Motion. Autos, Art, Architecture
Aitzindariak
Future
Atalak
Americana
- Izenburua:
- Americana
- Erakusketa:
- Motion. Autos, Art, Architecture
- Gaiak:
- Artea | Argazkigintza | Artea eta gizartea | Artea eta kirola | Arte eta iraultza kulturala | Diseinu industriala | Eskulturagintza | Hiri-eszenak | Pinturagintza | Ekonomia | Automobila | Industria | AEB | Bizi-kalitatea
- Aipatutako artistak:
- Chamberlain, John | Indiana, Robert | Judd, Donald | Lange, Dorothea | Link, O. Winston | Post Wolcott, Marion | Ruscha, Edward
Automobilaren eragina ez da inon nabaritu AEBn bezainbeste. Bertako ekonomia, paisaia eta hirietako zein aldirietako eremuak taxutu ditu autoak, eta munduan beste inon ezagutzen ez den mailaraino definitu du bertako kultura herrikoia. AEB izan zen nork bere automobila modu orokortuan erabiltzearen onurak ikusi zituen lehenengo herrialdea, baina baita autoaren erabileran oinarritutako gizarteak eragindako ingurumenondorioei aurre egin behar izan zien lehena ere —gizarte mota horrek berekin dakartzan eguneroko joan-etorri nekagarriak eta isolamendu soziala ahaztu gabe—.
Kultura estatubatuarraren bereizgarri da errepideari egotzi ohi zaion erromantikotasuna: “herrialde handian” zehar bidaiatzea, berealdiko eremu zabaletan eta ostertz amaigabean barrena, errepide ondoko diner eta gasolindegi tradizional eta guzti. 1930eko hamarkadan New Deal programa abian jarri zenetik gaur egunera arte, argazki, koadro, musika eta literatur idazkietako protagonista izan da errepideko bidaia. Areto honetan, Dorothea Lange, Marion Post Wolcott eta O. Winston Link argazkilarien kamera-objektiboetatik begira dezakegu mundua, baita Ed Ruscha eta Robert Indiana-ren margolanak behatu ere. Ibilgailuen atze-oihal gisa, aukera dugu Donald Judd-en eskulturaren doitasunak eta John Chamberlain-en obrako automobil-hondar zapalduek elkarrekiko sortzen duten kontrastea antzemateko. Hemen ikusgai dagoen ibilgailu-sortak parez pare jartzen ditu atzean hegats nabarmenak dituen luxuzko sedan erraldoi bat, potentzia handiko kirol-auto tipiko bat, kolore deigarriko hot-rod tuneatu bat, eta gerrarako asmatutako Jeep funtzional eta soil bat.