Edukira zuzenean joan

ArkiEskultura

Sarrera

ArkiEskultura. Arkitekturaren eta eskulturaren arteko harremana XVIII. mendetik orain arte

Zer da arkieskultura? Begiratu zure inguruan! Planetako arkieskulturarik handienetako batean zaude. Bilbora etortzen denarentzat, hasieran, Guggenheim Bilbao Museoaren aparteko eraikina, distantzia jakin batetik begiratuta, Hans Arp-en edo Vladimir Tatlin-en eskultura erraldoi bat ematen du, hiriaren erdian objektu hegalari ezezagun baten antzera lurreratua. Dena den, Frank Gehry arkitekto iparramerikarraren super-eskultura monumentu bat edo ikur bat izateaz gain, barrura sartzera gonbidatzen gaituen eraikina da. Hiru solairuko museo handia hartzen du barnean, eta arkitektura funtzionala da gainera. Proiektuak sortzeko garaian teknologia digitala erabiltzeak eraikuntzako tekniketan ondorioz ekarri dituen aurrerapenek eta material berrien garapenak, gaur egun eraikinak lehenago inoiz ikusi ez ditugun forma plastikoekin itxuratzea ahalbidetu diete arkitektoei —hasi Guggenheim Bilbao Museo dekonstruktibistatik eta Londresen Norman Foster-ek diseinatutako Swiss-Re aseguru etxearen pepino formako eraikineraino—. Eraikinek Jacques Lipchitz-ren, Henry Moore-ren edo Eduardo Chillida-ren handitutako eskulturak ematen dute. Izan ere, arkitektoak beren objektuak itxuratzeko garaian erakusten ari diren izugarrizko sormena ikusita, oro har, orain arkitektura eraikinen bidez eskulturaren historia jarraitzen ari ez ote den pentsarazten digu.

Hala, arkitektura eskulturalaren boom hori dela eta ahaztu egiten zaigu lehenaldian ere bazeudela arkieskulturak; are gehiago, oraingo gertakari hau tradizio luze baten barruan sortu da, arkitektura eta eskultura bata bestea ernaltzen eta erabiltzen aritu izan diren tradizioan. Egiptoko piramideek aho zabalik uzten gaituzte oraindik beren oinarrizko plastizitatearen joritasun geometrikoagatik, eta gotikoan uztartze organiko batean elkartzen dira eskultura eta arkitektura.

ArkiEskultura erakusketa Fondation Beyeler-ek antolatu zuen hasiera batean Basilean 2004–05eko neguan, eta Bilbon izan ondoren, Alemaniako Kunstmuseum Wolfsburg-en izango da ikusgai 2006ko udaberrian. Lehenengo erakusketa da gai hau halako zabaltasun eta sakontasun historikoaz aztertzen duena, XVIII. mendetik orain arte alegia, hasi Etienne-Louis Boulléeren (1784) Newton-en zenotafiotik eta Frank Gehryren Guggenheim Bilbao Museoa ere barnean dela. Guztira, 180 bat eskultura, pintura eta eraikinen maketa bildu dira bertan, mundu osoko 60 artista eta 50 arkitektok eginak. Arkitekto espainolen artean Juan Navarro Baldeweg dago, Benidormeko “Wang Wei” proiektuarekin, eta Luis Moreno Mansilla-ren eta Emilio Tuñón-en estudioa, Leon hiriko Auditorioaren maketarekin.

Erakusketaren alderdirik bereziena eta berritzaileena hauxe da, eskultore gailenen obrak eta mundu guztiko eraikinen maketak, berez, eskultura txikiak balira bezala hartutakoak, eta aurrez aurre ipinita ikustea, bi eremuen ideia plastikoen artean konparatu ahal izateko. Eduardo Chillida eskultore handiaren obrak eta nazioarteko arkitektoen maketak, adibidez Steven Holl-enak edo Herzog & de Meuron-enak elkarren ondoan ikustean, ordenadorez garatutako oraingo kontzeptu espazialetan eskultura modernoaren funtzio paradigmatikoak duen garrantzia antzeman ahal izango dugu.

Erakusketa hamar ataletan garatzen den istorio baten antzera moldatu da:

Historiako aurrekariak

Gizako piramidea, Greziako tenplu bat edo Antoni Gaudí-ren katedral neogotikoa abiapuntutzat hartuta bisitariak ikusi ahal izango duenez, eskultura modernoa, 1900. urtearen inguruan sortu zenean, arkitektura historikoaren eraginpean egon zen, orain arte horri kasu gutxi egin izan bazaio ere; hala, Aristide Maillol-en irudien konposizio tektonikoek, adibidez, klasizismoaren eragina jaso zuten, eta Rodin eta Errusiako konstruktibismoa gotikoan inspiratu ziren.

