Edukira zuzenean joan

Louise Bourgeois. Izatearen egiturak: Gelak

Atalak

Louise Bourgeois. Izatearen egiturak: Gelak

Espazioa ez da existitzen; gure izatearen egituraren metafora bat baino ez da. Louise Bourgeois

I

Louise Bourgeois (1911–2010) XX. mendeko artista eragingarrienetakoa da. Askotariko materialak eta formak jorratu zituen eta ia zazpi hamarkada hartzen dituen corpusa sortu zuen. Artista ibilbide luzean, Bourgeisek hainbat kontzeptu eta ideia formal garatu zituen, gaur egungo artearen funtsezko gai bihurtu direnak; horien artean daude lanak giro-instalazioak antzezpenarekin lotutako formatuak lantzea, eta artelanetan psikoanalisiaren eta feminismoaren inguruko nozioak txertatzea. Bourgeoisen eskultura bereziek, marrazki bikainek eta lan grafikoek ez dute parekorik. Ia hogei urtez landu zituen Gelak eta Bourgeoisen arte-ekoizpen zabaleko eskultura-lan berritzaileenen eta probokatzaileenen artean daude. Emozio anitz arakatzen dituzten espazio arkitektonikoak dira; Gela bakoitza mikrokosmos bat da: barrualdea barneko munduaren isla da eta Gelak berak hesiarena egiten du, kanpoaldetik bakantzen du. Gune berezi horietan zama emozional handiko eszenografiak eraiki zituen artistak, aurkitutako objektuak, jantziak, altzariak eta eskulturak modu jakin batean kokatuz. Bourgeoisek 60 Gela inguru sortu zituen 1986tik, Artikulatutako gordelekua (Articulated Lair) lana egin eta saila hasi zuen urtetik —seriea hasi baino lehenago egindako bost lan aurrekariak aintzat hartu dira zenbaketan—. Erakusketa honetan lan-multzo horretako adibide ugari bildu dira, inoiz baino kopuru handiagoan.

Municheko Haus der Kunst-ek antolatutako erakusketa Guggenheim Bilbao Museoarekin lankidetzan

II

Ingelesez, cell hitzak, besteren artean, honako adierak ditu: “preso bat giltzaperatzeko gela edo ziega zein fraide edo moja batek lotarako darabilen gela” (gela euskaraz) eta “izaki bizidunen unitate estrukturala eta funtzionala; bizitzat jo ohi den unitate txikiena” (hots, zelula). Hortaz, isolamendurako gune txiki bat izan daiteke zein osotasun baten zati txiki bat. Bi adiera horiek dituzte Bourgeoisen Gelak lanek. Museo-panoramen, eszenografiaren eta instalazioaren arteko erdibidean kokatzen dira, eta oroimena, emozioak, oinazea, larritasuna eta, bereziki, baztertua izatearen beldurra jorratzen dituzte.

Bourgeoisek Artikulatutako gordelekua (Articulated Lair, 1986) jo zuen lehen Gelatzat, baina 1991 arte ez zuen hitz hori izenburu batean erabili; urte horretan Gelak I–VI aurkeztu zituen Carnegie International erakusketan. Lan horiek egiteko arkitektura-zatiak, hala nola, ateak, leihoak eta metalezko saretak, erabili zituen, haren estudiotik —antzina ehungintza lantegia zen— edota eraitsitako eraikinetatik ateratakoak. Gelak I–VI lanek isilpekoan, voyeurismoan eta oinaze fisikoan eta psikologikoan sakontzen dute.

Bourgeoisek Jean Martin Charcot (1825–1893) neurologo polemikoaren ideiekiko interesa erakutsi zuen. Neurologo honek, haren ikasle Sigmund Freud-ek bezala, histeria-krisi batean gorputza zergatik makurtzen den ikertzen saiatu zen. Haiek bezala, Bourgeoisek interesa hartu zuen larritasunak eta beldurrak gorputzaren bitartez fisikoki adierazteko zuten moduagatik. Askotan histeria emakumearen gaitzat hartzen zenez, Bourgeoisek bizkarra okertua zegoen gizon bat erakustea erabaki zuen, “histeriaren arkua” delako posturan; gainera, mina edo plazera sentitzen ote zuen galdera irekita utzi zuen. Beste lan batean ere gorputz baten irudia dugu nagusi: Barruan eta kanpoan (In and Out, 1995) lanean, biluzik dagoen eta bururik ez duen gorputz baten irudia agertzen zaigu, ispiluek eta ispilu-akabera duten esferek desitxuratzen eta zatikatzen dutena. Gela horretan, hormetako haragia xehatzeko makinak gorputzaren suntsipenaren ikur dira eta kanpoaldeko forma organiko arrosak barne-organo bat aditzera ematen du.

