Edukira zuzenean joan

ArkiEskultura

hezkuntza-edukia

Aurrekariak

Haitzuloak

Bizilekurik zaharrena naturan bertan dugu, gure arbasoek senari kasu eginez bilatzen zituzten zulo edo babeslekuetan. Haitzulo horietatik Altamirakoa nabarmentzen da, Kantabrian (Espainia), Santillana del Mar inguruan dagoena. Bertan, Historiaurreko pintura sortarik garrantzitsuenetakoa kontserbatzen da, irudien errealismoagatik bereizten dena.

Egipto

Egipton tenpluak, jauregiak eta hilobiak izan ziren K.a. 3100 eta 30. urteen bitartean garatutako arkitekturaren kreaziorik nagusienak. Eraikitzeko harria erabiltzen zuten nagusiki, silarri deitzen diren bloke erregularretan landuta. Egiptoko arkitekturari kanpoaldeko bolumenek, tamaina erraldoiek, forma geometriko argiek eta dinteltze lanek edo estalki lauek ematen diote berezkoa duen monumentaltasun hori.

Grezia

Greziako arkitektura K.a. VI. mendetik IV.era zabaldu zen batez ere. Eraikin erlijiosoak edo tenpluak nabarmentzen dira, txikiak izan ohi direnak eta polikromiekin nabarmen apaindutakoak; harmonia eta arrazionlismoaren adierazpenik garbienak dira. Hiriko gune sakratuan, esparru garai eta gotortu baten barrualdean —akropolia— edo naturaren erdian aurki zitezkeen. Arkitektura zibila ere nabarmentzen da, adibidez buleuterion (udaletxea), pritaneo eta strategion (biak goi-mailako magistratuentzat erreserbatuak), stoa (salerosketarako eta jendartean egoteko gunea), gimnasioa, antzokia, palestra (gorputz eta adimen hezkuntzarako eraikina), liburutegia, armategiak eta dorreak. Greziako arkitekturan hauek dira hiru ordena (edo estilo) nagusiak: dorikoa, jonikoa eta korintoarra, eta koloma dute oinarrizko osagai.

Erroma

Tradizioz bi aldi bereizten dira arkitektura erromatarrean: Erromako Errepublikakoa (K.a. 509 eta 27. urteen bitartean) eta Erromako Inperiokoa (K.a. 27. urtetik K.o. IV. mendera). Eraikin publikoen aztarren batzuk kontserbatzen dira, batik bat harriz, kareorez eta adreiluz egindakoak, eta horien artean galtzadak, akueduktuak, bainuetxeak, foroa, zirkua, anfiteatroak eta basilikak nabarmentzen dira. Etxeen arkitekturan domus izeneko hiritarren etxebizitzak, insula edo gela-blokeak, eta villa edo landetxeak dira aipagarrienak. Forma biribilduak erabiltzen zituzten batik bat, adibidez, arkuak, gangak eta kupulak, eta hormak dira protagonista nagusiak, kolomak apaingarri gisa besterik erabiltzen ez zituztelarik.

Bizantziar arkitektura

Bizantziar Inperioa Justinianoren garaitik hasi zen garatzen (K.o. VI. mendea), 1453an gainbehera egin zuen arte. Arkitekturan, gangak eusteko erabiltzen zuten irtenbidea nabarmentzen da, petxinen (kupularen eraztuna eratzen duten triangelu kurbilineoak), kupula-erdien eta beste eusteko eta kontrarrestorako osagai batzuen bidez (adibidez, kontrahormak eta oso horma lodiak). Mendebaldean bezala, eraikinen kanpoaldea baino gehiago baloratzen zuten barrualdea, eta apaingarri ugari erabiltzen zuten dekoratzeko, esate baterako mosaikoak eta pinturak, jainkoak edo pantokratorrek zuzendutako kosmosa irudikatuz.

Eraikuntza erlijiosoak eta administrazio-eraikinak nabarmentzen dira, Inperioko mezenasgoaren handitasuna eta garrantzia aditzera ematen dutenak (garai hartako eraikinen funtsezko xedea).

Arkitektura erromanikoa

Eliza erromanikoak dira XI. mendetik XIII. mendearen hasierara arte doan garai hartako eraikuntzarik aipagarrienak. Gurutze latindarreko oinplanoa erabiltzeagatik bereizten dira; hiru habearte, gurutze bat dorre (edo zinborio) batekin, erdiko habeartearen hegaletako bat mugatzen duena, eta burualde erdizirkularra (aldare nagusia kokatzen den lekua). Tenpluetan, burualdea ekialdera begira dago, eta fatxada nagusia, sarrera ere ba dena, moldurez, kolomez eta kapitelez apainduta dago, Bibliako pasadizoak irudikatuz.

Mugimendu hori Europa osoan zabaldu zen, eskualdeetako aldaerekin, bertan ziren erresumak eta ordena erlijiosoak indartu izanak eta populazioaren hazkundeak eta merkataritzaren hedapenak eraginda. Arkitektura zibila, arkitektura erlijiosoaren osagarri, Erdi Aroko burgoen eta jaun feudalen gazteluen inguruan sortu zen.

