Edukira zuzenean joan

Cristina Iglesias

katalogoa

Argi zurbil batez tindatua

Adrian Searle

Izenburua:
Argi zurbil batez tindatua
Egilea:
Adrian Searle
Argitalpena:
The Solomon R. Guggenheim Foundation New York eta FMGB Guggenheim Bilbao Museoa, 1998
Neurriak:
27 x 22 cm
Orrialdeak:
160
ISBN:
84-8026-098-X
Erakusketa:
Cristina Iglesias
Gaiak:
Arkitektura | Artea eta espazioa | Artea eta pertzepzioa | Artea eta emozioa | Sorkuntza artistikoa | Argia | Gainazala | Geometria | Lan-prozesua | Materiala | Tamaina | Testura | Apaindurak | Landa-eszenak | Fosilak | Ingurunea eta natura | Landareak | Ispiluak | Ilusio optikoak
Mugimendu artistikoak:
Arte Abstraktua | Arte Garaikidea
Artelan motak:
Argazkia | Eskultura | Maketa | Tapiza
Aipatutako artistak:
Iglesias, Cristina

Cristina Iglesias bere estudioko mahai batean lanean ari da, maketarik prekarioena eraikitzen hondakin ezdeus gutxi batzuetatik abiatuta: egur-zatiak, kalko-papera, orratzak, zinta, buztin eta igeltsu zati txikiak, eta kartoizko tira moztuak. Eskura dituen gauzak erabiltzen ditu, eszenografo batek egingo lukeen bezalaxe adimenaren antzerki bat eraikitzeko atzeko oihal, hegal fotokopiatu, pantaila margotu eta baso margotuetatik abiatuta. Espazio bat asmatzen du.

Gauzak era batera probatzen ditu eta ondoren bestera. Ispilu-zati batekin jolasten da konposatu duen eszena bikoiztu, hirukoiztu eta biderkatzeko. Horrela mahai gainean eraikitako espazio bisuala handitzen da, eta aldi berean, gauzak hautemateko dugun modua konplikatuko du ilusio sinple baten bidez, erreala eta islatua nahasiz –espazioa handituz, ikuslerroak txikituz, fabrikatutako mundua hasieran sakonagoa eta ondoren ez hain sakona irudituz. Lurralde bat sortuz.

Iglesiasek txikian eraiki duena –zutabe sail bat, estalpe bat, paper finezko markesina bat kartoizko horman, elkarren gainean kokatutako plano sail bat, ildokatua eta gris kolorekoa; planoak espazio zuri eta lauko kubo batean proiektatzen dira –gerora lehen planoko argazkia egingo zaio. Leiarrek mundua moztuko dute, eta argazkiari esker, ia ezinezkoa egingo zaigu espazioa zein handia den esatea, zein den objektuen altuera eta ikusten ari garena handia edo txikia den. Lehen planoak arkitektura edo eskultura lan baterako maketa irudi lezake, asmakari bat, edo gogora liezaguke lehenago egon izan garen tokiren bat: eraikin baten barrualdea; kale ezezagunetan zehar egindako ibilbide bihurri batean aurkitutako zutabe saila. Autobidean gidari goazela azkar iragaten diren zuhaitzen ikuspegia; baso baten argigunea.

Lehen planoa handitu egin da –eta bat-batean, jada ez gaude gure tamainaz ziur, ez dakigu eszenan zehar oinez edo lau hankatan ibil gaitezkeen, edo ikusmenarekin baino ezin gaitezkeen barneratu. Iglesiasen estudioko mahai gaineko detrituaren eta nahasmenaren erdian bizitza hartu zuena irudimenerako ate bihurtu da, pasabide, gonbidapen, eramango gaituena norabait eta inora ez.

Guztiak jolasaren antza handia du; ume baten bakardadeko joera asmatzailea dirudi –lurrean botata, eskuak eta belaunak hautsetan, hazi, lur eta hosto artean–, eskura duena erabiltzen duena munduaren txoko berri bat sortzeko, aldi berean maketa izango dena eta bere baitan ere zerbait izango dena.

