Edukira zuzenean joan

ArkiEskultura

hezkuntza-edukia

Sarrera

ArkiEskultura erakusketak, Guggenheim Bilbao Museoak Basileako Fondation Beyeleren lankidetzarekin antolatuak eta Kunstmuseum Wolfsburg-ekin batera produzituak, arkitekturak eta eskulturak duten garrantzia eta elkarren arteko eragina aditzera ematen digu. Hasieran, arkitekturarik klasikoena izan zen XVIII. eta XIX. mendeetako eskulturarenbilakaeran eragina izan zuena, baina XX. eta XXI. mendeetan eskultura bera da arkitekturan antzematen dena, arkieskultura izenekoei bide eginez.

Zer da arkieskultura? Eskultura batek eraikin bat dirudienean eta eraikin batek eskultura bat dirudienean, objektua arkieskultura bihurtzen da. Arkieskulturaren adibiderik onena orain zauden eraikina da, Guggenheim Bilbao Museoa, Frank O. Gehry arkitektoarena. Hala ere, antzina ere egin ziren arkieskulturak, esate baterako Egiptoko piramideak edo katedral gotikoak.

Gune didaktiko honek, arkitekturaren obra gogoangarriak eta funtsezko mugimenduak eta arkitektoak erakutsi nahi dizkio bisitariari, Antzinatetik gaurdaino. Ulertzeko tresnak garai bakoitzari dagozkion eraikin adierazgarriak azalduko dituzten diagramak izango dira, azalpenezko testu laburrekin batera.

Lehenengo atalak arkitekturaren aurrekaririk garrantzitsuenak laburbilduko ditu, hasi antzina gure arbasoek babesleku gisa aukeratutako haitzuloetatik eta XVIII. Mendeko jauregi dotoreetaraino.

Kronologiari jarraituz, bigarren atalak zabalago aurkezten du arkitekturak XIX. Mendearen bukaeratik orain arte izan duen bilakaera, arkitekturaren diseinuan konstante bat dena, organikoaren eta geometrikoaren polaritatea alegia, era askotara eta estilo desberdinen bidez aditzera emanez.

Eboluzio hori ulertzeko garrantzizkoa da artearen eremuan aldi berean gertatzen zena ere ezagutzea; izan ere, diziplina artistiko desberdinetako sortzaileen arteko elkarreragina garrantzizko faktorea zen, eta hala izaten jarraitzen du oraindik ere.