Edukira zuzenean joan

Frank Lloyd Wright

katalogoa

Frank Lloyd Wright eta lan-maisuaren erromantzea

Richard Cleary

Izenburua:
Frank Lloyd Wright eta lan-maisuaren erromantzea
Egilea:
Richard Cleary
Argitalpena:
Milan: Skira Rizzoli Publications, 2009
Neurriak:
30 x 26 cm.
Orrialdeak:
360
ISBN:
978-0-8478-3470-9
Erakusketa:
Frank Lloyd Wright
Gaiak:
Artea eta ekonomia | Artea eta industria | Artea eta erlijioa | Artea eta espazioa | Artea eta gizartea | Artea eta hezkuntza | Artea eta emozioa | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Lan intelektuala | Sorkuntza artistikoa | Sormena | Lan-prozesua | Materiala | Ingurunea eta natura | AEB
Mugimendu artistikoak:
Arkitektura organikoa
Artelan motak:
Arkitektura
Aipatutako artistak:
Lloyd Wright, Frank

1905eko azaroan Darwin Martin eta haren familia Bufaloko, New York, beren etxera joateko zorian zeudenean, artean etxea bukatu gabe zegoela, Frank Lloyd Wrightek onartu zuen entrega-epeak gainditu egin zirela, eta hau aitortu zion: “Gogogabetua nago, baina datorren urtean eginahalak egingo ditut ea lortzen dudan langile eta fabrikatzaile gaitu eta zintzoen talde bat, ziztu bizian aberasteko asmorik gabea eta lan ongi eginaren zalea”1. Ohar hura, zentzu batean, estrategikoa zen Martinek kontuan har ez zezan Wrightek berak atzerapenetan zeukan erantzukizuna, baina etengabeko kezka baten adierazpen egiaz esana ere bazen: haren ikuspegitik lan arkitektoniko ukigarri baterako translazioa kontrolatzea. Diseinatzaileen ohiko arazoa da hori, bai eta sukalde bat eraberrituko duen edonorena, eta, arkitekturaren jardunaren ezinbesteko erronkatzat har daitekeen arren, Wrightek eraikuntzaren lanari eta arteari buruzko ideia erromantiko batzuk erantsi zizkion kalitatezko materialak eta langileak lortzeko zeregin praktikoari.

Diseinuaren eta eraikuntzaren arteko arrakala txikitu nahian dabiltzan arkitekto batzuek bitartekarienganako ahalik eta mendekotasunik gutxiena izango duen eskala batera mugatzen dute beren jardueren esparrua. Zentzu honetan gogoangarria da Cario Scarpa, zeinak XX. mendearen erdialdera Italiako Veneton bakarrik lan egiten baitzuen, eta zehatz-mehatz zehaztutako eraikin batzuk sortu baitzituen han, eskulangile talde baten ardura gogotsuaren laguntzaz. Hala ere, Wrightek estrategia bat finkatu nahi izan zuen, hari esker lortu nahi baitzuen, aldi berean, nazio-mailan lan egitea, eraikuntza-prozesu berritzaileekin esperimentatzea eta lan-maisuekin oso harreman onak izatea. Asmo horiek ez ziren erraz bateragarriak, eta, jardun profesionalean egin zituen hirurogeita hamabi urteetan zehar, jardun horren antolamenduarekin esperimentatu zuen, haiek bateratzeko ahalegin betean. Batzuetan, Martinekin eta haren kontratista Osear S. Lang-ekin izan zuen esperientzian bezala, “lan ondo egina” gustatzen zitzaien pertsonekin topo egin zuen, baina, beste kasu batzuetan, lan ondo eginaz berak zituen itxaropenak besteek emateko prest zeudena baino haragokoak ziren.

Wrigthentzat, pertsona baten lan-etika haren izaeraren funtsezko alderdi bat zen, eta gai gisa defendatu zuen ideia hori bere Autobiografian, 1932an argitaratuan eta 1943an orraztuan. Hasierako orrialdeetan idazten zuen nola amaren aldeko aitonak, Richard Lloyd Jones-ek, Helena Haranean, Spring Greeendik gertu, Wiscosin, hartu zuenean bizilekua, erakusten zien seme-alabei “nekea eransten, gero neke gehiago eransteko”2. Nekazari-bizitzaren funtsezko etika hori indartu egin zuen Wrighten erlijio-prestakuntza protestanteak, eta printzipio estetiko bihurtu zen John Ruskin-en testuak ezagutu ondoren. “Egiak, erabakitasunak eta neurritasunak, guk izaki espiritualaren baldintza ohoragarritzat dauzkagunak”, zioen Ruskinek Arkitekturaren zazpi lanparak” idazlanean, “errepresentaziozko edo deribaziozko eragin bat dute eskulangintzetan, egituraren mugimenduetan eta burulanaren jardunean”3.