Artistaren lana ez dago ume baten fantasia eta jokoetatik at, helduaren kontzientziak adimenaren ihesaldi horiek disimulatu arren edo euren jatorriei bizkarra ematea nahiago izan arren. Galdetu artistei euren obraz eta zerk eramaten dituen egitera egiten dutena, eta ziurrenik erantzun onena obra bera izango da, eta beste obra bat, eta gero beste bat. Ekintza errepikatu horiek, berdinak eta aldi berean hain desberdinak formaz eta itxuraz, ikuslearen bidaiaren parte bihurtu dira –objektu batetik bestera, leku batetik bestera. Proba eta aurkikuntzen segidak dira, irabazi eta galerena. Guztiak dira orainaldiaren eta orainalditiko ihesbidea.

Iglesiasen eskulturak objektuak eta lekuak dira. Askotariko bolumen eta azaleren bidez aurkezten zaizkigu, eraikuntza, fabrikazio edo proposamen bezala. Okupatzen ditugun espazioen detailerik familiatsuenen gisa aurkezten zaizkigu, egunero mugiarazten gaituzten detaile gisa –hormen kokapena, markesinak, hesiak, bertikal eta angeluen kateatzeak, bolumenak, falkak eta desbideratutako espazio estuak; planoak eta izkinak, oztopo eta irekigune ustekabekoak.

Bere obraren esperientzia munduan paseatzea bezalakoa da, kale-kantoi batean topatzea angelu zeiharrean plazarantz desbideratzen den kalexka, sekula bururatuko ez zitzaizukeen kalexka, topatu izan ez bazenu; eta gero horma altu bat huntzez estalia, eraikin baten atzeko horma, kontraleihoetako tarte baten bidez une batean ikusten den gela iluna, argia eskailera baten tartetik sartzen, sabai-leiho bat, erdi irekia dagoen ate baten gonbidapena. Egon garen leku horiek, edo iragan ditugunak, tapiz zahar bat bezala desegiten edo desagertzen hasi den leku baten oroitzapena. Non zegoen zehazki?

Horma, zoru eta sabaiekin erlazio sotilean lerrokatuta, Iglesiasen lanek nolabaiteko konnibentzia ezartzen dute okupatzen dituzten espazioetako muga eta proportzioekin. Baina hustasun arkitektoniko bat behatu ordez, dekoratuz eta betez, birsortu egiten du. Bere forma arkitektonikoekin eta tarteka naturaren munduari egiten dizkion zehar-esan joriekin, gogora ekarriz landaretza kontrolatua eta oro estaltzen duen natura basatia, bere eszenak ikusteko modua aldarazten digu. Kanpoko eta barruko elementuen kontua da, zintzotasun eta eutsitasun kontua. Eraikitzen dituen egitura gehienak aniztasun handiko guneak dira –irteerarik gabeko kaleak, “pantaila-pasabideak” eta izkina hermetikoak.

Obrak birbideratu egiten gaitu, gure aurrerapena motelduz, eta horma baten aurrean gerarazten gaitu, eta horma hori horma baten irudia da ere, eta Iglesiasek altxatutako hormaren eta obra erakusgai dagoen aretoko hormaren arteko gune estura eramaten gaitu; espazio horrek jadanik utzi egin dio gauzen hurrenkera ohikoaren parte izateari nolabait. Obra hauteman genezake formen eta argi naturalaren kontu soil gisa. Masa solido batek gela bat betetzen du bere atmosfera, pisu astun, distira, eta fatxada zeharkatzen duten tarte eta arrakalekin.  Zeinen irmoa den, nola eusten digun.

Iglesiasen obra aurrerantzean ez da izango maketa bat mahaiaren gainean. Jazoera bihurtu da, edo galeria baten barruko jazoera multzo. Gure kokapenaren planoak lan egiteko mahaia ordezkatu du. Koka gintezke bere markesinetako baten azpian, ez baitute ageriko xederik. Markesina eguralditik babestua dagoen gela itxi baten hormari atxikia dago. Izan ere, ez da euririk, eta ez du ematen egingo duenik. Eguna ez da eguzkitsuegia, ez dugu argitasunetik babesteko beharrik, ez da haizerik. Ez dago geldiaraziko gaituen ezer, baina, hala ere, hor jarraitzen dugu, soilik argi desberdin baten azpian egotearen plazerarengatik, markesinaren alabastro garden zurbilak bahetutako argi baten azpian. Bere estalkiren, kurbaren eta hedaduraren plazerarengatik, bere besarkadaren keinua sentitzearengatik. Ez dago beste motiborik hemen egoteko, une honetaz gozatzearena besterik ez, markesinaren azpian zutik, alabastroaren argi hotzean.