Arkitektura gotikoa

Eskualdeen araberako aldaera ugari izan bazituen ere, estilo gotikoa Mendebaldearen bereizgarri izan zen, eta gorengo unea XIII eta XIV. mendeen artean izan zuen. Arkitektura gotikoaren ezaugarririk nabarmenena bertikaltasuna eta arintasuna dira. Dituen bereizgarriak arku zorrotza edo ojiba-arkua eta gurutze-ganga dira. Oso itxura soileko tenplu txikiak eraikitzen jarraitu bazuten ere, eraikin erlijioso gotiko nagusia katedrala izan zen, basilika-oinplano batez osatua, gurutze, burualde edo buruhormarekin, aldarea kokatzen zuten lekua izanik, girola edo deanbulatorio batez inguratua, kapera erradialak zabaltzen diren guneaz.

Arkitektura zibil gotikoa oso aberatsa eta anitza da. Nabarmentzekoak dira jauregia edo jaunen hiriko egoitza, botere politikoaren egoitzak, merkataritzakoak edo saltokiak, eta ospitaleak. Eraikin gotikoak zituzten hiri asko harresiz inguratuta zeuden.

Arkitektura musulmana

Arkitektura musulmanaren funtzioa erlijiosoa da batik bat. Mahoma 632. urtean hil ondoren izan zuen bilakaerarik handiena, eta XVII. mendearen hasierara arte iraun zuen bere eraginak. Meskita da eraikin nagusia. Oinplano angeluzuzen monumentalak patio bat du ikuzketarako, alminarra edo minaretea otoitzera deitzeko eta leku estali bat edo otoitz egiteko aretoa. Beti Mekara begira dagoen areto horren hondoari quibla deitzen zaio, mihrab edo Korana zaintzen duen nitxoa zabaltzen den lekua izanik.

Jauregi gotortuak ere nabarmentzen dira, forma geometriko eta landare motibo ugariz apaindutako benetako hiri-jauregiak, barrualdean zein kanpoaldean, barnean iturriak eta lorategiak dituztenak.

Arkitektura errenazentista

Errenazimendua Italian sortutako estiloa izan zen, XIV. mendetik XVII.aren erdialdera arte Europa osoan zabaldu zena. Ordena klasikoetara itzuli izana du bereizgarri. Izan ere, Errenazimenduko arkitekturak grekoen eta erromatarren eraikuntza-osagaiak erabili zituen berriro: erdi-puntuko arkua, kolomak, kanoi-gangak eta frontoiak.

Material gisa harria, marmola eta adreilua erabiltzen zituzten. Elizak dira eraikinik nabarmenenak, kupula ikusgarriak dituztenak, baita jauregi dotoreak ere, jatorriz garai horretakoak, esate baterako Florentziakoak, hormetan silarriak edo landu gabeko harrizko blokeak dituztenak.

Arkitektura barrokoa

Estilo barrokoa Erroman sortu zen XVII. mendearen hasieran eta Europa osoan zehar zabaldu zen. Tenpluak —gehienak katolikoak—, jauregiak —monarkia absolutisten sinbolo— eta villak —nobleen eta goi-burgesiaren jabetzakoak— dira eraikuntzarik aipagarrienak, silueta kurbilineo eta apaingarri nabarmen ugarirekin. Elizen barrualdeko sinbolismoa oso agerikoa da eta bertako kolomek eta kupulek eraikuntzari dagozkion funtzioak ez ezik funtzio sinbolikoak ere betetzen dituzte, fededunen fedea sendotzeko asmotan. Fatxadei dagokienez, eraikinak hiri-multzoan integratzea dute helburu.

Estilo barrokoak berezkoa zuen apaingarrien ugaritasunak Rokoko estiloari bide egin zion, gorteko estiloa izanik, galantea, saloi frantses ezagunetara sarritan joan ohi ziren hirietako aristokraten eta goi-burgesiaren oso gustukoa.

Arkitektura neoklasikoa

XVIII. mendearen lehenengo erdiaren amaieran sortutako arkitektura neoklasikoa Alemanian eta Ingalaterran garatu zen nagusiki. Grekoek eta erromatarrek sortutako formak berriro interpretatzen ditu eta lerro zuzenen nagusitasuna, apaingarri gutxi, simetria handiagoa, eta arkuak ordezten dituzten dintelak eta kolomak ditu bereizgarri, formaren soiltasuna aditzera emanez. Frontoiak triangeluarrak dira zirkularrak izan beharrean, eta balaustradak gorakako plataformen gainean altxatutako eraikinetan agertzen dira berriro.

Ezaugarri horiek betetzen dituzten eraikinak Frantzian eta Europa eta Amerikako zenbait hiriburutan eraiki zituzten. Frantziako Iraultzatik sortutako arkitekturak, “arkitektura irudikorra” deritzanak, esate baterako mende bukaeran Etienne-Louis Boullée-k (1728–1799) eta Claude-Nicolas Ledoux-ek (1736–1806) sortutakoak, masen ahalmenagatik eta forma geometrikoen indarragatik txundiaraztea zuen helburu.