Edukira zuzenean joan

ArkiEskultura

hezkuntza-edukia

XIX. mendetik XXI.era

Burdinaren arkitektura eta material berriak

XIX. mendean, industrializazioari eta burdinaren tratamenduak izandako eboluzioari esker beste era bateko arkitektura sortu zen Europan. Eraikinak beren barne-egitura erakusten hasi ziren eta ingeniariak garrantzizko zeregina betetzen hasi ziren ordura arte arkitektoei soilik zegokien eremuan.

Material berriek, burdinak eta kristalak, elkarren osagarri bikainak izateaz gain piezak seriean egiteko aukera eskaini zuten, baita eraikin handiak, arinagoak eta zeharrargiak eraikitzeko ere. Horren erakusgarririk argienak ditugu zubiak, tren geltokiak, eta erakusketa unibertsalak egiteko eraikinak.

Aldi berean, Estatu Batuetan, Chicagoko Eskolak, 1871n hiria suntsituta utzi zuen sutearen ondoren berreraikuntza lanekin batera garatutakoak, hauxe aldarrikatzen zuen: eraikinen barrualdea eta kanpoaldea elkartzea, hormigoi armatua erabiliz egituren arabera eraikitzea, eta leihoak etzanak izatea. Batere apaingarririk gabeko eraikinen edertasuna betetzen zuten funtzioan zetzan batik bat.

Arkitektura modernista

Modernismoa XIX. mendearen amaieran eta XX.aren hasieran sortutako gertakari artistikoa izan zen, estetika industrialaren kontrako erreakzio gisa eta sinbolismoan eta naturaren formetan inspiratuta. Europan garatu zen eta izen desberdinak hartu zituen: Alemanian, Jugendstil; Italian, Stile Liberty; Austrian, Sezessionstil; Frantzian, Art Nouveau, eta Espainian, Modernismo.

Berezko estilo ornamentala duen arkitektura honek lerro kurbatuaren bizitasuna du bereizgarri eta, besteak beste, agerian uzten du garaiko aurrerabide ekonomikoa eta teknologikoa, 1897ko Vienako Sezesioan aurkeztutako ideietan eta Espainiako ordezkari nagusi den Antoni Gaudír-en (1852–1926) irudian islatua.

Arkitektura modernoaren aitzindariak

XX. mendearen hasieran arkitekturan izandako mugimendu modernoaren aitzindarietako bat Adolf Loos (1870–1933) arkitekto austriarra izan zen. Chicagoko Eskolaren eragin arrazionalista jaso zuen eta Art Nouveau estiloaren kontra agertu zen Ornamentua eta delitua (1908) saiakera ezagunean. Espazioen antolamenduari buruz landu zuen teorian, Raumplan izenekoan, dimentsio desberdinak dituzten espazioak eratzearen alde agertu zen, bolumen berean baina maila desberdinetan.

Arkitektoaren Steiner etxea (Viena, 1910), eraikin kubiko laua, apaingarri bat ere ez duena, hormigoi armatuz eraikitako aurrenetako etxebizitza da.

Arkitektura organikoa

XX. mendearen lehenengo erdiko arkitektura organikoaren maisuetako bat Frank Lloyd Wright (Wisconsin,1867–1959) izan zen. Bere arkitektura eraikinak ingurunean eta naturan integratzen direlako nabarmentzen da. Izan ere, ingurunearekin erabat bat eginda dauden familia bakarreko etxeak dira, larreko etxebizitzak direlakoak, Wrighten obraren adibide bikainenak. Arkitektoak era guztietako proiektuak diseinatu zituen eta irizpide originalak eta aurreratuak barneratu zituen bere garairako. Espazio edo gela itxiak eta isolatuak baztertu zituen adibidez. Horren ordez, espazioak bat eginez ireki zituen, gardentasun bisual handia lortuz, argiari bide emanez eta estalki lauen eta terrazen bidez kanpoaldea barnean hartuz.

Arkitektura espresionista

Alemanian sortu zen nagusiki, Lehenengo Mundu Gerraren ondoren. Hala ere, arkitektura mota honen sorburuak XIX. mendearen bukaerako forma organikoetan eta eskultorikoetan topatuko ditugu, baita egitura gardenetan ere, batez ere Erich Mendelsohnek (1887–1953) eta Bruno Tautek (1880–1935) irudikatutako horietan.

Tautek kutsu erlijiosoa darion arkitektura utopiko eta berri baten oinarriak ezarri zituen. Nazioarteko Estiloko forma arrazional geometrikoez bestera, arkitekto espresionistek alde batera utzi zituzten erregela eta lapitza eta marrazketa-mahaitik moldekatzekora igaro ziren, arkitektura-ereduetan —banakako eskultura-bolumenak zirenak— plastilina eta buztinarekin lan eginez.

Arkitektura modernoa

Bigarren Mundu Gerraren ondoren Europako arkitekturak eraikinak altxatzen eta batik bat etxebizitza sozialak sortzen jardun zuen. Le Corbusier (Frantzia, 1887–1965) arkitektoa izan zen, argiaren, espazioaren eta landarediaren inguruan jorratu zituen premisekin, hirurogeiko hamarkadara arte iraun zuen arkitektura mota horren ordezkari gailena.