Ematen du Iglesiasi “materialen egia” bezalako auziek ez diotela interesik pizten, eta ez du aurreiritzirik apainketaren aurka edo apaingarrien erabilera nabarmenaren urka. Material desberdinen erabilera –batzuetan ematen duten hori dira eta beste batzuetan ez– metatua, heterodoxoa eta lohia da.    

Iglesiasek eraikitako sabai makurtu faltsu baten egituran kokatua, erretxinarekin egindako azaleraren espiralak eta trazuak aztertu ditut. Azalera dentsoa da, asaldatua, larderiatsua, onddoen barruko aurpegiaren forma hustu ugariduna; perretxikoen zutoin puskatuen, leherketa handien eta perretxikoen xerra delikatuzko filigranen irudiak ditu. Ilargiko kraterren azalera teleskopio baten bidez behatzea bezala da, edo landarez edo mineralez egindako katedral baten sabaia, arrosa-leiho eta gurutzeriarekin, edo aro kretazeoko fosilez betetako haitz bat.  

Azalera puskatu eta asaldatu hori lasaitasunez behatzeko modu bakarra azpian etzatea da, harrizko errege bat abside batean bezalaxe, nire oinetan txakur bat zizelkaturik, gauzen pisutsutasuna sentituz. Nork esan behar du zein motatako konpromisoa den onargarria, zein motatako konfrontazioa den garrantzitsua?

Edo koka gintezke estutzen den angeluan, Iglesiasek plano baten eta bestearen artean sortua, porlanezko horma baten eta beirazko pareta baten artean. Sartzeko ez, baizik eta soilik aztertzeko diseinatu den espazio batean sartuko ginateke. Horma faltsuaren arkuaren atzean dagoen beirazko paretaren ondoan geratuko ginateke zutik, soilik islak behatzeko beiran, eta beiraren parean zabaldutako tapiz marroiaren irudian; tapiz zaharra da, arbola apaingarri eta paisaia zurbilez osatua, XVIII. mendean brodatutako landa-eremuko eszena.

Iglesiasen obran ez dira figurak existitzen. Ikuslea da, jakina, obra orok beti behar duen figura, obrak beti helburu duen figura, beti absentzian dagoen figura. Azalera eta material guztien artean mugituz, ikuslea bere artikulazioaren parte izatera iristen da.

Artista baten obrarekin bizitzeko moduari buruzko kontua da. Bere ekintza espezifiko eta konkretuak –materialtasuna, eraikuntza, ordena formala eta doikuntza delikatuak– berarekin dugun elkarrizketaren sintaxia eta gramatika dira. Eskulturaren mintzaira bada eraikuntzen mintzaira ere, baita beste objektu, zuhaitz eta gorputzena – baita gure gorputzena ere. Baina gu ez gara estatuak.

Horma angeluar lodien ondoan kokatuko nintzateke, hormez inguratua, infinituki errepikatutako hostoen txertaketa eta guzti, hain gertu non ikusmena erabat beteko lidakeen; oso gertu, zehazki, erliebearen tarte eta ingurumenetako hauts pilatua nabaritu eta erretxinaren kiratsa usaintzeko bezain gertu. Zutoinen mendigune honetan galduko nintzateke, hostoz betetako zuhaixka honetan, nire burua sastraka artean balego bezala. Hain gertu nagoenez, detaileak infinituak egiten zaizkit, absorbatzaileak, hipnotizatzaileak eta sakona. Gainerako ikusleek pentsatuko dute erotua nagoela hor geratzeagatik horrela. Baina une batez galdua sentitzen naiz beste leku honetan; ikusezin egin naiz, baita neure buruarentzat ere, hostoen artean ezkutatua.

Zeinen zaila den soilik egotea gauden tokian, ez egotea beste nonbait ezpada hemen, desbideratu gabe, gure adimenari utzi gabe gu urrun eramaten, orainalditik urrun. Iglesiasen lanak jazoerak dira gela batean; gure presentziak baino ez die eragiten, gure joan-etorriak, gure sartu-irtenak. Ikusten dugu nola beste pertsona batzuk agertzen eta desagertzen diren, lanen gune guztiak zeharkatuz. Igaro ahala ikusten ditugu: istant batez gelditzen, silueta bat horma zuri baten gainean, begiratu bitartean abstraitzen, buelta ematen eta urruntzen. Zehazki sinesten hasita geundenean gelan bakar-bakarrik geundela, geure buruekin baino ez, errealitatera itzultzen gaituzten oin ikusezin batzuen oinatzak entzuten ditugu gure atzean.

