugu, bada, artea ikusi ahal izateko museoaz besteko lekurik! Aldizkariari nka izena jartzea ideia zehatz hori indargabetzeko modu bat izan zen.

Horrek hiztegi berri horren parte den hitz zerrenda batera narama. Lehen hitza “asmo izatea” da.

[Asmo izatea]

Asmo izatea funtsezkoa da diseinuak munduan nola funtzionatzen duen ulertzeko. Nire iritziz, termino hori Afrikan sortutako edozein diseinuren aurretiazko baldintza da. “Asmo izateak” kontsumitzailea du erreferentzia, diseinua plazeragatik, erosotasunagatik edo arazo teknologiko bat konpontzearren erabiltzen edo aplikatzen duen pertsona. Baina asmo izate horrek, era berean, zabaldu egiten ditu erabiltzailearen tresnak, eta espazio batera gonbidatzen du gainera, horretan diseinu transakzio berri bat ezartzen baita objektua erabiltzen duen pertsonaren eta objektuaren sortzailearen artean. Ildo horretatik, “asmo izate” nozioak konpromisoa aipa lezake, objektu, ideia edo kontzeptu bati bizitza emateko unea, horiek kontsumitzailea behar baitute osatu eta praktikara eraman ditzan. Beraz, asmo izatea borondatezko ekintza bat da.

“Pertenentzia”

“Pertenentziak” esan nahi du komunitate bat sortzea, obraren beraren edukiari buruzko gogoeta-modu berriak sortzeko gai den eztabaida zabalago baten parte izatea. Baina obra batek beste agertoki batera bidaiatzen duenean erakusten dituen espazioak sortzeko mekanismoei buruzko eztabaida bat ere bada. Objektu batek beste leku batera bidaiatzen duenean, nola hartzen dute? Nola bihurtzen da iritsi den leku horretako lexikoaren parte izatera? Eta “pertenentziak”, esanaz gain, aipatzen du objektu horrek nola lortzen duen pertsonek erabiltzen dituzten harreman semantiko eta sinbolikoak gogoraraztea.

Halatan, Afrikan eta munduko edozein tokitan identitatearen kontua lotuta dago, halaber, horrelako lengoaia sinbolikoarekin eta egunero erabiltzen diren materialek zenbait identifikazio-prozesu erakusten dituzten moduarekin. Pertenentziak ez du leku jakin baten parte izatea zertan izan, baizik eta inguru partikular baten, geografia mental eta sormenezko baten parte. Diseinugile afrikarra naiz edo kasualitatez afrikarra den diseinugilea naiz? Uste dut pertenentzia-forma biak lotuta daudela ezinbestean. Pertenentzia kontzeptua ez dugu soilik identitate termino hutsetan ulertu behar (horiek beharrean baitaude oinarrituta, edo geografian, edo historian), baizik eta ingurune bateko pertenentzia gisa. Eta uste dut ingurune batekoa izatea alderdi erabakigarria dela artista afrikarrentzat, adibidez, diskurtso-komunitate berriak asmatzeko eta sortzeko prozesuan daudelako bete-betean sartuta. Eta hori ezin funtsezkoagoko pertenentzia espazio bat da, nazioz gaindiko eta identitatearen ondotiko espazio suerte bat.

“Elkarlana”

Elkarlanak esan nahi du bat egitea, aldeak gainditzea, eta alde horiek asmakuntzarako mekanismo gisa baliatzea, gure konbentzimendu antzuetatik harago joateko mekanismo gisa. “Elkarlana” ematea da, eta horren trukean zerbait jasotzea. Eta uste dut hori funtsezkoa dela.

“Kontsumitzea”

Asko interesatzen zait kontsumoaren ideia antropofagiaren ikuspegitik. Ildo horretatik, kontsumitzeak esan nahi du bestea jatea, lehen begiratu batean arraroa edo gure geure kultur ingurunearekin bateraezin jotako zerbait sabeleratzea. Batzuetan zalantza egiten dut “kontsumo” kontzeptua horrela erabiltzean, akulturazioaren historia konplexua delako. Baina bada Afrikan norberak sarritan topatzen duen kontu bat: autentikotasunaren bilaketa. Eta, hain justu ere, kontsumotik borrokatzen gara ezer aldatzen ez den bilaketa hori gainditzeko. “Kontsumitzea”, azken batean, autentikotasuna zalantzan jartzea da.

