Edukira zuzenean joan

Anish Kapoor

Sarrera

Anish Kapoor

Guggenheim Bilbao Museoak Anish Kapoor-i, nazioarteko eskultura-giroan eragin handiena duen artistatako bati, erakusketa handia eskaintzen dio. Erakusketa hau Londresko Royal Academy of Arts-en izan zen 2009ko udazkenean eta bertan arrakasta bikaina izan zuen; Espainian lehenbiziz antolatu da Kapoorren arteari eskaintzen zaion hain erakusketa handia.

1980ko hamarkadaren hasieran gailentzen hasi zen, eskultura-irudi abstraktuen inguruan egin zuen ikerketari eta bolumena, eskala, kolorea eta materialtasuna erabiltzen zuen moduari esker. Ezagun egin zuten hutsaren inguruan egin zituen azterketek, bere eskulturek eta instalazio monumentalek eta aire zabalean egindako arte-proiektu publikoek; izan ere, horiek guztiek arte postminimalistaren lengoaia zabaldu dute.

Bilboko erakusketan Kapoorrek 1979tik aurrera sortu dituen hainbat sail ikusgarri izango dira. Horietan ukitze edo oso islatzaileak diren materialak erabili ditu: pigmentu puruak eta distiratsuak, odol koloreko argizariak, pintatutako beira-zuntza, harria, leundutako altzairu herdoilgaitza eta oraintsu erabiltzen hasi den, zementua. Materialtasuna eta prozesua funtsezkoak dira Kapoorren lanean eta bietaz baliatzen da artelanetan ikusten dugun zurruntasunetik haratago joateko, eta zentzumen eta ikurren bidez haien sakontasuna nabari dezagun. “Materialak beti eramaten gaitu materiagabetasunera” esan du artistak.

Bombayn, Indian, jaio zen 1954an eta Londresen lizentziatu zen, Hornsey College of Art-en eta Chelsea School of Art-en. 1991n izen handia duen Turner saria irabazi zuen eta 2003an Britaniar Inperioko Ordenako Komandate egin zuten.

Erakusketa artistarekin lankidetza estuan antolatu da: areto bakoitzean sail bat (pigmentu-lanak, hutsaren gaineko lanak, leundutako altzairu herdoilgaitzeko obrak eta zementuzko egitura entropikoak) edo eskala handiko instalazio bat dago; hala, lan horietan murgiltzea berezia da. Erakusketa hau antolatzen den aldi bakoitzean materialak eta egiturak aldatzen dira; horrela, adierazten du Kapoorrek “berez sortzen” diren lanetan, hots, egilearen arrastorik ez duten eta aldez aurretiko ideiarik ez duten objektuetan interesa. Orain gutxiko Tiroak txokoan (Shooting into the Corner), 2008–09, instalazio ikusgarrian laguntzaile batek kanoi batekin su egiten du eta areto guztitik argizari gorrizko bolak botatzen ditu: museoa leherketa bortitzen eta hodei dramatikoen txoko bihurtzen da.

Gakoak

Guggenheim Bilbao Museoan dauden Anish Kapoorren (Bombay, India, 1954) lan gehienak formatu handikoak dira eta azken hogeita hamar urteetan sortu ditu. Horietan funtsezkoa da publikoarekin elkarreragina egotea.

Orokorrean, material industrialak —zementua, altzairu herdoilgarria, aluminioa, argizaria, erretxinak eta pigmentuak— erabiltzearen ondorioz, kolore biziko eta testura joriko eskulturak dira; gainera, helburu dute ikuslearengan sentipenak sortzea.

Lanak arkitekturan eta hartzen duten gunean argi txertatzen dira eta askotan, gune publikoetarako lanak dira, maiz kanpoaldean jartzekoak.