Gaztetan bere ahaideekin batera “Jones ahalguztidunen haranean” lan egiten zuenean, Maginel Wright Barney-ren esapidea erabiltzearren, Wrightek Ruskinen orrialdeetatik aterea izan zitekeen galestar hargin bat ezagutu zuen4. 1870eko hamarkada amaieratik aurrera, David Timothy, “bibote handikoa eta begiak keinurako prest”, familiak haranean jaso zituen eraikinen ia hargin-lan gehienean aritu zen, besteak beste, kaperan (1885–86), non Wrightek parte hartu baitzuen, eta Hillsideko Barnetegian (1887, 1901–03), hark diseinatutakoan5. Timothy 1909an hil zenean Wrighten osaba, Eliza Unitarioko ministro prestu Jenkin Lloyd Jones, Chicagotik joan zen haren elizkizuna egitera. Bere gorazarrean, goraipatu egin zuen “hargin xumea […], ez baitzuen onartzen harri bakar bat ere, xaloa izanagatik, lerrotik kanpo geratzea, ezta ere lerro bat bera ere haren aditu-begiradak zuzendu gabe egotea; eskulangile apala, haren janzkera xumean —langile baten eguneroko arropa— zuen guztien artean mugitzen zen, jakintsu eta santu; gizon hura, langile trebea zen arren, jendeak gehiago maite zuen eta areago gailentzen zen haien artean haren buruaren argitasunagatik eta haren bihotzaren ontasunagatik”6.

Ia berrogeita hamar urte geroago, Wrighek Timothy goraipatzen jarraitzen zuen, “galestar hargin zaharrak” erakutsi baitzion “hormagintza lehorreko zimendatzearen” teknika (sakonera gutxiko zimenduak, ura drainatzeko prestatutako hartxintxa-geruza batean jarriak, izotzaldietan eta desizozte garaietan mugitu ez daitezen), bere karreran zeharreko hainbat eraikinetan erabili zuena7.

1887an, hemeretzi urterekin, Wright Wiscosindik Chicagora joan zenean arkitektura-karrera hasteko, Joseph Lyman Silsbeer-en estudioan lan egin zuen bolada labur batean, zeinak bere familiaren kapera diseinatu baitzuen, eta Adler & Sullivan enpresara aldatu zen gero, non Louis Sullivan-en laguntzaile aritu baitzen sei urtez, 1893an bere estudioa zabaldu aurretik. Adler & Sullivanen, bereziki, Helena Haraneko kultura kuttunaren eta eskulangintzakoaren desberdina zen jardun arkitektoniko bat aurkitu zuen Wrightek8. Enpresak eraiki beharreko eraikin komertzial eta zibilen konplexutasunak eta haiek azkar batean eraiki beharrak arkitektoen, ingeniari-aholkularien eta kontratisten antolamendu hierarkiko eta gero eta espezializatuago bat eskatzen zuten. Auditoriumeko eraikina egiterakoan, Wright han lanean hasi zenean Chicagon egiten ari ziren proiektua, Paul Mueller, Dankmar Adler-en laguntzailea, zen kontratista-sarea koordinatzeko gizon funtsezkoa (ez zegoen kontratista nagusirik). Mueller Wright baino hiru urte zaharragoa zen, eta 1881ean Alemaniatik Chicagora emigratu zuen; bazuen nolabaiteko prestakuntza teknikoa ingeniaritzan, eta, 1886an Adler & Sullivanen sartu aurretik, altzairuzko egiturak diseinatzen eta eraikitzen zituzten enpresa batzuekin lan egina zen9.

