Edukira zuzenean joan

Louise Bourgeois. Izatearen egiturak: Gelak

Sarrera

Louise Bourgeois. Izatearen egiturak: Gelak 

Izenburua:
Louise Bourgeois. Izatearen egiturak: Gelak 
Erakusketa:
Louise Bourgeois. Izatearen egiturak: Gelak
Gaiak:
Artea eta emozioa | Espazioa | Gizakia | Sentimenduak
Mugimendu artistikoak:
Arte Garaikidea
Artelan motak:
Arkitektura | Eskultura | Instalazioa | Performance
Aipatutako artistak:
Bourgeois, Louise

Louise Bourgeois-ek (Paris, 1911–New York, 2010) forma, material eta tamaina askotako artelanak sortu zituen zazpi hamarkadaz luzatu zen ibilbide artistikoan. 1940ko hamarkadan, haren lanak aurkezteko, ingurua hartu zuen aintzat eta ingurumen-instalazioa gisa taxutzen zuen lanen kokapena; horretan aitzindaria izan zen. 1970eko eta 1980ko hamarkadetan egindako eskulturek antzerkiarekin eta performancearekin solas egiten zuten batzuetan. Horrez gain, bere obraren bitartez diskurtso kritikoa aldatzen lagundu zuen, psikoanalisia eta feminismoa barne har zezan; orduz geroztik, teoria horiek arte garaikidearen lengoaia artistikoan nagusi izan dira.

Gelak arte-ekoizpen zabal horretako eskultura-lan berritzaileenen eta probokatzaileenen artean daude. Ia hogei urtez lan egin zuen espazio arkitektoniko horietan. Gelak indar psikologiko handiko mikrokosmosak dira: barruti horietan, askotariko objektuak eta eskultura-formak daude, oihartzun emozionaleko inguruak sortzeko moduan ipiniak. Ia antzerki moduko eszenak osatuz, eguneroko objektuen bilduma horiek —jantziak, oihalak eta altzariak, besteak beste—, Bourgeoisen eskultura bereziekin batera, artistaren barruko munduaren eta kanpoko munduaren —erakusketa-gunea— arteko konnotazio askoko hesia osatzen dute.

Erakusketa hau Gelak sailean sakontzen lehena da, eta inoiz elkarrekin ikusi diren lan horien kopuru handiena izango du ikusgai. Halaber, seriearen sorrera eragin zuten aurreko hamarkadetako lan garrantzitsuak ere izango dira erakusgai. Louise Bourgeois. Izatearen egiturak: Gelak azterketa osatua da eta honen bitartez espazioari eta oroitzapenari, gorputzari eta arkitekturari, eta kontzientziari eta inkontzienteari buruzko Bourgeoisen pentsamenduaren ardatz nagusiak ezagutu daitezke.

Municheko Haus der Kunst-ek antolatutako erakusketa Guggenheim Bilbao Museoarekin lankidetzan