Edukira zuzenean joan

Ernesto Neto. Naraman gorputza

Sarrera

Ernesto Neto. Naraman gorputza

Izenburua:
Ernesto Neto. Naraman gorputza
Erakusketa:
Ernesto Neto. Naraman gorputza
Gaiak:
Gizakia | Giza gorputza | Giza harremanak | Artea eta pertzepzioa | Artea eta emozioa | Sorkuntza artistikoa | Natura
Artelan motak:
Eskultura
Aipatutako artistak:
Neto, Ernesto

Brasildar artista Ernesto Neto-rentzat (Rio de Janeiro, 1964) haren artelanak zeharkatu, bizi, sentitu eta are usaindu behar ditu ikusleak; hala, norberaren gorputza, zentzumenak eta adimena senti ditzake. Netok esan duenez: “Partekatzen duguna bereizten gaituena baino garrantzitsuagoa da. Gizatasunaren egoera, bizi dugunaren nondik norakoak, gauzen iragankortasuna, lengoaia eztabaidatu nahi ditut”. Horregatik giza harremanen komuneko ezaugarriak aztertzen ditu sentsualtasuna eta gorpuztasuna gogora ekartzen duten eskulturen bidez. Erakusketa hau artistarekin elkarlan estuan antolatu da, eta 1990eko hamarkadaren amaieratik gaur egunerainoko lanen sorta zabala ikusgai dago. Lan batzuk beste modu batean taxutu dira, artistaren ideia berrien eta nahien arabera, bai eta Museoko arkitekturaren arabera ere.

Artistaren artegintzaren mamia bizitzeko prestatu da ibilbidea: usainen, koloreen, emozioen, lengoaien eta zentzumenen bidez ezagutzeko ekintzen ibilbidea izango da. Netorentzat erakusketa bat poesiarako txoko bat da, eta egunerokotik ihes egin dezake bisitariak bertan: “Etengabe jasotzen dugu informazioa, baina hemen pentsatzeari utzi diezaiogun nahi dut. Artean babestea. Ez pentsatzea ona dela uste dut, bizitzatik zuzenean arnasa hartzea”.

Museoko Atrioan hasiko da bidaia, eta bigarren solairuan jarraitu. Areto bakoitzak bizipen bat eskainiko du, eta ikusteko zein parte hartzeko erritmo ezberdina eskatzen du. Gune guztien atzean “natura artearen maisua” kontzeptua dago; horrek lotzen ditu. Ibilbidean zehar, bisitariak artelanei ezohiko modu batean hurbiltzeko aukera izango du eta ikusiko du gorputza hainbat paisaia bihurtuko dela.

Artistak lan gehienetan esku hartzea baimentzen du: horietatik ibil daiteke, senti daitezke, uki daitezke. Hala ere, giza gorputza moduan, hauskorrak dira eta kontuz eta leuntasunez erabili behar dira; hori dela eta, areto batzuetarako sarrera mugatua izango da. Arren, bete hainbat gunetan azaldutako jarraibideak; horrela esperientzia onena izango duzu, eta ez duzu artelanen kontserbazioa arriskuan jarriko. Horrez gain, artelan eta gune jakin batzuetan hezitzaileak egongo dira une jakin batzuetan, Ernesto Netoren oharrei jarraiki bisitarien eta artelanen arteko elkartrukea errazteko.