Edukira zuzenean joan

Ernesto Neto. Naraman gorputza

katalogoa

Sarrera

Petra Joos

Izenburua:
Sarrera
Egilea:
Petra Joos
Argitalpena:
Bartzelona: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa eta Ediciones Polígrafa, 2014
Neurriak:
28 x 21,5 cm.
Orrialdeak:
132
ISBN:
978-84-343-1328-6
Lege gordailua:
B. 2242-2014
Erakusketa:
Ernesto Neto. Naraman gorputza
Gaiak:
Gizakia | Giza gorputza | Giza harremanak | Artea eta paisaia | Artea eta pertzepzioa | Artea eta emozioa | Sorkuntza artistikoa | Espiritualtasuna | Natura | Herri-kultura | Brasil | Introspekzioa | Sentimenduak
Artelan motak:
Eskultura
Aipatutako artistak:
Neto, Ernesto

“Jaio, nolabait esatearren, behin-behinean jaiotzen gara, edozein tokitan; gero pitinka-pitinka joaten gara gure sorlekua osatzen, geroago, eta egunetik egunera behin betikoago, jaiotzeko.”
Rainer Maria Rilke, Gutun milandarrak, 1921-1926

Kritikak Ernesto Neto-ren obrako alderdi berezko eta iradokitzaile guztiak jorratu eta nabarmenarazi ditu, interes antropologikotik, sozialetik edo komunikatibotik gizakiaren goresteaz egin sakontze laneraino helduz. Netoren eskulturak zeharkatuak izateko sortu dira, habitatuak izateko, sentitzeko, are usaintzeko ere, eta horrela ikusleak bere gorputzarekin berarekin esperimenta dezake, bere zentzumenekin eta bere adimenarekin, artelanaren bitartez. Netok esana baita: «Ditugun alderdi komunak garrantzitsuagoak dira desberdintzen gaituena baino. Gizateriaren egoera, bizi ditugun gauzen tenperatura eztabaidatzea interesatzen zait. Gauzen igarotzea. Lengoaia». Horregatik, giza harremanen alderdi komunak ikertzen ditu, sentsualtasuna eta gorpuztasuna mami dituzten eskulturen bitartez.

Guggenheim Bilbao Museoaren proiektua ziurtasun horretatik jaio da, ibilbide artistiko berezi eta paregabe baten aintzatespenetik, baina baita bidean elkarrekin segitu nahi izateko intuiziotik ere, nahiz jakin ez zer erritmo edo sekuentzia izango dugun eraikitze-sinbiosi batean konfiantza jarri ahal izatearren ezinbestekoak diren lehen pausoetan. Eraikitzeak ez du «ezetzik» onartzen, «baina» baizik, edo baita galderen azalpena eta erantzuna ere. Harremanak ez dira aurrez ezartzen, jaio egiten dira, eta hain zuzen ere bestearen gaineko ezagutzarik ez horretatik abiatuta hasten gara benetan sakontzen; eta horrek, azkenean, begirada berarekin ibilitako tokiaren irmotasuna du emaitza.

Erakusketa hau Ernesto Netorekiko lankidetza estuan garatu da, eta haren obren aukera zabal bat biltzen du, 1990eko hamarkadatik gaur egun arte bitarteko bat; obra horietako batzuk berritxuratu egin dira, artistaren ideia eta desira berrien eta Museoko espazio arkitektonikoen arabera.

Ibilbide bat da erakusketa. Horretan, artistaren esentzia eta lan guztia bizi daiteke, usainezko, kolorezko, emoziozko, lengoaiazko eta zentzumenezko gertaeraz osatu bizipena alegia. Netorentzat, erakusketa bat poesiarako lekua da, bisitariak egunerokotik ihes egin dezakeen lekua: «Une oro informazioa jasotzen dugu, baina hemen pentsatzeari uztea nahi dut. Artean babestea. Uste dut ez pentsatzea ona dela, bizitzatik zuzenean arnasa hartzea baita». Esperientziaren intentsitateak orduantxe bereganatzen du, hain zuzen ere, dentsitatea eta esangura. Bidaia Museoko Atrioan hasten da, eta bigarren solairuan zehar segitzen du. Areto bakoitzak esperientzia desberdina eskaintzen dio ikusleari, eta erritmo desberdina eskatzen du, bai behaketarako bai interakziorako izan. Espazio horien azpian den kontzeptua, espazioak elkarrekin konektatzen dituena, zera da, natura dela giza existentziaren eta artearen maisua. Erakusketan zeharreko ibilbidean zehar, bisitaria era desberdinez hurbilduko da obretara, eta gorputza paisaia anitz bihurtzen zaiola ikusiko du.

Artistak aukera ematen du obra gehienekiko interakzioan jarduteko, igaroak, sentituak edo ukituak izateko sortuak baitira, baina, aldi berean, giza gorputza bezalaxe, oso hauskorrak dira eta sentsibilitaterik eta fintasunik handienez tratatu behar dira. Horregatik, areto jakin batzuetarako sarrera mugatu egingo da obrekiko esperientziarik onena eta gozamen gorena bermatzearren: une barne-barnekoa izango baita batzuetan, eta lotura eta truke kolektiboa beste batzuetan.