“Digitala”

Mundu digitala da, egiaz, Afrika gaur egun mugiarazten ari dena. Afrikarrei, afrikarren arteko aldeak alde, komunikazioa eragozten zieten mugak eraitsi ondoren, mundu digitala aukera berriak ari da sortzen, eta potentzial itzela halaber sorkuntza kritiko erabat nazioz gaindikoa, biltzailea eta konpromisozkoa sortzeko. Harreman-mintz zeharo berri bat sorrarazi du. Eta kontinentearen alde batetik bestera fisikoki mugitzeak oso zail izaten segitzen badu ere, eremu digitalak lortu du afrikarrei pentsatzeko modu sinestezin bat eskaintzea, hain zuzen afrikarrek berek gogoan har dezaten lankidetzan aritzeko, kontsumitzeko, helburuak izan eta bere aztarna leku batean, leku birtuala izanda ere, uzteko duten potentzial itzel edo aukera sorta amaigabea.

“Eginkizuna”

Nola lortu gauzek funtzionatzea: horixe da Afrikako herrialde guztiak oinaztatzen dituen erronka. Diseinu-kontu bat da, politika-, ekonomia- eta azpiegitura-kontu bat. Hiztegi berria aurkitu behar dugu, hain zuzen ere diseinuak eguneroko erabiltzaileentzako tresna berriak sor ditzakeen modua eraldatzeko…

“Etorkizuna”

Etorkizunean pentsatzea munduan dauzkazun aukeren inguruan pentsatzea da. Eta maiz esan dut Afrikari dagokiola etorkizuna; antza denez, beste edonon jadanik gertatu baita.

“Globalizazioa”

Gaur egun, baliabideak munduko zati txiki eta mugatu batzuetan sistematikoki finkatzea baino askoz gehiago izan behar du globalizazioak. Globalizazioa parte hartzeko modu bat da. Ideia afrikarrak mundura helarazteko modu bat da, kontzeptu afrikarrak munduan sartzeko, kontzeptu horiek bidaia dezaten eta emaitza ukigarriak izan ditzaten uzteko, ez baina soilik Afrikako natur eta giza baliabideak ustiatzen dituztenentzat, baizik eta baita Afrika eta afrikarrentzat ere.

“Identitatea”

Afrikarra naiz. Baina horrek ez du esan nahi identitatea gauza konstante eta aldaezina denik. Besteen mundua ezagutzeko gure modua dela pentsatzea gustatzen zait. Leku jakin batetik baldin banator, horrek aukera ematen dit beste leku batera noiz iritsi naizen jakiteko. Identitatea da aitortzea mundura dakartzagun balioak eta esparru epistemologikoa gauza funtsezkoa, garrantzitsua eta indarrez betea direla.

“Informala”

Sarritan uste izaten dugu informalak ez duela indarrik, eta ikusezin bihurtzen da zirkulu eta zirkuitu ofizialetan inskribatuta ez dagoelako. Zalantzan jarri behar ditugu Afrikako sormenaren motorrari martxan eusten dion asmakuntzaren logika inteligentearen gainean informalaren ideiak ezarri ohi dituen mugak. Kapital inbertsioa zailtasunak izaten ari da, azpiegiturei eta gastu sozialari eusteko edo horietako gabeziak arintzeko unean ekonomia informalak duen partaidetza masiboa aitortzeko. Informalaren nozio horretan oinarritutako ideietako askok ez dute aitortzen sektore honek aldaketaren eta hazkuntzaren parte bihurtzeko duen gaitasuna. Nola erabil daiteke informala, Afrikaren orientazioaren motor nagusietakoa izan dadin? Izugarrizko sormena duen ekonomia bat da. Jendeak bere egunerokotasunean egiten duenari buruz ari gara hizketan, bere patuaren gidaritza hartzen duen moduari eta lekuari buruz.

“Inspiratzea”

Diseinua inspiratu behar dugu, gauza erabilgarri bat, gauza funtzional bat baino gehiago izan dadin. Alferreko diseinua inspiratu behar dugu, gauzak asmatu eta sortzeko ahalegin hutsagatik diseinatu, diseinua berrikuntza-modutzat. Diseinugileak inspiratu behar ditugu gauza alferrekoak egin ditzaten.

