Edukira zuzenean joan

in situ: Igshaan Adams. Hautsa harrotzen: Gorputzaren artxiboa

[204. Aretoa]

 

Info gehiago

Iruzkinak

[208. Aretoa]

 

Ongi etorri in situ erakusketa-zikloaren barnean antolaturiko aurkezpen berrira. Hemen ikusgai dauden artelanak bereziki sortuak dira Guggenheim Bilbao Museoaren espazio honetarako. Oraingoan, Igshaan Adams artista hegoafrikarrari eskainia da erakusketa.

Areto zabalean sartzen zarenean, patxadaz ibiltzea gomendatzen dizugu Igshaan Adamsen obra ondo ulertzeko. Izan ere, ez da berehala atzeman daitekeen lana; aitzitik, denbora eta arreta eskatzen dizkigu.

Adams ehun-lan konplexuak egiteagatik da ezaguna. Lan horiek bizitako esperientziek utzitako arrastoetatik abiatuta sortzen ditu. Desira-lerroak izeneko aurreko proiektu batean, artistak jendeak espazio irekietan ibilbide bat behin eta berriz egiterakoan sortzen dituen bidezidorrak aztertu zituen. Zapaldutako bide horiek gainazal ehundu batera eraman zituen Adamsek. Erakusketa honetan, bestelako forma bat hartzen du artistaren mugimenduarekiko eta mugimenduaren aztarnekiko interesak.

Igshaan Adams 1982an jaio zen Bonteheuwelen, Lurmutur Hiritik gertu, apartheidaren sistema politiko arrazistak ezarritako banaketa sozial eta muga fisikoek baldintzatutako komunitate batean. Sistema hark zehazten zuen, arrazaren arabera, pertsonek non bizi behar zuten, nola mugi zitezkeen eta zer aukera zituzten eskura. Konpartimentutan banaturiko paisaia bat zeharkatzeko esperientzia hark definitu zuen Adamsen munduari aurre egiteko duen modua, eta bizipen horrek zehaztuta erabaki zuen, orobat, mundu hori nola irudikatu.

Adamsek, pertsonak zuzenean irudikatu beharrean, atzean uzten duten lorratzarekin, arrastoekin, lan egiten du.

Erakusketa honetarako, Adams lurretik hasi zen.

Artistaren eta O’okiep herriko Garage Dance Ensemble talde artistiko hegoafrikarraren arteko lankidetza da erakusketa honetan ageri diren piezen jatorria.

Garage Dance Ensemble taldeko kideetako bat Atenasera joan zen beste dantzari greziar batzuekin lan egitera. Haiek guztiek musika-doinuei jarraikiz inprobisatutako mugimendu-saio batean parte hartu zuten, NEON irabazi-asmorik gabeko erakundearen Atenasko egoitzan.

Ekitaldi hartan, aurrez tintaz bustitako linoliozko zoru batean jarritako oihalen gainean aritu ziren dantzariak dantzan. Bakarrik zein bikoteka mugitzen ziren, elkartu egiten ziren, banandu... Eta, hara-hona zebiltzala, markak uzten zituzten oihalen gainean. Hala, lurzorua esperientziak iraun zuen denboraren erregistro bihurtu zen.

Marka horiek Adamsek “dantza-arrastoak” deiturikoak sortu zituzten. Ez da erregistro koreografiko bat, baizik eta elkarri eragiten dioten eta lurrean aztarna uzten duten gorputzen erregistroa. Horrenbestez, ez da irudikapen bat, ezpada topaketa baten zantzu zuzena.

Une iragankorren aztarna horiek hartu zituen Adamsek areto honetan aurkezten diren obra ehunduen oinarritzat. Hormek definitzen dituzten bihurguneak zeharkatzean, erreparatu nola zabaltzen diren piezak espazioan.