1. kapitulua: Neoklasizismoa: XVIII. mendetik XX. mendera

Neoklasizismoa eta Etienne-Louis Boullée-ren 1784ko esfera handia –Ilustrazioko obra gailena– dira erakusketaren ardatz nagusia, Kazimir Malevich-en (ca. 1920) Arkitektoi suprematistetara zuzenean eramango gaituena. Boulléeren eta Klasizismoaren kanon formal zorrotzen omenez, Gerhard Merz artista alemanak areto honetan friso monumental bat sortu du Bilborako propio, “Ilustrazioaren argiaren” antzera erakusketatik gidatuko gaituzten ehunka tutu fluoreszentek osatua.

2. kapitulua: Eskalaren gaineko garaipena

“Nire tailerraren bezalakoa da eta!” deiadar egin omen zuen Constantin Brancusi-k 1926an Manhattan auzoaren silueta itsasontzitik lehenengoz ikusi zuenean. Etxe orratzek osatutako unitate kubiko pilo hark Parisko bere tailerrean eraiki zituen idulki geometrikoak gogorarazi zizkion eskultore errumaniarrari. Tailerraren formatu handiko argazki batek lotura hori gogora ekarriko digu erakusketan, eta Guggenheim Bilbao Museoko Atrioaren eta eskaileraren konposizio ludikoarekin dituen analogia harrigarriak agerian utziko dizkigu. Berrogeita hamarreko hamarkadan, Brancusik bere Zutabe amaigabearen bertsio bat proposatu zuen Chicagon etxe orratz bat eraikitzeko, exekuzio praktikoan 122 metroko altueraraino handitua, eta horrela eskalarik gabe handitutako eskultura gisa definitu zuen arkitektura —orain ohikoa den praktika—.

3., 4. eta 5. kapituluak: 1910–30
Kubismoa, De Stijl, Bauhaus
Espresionismoa
Hizkuntza—Arima—Espazioa: Rudolf Steiner eta Ludwig Wittgenstein

1900. urtearen inguruan, August Schmarsow arte-historialari famatuak bereizketa hau egin zuen: eskulturak “gorputzak sortzen ditu” eta arkitekturak, berriz, “espazioak sortzen ditu”. Bereizketa hori eraginik gabe geratzen hasi zen 1910az geroztik. Plastika gero eta konstruktiboagoa eta tektonikoagoa bilakatu zen, eta lotura bat ezarri zuen arkitekturako nazioarteko estiloaren geometrismo angeluzuzenarekin (Georges Vantongerloo eta Ludwig Mies van der Rohe). Bestalde, arkitektura eskulturaren gero eta ezaugarri gehiago bereganatzen hasi zen. Erich Mendelsohn-en edo Rudolf Steiner-en arkitektura espresiboaren eragina, adibidez, gaurdaino iritsi zaigu, Greg Lynn-en eta Lars Spuybroek-en blob arkitekturaraino, arkitektura antropomorfoaren eta eskultura figuratiboaren arteko hurbiltasuna zehaztuz. Hala, organikoaren eta geometrikoaren, gorputzaren eta espazioaren arteko kontrastea da, hain zuzen, erakusketaren leitmotiva.

6. kapitulua: 1950-60: Arkitekturak eskultura izan nahi du, eta alderantziz

Alderatze horrek berrogeita hamarreko hamarkadan eta hirurogeikoan ere eragina izan zuen, gerra aurreko urteak ez bezala “eskulturaren aldia” gisa berezi izan zen garaian (Carola Giedion-Welcker, 1955). Garai hartan, Le Corbusier-ek Ronchampeko kapera eraiki zuen, bere Villa Savoyeren (1929–31) kutxa geometrikotik argi eta garbi aldentzen zena, eta aldi berean Frank Lloyd Wright-en Solomon R. Guggenheim Museum-en espiral organikoa New Yorken eraiki zuten. Bitartean, eskulturan ere iraultzaren hastapenak sumatzen ziren. Eduardo Chillidak “eskulturaren gorputza” “arkitekturaren espazioan” “berpiztea” lortu zuen.

