Edukira zuzenean joan

Cai Guo-Qiang: Sinetsi nahi dut

hezkuntza-edukia

Guztia da museoa [I]

Cai-ren estrategia artistikoaren atzean gizarte-utopia dago eta horren ondorioz, haren lan batzuei “gizarte-proiektu” izena eman die. Izan ere, lan horiek sortzeko arte-prozesuan, metodologian, artistaren irudimenean nahiz narrazioan, funtsezkoa da beste artistekin edo komunitaterekin lankidetzan aritzea. 2000. urtean Caik komunitatean oinarritutako arte garaikideko museoen (MoCA) saila inauguratu zuen, sail hori kokapen zehatzekoa da eta Guztia da museoa izena eman zion. Museo horietan, jatorrian artearekin zerikusia ez duten egiturak hartu —gerra-bunkerrak edo labe zaharrak adibidez—, eta arte garaikideko erakustoki bihurtzen ditu. MoCA hauek Caik inguru ezegonkorretan duen interesaren adierazgarri dira. Egun arte hiru MoCA sortu ditu: Japonian, Italian eta Taiwango Kinmen uhartean, museo bat jartzeko gune ez ohikoetan; horrez gain, Txinan laugarren bat eratzeko proiektua du.

Proiektu horiek agertzen dute Caik artearen ahalduntze demokratikoarekin eta artistak gizartean duen paperaren berrasmatzearekin duen konpromisoa, bera baita Guztia da museoa proiektuen, hau da, MoCA museoak eta bertan izaten diren erakusketak barne hartzen dituzten proiektuen, sortzaile, zuzendari eta komisario. MoCA museoak eratzeko logistika-antolatze eta negoziazio nekezak aurrera eraman behar dira eta Cai izaten da horien arduradun: haren karismari eta lankideak biltzeko eta finantziazioa lortzeko gaitasun handiari esker, artea sortzetik haratago joan daiteke, hots, haren xedeak zabal ditzake, haren hitzetan, “kultura sor dezake”.

Cai Guo-Qiang: Sinetsi nahi dut erakusketa dela eta, Guggenheim Bilbao Museoak Cai gonbidatu du Guztia da museoa sailaren erakusketa honen komisario izatera. Erakusketa honetan hainbat dokumentazio-material izango da, bai eta Guztia da museoa sailean jadanik esku hartu dutenen ekarpenak ere: Norman Foster, Jennifer Wen Ma, Kiki Smith eta Tan Dun, besteak beste. Ikusgai izango dira, adibidez, Ma artistak Guggenheim Bilbao Museoarentzat bereziki diseinatu duen instalazioa, eta Thomas Krensek, Solomon R. Guggenheim Foundation-eko Nazioarteko Proiektuetarako Kontseilari Nagusia, munduko Guggenheim museoentzat sortutako diseinuak. Cairen lanak hiri batean aurkezten diren bakoitzean, artistak haren lanaren eta hiri horren historiaren eta gizartearen arteko loturak ezarri nahi izaten ditu; hala, sortzen duen lana interaktiboa, aldi baterakoa eta kokapen zehatzekoa da.

—Alexandra Munroe, Asiar Arte Arloko Kontserbatzaile Burua, Solomon R. Guggenheim Museum