III

Louise Bourgeoisentzat Artikulatutako gordelekua (Articulated Lair, 1986) lehen Gela zen, izen hori 1991. urtera arte erabili ez bazuen ere. Ondoren egindako beste Gela batzuetan ez bezala, Artikulatutako gordelekua lanean bi ate zeuden, bisitariak sar eta irten zitezen. “Gordelekua” animalia batentzako ezkutalekua eta ohantzea da, baita babeserako lekua ere. Kanpoaldetik, lana osatzen duten panelen arteko zuloetatik, barrualdea ikuskatu dezake bisitariak, hainbat ikuspegitatik. Artikulatutako gordelekuak voyeurismo zantzu hori izan arren, babesleku izan zedin sortu zuen Bourgeoisek: “Gordelekua babeslekua da, aterpea behar dugunean sartzen gara bertara. Gainera, atzealdean ihesbide bat dago; hala ez balitz, ez litzateke gordelekua izango, tranpa baizik”.

Emakume etxea (Femme maison, 1945–47) izeneko pinturak egiten hasi zen Bourgeois eskulturak sortzen hasi zen garai bertsuan. Pintura hauetan hainbat gaiekiko interesa islatu zuen artistak: arkitekturarekiko, barrualdearen eta kanpoaldearen arteko hartu-emanarekiko eta ezkutatzearen eta agerian ipintzearen kontraesanekiko; gai horiek guztiek garrantzia dute eta behin eta berriro azaltzen dira Gelak sailean, hamarkada batzuen buruan hasitako sailean. Era berean, artistaren ibilbideko beste lan askotan ere agertzen da Emakume etxea pinturetako emakumearen gorputz biluziaren eta arkitekturaren arteko lotura, baita izenburua bera ere; Bourgeoisentzat etxea, funtsean, emakumeen gunea zen eta nortasuna, emozioak eta emakumeek gizartean duten zeregina ikertzeko baliagarria zitzaion.

IV

Bourgeoisek estudio bat erosi zuen Brooklynen 1980an, ehungintza lantegi bat izandakoan, eta horri esker formatu handiagoekin lan egiten hasteko aukera izan zuen, esaterako, Irteerarik gabe (No Escape, 1989), Gelak sailari bide eman zion lanetako bat. Gainera, aurreko jabeek han utzitako materialak erabili zituen Gelak egiteko. Gela (Choisy) [Cell (Choisy), 1990–93] lanaren barruan, marmolez egindako Bourgeoisen gurasoen etxearen erreplika dago. Etxe hori Frantziako Choisy-le-Roi udalerrian dago, Val-de-Marne departamentuan, Paris inguruan. Familia bertan bizi izan zen, eta tapizen tailer bat zuen, 1912tik 1917ra bitartean. Erreplikaren gainean dagoen gillotinak iragana sinbolizatzen du, orainaldiak ebakitzen duen iragana: heldua zenean haurtzaroko etxea bisitatzen saiatu zenean, Bourgeoisek jakin zuen desagertu zela.

Areto honetako “mirarien ganberan” artistak askotariko lanak egiteko zuen erraztasuna jasotzen da: hainbat formatutako lanak daude 1943 eta 2010 artean hainbat materialez egindakoak. Erakusketak espazio handiak ezaugarri dituen arren, eskultura, maketa eta marrazki txikien bilduma honek ere artistaren ibilbide osoko ikuspegia eskaintzen du, eta haren ardurak eta obsesioak islatzen ditu. Artelan guztiek espazioaren egituraketa dute gai: etxeko espazioa, espazio fisikoa, isolatutako espazioa eta espazio sinbolikoa. Bourgeoisentzat arkitektura baliabide aktiboa zen, oroitzapenak aztertzeko, bere burua aurkitzeko eta barruko ezinegona ateratzeko. Espazio errealak eta sinbolikoak obsesionatzen zuen Bourgeois eta nabaria da eskultura guztietan. Emakume etxea (Femme maison) izeneko lanetan, espazioa asmatutako eraikina da; Errektore-etxea (The Rectory, 2002), aldiz, benetako eraikina da. Emakumearen gorputza gela edo ezkutaleku izan daiteke, Gordeleku izeneko eskulturetan moduan.