Mueller eta Wright berehala egin ziren adiskide eta elkarren gaitasun profesionalaz fio izan ziren, eta harreman hark Adler & Sullivanen igaro zituzten urteen ondoren iraun zuen. Wrighti enkargatzen zizkioten bizilekuak egiteko Muelleren jakintza espezializatuen beharrik ez bazuen ere, harengana jo zuen kontratista nagusi edo proiektu-zuzendari gisa haren enkargu konplexuagoetarako, hasieran Bufaloko Larkin Companyren bulego-eraikinerako (1902–06) eta, gero, Chicagoko Oak Park auzoko Tenplu Unitariorako (1905–08), Chicagoko Midway Lorategietarako (1913–14), eta Tokioko Hotel Inperialerako (1912–22). Wrightek aintzat hartzen zuen bere asmoak antzemateko eta garai hartako eraikuntza-tekniken mugaren barruan haiek gauzatzeko Muellerrek senez zuen gaitasuna, eta Muelleren ekarpenak goraipatu zituen Tenplu Unitarioaz bere Autobiografian egiten duen deskribapenean: “Orain Paul Mueller erreskatean dator, erraz asko irakurtzen du eskema. Esleitu zaiena baino zertxobait gehiagoan eraikiko duela esaten du, bai hala egin ere. Lasai hartuko du lana, ia urtebetez, baina egin egingo du. Azkenean ez du asko galduko proiektu horretan. [Wrighten oroitzapen edulkoratuek ez dute aintzat hartzen Muellerek porrot egin, eta dirurik gabe gelditu zela eraikina bukatu ondoren]. Izugarri gustatzen zaio ideiak erreskatatzea, sorkuntzan parte hartzea. Eta elkarrekin gainditzen ditugu zailtasun guztiak lekuan bertan, arkitektoaren prestakuntza sekula aski izaten ez den tokian”10. Mueller 1934an hil ondoren, Wright saiatu zen beste pertsona batzuekin antzeko harremana izaten, batik bat William Wesley Peters-ekin, zeinak Taliesingo Komunitatean gauzatzen zituen bere arkitektura- eta ingeniaritza-ezagutzak, eta Mendel Glickman ingeniariarekin eta Ben Wiltscheck kontratistarekin, eta, Muellerekin egina zuen bezala, kanpoko aholkulari gisa jotzen zuen haiengana11.

Wrightek Chicagoko Oak Park auzoan zeukan estudioak Adler & Sullivanek Auditoriumeko Eraikinaren dorrean zeuzkan bulegoen oso bestelakoa zuen giroa. Estudioak haren etxearen luzapen gisa zeukan kokaera fisikoak Arts & Crafts (Arteak eta langintzak) mugimenduak erabateko diseinuaz eta bizitza pertsonalaren eta lanaren arteko oztopoak kentzeaz zituen idealak adierazten zituen. Beste artista batzuen noizbehinkako presentzia, hala nola Richard W. Bock eskultorearena, mugimendu horren beste ideial bat lortzeko urrats bat gehiagotzat har daiteke: diseinugileen, eskulangileen eta fabrikatzaileen arteko interakzio perfektuena, zeina Wrightek 1901ean egin zuen “The Art and Craft of the Machine” (Makinaren artea eta langintza) izeneko hitzaldi batean defendatu baitzuen. Antolaera ezohikoa baldin bazen ere, estudioak XX. mendeko lehenengo urteetan zuen antolamendu-egitura ezaguna egingo zitzaien azkenean bezeroei eta kontratistei12. Esperientzia eta asmamen handiko kideak zeuzkan Wrightek inguruan. Horien artean aipagarriak dira Walter Burley Griffin, estudioa zuzentzen zuena, eta Marion Mahony, biak arkitekturako titulu profesionaldunak, eta William Drummond, zeina, Griffin bezala, arkitektoen elkargoko kidea baitzen. Gainera, beste hiru lagunek lan egiten zuten han delineatzaile gisa. Lehen batean, estudioan bazeuden enkargu ugarien diseinuaren garapenaren eta eraikuntzaren gainbegiratzearen eginbeharrak betetzeko lain langile, baina Wrightek ez zituen garaiz betetzen betekizunak, ez baitzien arreta handirik jartzen ezarritako entrega-epeei eta ez baitzen oso jarraikia erantzukizunak ordezkatzeko orduan. Horregatik guztiagatik, hona zer esan zion 1904an William Martinek haren anaia Darwin-i: “Izan ere, baldin eta Wrighten planoak [jatorrizkoan letra etzanez] ‘bitxi samarrak” badirudite, haren lan-metodoak are bitxiagoak dira”13. Handik urtebetera, Darwinek errieta egin zion Wrighti: “Garaiz buka itzazu gauzak. Zerua garaiz ez badabil ere. Hasieran hilabetekoak eta gero urtekoak diren atzerapenak hilgarriak dira”14.