Iglesiasen lanari labirintotsua izatearen terminoa egotzi izan zaio. Labirintoak nahasteko, engainatzeko eta tranpa erorarazteko diseinatuak dira. Labirinto baten plazera da galtzearena eta bidea berriz aurkitzearena. Ikusle gisa interesatzen zaiguna eta gustuko duguna obran zehar geure ibilbide propioa egitea da. Eta guk nahi dugun bide har dezakegu, labirintoaren erdigunea sekula ez da leku berean izaten bi aldiz.

Bada txiste zahar bat mendian galdutako bidaiari batena: bidaiariak geldialdi bat egin du tokiko norbaiti galdetzeko bere jomugara iristeko modu onena. “Tira”, erantzun du agureak, “hara joan beharko banu, ez nintzatekeen hemendik abiatuko”.

Bidaiek, olerkiek edo filmek ez bezala, eskulturek eta irudiek ez dute jatorririk edo jomugarik. Ez dute mugarik. Euren irekiera eta ebazpenak euren baitan bilduak daude. Hara eta hona ari gara bidaiatzen, desbideratzen gara, ohartu egiten gara atzeratu egin garela, norabait iristea espero dugu soilik beste nonbait izateko. Etengabe ari gara leku batetik bestera mugitzen, eta ez dago atzera egiterik distantzian etengabe urruntzen ari den hasiera batera. Iglesiasen lanak zut uzten gaitu, eta ibilarazten, harrapatu egiten gaitu, eta limurtu, gerarazten gaitu, txunditu egiten gaitu eta bere egiten gaitu espazioaren eta objektuen geometria sotilaren bidez; ez digute berunek edo zinta metrikoek erakusten, ezta iluntasunean oztopo bihurtutako objektuek ere, ezagutzak baizik. Lekua ez den leku batean nago, horma ez den horma baten ondoan, erdibideko geldialdia baino ez den jomuga batean. Oro da kontingentzia. Hor egoteko ahalegina egitea, mementoen segida bukaezin baten etengabeko trantsizio batean, gure ihesbide iraunkorren aurka borrokatzea da.

Cristina Iglesiasen obra espazio gisa deskribatzen badut ere, edo leku, lurralde, irekiera edo eremu gisa, baita galeria bateko jazoera gisa ere, forma, irudi, zehar-esan, erreferentzia eta presentzien egoera mental eta fisiko gisa ikusten dut ere. Obraren sentikortasunak argiaren aldaketen aurrean, bere ingurune eta zirkunstantzien kutixi eta baldintzen aurrean, baita duen denbora- eta iraupen-zentzuak ere –ezinezkoa da obra baten osotasuna ikustea aldi berean, parte batzuk ezkutatuta daude, eta sarritan pentsatzen dugu ikusi duguna baino gauza gehiago geratzen direla ikusteko– handitu egiten dute obra infinitua izatearen sentsazioa, berriz ikustea eragiten dute, berriz urrundu eta obrara gerturatzea, baina oraingoan modu desberdin batean. Egoera etengabe aldatzen da. Oro estatikoa izan arren, ezer ez dago bi aldiz leku berean.

Eta gauza bera gertatzen da oroimenarekin, lekuen eta egoeren oroitzapena, banbu-baso baten edo pantaila morisko baten oroitzapena, kale baten, leiho baten, atari baten oroitzapena, argi jakin baten, aterpe baten, sentimenduzko istorio baten oroitzapena. Iglesiasen lanaren historia ezkutua horrelako gauzekin has liteke, berak estudioko atean giltza sartu eta mahaian eseri baino askoz lehenago. Nire mahaian eserita, begiak itxi eta etorbide batera naraman gela zuri bat ikusten dut, eukalipto-azal eta hosto ugari ditut oinetan, horma bat aurrean eta gune ba itzalean. Eskua luzatzean, horma argi zurbil batez tindatzen ikusi dut.

[Itzultzailea: Xabier Paya]