Lehen eskultura-objektuak 1940ko hamarkadan, erdialdetik amaiera bitartean, sortu zituen, eta horien adibide ditugu Pertsonaiak (Personages). Zurezko 80 bat eskultura dira —asko brontzez galdatu zituen artistak gerora— eta saileko izenburuak frantsesezko “personne” hitza du jatorri: “personne” “pertsona” esan nahi du, baina baita “inor ez” ere. Eskultura batzuek Bourgeoisek 1938an New Yorkera alde egin baino lehenagoko pertsonak aipatzen dituzte, artistaren Frantziako iraganekoak beraz. Pertsonaiak taldekatuak daudenez, bata bestearekin harremanetan, indar psikologiko handiko giroa pizten dute. Kokapenak, bata bestetik hurbil zein urrun egoteak, eta horrek bisitariarekiko sorrarazten duen harremanak Pertsonaiak giro-artearen eta instalazio-artearen ekarpen goiztiar bihurtzen dituzte.

V

Bigarren erruduna (Culprit Number Two, 1998) lanaren egitura irekia da eta Gelak seriearen aitzindari izan ziren beste lan batzuk gogoratzen dizkigu, adibidez, Irteerarik gabe (No Escape, 1989). Eserita dagoen pertsonak, “errudunak”, ispiluko bere islari aurre egiten dio; geziek, berriz, agresibitatea eta liskarra sinbolizatzen dute. Horren harira, Bourgeoisek honakoa azaldu zuen: “Ispiluak izateak nire burua onartzea dakar. Horregatik ispilurik gabeko etxe batean bizi izan naiz, jasangaitza zitzaidalako, nire burua ezin nuelako onartu. Ispilua nire arerioa zen”.

Igarobide arriskutsua (Passage Dangereux, 1997) lanean, Bourgeoisek aurkitutako objektuak eta berak egindako eskulturak elkartu zituen, neska gazte batek helduarorako bidean igarotzen dituen aldien kontakizuna eraikitzeko. Hainbat eszena azaltzen zaizkigu bata bestearen ondoren, film batean moduan: lehenengo igeltsuzko bular bat; ondoren haurtxoentzako aulkiak, eskola-mahai eta zabu bana, haurtzaroa oroitarazten digutenak; ostean, plastikozko esferetan gordetako animalien hezurrak daude, bizitzaren eta heriotzaren zikloa, ama lurra eta bizitzaren iragankortasuna gogora ekartzen dizkigutenak; aulki elektriko bat ere badago, errua eta zigorra aditzera emateko. Horrez gain, altzairuzko armiarma bat, beirazko esferak eta ispiluak daude, ohiko motiboak artistaren ibilbidean, baina Gela honetan gomazko objektu beltz bat ere badago, orratzez zulotua. Orratzek eta hariek Bourgeoisen sendiaren tapizen tailerrari, eta artistaren amari, aipamen egiten diote. Bestalde, eskegitako aulkiak artistaren aitaren ikur dira; izan ere, aitak aulki sorta bat zuen ganbaran, habeetatik zintzilik. Azken gunean bikote bat dago larrua jotzen eta sexuari beldurra irudikatzen du; Bourgeoisek beldur hori heriotzarekin alderatu zuen.

VI

Logela gorria (Haurra) [Red Room (Child)] eta Logela gorria (Gurasoak) [Red Room (Parents)], biak 1994koak, elkarren artean parekatuak dauden Gela serieko bakarrak dira. Artistarentzako kolore gorriak odola, indarkeria eta arriskua, lotsa, jeloskortasuna, maltzurkeria eta errua sinbolizatzen zituen. Adierazgarria da obra hauen kanpoaldeko armazoia Manhattango auzitegi bateko ate zaharrekin eraiki izana.

Logela gorria (Haurra) lanak artistaren haurtzaroari lotutako elementuak ditu: orratzek eta ardatz gorri eta urdinek bere familiaren tapizen tailerra ekartzen dute gogora, heldu baten eskuen gainean jarritako haurren eskuek segurtasun-grina iradokitzen dute, eta brodatutako “moi” [neu] eta “toi” [zeu] hitzak dituzten eskuzorroek nahi hori indartzen dute. Oroitzapenak, objektu misteriotsuak, espiral itxurako objektuak eta eguneroko gauzak nahasten dira erretratu psikologiko bat dirudien konposizio hau girotzeko.