Wrightek laguntzaile gaituak behar zituen berak nahi zuen mailan lan egiteko, baina ez zen egoten beti prest kontrola uzteko eta zalantzan jartzen zuen bere enplegatuen leialtasuna haiek modu independentean aritzen zirenean. Griffin enpresatik joan zenerako, 1906an, bere enpresa propioa sortzeko, Wrighten ustez haren jarduna ez zen hainbeste nagusien eta kideen artekoa, maisuaren eta aprendizen artekoa baizik. 1908an honela idatzi zuen estudioaz: “gure unibertsitate txikia”, gazte asko izaten dituena, “ia kasu guztietan prestakuntzarik gabeak […], eta pazientzia handiz urte askoan zehar hezten direnak laneko giroan bertan”15. Garai hartan, iruzkin hori gehiago zen helburu bat gertaera bat baino, baina Wrightek eutsi egingo zion ikuspegi horri, eta bai azkenean praktikan jarri ere, 1932an Taliesingo Komunitatea sortu zuenean.

1909ko udazkenean Wrightek estudioa itxi zuen, eta, familia utzirik, Europara joan zen Mamah Borthwick Cheney-rekin, etorkizunerako asmo garbirik gabe. Itzuli zenean, handik urtebetera, asko kostatu zitzaion berriz martxan jartzea. Helena Haranean, Wiscosin, finkatzeko eta aldi berean bezero zerrenda bat Chicagon mantentzeko erabakiak bi bulego eskatzen zituen, bata hirian eta bestea bere etxe berrian, Taliesinen. Enplegatutako langile kopurua lanaren arabera desberdina izaten zen eta, batzuetan, laguntzaile bakar batera mugaturik egoten zen. Delineatzaile batzuk Oak Parkeko estudioan lan eginak ziren, baina, oro har, baztertu egiten zuen “guardia zaharra”, zerotik hasten tematua, utzia zuen lekuan jarraitu ordez16.

Lan egiteko modu desberdinak esploratzeko Wrighten ahaleginak argi eta garbi islatzen dira 1910eko hamarkadako bi proiektutan: Taliesin eta Amerikar Sistemako Etxe Eraikiak (American System-Built Houses). Taliesinen, eskulangintzaren mundura itzuli zen Wright eta langile arduratsuen komunitate batez inguratu zen, David Timothyren ondorengo espiritualez, alegia. Bere Autobiografian esperientzia hura kontatuz, haien izenak oroitzen zituen: Ben Davis, “sortzaile biraogilea”; William Weston, “arkitektoei lanean ikustea gustatzen zaien arotz horietako bat”; eta Billie Little, Oak Parken berarentzat etxeak eraiki izan zituena. Wrightek bereziki aipatzen zituen Father Larson (“norvegiar zaharra”), Dad Signola eta Philip Volk harginak: “Harginek harri guztiak finkatu zituzten, harrobia eredutzat eta arkitektoa maisutzat harturik. Ertz zimurtsuenak agerian utzirik, paretak harrobiko harriaren ertz luze, fin eta lauetatik finkatzen ikasi zuten igeltseroek. Harri bat jartzen zuten orduko, atzera egiten zuten efektua ikusteko. Laster egon ziren eskultorea bere estatuan bezain interesatuak; eta pentsa zitekeen hala zirela, ikusirik nola egiten zuten atzera, burua alde batera jiratuz, eta efektua begietsiz”17. Wrighten lan-erritmo motel samarrak eta bere enplegatuak etxekotasunez tratatzeak inprobisatzen uzten zioten; izan ere, Taliesingo eraikinek, beren jatorrizko forman eta gaur egun dutenean, diseinu aldaketen historia konplikatu bat eta esku askoren parte hartzea islatzen dute18. Xehetasunen egikera eta esku-lanaren kalitatea aldatu egiten dira zakarretik dotorera, baina materialen hautaketa eta haien erabilera arautzen duen kontzeptu nagusiak lausotu egiten du multzo osoaren edozein aldaketa ustekabekoa edo berariazkoa.

Taliesinek bere hasierako forma hartzen zuen artean, 1914ko sute tragikoak hura suntsitu eta gero berreraiki ondoren, Wrightek arreta handia jarria zuen inprobisazioa ezabatu eta eraikitzailearen zeregina arkitektoaren gainbegiratze hurbila gabe jarrai zitezkeeneko jarraibide batzuk zorrotz betetzera murriztu nahi zuen proiektu batean. Amerikar Sistemako Etxe Eraikiak proiektua antolatu zuen Arthur L. Richards-ekin elkarlanean; Richards hori Milwaukeeko, Wiscosin, etxegintza-sustatzaile bat zen, 1911z geroztik Wrighten bezeroa zena. Proiektuaren sorrera haren existentzia formala baino luzeagoa izan zen, nonbait, bi urte iraun baitzuen, 1915etik 1917ra, baina tarte labur horretan hiru bat dozena etxerako diseinuak ekoitzi zituen Wrightek19.

