Edukira zuzenean joan

Paul Pfeiffer: Askatasunaren sorrerari buruzko kondairaren hitzaurrea

hezkuntza-edukia

[Hezkuntza-edukia]

Paul Pfeiffer: Askatasunaren sorrerari buruzko kondairaren hitzaurrea

Oraingo honetan, Paul Pfeiffer: Askatasunaren sorrerari buruzko kondairaren hitzaurrea erakusketaren Didaktikak jendetzak hartzeko pentsatutako arkitektura aztertzen du. Gainera, Pfeifferren lanean giltzarri diren ideiak ere biltzen ditu, kirolarekin, zinemarekin eta musikarekin lotutako masa-entretenimenduaren inguruan.

Pfeifferren jarduna

Paul Pfeifferrek, 1966an jaioak, hainbat bitarteko —argazkilaritza, bideo-instalazioa eta eskultura besteak beste— erabiltzen ditu masa-hedabideen lenteen ikuspegitik aztertzeko nola sartu diren kirolean eta herri-kulturan normalean debozioari, kultuari eta erlijioaren erritualei lotzen zaizkien ezaugarriak.

Pfeifferrek kirol-ekitaldien, telebista-emanaldien eta filmen metrajea eta bideo-sekuentziak bereganatzen ditu. Haietatik zati batzuk digitalki manipulatu eta editatzen ditu bideoklipak sortzeko, publikoarentzat ezagunak eta, aldi berean, arrotzak suertatzen direnak. Bere lanek, alde batetik, agerian uzten dituzte esperientzia kolektiboa inguratzen duten artifizio guztiak —ingurune arkitektonikoak, musika eta soinu-bandak— eta era askotako emozioak iradokitzeko duten ahalmena; eta, bestetik, ikono erlijiosoak balira bezala ohoratu ohi diren kirolarien edo pop izarren gorputzen merkantilizazioa aditzera ematen dute.

Bestalde, Pfeifferrek bere lanetako batzuetan pantaila bat edo gailu bisual baten bitartez irudiekiko esperientzia aldi berean indibiduala eta urrunekoa bihurtzen du, eta horrekin erakutsi nahi du interakzio-maila hori oso bestelakoa dela bizitza errealean gertaera horiek berak kolektiboki bizitzen diren moduaren aldean.

Masen arkitektura

Jendetzari zuzendutako kirol-ekitaldi eta ikuskizunetarako azpiegiturak antzinatetik eraiki izan dira, esperientzia kolektiboa hobetzeko helburuz. Estadioak, besteak beste, horretarako asmatu ziren.

Paul Pfeifferren Apokalipsiaren lau zaldunak (2000–abian) eta Gorria Berdea Urdina (2022) lanek lehen planora ekartzen dituzte kirol-ekitaldietan heroiek, publikoak eta arkitekturak duten hartu-emana eta papera, eta hainbat galdera planteatzen dituzte: Nola erreakzionatuko luke jokalari batek jendez betetako estadio batean kantxan bakarrik eta isolatuta ikusiko balu bere burua, beste jokalaririk gabe? Zer nolako pertzepzioa izango luke publikoak jendetzaren zarata eta musika kenduko balira?

Testuinguru horretan, 2024ko apirilean Bilbon gertatu zen masa-fenomenoa aipa dezakegu. Izan ere, identitate kulturalak eta kirolzaletasunak bultzatuta, adin guztietako milioi bat pertsona inguru bildu ziren Athletic Club futbol taldeak Errege Kopako txapelketa irabazi izana ospatzeko. Aspalditik, berrogei urte lehenagotik, ez zuen titulu hori lortu eta horrek jendetzaren artean ikusmina, batasuna eta poza zabaldu zituen. Estadioa (“Katedrala” izenez ezaguna) gainezka egon zen, eta ondorengo ospakizunetan hiria zeharkatzen duen Nerbioi itsasadarraren inguruan bildu ziren athletic zaleak.

Pfeifferren artelanek irudiek duten indarrari buruz hausnartzera gonbidatzen gaituzte, nortasun indibidual eta kolektiboen eraikuntzan nola eragiten duten jabetu gaitezen, denbora eta kokalekua gaindituz.