Edukira zuzenean joan

Niki de Saint Phalle

Sarrera

Niki de Saint Phalle

Erakusketa hau Niki de Saint Phalle (1930–2002) frantziar-estatubatuar artistari hogei urtetan egindako lehen atzera begirako handia da. Berrehun bat lanek XX. mendeko bigarren erdialdeko artistarik gailenetako baten ibilbide osoa aztertuko dute, kronologikoki eta gaika.

Niki de Saint Phalle New Yorkeko goi-klaseko gizarte-kode estuen arabera hezi bazuten ere, berarentzat idatzitako gidoia alde batera utzi zuen, munduaren ikuspegi bereziak errebelatzeko nahiak eta sormen handiak bultzatuta: feminismoari eta gizarte-ekintzari modu erradikalean heltzen zion artegintza jorratu zuen.

Pierre Restany-ren Errealista Berrien taldera batu zitzaion 1960ko hamarkadan, Parisen, Tiro-margolanak egiten zituenean. Ordutik, haren irudia sendotzeko komunikabideak erabili zituen, Andy Warhol-ek bezala. Publiko orokorrak Nana izeneko eskultura erraldoiengatik ezagutu zuen. Eskultura handi horiek hasieran oihalez eta gerora erretxina sintetikoz egin zituen, eta emakumearen irudia artean eraldatu zuten. Horien bidez generoen irudikapenaren inguruko hausnarketak egiteaz gain, AEBko eskubide zibilen borrokaren gainean ere jardun zuen; testuinguru horretan aipatzekoa da Rosa Parks-i egindako omenaldia. Tiro-margolanak sailean, berriz, Gerra Hotza eta Algeriako Gerra aipatu zituen, eta 1980ko lan batzuk hiesaren epidemia izan zuten gai. Adibide horiek guztiek agerian jartzen dute arte-ibilbide osoan aktibismo politikoak leku gailena izan zuela.

Haren ibilbidean ere ugariak izan ziren arte publiko lanak, tartean, Toscanako Tarotaren Lorategia eta Parisko Stravinsky iturria. Antoni Gaudí-ren eragina agerikoa da lan horietan, eta erakusketa maketek eta argazkiek emango dute haren berri. Eskala monumentaleko ekimen horiek Saint Phalleren artegintzako funtsezko alderdietako bat izan ziren, eta horiek zati batean finantzatzeko berariaz sortu eta salmentan ipini zituen hainbat objektu, hala nola, bitxiak, lurrin bat, grabatuak, argitalpenak, eta etxerako apaingarriak. Erakusketak Saint Phalleren ekoizpen anitzaren beste alde batzuk ere jasotzen ditu, esaterako, performancearekin, zine­ma esperimentalarekin eta balletarekin —Roland Petit-ekin— izandako lotura.

Guggenheim Bilbao Museoak eta Réunion des Musées Nationaux – Grand Palais-ek antolatutako erakusketa Niki Charitable Art Foundation-ekin lankidetzan.