Amerikar Sistemako Etxe Eraikien premisa zen etxebizitza bat erosi nahi zuten erdiko klaseko pertsonei norbaitek etxea beren gustu eta premien arabera egin ahal izateko aukera eskaintzea, prezioa eta kalitatea bermaturik. Saltzaile edo kontratista baimendu batekin lan eginez, bezeroak oinarrizko eskema bat aukera zezakeen eta hura moldatu solairuaren, orientazioaren eta estalkiaren konfigurazioak malgutzeko aukera eskaintzen zuten modulu-aldaera batzuen artean hautaturik. Eraikuntzako elementuak, haien artean zur jadanik zerratua, ateak eta leihoak, Milwaukeen zeuden zerrategi eta biltegi banatik bidaltzen ziren eraikuntzara. Lan-eskema garai hartan postaz enkargatutako etxeen instalazioa eskaintzen zuten beste enpresa batzuen oso antzekoa zen, haien artean, Modern Homes ospetsua, Sears, Roebuck and Co.rena, baina Wrighten sistemaren modulartasunean (138 mota proiektatu zituen harentzat) alde handia zegoen haiekiko, lehiakideen artean aurkaririk ez zuen pertsonalizazio-maila eskaintzen baitzuen.

Amerikar Sistemako Etxe Eraikiek mendebalde erdialdeko (baita Estatu Batu osoko) jende gehienarengana iristeko aukera ematen zioten Wrighti, bere jarduera enkargu indibidual txikien kudeaketa nekagarrira mugatu behar izan gabe. Gainera, horri esker kontrola zezakeen bai eraikuntzako materialen kalitatea hornidura-puntuan eta bai esku-lanaren kalitatea osagaien produkzio estandarizatua zerrategian eginez, eta bai eraikuntzako lana bera eraikitzaile baimenduen bitartez. Sistema horrekin, produkzio-prozesu batean eta ez obra-nagusi baten irizpide indibidualean jartzen zuen Wrightek bere konfiantza.

Hedapen handiko hastapen bat izan arren, 1917an Wrigthek bat-batean hautsi zuen Richardsekiko bere lankidetza. Zaila da jakiten ea enpresak aurrera egingo ote zuen Wrightek hori egin izan ez balu, baina, enpresa hura utzi zuen arren, ez zion uko egin etxebizitzak eraikitzeko planteamendu berria garatzeko ahaleginari. Prefabrikazioa interesatzen zitzaion oraindik ere, eta 1954an, hainbat urtez gauzatu ez ziren ahaleginetan ibili ondoren, Marshall Erdman izeneko Wisconsingo eraikitzaile gazte batekin elkartu zen, eta aldez aurretik ebakitako eta prefabrikatutako osagaiak erabiliz eraikiko ziren familiako etxebizitzen diseinuak eskaini zizkion20.

Wrightek Los Angelesen, Kalifornia, eta inguruetan 1920ko hamarkadan eraiki zituen hormigoizko blokeko eraikinek eraikuntzaren ohiko praktikatik errotikako beste urruntze bat markatu zuten. Amerikar Sistemako Etxe Eraikien eraikuntza-ereduak ez bezala —etxe haiek zurezko egitura konbentzional bat zeukaten, akaberazko materialez kanpotik eta barrutik estalia—, haren hormigoizko bloke diseinudunek berdin balio zuten egitura gisa nola akabera gisa21. Wrightek bere “ehungintzazko blokeen” sistemaz egiten dituen deskribapenak bizi-biziak dira, dimentsio erromantiko bat ematen baitio etxea mihiztatzeko zereginari, in situ zulatutako agregatuarekin prefabrikatutako blokeen bitartez, eta haiek altzairuzko hagatxoekin indartutako hormetan korapilatuz. Diagramek, ordea, faltsutu egiten dute sistemaren konplexutasuna. Samuel eta Harriet Freemanen etxea eraikitzeko, adibidez, hirurogeita hamasei bloke mota eta eskuzko lanabesekin in situ fabrikatutako ia 10.000 bloke behar izan ziren. Haien posizioari, sendotzeari eta zigilatzeari buruzko milaka xehetasun ebatzi behar izan ziren22.