7. kapitulua: Eskultura bide eta leku gisa: monumentutik instalaziora

Alberto Giacometti-k idulkiaren eta lekuaren ideiaren inguruan egin zituen saiakuntzak ere iraultza handia izan ziren. Izan ere, berrogeita hamarreko hamarkadaz geroztik zabalkuntza handia izan zuten. Giacometti instalazio-artearen aitzindaritzat hartu ohi da, espazioa menderatu eta hiriko espazioan sartu ez ezik, asmotzat multzo sozial osoa plastika sozial bihurtzea duen adierazpidearena (Joseph Beuys).

8. kapitulua: 1970–2000: Arkitektura Minimalista eta Eskultura Paisajista

Arkitekturak eskulturaren esperimentu abangoardistei izugarrizko etekina atera zien garaia da, eskulturaren ideiez baliatzen hasi zen garaia, eskultura xurgatzeraino. Hala, Herzog & de Meuronen arkitektura minimalistak dotoreziaz egokitzen du minimalismoaren metodologia erreflexua (Donald Judd, Dan Graham); Peter Zumthor-en edo Peter Eisenmann-en elementarismoa Walter de Maria-ren Land Art-aren erradikaltasunean dago zuzenean inspiratuta.

9. kapitulua: Zizelkatutako hiria 1960–70: hiriko utopiak mega-eskultura bezala

Hirurogeiko hamarkadan hirigintza berriaren utopiak ere, funtzionalismoaren objektibotasunetik aldendu zirenak, artean aritu ziren inspirazio-bila (Constant, Arata Isozaki, Yona Friedman). Berrogeita hamarreko hamarkadaren erdialdetik gero eta gehiago izan ziren mega-forma eskultural gisa itxuratutako hirigintza-proiektuak. Atal honetako objektuak, bereziki Miquel Navarro-ren hiriko instalazioa, Harresi-hiria (1995–2000), Museoaren kristalezko hormen parean kokatu dira, bisitariak instalazioko piezen utopiaren eta kanpoaldean ikusten duen Bilboko paisaia errealaren artean lotura zuzena eratu ahal izan dezan.

10. kapitulua: BOX eta BLOB eta espazio birtualaren aurkikuntza: XXI. mendea

Azkeneko atal hau orain gori-gori dagoen polemikari eskainitakoa da: box eta blob arteko joeren eztabaidari, alegia. Tradizioz, arkitektura funtzionalistak kutxa angeluzuzenaren forma erabili izan du espazioak eratzeko. Hala ere, gizakiak, bere antzinako bizilekutik —kobatik— espazioaren gero eta forma organikoagoa ere ezagutu izan du, teknologiak eskaintzen dituen aukera berriekin blobmeister arkitekturan [blob: tamaina handiko objektu binarioak] goia jo duen joera: Greg Lynnen “Embryological Houses” edo enbrioi itxurako etxeak.

Eszeptiko batzuek diotenez, esate baterako Rosalind Krauss artearen teoriko ospetsuak, arkitekturak xurgatu ez ezik “irentsi” egiten du eskultura. Eta, izan ere, Bilbon bezain ondo ez dira inon erakusten “liaisons dangereuses” horiek. 1997an Frank Gehryk super-eskultura bat sortu zuen, Guggenheim Bilbao Museoa, gainerako guztia irensten ari dela ematen duena. Sugea obra (Snake, 1994–97), Richard Serra-k sortua, bale baten sabelean bezalaxe galdu zen Museoko areto handian. Hala eta guztiz ere, Museoak orain gutxi eskatu dizkion zazpi eskultura monumental berriekin, 2005eko ekainean 104 Arcelor aretoan iraunkorki instalatutakoekin, “Arkitektoa eta eskultorea aurrez aurre” nobelaren beste atal bat idatzi du Richard Serrak. Mila tonatik gora pisatzen duen instalazio honen izenburuak, Denboraren materiak, aditzera ematen digunez azkeneko hitza esateko dago oraindik. ArkiEskultura erakusketaren asmoa hauxe erakustea da, arkitekturaren eta eskulturaren arteko harremana ez dela antropofagoa eta, aitzitik, mendeetan zehar harreman emankorra izan dutela eta oraindik ere emankorra izaten jarraitzen duela. Hans Arp, Gordon Matta-Clark, Bruce Nauman eta beste hainbat artistaren obrak eta Frank O. Gehryren eraikinaren barrualde eskulturala aurrez aurre ikusteak, museo berezi honen maketa ugarirekin batera, harreman hori areagotu ez ezik eraikina super-eskultura gisa ikusteko aukera paregabea eskaintzen die bisitariei, eskulturaren historiaren ikuspegi berria eskaintzeaz gain.

Markus Brüderlin
Erakusketaren komisarioa
Alemaniako Kunstmuseum Wolfsburg-eko zuzendari