Ludwig Mies van der Rohek (1886–1969) bat egiten duten espazio horiek lantzen jardun zuen. Bere lanaren ezaugarriak forma kubikoaren soiltasuna eta xehetasun funtzionalen doitasun handia dira.

Aldi berean, Estatu Batuetan, Louis I. Kahn (1901–1974) diseinatu zituen eraikinen monumentaltasun eta klasizismoagatik eta paisaiarekin duten loturagatik nabarmendu zen. “Espazio zerbitzatua” eta “espazio zerbitzaria” deitutako horien arteko bereizketa azpimarratu zuen, lan-eremuak eta zirkulazio eta instalazio-eremuak, hurrenez hurren.

Alvar Aalto (1898–1976) finlandiarraren lana ere nabarmentzekoa da. Erabiltzen duen hizkuntzak lursailera egokitutako forma organikoak eta euskarri bakarreko estalkiak ditu bereizgarri, eta besteak beste zura eta adreilua bikainki konbinatzen duelako nabarmentzen da.

Nazioarteko estiloa

1932an Philip Johnson eta Henry-Russell Hitchcock komisario izandako erakusketa batek, Nazioarteko Estiloa: Arkitektura 1922az geroztik izenburua zuenak eta New Yorkeko Arte Modernoaren Museorako antolatutakoak, aitortu zuen estilo honek duen garrantzia. Arkitektura tradizionalagoari kontra eginez hogeiko hamarkadan sortutako estilo hau eraikin funtzionaletan oinarritu zen eta apaingarririk erabiltzen ez duelako eta geometria ortogonal nabaria duelako nabarmendu zen. Ikuspegi unibertsala izatea zuen helburu, eta horretarako egitura arinetan, material modernoetan (beira fatxadetarako, hormigoia eta altzairua lauza eta euskarri estrukturaletarako) eta eraikuntza erraztuko zuten parte modularretan oinarritu zen.

Arkitektura eta teknologia

Arkitekturak informatikaren alorreko aurrerapenei esker izan duen bultzada hirurogeita hamarreko hamarkadan eta laurogeikoan nabaritzen hasi zen, batik bat Ingalaterran. Erabilera malgua duten eraikinak dira, material sintetikoz eta ontzigintzari eta industria aeroespazialari dagozkien teknikekin eginak, eta barne-egitura edo zerbitzuena agerian uzteagatik bereizten dira, ordura arte arkitekturan inoiz erakutsi ez zena.

Besteak beste, Richard Rogers (1933), Renzo Piano (1937), Norman Foster (1935) edo Jean Nouvel (1945) nabarmentzen dira.

Arkitektura postmodernoa

Hirurogeita hamarreko hamarkadaren erdialdean arkitekturan hedatu zen joera da, arkitektura modernoaren kontra agertu edo hura ordezten duena, eta neurri batean Nazioarteko Estiloaren ondorioz identitate kulturala galdu izanaren erreakzio gisa sortua. Emaitza gisa formen eklektizismoa sortu zen askotariko estiloak konbinatzearen ondorioz, hasi klasikoenetatik, sarritan ironiaz erabilitako osagaiekin, eta euskarri teknologiko berriak ere barne direla. Besteak beste, Europan Hans Hollein (1934) austriarra eta Estatu Batuetan Michael Graves (1934), eta Robert Venturi (1925) eta Denise Scott Brown (1931) nabarmentzen dira.

Dekonstruktibismoa

Arkitektura dekonstruktibista 80ko hamarkadaren erdialdera garatu zen. Elementu arkitektonikoen eta forma geometrikoen zatikatzean oinarritzen da eta teknologia berriak eta arkitekturan lehendik inoiz erabili izan ez diren materialak erabiltzen ditu.

Besteak beste, Frank Gehry (1929), Peter Eisenman (1932), Coop Himmelblau (Wolfang Prix, 1942, eta Helmut Swiczinsky, 1944) eta Zaha Hadid (1950) nabarmentzen dira.

Box versus Blob

XX. mendearen amaieran, arkitekturaren historian betidanik egon diren bi joerak, geometrikoa eta organikoa, berriro sortu ziren beste termino batzuen pean: box (kutxa) eta blob (forma “bigunak”); box-ari dagokionez, adierazgarrienak Diener & Diener suitzarrak eta Rafael Moneo (1937) arkitekto espainiarra dira, eta blob-ean Greg Lynn (1964) estatubatuarra eta bere arkitektura biomorfoa.

Forma geometrikoen zurruntasunak (adibidez, kuboarenak) eta material industrialen erabilerak hoztasuna adierazten dute, plastikoen oraingo teknologiak eskaintzen dituen aukera berriek eta blob diseinuek bereizgarritzat duten zelula-munduaren estetika bigunak ez bezala. 4Dn egindako diseinu birtual berriek erabateko itxura futurista ematen diote oraingo arkitekturari.