Ernesto Netoren obrak askatasunean, sentimenduan eta espontaneotasunean oinarrituta sortu dira, urrunduz inolaz ere Aufklärung kontzeptutik, erromantiko alemaniarrek berek jada gainditu beharra sentitzen zuten arrazionalismo iluministatik. Arrazionaltasun “klasikoarekiko” oposizioa dira, jakinduria, esperientzia eta bizipenezkoa, Rainer Maria Rilkek deskribatzen duen moduan. Ernesto Netok betidanik arnastu ditu Rio de Janeiroko kaleetako azoka txikiak baina, pitinka-pitinka, bere behin betiko jaiotzaren lekua osatu du, alde batean lagata munduaren ikuspegi fotografikoa, eta estreinako aldia balu bezala ikusiz mundu hori. Gorputzak eraman egiten du Neto, irudikatzera zehazki, eta honek dagoeneko ez du ametsik egiten, esperimentatu egiten du. Sustraiak beti beste toki batean ditu. Netok, bere mundua sartzeko, nahikoa du motxila, eta planetako edozein txokotara eraman dezake, bertan zabalduko baitu material delikatu baina aldi berean eraldagarriak baliaturik; eta eskuz lantzen dituelarik, eta horrexegatik hain justu, material horiek gertaerarako aukera uzten dute. Ernesto Netoren lana printzipio tropikalari egin erreferentzia da, bat egina bera erromantiko alemaniarren poesia unibertsalaren printzipioarekin, horrek osasun transzendentea eraikitzeko arte nagusitzat erreibindikatzen baitzuen poesia. Artistak honakoa diosku:

“Basoan sartzen garenean, ez dugu paisaia batean gaudelako irudipenik. Paisaia, guretzat, huts ideia bat, hondamendi ideia bat da. Ez da, baina, egia. Naturan gaudenean gu geu ere paisaiaren parte gara, eta paisaia horretan ezin konta ahala gauza gertatzen dira aldi berean. Horrela da, behintzat, Brasilgo oihanetan, landareak elkarren ondoan hazten baitira, oso sinbiosi indartsu eta erlazio mutualista batez, eta hori izugarri probetxugarria da giza bizitzarako”1.

Behin betiko jaiotzearen bide horretan, Ernesto Netok Brasil iparraldeko, Amazonaseko kaxinawa —edo huni kuin— indigenen ospakizun batekin egin du topo; ospakizuna erritu bat da, gau osoa irauten du, eta naturarekin bat egiteko eta harengandik ikasteko desira aspaldi-aspaldiko bati erantzuten dio. Horretarako aiahuaska erabiltzen dute, Amazoniako herri natiboen medikuntza edo erlijioko errituetan eta medikuntza tradizionalean erabili ohi den landarea. Prozesu terapeutiko jakin batzuetan eta nork bere burua ezagutzekoetan halako erabilgarritasun bat baduen substantzia bat da, eta mundu osoko medikuak, farmakologoak eta psikiatrak aspaldidanik ari dira aztertzen. Artistak dioen moduan:

«Landare psikoaktibo honek botere espiritual suerte bat du gu ospakizunarekin lotzeko. Festen, dantzaren, inauteriaren aldekoa naiz erabat. Diberti gaitezen, goza dezagun unea, bizi dezagun oraina –nire iritziz oso garrantzitsua baita—, erruduntasunik gabe. Baina erritual horiek espiritualtasunagatik dira desberdinak: anaitasuna dago, senidetasuna, baina baita bakardadea ere. Errituak aukera ematen du, gainera, egiaz urrun dauden oso hurbileko pertsonekiko lotura ezartzeko.

Harrigarria da, nixi pae (aiahuaska) edaten dugu, gure organismoak digeritu egiten du eta beste esfera espiritual batean sartzen gara, nahiz sorburua gure geure gorputzean dagoen beti: gauza material bat da, osagai fisikoa du, eta, esan dezagun, sentsazioaren eta bibrazioaren artean kokatzen gaitu. Natibo amerindiarrentzat dena da sakratua, guzti-guztia. Landareak eta landaretza sakratuak dira, sua sakratua da, eta baita airea ere, dena da sakratua! Errituak ospatzen dituztenean musika dago, kantuak eta dantzak daude; anaitasun giroa ere sortzen da, halako batean partaideak elkarri lotzen zaizkio, eskuak emanez... Sakratutasunari dagokionez, ongi ireki behar ditugu begiak. Telebista ikusten segi dezakegu, eta inora ez garamatzaten gauza pila bat egiten, noski. Gurea da erabakia. Jakintza nonahikoa da. Landare-munduak erakutsi egiten digu: huni kuin herriak dio ezen norbaitek aiahuaska edaten duenean —hosto eta liana nahasketa bat da— lotura bat ezartzen duela landaretzarekin, eta egin behar duena esaten hasten zaizkiola landareak. Jakinduria, beraz, lurretik dator. Hain dut biziki sentitzen!”2.

Ernesto Netok Homo sapiens izateko gaitasuna mantentzeko garrantziaren gaineko gogoeta eragiten digu.

Allegra.

[Itzulpena: Luis Mª Larrañaga]

Oharrak

  1. Saiakera honetako ohar guztiak egileak artistarekin izandako elkarrizketetatik datoz (2013) [itzuli]
  2. Saiakera honetako ohar guztiak egileak artistarekin izandako elkarrizketetatik datoz (2013) [itzuli]