Lauki-lerro artean, Haustura lineala, Hasiera bortitzak edo Algara partekatua tapiz handiak, esaterako, aretoaren perimetro osoan zabaltzen dira. Beste obra batzuek —hala nola Argi-unea eta Erdigune aldakorra lanek— eskala eta dentsitate desberdinak dituzte. Pieza horietako batzuk oso korapilo estuekin eta zenbait geruzatan eginak dira, harien artean apenas tarterik utzi gabe; beste batzuk, berriz, bilbe irekiagoa dute eta argiari igarotzen uzten diote, egitura agerian utzita.

Obra horietako bakoitza dantzarien mugimenduek lurrean utzitako arrastoa izan zen lehenik.

Lurmutur Hirira itzulitakoan, Adamsek eta haren laguntzaileek arrasto inprimatu horiek bestelako euskarrietara eraman eta txantiloi gisa erabili zituzten ehunak sortzeko. Ehun horiek sortzeko, kotoia, soka, bihiak, oihala, zinta eta alanbrea baliatu zituen. Material horiek guztiak metatze-prozesu motel baten bidez lotu eta gainjarri zituen. Material horietako batzuek jatorrizko formari eutsiko diote; beste batzuk, aldiz, aldatzen eta hondatzen joango dira denboraren poderioz.

Lan horiekin, dantzarien mugimendu inprobisatua finko bihurtzen da ehun-euskarrian; keinu igarokor hura gainazal egituratu bilakatzen da.

Aretoaren erdian, hiru pieza daude zintzilik, garaiera desberdinetan: Candy, Sofia, Elton triptikoa; Espiralean; eta Zartaduren artetik.

Tapizen aurrealdea espazioaren erdialdera begira dago, eta atzealdea, berriz, hormetarantz zuzendua da. Alabaina, ez dago ikuspuntu bakar bat. Jendeak inguratu eta argiak zeharkatu ahala, aldatu egiten dira obrak. Perspektiba garrantzitsua da. Angelu jakin batzuetatik, artelanak trinkoak eta ia sendoak dirudite; beste batzuetatik, ordea, zabaldu egiten dira piezak, eta hutsarteak, hariak eta sortze-prozesuaren zantzuak agertzen dira. Arrakala artetik lana, esaterako, garaiera handitik dago zintzilik: gora begiratzea eskatzen du, eta aldatu egiten du eskalaren pertzepzioa.

Adams mintzatu da barruan daramagun oroitzapenen eta sentsazioen barne-munduaz. Era berean, oroitzapenari buruzko kontzeptu sufietara ere jo du: lurperatuta, ahaztuta edo baztertuta geratu den horretara itzultzea. Alde horretatik, mugimenduak askatu egin dezake finkoa dirudiena. Astindu edo harrotu egin dezake gainean gelditutako hautsa, eta ezkutuan dagoena, aldiz, gainazalera ekarri.

Lan horietatik gertu, sabaitik zintzilik ageri da Harrotuta izeneko obra, maiz “hauts-hodei” gisa deskribatzen dena. Artistaren estudioan denborarekin metaturiko hondakinetatik abiaturik sortua da: hau da, zuntz solteak, zatiak eta ebakinak baliaturik. Haren formak zera gogorarazten digu, airea mugitzen denean argi-izpiak zeharkatuz ikusten ditugun partikulak: pausatzeko leku berri bat aurkitu aurretik airean dantzan dabiltzaten arrastoak. Adamsen ustez, hautsak eraldaketa adierazten du, desagerpena baino gehiago. Berritzeko aukera iradokitzen du.

Hurrengo aretora igaro aurretik, gogorarazi nahi dizugu ehundutako gainazal horiek mugimenduan zeuden gorputzek utziriko aztarnak zirela hasiera batean.

BESTE ATALAK

[208. Aretoa]

 

in situ: Igshaan Adams. Hautsa harrotzen: Gorputzaren artxiboa, Iruzkina, 2026

Info gehiago

[204. Aretoa]

 

in situ: Igshaan Adams. Hautsa harrotzen: Gorputzaren artxiboa, Iruzkina, 2026

Info gehiago