Edukira zuzenean joan

Brancusi–Serra

Atalak

[Brancusi–Serra. Horma-testua]

Izenburua:
[Brancusi–Serra. Horma-testua]
Erakusketa:
Brancusi–Serra
Gaiak:
Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Bolumena
Mugimendu artistikoak:
Arte Garaikidea
Teknikak:
Marrazkia
Artelan motak:
Eskultura | Instalazioa
Aipatutako artistak:
Brancusi, Constantin | Serra, Richard

Richard Serra-k Constantin Brancusi-ren lana ezagutu zuen 1964 eta 1965 artean. Parisen zegoen, diru-laguntza bati esker, eta egunero joan zen Brancusiren lantegiaren berreraikitzea ikustera eta bertako lanak marraztera. Hartara, apurka-apurka Brancusiren eskulturaren oinarriak barneratu zituen. Serrari jakin-mina pizten zioten Brancusik eskultura-bolumenak egiteko, hiru dimentsioak zertzelada gutxi batzuez taxutzeko, moduak eta horrek eskaintzen zuen “aukera zabalak”; izan ere, hitz horiexek erabili zituen Serrak Brancusiren artea definitzeko.

Benetan beharrezkoa ematen zuen Brancusiren artea, eskultura modernoaren jaiotzaren ikur, egungo begiz berrikustea. Brancusiren eskulturen aukeraketa esanguratsua, hogeita hamar bat lan, eta Serraren bederatzi eskultura eta hainbat marrazki elkartu dira erakusketa honetan: Brancusiren eta Serraren lanek hartu-eman ireki bat osatzen dute. Era berean, batze hori bi artisten atzera begirakotzat ere har daiteke, eta horrek artista bien arteko antzekotasun harrigarriak eta alde misteriotsuak agerian jartzen ditu. Gaika antolatu da erakusketa Frank Gehry-k diseinatutako eraikinean: batzuetan, bi artisten ekarpenak tartekatzen dira areto bakarrean; besteetan, aldiz, artista bati soilik eskainitako aretoa dago.

Europako eta AEBko eskultura modernoaren bi aitzindarion ibilbideek ehun urteko aldia hartzen dute; tarte horretantxe garatu zen, hain zuzen, eskultura modernoa. Brancusiren lanari ez ezik, Serrarenari ere beste modu batean begira dakioke erakusketa honi esker. Halaxe gertatzen da Museoan iraunkorki instalatutako Denboraren materia (The Matter of Time) lanarekin; Guggenheim Bilbao Bildumarako Serrari aginduz eskatutakoa da, eta hari ere lotzen zaio erakusketa.

Erakusketa Guggenheim Bilbao Museoak antolatu du Riehen/Basileako Fondation Beyeler-ekin lankidetzan.