Edukira zuzenean joan

Durero-tik Rauschenberg-era: marrazkiaren muina. Albertina eta Guggenheim Bildumetako maisulanak

Sarrera

Durero-tik Rauschenberg-era: marrazkiaren muina. Albertina eta Guggenheim Bildumetako maisulanak

1999ko martxoaren 9tik maiatzaren 16ra arte Guggenheim Bilbao Museoak Durero-tik Rauschenberg-era: marrazkiaren muina. Albertina eta Guggenheim bildumetako maisulanak erakusketa izango du ikusgai. Erakusketa Solomon R. Guggenheim Foundation-aren eta paper gaineko lanen bilduma bikainenetakoa duen Vienako Graphische Sammlung Albertina-ren arteko aparteko lankidetzaren emaitza da. Lankidetza horri esker mundu osoan ospe handia duten hogeita bi artisten lanak ikus daitezke, marrazkigintzaren bostehun urte bilduz. Thomas Krens, Solomon R. Guggenheim Foundationeko zuzendaria, eta Konrad Oberhuber, Graphische Sammlung Albertinako zuzendaria elkarrekin aritu dira komisari lanetan. Erakusketaren xedea bi erakunde horiek jabetzan dituzten artista jakin batzuen obren fondo aberatsak azpimarratzea izan da, izan ere, hainbat kasutan artista horiek bi erakundeen izenekin hertsiki lotzen dira. Guzti horren emaitza gisa, Albertinako maisu entzutetsuen (Alberto Durero, Rafael, Federico Barocci, Pedro Pablo Rubens, Claude Lorrain, Rembrandt, Jean-Honoré Fragonard, Rudolf von Alt, Adolph Menzel, Hans von Marées, Gustav Klimt, Egon Schiele eta Oskar Kokoschka) obra-multzoa eta Guggenheim Museoak duen paper gaineko obren bildumaren adibide nabarmenenak, George Seurat, Pablo Picasso, Vasily Kandinsky, Paul Klee, Arshile Gorky, Joseph Beuys, Robert Rauschenberg, Jim Dine eta Francesco Clemente bezalako maisuek egindakoak, barne hartzen dituen erakusketa adierazgarria dugu hau. Marrazkiaren muina erakusketak artista bakoitzeko bost obra aurkezten ditu eta aipatutako maisu horien guztien lan zehatzak aztertzeko aukeraz gain, marrazkigintzak Errenazimentutik gaurdaino izan duen bilakaera ikuspegi historikoaz ezagutzeko abagunea eskaintzen digu, teknika espezializatua eta adimenaren baliabidea den aldetik. Artistak beraien karreren aldi ezberdinei dagozkien marrazkiek ordezkatzen dituzte. Horien artean, erretratuak, paisaiak, estudioak eta norberaren zirriborroen koadernoen orrialdeak. Albertina eta Guggenheim Bilduma ospetsuetako lanak bilduta ikusteak arte modernoan zehar mundu sinboliko eta eguneroko elementuekin egindako ikerketa dela-medio figurazio klasikoak izan duen jarraipena eta bilakaera ikusteko aukera paregabea emango dio jendeari.

Albertina, bere sortzaile izan zen Saxonia-Teschengo Alberto (1732–1822) dukearen izena hartu zuena, 1770eko hamarkadaren hasieran hasi zen grabatuak biltzen. XV. mendetik XX. mendera arteko Europako lan grafiko asko bildu ditu. Gaur egun, Italiako, Alemaniako, Flandesko eta Frantziako “eskoletako” maisuen 60.000 lan baino gehiago ditu. Austriako artea bildumaren gune nagusietako bat da. Erakusketan nabarmendu behar dira XX. mendeko Jugendstil-eko Gustav Klimt, Egon Schiele eta Oskar Kokoschka artista ospetsuen marrazki figuratiboak. Horiek mendearen hasierako artista espresionista txalotu edo aldarrikatuenetakoak dira eta beraien lan boteretsuek Albertinak erakutsitako eta, besteak beste, Kandinskyrenak bezalako Guggenheim bildumako lan abstraktuen arteko funtsezko zubi bat eskaintzen dute.

Guggenheim Museoa, beraren sortzaile izandako Solomon R. Guggenheim-en (1861–1949) izena duena, 1927aren hasieran hasi zen Europako pintura modernoa biltzen, batez ere Kandinsky errusiarraren lan ez-objektiboak eskuratuz. Izan ere, hasieran pintura ez-objektiboa izan zen Guggenheim bildumaren interes bakarra, nahiz eta ondoren bildumak eskultura eta bestelako teknikak ere onartu. Pintura ez-mimetikoarekiko jarrera estua aldatzen joan zen, eta lan figuratiboa, esate baterako, Paul Kleerena, 1948an bildumaren zati izaten hasi zen. Albertina bildumak bezala, XIX. eta XX. mendeetako Guggenheim bilduma ospetsuak europar artearen hastapenak ditu sorrera. Bildumak antzinako maisu zaharrek ezarritako estetikaren ikus-lengoaia eraiki, beste itxura batez hornitu eta desafiatu duten Europako eta Amerikako artista-belaunaldiak harturik ditu. Uztarturik, bi altxor handiok azken finean formaren izaerarekin zerikusia duen lana garatu duten artisten eskutik talentu artistikoaren bost mende ikusteko aukera paregabea ematen dute

Erakusketa hau New Yorkeko Solomon R. Guggenheim Museum-ek eta Vienako Graphische Sammlung Albertinak antolatu dute elkarlanean.