Edukira zuzenean joan

Richard Artschwager

Richard Artschwager [I]

Info gehiago

Atalak

[Richard Artschwager II]

Richard Artschwager 1923an jaio zen Washington D.C.-n, eta Albany-n, New Yorken, hil zen 2013an. 1948an Cornell-eko (New York) Unibertsitatean lizentziatu ondoren, eskolak hartu zituen abstrakzioaren aitzindarietako batekin: Amédée Ozenfant artistarekin. 1950eko hamarkadaren hasieran, zurgintzari erreparatu zion Artschwagerrek, eta altzari xumeak egin zituen. Hamarkadaren amaieran haren lantegia sute batek txikitu zuen, eta horren ondoren, bere eskulturak egiteko, industriako errefusako materialak erabiltzen hasi zen. Handik aurrera bere jarduna zabaldu zuen, hala pinturaren eta marrazkigintzaren alorretara, nola kokapen zehatzeko instalazioetara eta argazkilaritzan oinarritutako lanetara.

Artschwagerrek bide berezia egin zuen artegintzan, 1950eko hamarkadaren hasieratik XXI. mendearen hasierara arte, bai espazioa eta bai hura betetzen duten objektuak ikusmena baliatuz ulertzeko jarduera bera benetan bihurtuz gauza bitxia edo arrotza. Bere lanean, bai pinturan, bai eskulturan, intxaurrondo-zuraren bilbea imitatzen duen formikazko ohol anonimo bat aldi berean da, batetik, objektu hori berez, eta bestetik, zurezko plano baten irudikapena; mahai edo aulki bat aldi berean dira altzariak, eskulturak eta irudiak; eta margolan edo eskultura bat “irudi anitz” bat edo “hiru dimentsioko natura hila” izan daitezke. Artschwagerrek lehenengo planora eraman zituen pertzepzioaren egiturak, nolabait fusionatu nahian irudien mundua —zeinak zentzumenen bidez antzematen baitira— eta objektuen mundua —zeinak fisikoki edukitzen baitira— behatzaile gisa dagokigun espazioan.

Artswagerren lehenengo erakusketa New Yorkeko Art Directions Gallery aretoan egin zen 1959an, eta haren ondotik banakako erakusketa asko eskaini zizkion Leo Castelli galerista aitzindariak 1965etik aurrera. Haren mende erdiko ibilbideari eskainitako atzera begirako erakusketa handietatik, aipagarriak dira Vienako Museum für angewandte Kunst (MAK) museokoa (2002), Suitzako Kunstmuseum Winterthur museokoa (2003) eta New Yorkeko Whitney Museum of American Art museokoa (2012).

BESTE ATALAK

Richard Artschwager [I]

Richard Artschwager, Atala, 2020

Info gehiago

[Richard Artschwager II]

Richard Artschwager, Atala, 2020

Info gehiago