Logela gorria (Haurra) lanarekin alderatuta, Logela gorria (Gurasoak) laneko espazioa ordenatuagoa da. Ohearen —intimitaterako eta sexurako lekua— bi aldeetara oihalez erdi estalitako marmolezko eskultura bana ikus daitezke, gorputz-enbor biluzi bana. Ohearen gainean, xilofono baten zorroak eta jostailuzko tren batek haur baten presentzia iradokitzen dute. Haurraren ikuspegitik sexualitatea ezkutatu ohi den misterioa da. Gurasoen bi bururdien artean, haurra gurasoen artean uzkurtuko litzatekeen tokian, “Je t’aime” [maite zaitut] brodatuta daraman kuxin bat ikus daiteke.

VII

Artearen historian duen adieraren arabera, erretratu bat pertsona jakin baten kanpoko itxuraren irudikapena da. Hala ere, irudikapen horren benetako xedea ez datza kanpoaldeko itxura soila hautematean, are pertsona horren nortasunaren eta emozioen adierazpena biltzean baizik. Horrela, Erretratu-gelak (Portrait Cells) lanetan oihal-zatiekin eskuz jositako buruak agertzen dira; funtsezko giza sentimenduak irudikatzen dituzten forma sinboliko gisa funtzionatzen dute, eta egoera emozionalen erretratuak dira. Buru asko artistaren bilduma pertsonalaren arropa eta mantekin eginak daude. Ehunekin lan egitea Bourgeoisen amaierako obren ezaugarria da eta bere haurtzaroa gogoratzen du; bere amak tapizak nola josten eta konpontzen zituen begiratzen geratzen zen une haietara garamatza.

Untxi-larruak, txatalak eta txatarra salgai (Peaux de lapins, chiffons ferrailles à vendre, 2006) izenburua lotua dago kaleetan euren erosgaiak saltzen zituzten eta Bourgeoisek txikitan entzuten zituela gogoratzen zen trapuketarien ahotsekin. Zintzilikatuak, iztupaz jositako eta tearekin tindatutako oihal-zakuek utero hutsa sinbolizatzen dute. Larruak aitak eta nebak Bourgeois gazte zenean harrapatzen zituzten eta heldua zenean ahizpak hazten zituen untxiekin lotuak daude. Urte bereko Gela (Egun goibelak) [Cell (Black Days), 2006] lana Bourgeoisek obalo formarekin sortu zuen serie honetako obra bakanetakoa da. Aurreko lan batzuetan jada agertutako kristalezko kanpaia eta azpiko aulkia, esferak eta janzteko arropak ditu, beste elementuen artean. Artistarentzako arropak memoriarekin, iraganeko pertsonen oroitzapenarekin eta janzten zituenean etortzen zitzaizkion sentimenduekin loturak ziren. Kristalezko kanpaiaren azpian dagoen aulki isolatuak itxialdi-sentsazioa gogoratzen du, baina artistarentzako babesgunea ere bada. Beste behin ere ardatzek eta hariek bere gurasoen tailerra oroitarazten dute, baina horretaz gain, trauma-sentsazioa, eta zauri psikologikoak sendatzea ere oroitarazten dute.

VIII

Gela (Azken igoera) [Cell (The Last Climb), 2008] lanean nagusi den eskailera Brooklynen zuen estudiotik hartu zuen Bourgeoisek. Motibo hori, inorantz igotzen den eskailera, lehen aldiz Irteerarik gabe (No Escape, 1989) lanean erabili zuen.

Flotatzen ari direla diruditen esfera gardenek eta barrualdea igartzen uzten duen sare metalikoak oso itxura arina ematen diote lanari. Bourgeoisentzako goma urdin argiko tanta autoerretratua zen; tantatik ateratzen diren hariek armiarma-sare antzeko bat sortzen dute eta hormetara atxikita dauden bobinetara lotzen dute. Lurrean agertzen diren zurezko esferak emakumearen eta gizonaren gorputzen sinboloak dira. Gela (Azken igoera) serie honetako azken obretako bat da. Hemen, 2010eko maiatzaren 31n hil baino pixka bat lehenago Bourgeoisek sortu zuen Dena opari (I Give Everything Away) izeneko paperean egindako obraren sei panelez inguratua dago.