Edukira zuzenean joan

© Murakami

TAG_Tirudiak_VALUE
Izenburua:
© Murakami
Data:
2009ko otsailak 17 - 2009ko maiatzak 31
Komisariotza:
Paul Schimmel
Erakusketa mota:
Banakakoa
Gaiak:
Artea eta ekonomia | Artearen demokratizazioa | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Kontsumoa | Sinbolismo erijiosoa | Herri-kultura | Japonia | Tradizioa
Mugimendu artistikoak:
Neo-pop
Erakusketa birtuala:
https://www.guggenheim-bilbao.eus/eu/erakusketak/murakami-4/

Takashi Murakami Tokion jaio zen 1962an eta azken hamarkadatan gehien eragin duen Japoniako artistetako bat da. Nihonga pinturan trebatu zen, usadiozko teknika eta gai japoniarretan arreta jartzen duen estiloan, eta Tokioko Arte Eder eta Musika-Unibertsitate Nazionalean doktoregoa lortu zuen 1983an. 1980ko hamarkadaren amaieran Japonian ekonomiak porrot egin ondoren agertu zen neo pop japoniarraren belaunaldiko artista da Murakami. Haren lanetan jaioterriko egungo herri-kulturaren osagaiak erabili arren, esaterako, animea (animazioa) eta manga (komikia), ez ditu alde batera utzi usadio japoniarrekoak eta besteak beste honako hauek erabiltzen ditu: budismoaren ikonografia, XII. mendeko pintura-bilkariak, zen pinturak eta XVIII. mendeko Edo garaiko pintura bitxia delakoa; azken hori ohiz kanpoko eta fantasiako irudiak, espresionismotik hurbil dauden marrak erabiltzea eta errealismoari eta tradizionalismoari uko egitea du ezaugarri.

Murakamiren lanek arte jasoaren eta herri-kulturaren arteko beste erlazio bat sortzen dute, eta bere kontzeptuan artea ekonomiaren parte da. Artista hau ezaguna da merkatu-estrategiak aldatzea oinarri duen enpresa-eredu berria garatu izanagatik. Gizartean izan den erabateko aldaketaren ondoriozkoa ere bada eredu hori —izan ere, gizarteak kontsumoa oinarri izatetik, ekonomiak zerbitzuak oinarri izatera igaro da—, hortaz, Andy Warhol eta garaikideen, Jeff Koons-en eta Damien Hirst-en, ez bezalako lana da Murakamirena. Artelanak sortzeaz gain, beste hainbat jardunetan dabil, eta horiek ere haren lanaren partetzat hartu behar dira; erakusketetako komisarioa da, ekitaldi-arduraduna, esataria, zutabe idazlea eta artista hasiberrien agente. Artea beste eremu batzuetara eramatea helburu duela argi agertzen dute Kaikai Kiki Co., Ltd., haren nazioarteko enpresak eta garatzen dituen jarduera askoak: merchandising produktuen kate-ekoizpena, animazio-filmen produkzioa, eta hainbat enpresek eskatzen dizkioten diseinuak, adibidez, Louis Vuitton etxeak eskatutakoak.

© Murakami artista horri inoiz eskainitako atzera begirakorik zabalena izan zen: 90 artelan baino gehiago bildu ziren, hainbat tekniketakoak gainera; pinturak, eskulturak, instalazioak eta filmak. Hala, Murakamiren alter ego den DOB pertsonaien ibilbidea jarrai zitekeen, eta 1990ko hamarkadaren amaierako otaku kulturan inspiratutako proiektu figuratiboak eta Kaikai Kiki Co., Ltd. enpresak merkaturatzen dituen produktuak, Takashi Murakamiren lan osoa barne hartzen dutenak, ikusi.