Edukira zuzenean joan

© Murakami

Atalak

© Murakami 

Takashi Murakami-k (Tokio, 1962) arte ederrak eta masen kultura batzen ditu, kultura-generoen arteko mugak lausotzeko eta genero horiek maiz egituratzen dituzten hierarkiak desegiteko. Japoniako artearen historian “jasoaren” eta “herrikoiaren” arteko bereizte eza —batez ere mendebaldeko artearen historia alderatuz gero— aztertu ondoren, Murakamik teoria batean bildu zuen lau-lauaren estetika eta “Superflat” izena eman zion; estetika horren adibide bikainak dira Japoniako pintura tradizionalak eta egungo animea (animazioa), manga (komikiak), eta baita haren lanak ere. Murakamik Superflat teoria Japoniako arte-diziplina desberdinetan bidimentsionaltasuna nagusitzen dela aditzera emateko ez ezik —izan ere artelan askotan perspektiba desitxuratuta agertzen da kolore eta forma lauak dituen eredu orokorra lortzeko—, mendebaldean hain zabaldua dagoen subjektibitatearen mito-estatusa desegiteko ere erabiltzen du. Lautasun hori Japoniako gizartean ere nabaria da, gerra ostean gizarte-mailen arteko desberdinatasunak berdindu eta ondorioz Japoniako ekonomiak aurrerakada handia egin eta kultura zinez japoniarra garatu baitzen.

Murakami nihonga pinturan trebatu zen, hots, usadiozko teknika eta gai japoniarretan arreta jartzen duen estiloan, eta ondorioz, haren marka merkaturatu zuenean pop kulturaren irudiak bereganatu zituen, baina arte budista, XII. mendeko pintura-biribilkiak eta XVIII. mendeko Edo garaiko antolaketa teknikak iturritzat hartuz. Murakamiren lan osoak, multzo gisa, mangaren eragin handia izan duen mundu magiko batera garamatza: bertan artistak jorratzen dituen gaiak eta pertsonaiak —haren alter ego DOB, Cosmos, Kaikai, Kiki, Inochi, Oval eta Mr. Pointy—, hainbat testuingurutan agertzen dira behin eta berriro.

Aurreko pop artista askok legez, Murakamik herri-kultura (animazio filmetako pertsonaiak eta enpresen logotipoak) arte ederren mailara jasotzen du. Hala ere, haratago doa: haren artelanak katean ekoitzitako objektu merke bihurtzen ditu, adibidez, eranskailuak, giltzatakoak, sakelakoentzako osagarriak eta animalia-peluxeak. Kaikai Kiki Co., Ltd. enpresaren zuzendari nagusi bada ere, ekoizpen-maila guztietan esku hartzen du, pinturen sortzean zein plastikozko irudienean. ©Murakami erakusketan enpresa horrek merkaturatzen dituen 500 produktu aurkezteaz gain, artistak Louis Vuitton etxearentzat egindako artelanak eta diseinu ikonikoak izango dira. Copyright kontzeptua, gainera, funtsezkoa da Murakamiren jardunean eta haren lana aldi berean bere nortasunaren adierazpen sakon gisa eta arte jasoaren, masen kulturaren eta merkataritza-jardueren adierazpen gisa ulertzearen erroan dago.

©Murakami Los Angelesko The Museum of Contemporary Art-ek antolatu du.