Kaliforniako etxeak prototipoak ziren sistema heldu bat bainoago, eta Wright eraikuntzarako dokumentuak ekoizteari eta eraikuntza berari oso erne egotea eskatzen zuten, baina hark emaztearekin zeuzkan arazoek, bai eta arazo ekonomiko eta profesionalek, arreta guztia kentzen zioten. Amerikar Sistemako Etxe Eraikien enpresa-proiektua ez bezala —jarduteko eginbide zehatz bat eskatzen baitzuen, diseinu estandarizatutik hasi eta profesional hautatuek hura eraiki arte, materialen banaketa zentralizatua tartean—, hormigoizko blokezko etxeen kudeaketa inprobisatu egin zen. Robert Sweeney-k haren historiaz egiten duen kontakizunean dioenez, Wrightek bulegoak Los Angelesen edo Taliesinen kokatzerakoan izan zituen zalantzek korapilatu egin zuten enkargu berezi haien diseinu-prozesua, eta mugatu egin zuen bezeroekin elkarrizketatzeko haren gaitasuna, eta lanerako planoen prestakuntza Kaliforniako hegoaldearen eta mendebalde erdialdearen artean banatzera behartu zuten. Gainera, ehungintzako blokeen sistemaren logika ez zuten lekuan lekuko kontratistek ondo ulertzen, Wrighten buruan argi eta garbi baldin bazegoen ere. Wrightek haien ezagutza sustatu nahi izan zuen, Alice Millard etxearen (La Miniatura) kontratistari —A. C. Parlee izeneko Pasadenako etxegile bat— geroztik beste enkargu batzuk egiteko eskatuz, baina harremanak gaizki bukatu zuen, salaketetan eta auzitegian23. Wrighten semeak, Lloydek —Kalifornian aitaren aurretik ibilitako arkitektoa eta paisajista—, hartu zuen bere gain aitaren planteamendua obraren kokalekuko ezaugarriekin adostu beharraren zama. Kontratista gisa ere aritu zen John Storer etxean eta Freeman etxean, baina zeregina ez zen batere erraza izan. Wrighten semea izateak eta aldi beren beraren jarduera aurrera eramaten ahalegintzeak berez sortzen zizkion tirabirez gainera, Lloydek ez zuen bere irizpidearen arabera aritzeko aginpide handirik eta aitaren iritzi aldaketen mendean egon behar izaten zuen beti.

Esperientzia horretaz gogoeta eginez, 1927an hau aitortzen zuen Wrightek: “Sistemak ustez izan behar zituen abantaila guztietatik bat bera ez zen eredu haien eraikuntzan suertatu. Ez geunden antolatuak”. Baina arazoek ez zuten lortu haren konfiantza gutxitzea24. Sistema fintzen jarraitu zuen, eta 1950eko hamarkadan familia gazte batzuentzat egindako etxe xume batzuei aplikatu zien. “Kasu honetan”, idatzi zuen 1954an, “gure demokraziako gizon librearentzat neurrizkoa den aurrekontu batekin, adimen pixka batekin eta beraren energiari esker, arkitektura organikoaren printzipioen arabera diseinatutako etxe natural bat sortzen da”25. Wrighten buruan, ehungintzako blokeen sistemari esker, edozein militarrek eta haren familiak bere burua aski duen eraikitzaile-nekazariaren ideal erromantikoa burutu zezakeen, eta haiek berek eraiki ahal izango zuten horrela etxe zeharo moderno bat. Kontratistaren zeregina lan espezializatu batzuk egitera mugatu zenez, familia arkitektoaren esku gogotsuak bilakatzen zen, eta haren asmo estetikoak eraikuntza-sisteman ezarriak geratuko ziren. Wright ez zen mugatu etxebizitza bat erosi nahi zuten pertsonen artean bezero-eraikitzaile izateko aukera sustatzera mugatu. Floridako Hegoaldeko Unibertsitateko lehenengo eraikinetan (1938an hasi zen), ehungintzazko bloke sistema erabili zuten ikasleek egin zuten lanaren zatirik handiena, eta Shorewood Hillseko —Madisongo auzo bat, Wisconsin— Bilkura Etxe Unitarioko (1945–51) kongregazioak lagundu egin zion Marshall Erdman kontratistari, astegun jakin batzuetan langileak emanez26.

