Edukira zuzenean joan

Cai Guo-Qiang: Sinetsi nahi dut

hezkuntza-edukia

Guztia da museoa [II]

Izenburua:
Guztia da museoa [II]
Erakusketa:
Cai Guo-Qiang: Sinetsi nahi dut
Gaiak:
Artea eta espazioa | Sorkuntza artistikoa | Lan-prozesua | Museoak | Artistak
Aipatutako artistak:
Cai, Guo-Qiang

Guztia da museoa saila, irekia eta epe luzerakoa, 2000. urtean hasi nuen. Hastapenean, sail hau sortzera bultzatu ninduena zera izan zen: nire proiektuak hartu dituzten hiriekin eta lekuekin modu zuzenago eta iraunkorrago batean harremanetan jartzeko beharra. Proposamen hau munduko hainbat lekutan aurrera eramateak artista gisa izan dudan esperientzia islatzen du eta hein batean, nazioarteko museo-sare bat eratzeko Guggenheimen estrategiari ere erantzuten dio.

Egun, hiru museo iraunkor daude sail honen barnean: DMoCA (Dragon Museum of Contemporary Art), UMoCA (Under Museum of Contemporary Art) eta BMoCA (Bunker Museum of Contemporary Art). Sailari gehituko zaion hurrengo museoa QMoCA (Quanzhou Museum of Contemporary Art) da, nire jaiotze-hirian, Txinan, eraikiko dena.

Lehengo hiru museo hauek nazioarteko museo-sistemaren aurkako iraultza txikia dira. Guztia da museoa sailean esku hartzen duten artistentzat erronka handia da horrelako proiektu batean lan egitea: gune alternatiboetan artelan esanguratsuak sortu behar dituzte, baliabideak murriztuak eta oinarrizkoak dira, gainera. Horietan erakustoki bat eskaintzen diegun arren, ez dago oinarrizko zerbitzurik, ur- eta argindar- horniketarik, esaterako; era berean, guztiz baztertu dira segurtasuna gordetzeko eta giroko baldintzak kontrolatzeko sistemak. Harrigarriena, nire ustez, artista guztiek euren asmo handiko ideiak gauzatu ahal izan zituztela da, jarri genizkien oztopo eta muga guztiak gainditu zituzten eta publikoak esperientzia horretaz gozatu zuen.

Ekimen honek museoaren barruko ohiko paperei ere eragiten diete: artista zuzendari edo komisario bihurtzen da, hortaz, berak gonbidatzen ditu beste artista batzuk, baita kontserbatzaileak, zuzendariak edo komunitate osoak ere, erakusketa baterako artelanak sortzera. Horrela aurka egingo die artistak botere-egiturei eta aldeen arteko etengabeko negoziazioa sustatuko du.

Erakusketa honen komisario naizen aldetik, bide berriak aurkitzeko eta agertzeko gonbidapen ireki gisa antolatu dut. Helburuak dira: egungo museo-sistema zalantzan jartzea, rolen artean eta diziplinen artean ezarritako mugak lausotzea, eta lehen artea sortzeko eta balioesteko leku onartezintzat genituenak errazago onartzea.

—Cai Guo-Qiang