Edukira zuzenean joan

Vuillard, Édouard

Cuiseaux (Frantzia), 1868 | La Baule (Frantzia), 1940

Vuillard, Édouard

Vuillard, Édouard

DOKUMENTUAK IKUSI

Biografía

Gai profanoei erreparatu bazien ere, Édouard Vuillard nabien artista talde mistikoko kide nabarmena izan zen; 1889an bat egin zuen haiekin, Parisko Académie Julianeko beste ikasle batzuekin batera. Nabiak artean nagusi zen naturalismoaren kontra oldartu ziren, eta pintura tradizionalaren mugak zabaltzea bilatu zuten, arte aplikatuak eta artisautza barnean hartuz. Esplorazio horren fruitua dira dekorazioari buruzko bere aurkikuntzak, adibidez, motibo apaingarriak eta kolore ez-errealisten erabilera. Bere lehendabiziko irudiek etxeen barrualdeak erakusten dituzte koloreen harmonia lausoekin, izaera intimoa dutenak; izan ere, Vuillard pintore intimista izateagatik ezaguna izan zen. Vuillard amarekin bizi izan zen hura hil arte, 1928an, eta ama modista eta gerruntzeen jostuna zen. Bere konposizio askotan, artistaren ama eta arreba agertzen dira; giza irudiak eta atzealdeak bat egiten dute etxe hertsagarri batean: nagusitzen dira lorez margotutako paperak, alfonbrak eta jostun lanbideraren ohiko ehun estanpatuak, ondorengo estanpetan ikus daitekeen bezala: Lanpara esekia duen barrualdea (Intérieur à la suspension, 1899, 156. or.) eta Arrosaz pintatutako papera duen barrualdea (Intérieur aux tentures roses, 1899, 158 – 59. or.). Beste artelan batzuek Parisko eguneroko bizitzako eszenak testuinguru intimoetan erakusten dituzte, adibidez, Sukaldaria (La cuisinière, 1899, 160. or.), Dama partida (La partie de dames, 1899, 156. or.) eta Bi ezkonarrebak (Les deux belles-soeurs, 1899, 157. or.), bere oinarrizko litografia-sorta honetakoak: Paisaiak eta barrualdeak (Paysages et intérieurs).

Mendea aldatu eta nabien taldea desegitean, Vuillarden artelanek eutsi egin zioten haien izaera bereziki lauari eta taldearen japoniar estetikak berezkoa zuen koadratze murriztuari. Bere gaiak zabaldu egin ziren; goitik begiratutako hiriaren irudiak pintatzen zituen, maiztasunez bidaiatu zuen, baita estilo espontaneoagoko paisaiak eta marinak ondu ere. Lehen Mundu Gerrak iraun bitartean, artista militar sartu zen, eta gerraren errealitate gordina adierazi zuen. Bere obra berantiarra barrualdeetan kokatutako erretratuak dira batez ere, baina Vuillardek jarraitu egin zuen espazio publikoetarako zein pribatuetarako dekorazioa sortzen, baita antzerkietarako eszenografiak diseinatzen ere, bere ibilbide osoan egin bezala.

Parte hartutako erakusketak

Degas-etik Picasso-ra: pintoreak, eskultoreak eta kamera
2000ko ekainak 6 - 2000ko irailak 10
Paris, mende amaiera: Signac, Redon, Toulouse-Lautrec eta garaikideak
2017ko maiatzak 12 - 2017ko irailak 17
Van Goghetik Picassora. Thannhauser legatua
2018ko irailak 21 - 2019ko martxoak 24
Fauvismotik surrealismora: Parisko Musée d’Art Moderneko maisulanak
2022ko otsailak 11 - 2022ko maiatzak 22
Serra/Seurat. Marrazkiak
2022ko ekainak 9 - 2022ko irailak 6