in situ: Igshaan Adams. Hautsa harrotzen: Gorputzaren artxiboa
[208. Aretoa]
Iruzkinak
[204. Aretoa]
- Izenburua:
- [204. Aretoa]
- Erakusketa:
- in situ: Igshaan Adams. Hautsa harrotzen: Gorputzaren artxiboa
- Gaiak:
- Artistak | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Espazioa | Kolorea | Konposizioa | Lan-prozesua | Mugimendua | Lankidetza artistikoa | Dantza | Dantzariak | Hegoafrika | Teknika eta materialak
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Garaikidea
- Artelan motak:
- Tapiza
- Aipatutako artistak:
- Adams, Igshaan
Espazio didaktiko hau intimoagoa da, eta abiapuntura bueltatzen da: mugimenduaren aztarnak erregistratu zituen zorura.
Hemen, ikusgai duzu Nigan urtzen izeneko 2025eko tapiza, baita sorburu duen dantza-aztarna ere. Ikusgai dago, orobat, Atenasko jatorrizko dantza saioa dokumentatzen duen materiala, QR kodearen bidez. Dantza-saio hartan, lurra baliatu zen erregistro gisa. Lurrean jarritako tintaz bustitako linolio-xaflek gorputzek zapalduriko lekuak atzeman zituzten arian-arian: non biratzen ziren, non gelditzen ziren eta zein puntutan egiten zuten presio. Hala, lorratz partekatu bat gelditu da, elkarren ondoan mugitu ziren gorputzez osatua, aurrera egiten zuten heinean erreakzionatuz eta egokituz sortua. Gerora, txantiloi gisa baliatu zituen artistak aztarna horiek, aurreko aretoan ikusi dituzun obra ehunduak sortzeko.
Luzaroan, Adamsen lana bizi-esperientziek markatutako azaleretan oinarritu da: otoitz egiteko alfonbrak, etxeetako zoruak, eta eguneroko erabileren eta errepikapenen poderioz moldekatutako espazioak. Erakusketa honetarako proiektuan, denboran zehar metatzen diren esperientziekin lan egiteko modu bihurtzen da dantza.
Gorputzak hartzen du oroimena, eta mugimenduak harekin interakzioan aritzeko bide bat eskaintzen du, eta, akaso, eraldatzekoa. Arrazakeria- eta homofobia-istorioek eta trauma pertsonalek markatuak dira ikusgai dituzun lanak. Alabaina, haietan behin eta berriz ageri da edertasuna ere. Gainazal argitsuek lan zehatza islatzen dute. Hariek argia hartzen dute, eta kolorea apurka-apurka eraikitzen da, geruzak pilatzearen bidez. Borondatez sortutako edertasuna da, ez apaingarria.
Adams mintzatu izan da bere jatorrizko komunitatea irudikatzeko nahiaz; esan izan du ez duela irudikatu nahi minaren bidez bakarrik, baita duintasunaren eta maitasunaren bidez ere. Hala, edertasuna errespetu-modu bihurtzen da: uko egiten dio kontakizuna definitzerakoan trauma bakarrik baliatzeari.
Artista bihurtu aurretik, Adams lorezain aritu zen. Horregatik erabiltzen ditu maiz lanbide horretako terminoak —hala nola “zaintzea”, “egokitzea” eta “denbora ematea”— bere lana deskribatzeko. Berak sorturiko obraren sortzailetzat eta zaintzailetzat du bere burua.
Espazio honetan barrena, zure mugimenduei kontu egitera animatzen zaitugu: noiz hurbiltzen zaren artelanetara, noiz gelditzen zaren edo noiz egiten duzun etenaldi bat, noiz erabakitzen duzun atzera egitea.
Adamsen lanak ez du transmititzen esanahi bakar bat. Gelditzeko eta arretaz behatzeko gonbita egiten digu. Ulertzeko, denbora eman behar diogu esanahiari azaleratzeko.