Palazuelo. Lan prozesua
Bere lana
Atalak
Pablo Palazuelo
- Izenburua:
- Pablo Palazuelo
- Erakusketa:
- Palazuelo. Lan prozesua
- Gaiak:
- Artea eta espazioa | Eragin artistikoa | Geometria | Lan-prozesua | Materiala | Sinbologia | Espiritualtasuna
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Abstraktua | Minimalismoa
- Aipatutako artistak:
- Palazuelo, Pablo
Pablo Palazuelo-k (Madril, 1915) honela ikusten du artea: “giza arazoei irtenbidea emateko modua”. Bere lanean etengabeak dira pinturaren historiari buruzko erreferentziak. Hala, Paul Klee-ren margolanetatik ateratako lerroaren nozioak eragin handia izan du bere lanean, errebelazio handia izan baitzen beretzat. Gainera, hasiera batean konstruktibista errusiarrek jakin-min handia piztu zioten, Naum Gabo-k eta Antoine Pevsner-rek esaterako, geometriari buruz haiek zuten ikusmolde zientifikoa gaitzesten badu ere.
Azkeneko hogeita hamar urteetako historiografiak abstrakzio idealistatzat hartu izan du Palazueloren lana, espiritualtasunaren korronteei eta artista eta bere lana sakratutzat hartzen dituen ikusmoldeari estu lotzen den aldetik. Esoterismoarekin, Kabalarekin eta ekialdeko filosofiarekin zerikusia duten pentsamendu korronteetan inspiratu izan da Palazuelo, baina matematika, fisika eta mendebaldeko pentsamendu zientifikoa ere funtsezkoak dira bere lanean. Artistak abstrakzioa garatzearen eta geometriaz baliatzearen arrazoia hauxe da: forma berriak aurkitu —ez ordea asmatu—nahia, bilaketa horrek prozesu analitiko bat berekin dakarrela kontuan hartuta. Izan ere, formak aurkitzeko etengabeko lan horrek gidatzen du bere obra, eta tentsioa sortzen du, formen bariazio amaigabeetan aditzera ematen dena.
Zentzu horretan, erakusketa hau ez da atzera begirako ohiko erakusketa, bere lanaren aldi desberdinak kronologikoki aurkeztuko lituzkeena. Horren ordez, prozesuaren, egikaritzaren edo erlazionaltasunaren nozioetara hurbiltzen den abstrakzioa lortzeko artistak egin duen bilaketa lana agerian uzteari eman nahi izan zaio lehentasuna. Geometria edo materia behin eta berriro aztertzea funtsezkoa izan da bere lanean; haatik, ez dugu ahaztu behar antzematen den lotura obraren egitura formalaren eta bere poetikak sorrarazitako erreferentzi anbiguo eta anitzen artean. Bere obra, bisualtasun abstraktu modernoan sartzen den arren, sinboloekin gehiago erlazionatzen diren praktikei eta estetikei lotuta agertzen da, ikusgai dagoen horretan sortzen diren zirrikituko espazioak aztertzen dituzten horiei, eta espazio horiek bilatu eta azaleratzeko funtsezkoa da ikusleak esku hartzea.