Edukira zuzenean joan

Durero-tik Rauschenberg-era: marrazkiaren muina. Albertina eta Guggenheim Bildumetako maisulanak

Atalak

Durero-tik Rauschenberg-era: marrazkiaren muina. Albertina eta Guggenheim Bildumetako maisulanak

Durero-tik Rauschenberg-era: marrazkiaren muina. Albertina eta Guggenheim bildumetako maisu-lanak erakusketa Guggenheim Museoaren eta paper gaineko lanen bilduma bikainenetakoa duen Vienako Graphische Sammlung Albertina-ren arteko aparteko lankidetzaren emaitza da. Hogeita bi artista biltzen ditu erakusketa honek, bakoitzeko bost marrazki erakutsiz, eta ikuspegi kritikoa eta historikoa eskaintzen du artista horien lanetan marrazkiak bete duen eginkizunari eta Errenazimentutik gaur egun arte erreminta tekniko eta kontzeptual gisa izan duen bilakaerari buruz. Albertina eta Guggenheim Bildumetako artista adierazgarrienen lanak elkartzeko aukera gisa sortua, Durero-tik Rauschenberg-era erakusketak artista horien paper gaineko lorpen joriak goraipatzen ditu eta marrazkia baliabide aparta gisa agertzen du, behaketa eta esperimentaziorako, fikzioa sortzeko, gertakari historikoak eta familia barrukoak adierazteko eta mundu sinbolikoa eta eguneroko bizitza aztertzeko.

Albertinak gaur egun hirurogei mila inguru marrazki ditu eta ia milioi bat grabatu. Saxonia-Tescheneko Alberto dukea (1738–1822) bere fundatzailearen izena hartu zuen. 1770eko hamarkadaz geroztik era sistematikoan eta etengabean bildumari ekin zion erakunde honek. Bere bizitza osoan zehar Alberto dukearen nahia XV. mendetik XIX. mendera bitarteko Europako arte-produkzioa sakontasunez dokumentatzea izan zen. Albertinak bere artxiboan obrak gehitzen jarraitu du, eta gaur egun marrazki modernoaren adibide bikainenetako batzuk ditu. Artearekin konpromiso handia erakutsi zuen beste mezenas bat Solomon R. Guggenheim (1861–1949) izan zen. XX. mendeko lehenengo zatian pintura ez-objektiboen aparteko bilduma bat egin zuen. Bere erosketek Guggenheim Museoko fondoen oinarria osatzen dute. Hamarkada askoren zehar, Guggenheim bere bilduma sendotzen aritu da, baliabide berriak arakatuz eta egin duen ibilbide osoan zehar bere artista preziatuenen lorpenak defendatuz.

Albertinak ordezkatutako artisten artean topatuko ditugu Alberto Durero pintore, marrazkigile eta grabatzaile alemana, Rafael eta Federico Barocci Italiako Errenazimenduko maisuak, Pedro Paulo Rubens Flandesko barrokoko artista iaioa, Rembrandt XVII. mendeko maisu holandarra, Claude Lorrain paisajista frantsesa, eta Jean-Honoré Fragonard pintore rococo frantsesa. Hemen aurkezten diren Fragonarden marrazkiak gutxitan erakutsi dira jendaurrean. Horiez gain, XIX. mendeko maisu aleman goraipatuenetakoak diren Adolph Menzel-en eta Hans von Marées-en lan figuratiboak aurkezten dira. Austriak artearen historiari egin dion ekarpen garrantzitsua agerikoa da Rudolf von Alt-en paisajeetan, bai eta XX. mendearen hasierako Gustav Klimt-en, Oskar Kokoschka-ren eta Egon Schiele-ren marrazkietan ere, irudiaren inguruko gero eta esperimentazio handiagoaren eta mundu sinbolikoarekiko erakarpenaren garaia baieztatzen baitute. XIX. eta XX. mendeetako maisulanak direla-eta famatua, Guggenheimek erakusketari egindako ekarpena Georges Seurat postinpresionista frantsesaren estudioekin hasten da, eta horrekin batera mende honetako maisu berritzaileenetako bat den Pablo Picasso-ren ibilbidearen garai desberdinetako marrazki batzuek ikusgai daude. Horrez gain, Errusian jaiotako Vasily Kandinsky artistaren akuarelak eta Suitzako Paul Klee artistaren marrazki alaiak aurkezten dira. Erakusketa Alemaniako Joseph Beuys, Amerikako Robert Rauschenberg eta Jim Dine eta Italiako Francesco Clemente artisten paper gaineko lanekin amaitzen da, mende honetako artearen aldarte eztabaidazalea eta izaera esperimentala laburbilduz. Beren marrazkiek ondo definitzen dituzte paper gaineko berrikuntzen bost mende eta erakusketa guztian zehar agerikoak diren lerroaren eta formaren nagusitasuna.