
Pissarro, Camille
Biografía
Camille Pissarro Parisen 1855ean kokatu ondoren hasi zen Inpresionismoaren garapenean laguntzen, eta argiz betetako frantses landazabaleko eszenak egin zituen batez ere, eguneroko jardunean zebiltzan baserritarrekin sarri. Jean-Baptiste Camille Corot paisaia-pintorearekin ikasten hasi zenean sortu zitzaion naturarekiko zaletasuna Pissarrori. Parisen estudio bat izan zuen arren, beti nahiago izan zuen landa eremuetan bizitzea. 1866tik 1883ra, denboraldi batzuetan Pontoisen bizi izan zen, Parisen kanpoaldean; bertan, eskualdeko bistak eta horko biztanleen ohiko jarduerak adierazten zituzten artelanak ondu zituen.
1884an, Éragny-sur-Epte-ra lekualdatu zen, Normandiara eta, luze gabe, bere pintura aldatu egin zen. 1885ean, Georges Seurat eta Paul Signac neoinpresionista gazteak ezagutu zituen eta, teoria erradikalak onartzeko zeukan erraztasunak zirikatuta, Puntillismoa baliatu eta kolore osagarrietan oinarritutako teknika horren pintzelkada kontrolatua onartu zuen. Artaldea, Éragny-sur-Epte (Le troupeau de moutons, Éragny-sur-Epte, 1888, 96. or.) eta Éragnyko Delafolie adreilu fabrika (La Briqueterie Delafolie à Éragny, 1886 – 88, 97. or.) lanetako pigmentu mosaiko txikiek kolore biziko atmosferak sortzen dituzte, eta efektu hori areagotu egiten da argi eta itzalen kontraste indartsuen guneak txertatzean. Pintura horietan, Pissarroren ezker ideologia antzeman daiteke, langileriari buruzko bere interesari, nekazarien erretratuei eta naturarekin harmonian diren gizakien irudikapenei lotuta.
Denboraren poderioz, Pissarrok baztertu egin zuen Neoimpresionismoa, bere hasierako artelanen ohiko estiloa garatzeko. Bizitzako azken urteetan, begiko arazoek eragotzi egin zioten aire zabalean berriz pintatu ahal izatea. Hala ere, artistak bere burua berrasmatzen jarraitu zuen beti, eta hiriaren ikuspegi zenital eskematikoak egin zituen bere etxeko leihoetatik.
Parte hartutako erakusketak
- Paris, mende amaiera: Signac, Redon, Toulouse-Lautrec eta garaikideak
- 2017ko maiatzak 12 - 2017ko irailak 17
- Van Goghetik Picassora. Thannhauser legatua
- 2018ko irailak 21 - 2019ko martxoak 24
- Kunsthalle Bremenen bildumako maisulanak: Delacroix-etik Beckmann-era
- 2019ko urriak 25 - 2020ko otsailak 16
- Serra/Seurat. Marrazkiak
- 2022ko ekainak 9 - 2022ko irailak 6