Edukira zuzenean joan

Brancusi–Serra

Sarrera

Brancusi–Serra

Erakusketa hau Constantin Brancusi eta Richard Serra eskultoreen lanei eskaini zaie. Bi artisten arteko kidetasun harrigarriko eta kontraste biziko eszena sekuentzia gisa antolatua dago eta eskultura modernoaren aitzindarietako baten eta egungo eskulturaren erakusle nagusienetakoaren lanak aurkezten ditu. Ia mende bateko ibilbidean abstrakzioaren garapena erakusten du, baita eskultura forma baten oinarrizko bilaketa agerian jartzen ere. Proiektu honek bisitariarekin partekatzen du “eskultura berriro begiratzea” delako ariketa, eta bereziki nabarmentzen du eskulturak espazioan duen presentzia eta horrek ikuslearengan duen efektu fisikoa.

Ondoan jarritako bi artisten lanak daude, baita bakoitzari eskainitako aretoak, bata bestearen segidan, ere. Artearen eta eskulturaren aukeren elkarrizketa irekia ere bada. Erakusketa gaika antolatua dago eta bi artisten lanen arteko hartu-eman bati bide ematen dio; halere, asmoa ez da lan perfektuak parekatzea, ezta Serrak Brancusiri buruz zuen ikuspegia aurkeztea ere. Parisen Brancusiren lantegia berregin zuten eta Serrak 1964an eta 1965ean bisitatu zuen, publikoari ireki berri zenean. Artista gaztea egunero joaten zen eta etengabe marrazten zuen, giro hura eta Brancusiren lanaren oinarria irudikatzeko asmoz. Esperientzia esanguratsua izan zen Serrarentzat; izan ere, izugarri eragin zuen artista hasi zenean. Egun, Brancusik “bolumenak marrazteko” zuen moduak oraindik liluratzen du Serra: “Uste dut Brancusiren eta haren lanaren ondorioak eta indarra ahuldu direla, garrantzi handiagoa ematen baitzaie haren brontze estilizatuei. Hala, haren lanak moldatzeak eta zizelkatzeak zekarren erradikaltasuna alde batera utzi ohi da, baita idulkia erabiltzeak ekarri zuen formalismoarekin apurtzea ere”.

Erakusketak Brancusiren 30 bat eskultura eta Serraren 9 lan aurkezten ditu, bi artisten eskulturaren funtsezko kontzeptuen garapenaren adibide direnak. Gainera, Richard Serraren Denboraren materia (The Matter of Time) batuko zaio, 104 ArcelorMittal aretoan dagoen eta Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumarena den instalazioa.

Erakusketa Guggenheim Bilbao Museoak antolatu du Riehen/Basileako Fondation Beyeler-ekin lankidetzan.