1932an Taliesingo Komunitatea sortu zenean gauzatu zen Wrightek hogeita lau urte lehenago deskribatu zuen gazte jendearen “unibertsitate txikia”. Aprendizen prestakuntzaren barne zegoen baserri batek berez eskatzen duen eskulan gogorra, berak gaztetan egina zuena, bai eta Taliesin eraikitzen parte hartzea ere, martxan baitzegoen, eta han hausnartzen zituzten ikasleek landa-aldeko eraikitzaileen ikasgaiak eta lan-etika, adibidez, Charlie Curtis igeltseroarena, zeinak hau esaten baitzien bere aprendizei: “Mutilok, ukitze hutsez ezagutu behar duzue arroka, galduta zaudete bestela”27. 1938an, Komunitateak Scottsdaldetik gertu, Arizona, Taliesin Mendebaldea eraikitzea erantsi zion bere lan-programari. Wiscosingo haren baliokideek bezala, Taliesin Mendebaldeko eraikinek “landu gabeko basamortuko harrizko” —hala deitzen zion Wrightek— hormagintza bitxian sumatzen diren aldaeren bitartez eta zakar zerratutako zurezko egituraren bitartez erakusten dute beren sorkuntzaren historia.

Aprendizentzat Taliesinen eta Taliesin Mendebaldean egiten zuten lana gerorako lanetarako prestakuntza izatea nahi zuen Wrightek, beste obra batzuetan beraren ordezkari izango zirelakoan. Asmoa duina zen, baina era desberdinez planteatu zuen egin zizkioten etxebizitza-enkargu desberdinetan28. Eraikuntzako enplegatu gisa bidaltzen zituenean, Wrightek lansari bat ematen zien aprendizei eta ostatu ematearen eta mantenuaren gastuak bezeroak ordaintzen zituen. Kontratista orokorrik ez bazegoen, azpikontratak aukeratzen eta koordinatzen laguntzen zieten aprendizek bezeroei, eta, gainera, egindako lanaren kalitatea kontrolatzen zuten. Komunitatearen lehenengo urteetan ez zuten esperientzia kolektibo handirik izan hartan oinarritu ahal izateko, eta ikaste-prozesu zail bati ekin behar izan zioten. Horixe gertatu zitzaien Edgar Tafel-i eta Bob Mosher-i, hogeitaka urte baitzituzten Wrightek Ur-jauziko etxearen eraikuntza kontrolatzera bidali zituenean; Pensilvaniako mendebaldean ur-jauzi baten gainean hegalean eraikitako etxea zen hura. Gogor eta beren printzipioenganako leialtasun osoz lan egin zuten, eta halaxe berdindu zuten beren esperientziarik eza.

Ur-jauziko etxea gainbegiratzeko oinarrizko lanen artean, eta harrizko hormagintza erabiltzen zen beste enkargu batzuetan, Wrighti harria nola jartzea gustatzen zitzaion igeltseroei erakustea zen haietariko bat. Harria estratifikazio naturalaren arabera jartzeko Wrighten insistentzia obraren jarraibide teknikoetan ager zitekeen, baina harri bakoitza hormei nortasuna emango zien eredu erritmiko baten arabera jartzeak komunikazio zuzena eskatzen zuen. Taliesingo eraikuntzan bezala, Wrightek nahi zuen igeltseroek “estatua bat lantzen ari den eskultorearen” harrotasunez egitea beren lana eta nork bere sormenaz baliatzea, bere eskema arkitektonikoaren eredu orokorren barruan. Halakoxea zen ikasgai horren garrantzia, non Kentuck Knob (I. N. Hagan etxea, 1953–56) eraikitzeari egin zitzaion gainbegiratze zuzen bakarra Allen (Davy) Davisonek harlandutzat hareharriak erabiltzea onartzea izan baitzen (piezetan ebakitzen zituzten eta ilaratan jartzen), eta igeltseroek horma bat jasotzerakoan eginiko lehen urratsak kontrolatzea ere bai29.

Wrightek 1930eko hamarkadako erdialdetik hil arte diseinatu zituen usoniar etxeek eraikuntza-sistema berritzaileak zituzten, adibidez, kanpoko eta barruko akaberaz estalitako zurezko geruza mehez eginiko tabikeak, lantegi batean fabrikatu (nahiz gutxitan egiten zen) edo in situ eraiki zitezkeenak, eta geometria bitxiak, bereziki iradokitzaileak. Premiak batere konbentzionalak ez izateak zaildu egiten zuen kostuak kalkulatzea, langileenak batik bat, eta kontratista askok uko egiten zieten eskuan Wrighten marrazki-sorta batekin hurbiltzen zitzaizkien bezeroei. Bere eskemen bideragarritasuna frogatzen tematua zegoenez, Wright ahalegindu zen haiek gauzatzen bere bezeroei laguntzen. Shorewood Hillseko (Wiscosin) John C. Pew etxerako William Wesley Peters aprendiza aukeratu zuen —bere suhia zen eta bere kasako irabaziak zeuzkan— kontratista orokor gisa aritu zedin. Handik ia berrogeita hamar urtera egin zioten elkarrizketa batean, Petersek deskribatzen zuen nola berak eta beste aprendiz batek, Cary Caraway-k, eginahalak egin behar izan zituzten Pewtarren aurrekontura mugatzeko, 6.700 dolar (gaur egungo 100.000 bat dolarren balioa), eta, hartarako, material birziklatuak erabili zituzten, langile talde txiki-txiki bat kontratatu zuten eta berek egin zuten lanaren zati handi bat. Ahaleginak ahalegin, komisioko 1.100 dolar gutxi gorabehera galdu zituztela oroitzen zuten30.

