hezkuntza-edukia
Anish Kapoor. Didaktika
- Izenburua:
- Anish Kapoor. Didaktika
- Erakusketa:
- Anish Kapoor
- Gaiak:
- Artea eta espazioa | Artea eta pertzepzioa | Artea eta teknologia | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Forma | Kolorea | Lan-prozesua | Materiala | Tamaina | Lankidetza artistikoa | Gogoeta
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Kontzeptuala
- Artelan motak:
- Arkitektura | Eskultura | Kokapen zehatzerako artea
- Aipatutako artistak:
- Kapoor, Anish
Anish Kapoor (Bombay, 1954) eskultorearen jardunean ondorengo lan motak biltzen dira: hausnarketara gonbidatzen duten eskultura intimoak eta indar handikoak, baita tamaina handiko hiri- eta arkitektura-proiektuak ere; azken horiek eraikitzea erronka estetikoa eta kontzeptuala da eta nolabaiteko teknologia sofistikatua erabiltzera behartu dute helburu artistikoa betetzeko. 1992tik, Kapoor hainbat arkitektura-estudiorekin eta ingeniaritza-enpresekin aritu da lankidetzan pinturaren, eskulturaren, arkitekturaren, paisaiaren eta hiri-diseinuaren arteko mugak lausotzen dituzten proiektuak egiteko. Bakoitzean, artistak tokiko berezitasunak barneratu ditu eta bertako historiaren, gizartearen eta arkitekturaren ezaugarriak xeheki aztertu ditu. Kapoorren iritziz, bisitaria edo ikuslea da komunikazio-kate horretako erreferentzia-puntu nagusia, horrek gauzen itxura hautematean batzen baititu subjektua eta objektua, hots, continuum fenomenologiko bat osatzen du.
Azken urteotan, artistaren izaera handinahiak hainbat arkitektura-proiektu ospetsu sortzera eraman du, hala nola, Taratantara (1999), Martsias (Marsyas, 2002), Hodeietarako atea (Cloud Gate, 2004), Zeruaren ispilua (Sky Mirror, 2006), Svayambh (2007), Oroimena (Memory, 2008) eta Zuhaitz garaia eta begia (Tall Tree & the Eye, 2009). Artelan horietako bakoitzak ikusleak nahastu ditu formarekin, kolorearekin, eskalarekin eta materialtasunarekin egindako esperimentu berrien bidez. Atal honetan Kapoorrek azken aldian egin dituen edo egiten ari den proiektu publikoen aukeraketa bat dago. Hala, bisitariek bere sormen-kontzeptuak nola sortu eta garatu diren ulertu ahal izango dute ikusgai dauden marrazki, maketa, argazki, interaktibo eta testuei esker, artistaren lanaren gakoak azaltzen baitira. Proiektu bakoitzak —Dante (2001–), Napoliko metroa (2003–), Hodeietarako atea eta New Yorkeko Leonard Street 56 kaleko apartamentu-blokea (2008–)— Kapoorren ideien mundu zabalaren askotariko aldeak eskaintzen ditu.
Hezkuntza-areto honetan “kolorea”, “materiala”, “eskala” eta “hutsa” terminoak zehazten dira. Izan ere, ideia horiek funtsezko kontzeptuak dira artistaren lanean eta erakusketa ulertzen laguntzen dute. Horrez gain, BBCk ekoiztutako dokumental bat ikus daiteke hemen: The Year of Anish Kapoor (Anish Kapoorren urtea, 2009), non artistak berak azaltzen dituen sortzerako garaian dauzkan ardurak.