Edukira zuzenean joan

© Murakami

Sarrera

© Murakami 

Takashi Murakami Tokion jaio zen 1962an eta azken hamarkadatan gehien eragin duen Japoniako artistetako bat da. Nihonga pinturan trebatu zen, usadiozko teknika eta gai japoniarretan arreta jartzen duen estiloan, eta Tokioko Arte Eder eta Musika-Unibertsitate Nazionalean doktoregoa lortu zuen 1983an. 1980ko hamarkadaren amaieran Japonian ekonomiak porrot egin ondoren agertu zen neo pop japoniarraren belaunaldiko artista da Murakami. Haren lanetan jaioterriko egungo herri-kulturaren osagaiak erabili arren, esaterako, animea (animazioa) eta manga (komikia), ez ditu alde batera utzi usadio japoniarrekoak eta besteak beste honako hauek erabiltzen ditu: budismoaren ikonografia, XII. mendeko pintura-bilkariak, zen pinturak eta XVIII. mendeko Edo garaiko pintura bitxia delakoa; azken hori ohiz kanpoko eta fantasiako irudiak, espresionismotik hurbil dauden marrak erabiltzea eta errealismoari eta tradizionalismoari uko egitea du ezaugarri.

Murakamiren lanek arte jasoaren eta herri-kulturaren arteko beste erlazio bat sortzen dute, eta bere kontzeptuan artea ekonomiaren parte da. Artista hau ezaguna da merkatu-estrategiak aldatzea oinarri duen enpresa-eredu berria garatu izanagatik. Gizartean izan den erabateko aldaketaren ondoriozkoa ere bada eredu hori —izan ere, gizarteak kontsumoa oinarri izatetik, ekonomiak zerbitzuak oinarri izatera igaro da—, hortaz, Andy Warhol eta garaikideen, Jeff Koons-en eta Damien Hirst-en, ez bezalako lana da Murakamirena. Artelanak sortzeaz gain, beste hainbat jardunetan dabil, eta horiek ere haren lanaren partetzat hartu behar dira; erakusketetako komisarioa da, ekitaldi-arduraduna, esataria, zutabe idazlea eta artista hasiberrien agente. Artea beste eremu batzuetara eramatea helburu duela argi agertzen dute Kaikai Kiki Co., Ltd., haren nazioarteko enpresak eta garatzen dituen jarduera askoak: merchandising produktuen kate-ekoizpena, animazio-filmen produkzioa, eta hainbat enpresek eskatzen dizkioten diseinuak, adibidez, Louis Vuitton etxeak eskatutakoak.

© Murakami artista horri inoiz eskainitako atzera begirakorik zabalena da: 90 artelan baino gehiago bildu dira, hainbat tekniketakoak gainera; pinturak, eskulturak, instalazioak eta filmak. Hala, Murakamiren alter ego den DOB pertsonaien ibilbidea jarrai daiteke, eta 1990ko hamarkadaren amaierako otaku kulturan inspiratutako irudi-proiektuak eta Kaikai Kiki Co., Ltd. enpresak merkaturatzen dituen produktuak, Takashi Murakamiren lan osoa barne hartzen dutenak, ezagutu.

Gakoak

Takashi Murakami Japoniako tradizioko pintura-estiloan trebatu zen eta hierarkia lausoa zuen gizartean hazi.

Haren lanak egungo Japoniako gizartea, gizarte horrek Bigarren Mundu Gerratik izan duen bilakaera eta mendebaldearekin, AEBrekin batik bat, duen harremana aztertzen du.

Artistak berak erabil izuen Superflat (lau-laua) hitza bere idazkietan, gerora bere lanak deskribatzeko erabili izan dena. Estilo horren ezaugarri da bi dimentsio izatea, baina, horrez gain, harremana du kultura jasoaren eta behekoaren arteko muga lausotzearekin, eta artearen egituraren ikuspegi kritiko bat azaltzen du.