“Egitea”

Egiteak masa kontsumoaren konplazentziari eta mugei erronka jotzea eskatzen du. Zerbait egitea funtsezkoa da, zeren eta esan nahi baitu irudimenaren boterea alderantzikatzea, baina egiteak denbora kontzeptuari ere jotzen dio erronka produkzio industrialaren eta postindustrialaren testuinguruan, horretan sorkuntza izugarri automatizatuta baitago eta ez-diferentziatua baita. Afrikako ekonomietako asko suntsitzen dituen gauzetako bat ondasun merkeen inportazioa da. Horregatik, egitearen egintzaren erabilgarritasun politikoa onartu behar dugu, egiteko praktika arnegatua onartu behar dugu, testuinguru afrikarrean topiko berriak, kontzeptu berriak eta industria berriak ikertzeko modutzat.

“Diziplina anitzekoa”

“Brikolajearen” kontzeptuak, Claude Lévi-Strauss antropologo estrukturalista frantsesak eman zion esanguran, diziplina anitzekoa pentsatzeko oso modu interesgarria eskaintzen du: zerbait eraikitzea elementu desberdinetatik abiatuta, eta zenbait esparru, mundu eta diziplinaren konbinazioei zentzua ematea; kontsumitzailearen eta objektuaren arteko harremana eraldatzen duen zerbait produzitzea. Diseinuak diziplina anitzekoa izan behar du. Zenbait diziplinatatik ikasi behar du, objekturik sinpleenak berak ere iradoki dezakeenaren esentziara iristeko.

“Sarea”

Harremanak eraikitzeko modu bat da; gure geure ingurunean itxita bageunde izango genituzkeen aukerak areagotzeko modu bat.

“Politika”

Politikak oso eginkizun garrantzitsua betetzen du gako hitz hauetan guztietan: pertenentziaren politika, lankidetzaren politika, harreman sareen politika, eremu digitalarena. Politika autosorkuntzaren funtsezko forma bat da. Subjektibotasunaren eta subjektibazioaren mekanismoa da —ikus gaitzaten, ikusgarriak izan gaitezen—. Diseinuaren politika autoafirmazioaren politika da.

“Birziklatzea”

Nigerian bada termino bat, tokunbo, joruba hizkuntzan “atzerritarrarena” esan nahi duena, baina mendebaldetik inportatutako bigarren eskuko ondasun merkeetarako erabiltzen du nigeriar umore beltz klasikoak, eta testuinguru horretan “bigarren aukera onena” edo izango genuke. Lagosen bada inportazioko objektu erabilien merkatu handi bat; horren izen informala Tokunbo Market da, eta jendea bertara joaten da bigarren eskuko objektuak erosteko. Horrexek ematen dio umore ukitua hitzari, zeren eta esan baikenezake mendebaldeko hondarrak erostea dela bigarren aukerarik onena. Eta, hala eta guztiz, pizgarri indartsua da birziklatzea birplanteatzeko.

Baliabide politikaren eta mendebaldetik Afrikara bidalitako bigarren eskuko ondasunen arteko harremana garrantzitsua da. Bada zaharkituari buruzko ideia orokor bat. Horren arabera, modaz pasatutako objektuek, erabilgarri izateari laga dioten gauzek, Afrikarantz joan beharko lukete beti. Baina uste dut birziklatzearen ideia oso garrantzitsua dela, eta Afrikak erakuts diezaguke bizitza berriak eta forma berriak aurki ditzakegula gauza horientzat, burua erabiliz gero. Birziklatzearen politikak gure diskurtsoaren parte izan behar du, diseinuaren esparruan.

“Estiloa”

Estiloa nork bere buruaren gainean duen konfiantzaren erakusle izugarria da. Zertzeladek ezartzen dizkiguten mugen kontrako erresistentzia modu bat da. Ezarritako mugak gainditzea da, duintasunez eta nork bere burua errespetatuz bizi izateko gaitasuna, norberaren bizitzaren edertasunaren, norberaren posibilitateen berrespen etengabea. Konfidentzia estetiko suerte bat da. Objektuek eman diezaguketenetik harago joateko gaitasunak berezko duen zerbait da estiloa; autoafirmazioaren zentzua da.

“Jasangarria”

Jasangarritasuna garrantzitsua da, diseinuak, Afrikan, beste pauso bat egin behar duelako. Ezin da mugatu gero baztertuko diren gauzak sortzera. Erabiliko den tokiko bizitza-sorkuntzarako mekanismoaren parte izan behar du. Balio erantsia izan behar du, ez balio kendua.

[Itzultzailea: Luis Mª Larrañaga]