Paul R.-k eta Jean S. Hanna-k kontratista orokorraren zereginak egin zituzten Palo Altoko beren etxea eraiki zutenean, Kalifornia, (1935–37)31. Harold Turner zurginaren eta etxegilearen laguntza kontratatu zuten, eta hark aholkua eman zien gremioak kontratatzeko eta koordinatzeko orduan. Usoniar etxeen diseinua ezagutuko zuen kontratista-talde bat eratu nahian, Wrightek Taliesinera gonbidatu zuen Turner, Komunitateko espirituan eta praktiketan murgil zedin. Etxea eraikitzeak komunikazio etengabe eta batzuetan sumingarri bat eskatzen zuen Palo Altoren eta Taliesinen artean, baina borondate oneko dosi handiekin atera ziren parte-hartzaile guztiak prozesutik. Turner, Wrightek espero izan bezala, beste dozena erdi usoniar etxeetarako aholkulari edo kontratista izan zen gerora32.

Bere Autobiografiaren bigarren edizioan, Wrightek Taliesingo Komunitatearen arrakasta ospatzen zuen eta haren garaipena ere bai Harold Turner bezalako jarraitzaileak kausaren alde irabaztean. “Baina geure eraikinak eraiki eta geure materialak fabrikatu ahal izango dugun garaia oso urrun dago oraindik”, onartzen zuen33. Une hura iritsi arte, ulertzen zuen kontratisten beldurrak baretu behar zituela, Wrighten enpresetan alkandora ere galtzeko arriskuan baitzeuden. Horra zer dagoen Jim De Reus kontratistaren begirada fidakorraren azpian, zeina guri begira baitaukagu House & Home aldizkariaren 1959ko otsaileko alearen orrialdeetatik; etxegileentzako aldizkari bat da hori, gaur egun Fine Homebuilding denaren antzekoa34. Oskaloosan, Iowa, Wrighten bi etxe eraiki ondoren, De Reusek ziurtatzen zien bere kideei ez zuela dirurik galdu enkargu haietan. Esaten zien, baita ere, egitura eta akabera gisa balio zuten material batzuk erabiltzen bere taldeak denbora gehiago behar izan bazuen ere, xehetasunari erne egon beharrak energiak suspertzen zizkiela. Hau esanez bukatzen zuen: “Uste dut gutariko bakoitza langile hobea dela etxe horretan lan egin dugulako”35. De Reus ez zen David Timothy, “bibote handikoa eta begiak keinurako prest” zegoen etxegilea bezalako kontratista. Enpresario moderno bat zen, nominak ordaindu behar zituena eta azken aurrerapenak zeuzkaten etxebizitzak eskatzen zituzten bezeroak zituena. Baina galestar igeltsero zaharrak aintzat hartuko zuen haren hitzen espiritua, nola hartu zituen aintzat Wrightek, hura argitaratu eta handik lau hilabetera hil zen arren.

Gaur egun, Wrighten eraikinen eraikuntzan parte hartu zutenen oroitzapenik gehienak beste pertsona batzuek kontatuak behar dute izan eta haien pasadizo asko galdu egingo ziren. Hala ere, arkitekturari esker antzeman dezakegu hala haien eskuen aztarna hormagintzaren erritmoan, nola zurezko junturak eta bikain lerrokatutako torlojuen buruetako xehetasunak. Horrek guztiak agerian uzten du lanak gizakiaren asmoaren adierazpide gisa duen duintasunean Wrightek bizitza osoan izan zuen fede ezin hautsizkoa.

[Itzulpena: Jon Muñoz]

Oharrak

  1. Frank Lloyd Wrightek Darwin D. Martini, 1905eko azaroak 21. Jack Quinan, Frank Lloyd Wright’s Martin House: Architecture as Portraiture liburuan aipatua (Princeton, New Jersey: Princeton Architectural Press, 2004), 144. or. [itzuli]
  2. Frank Lloyd Wright, Autobiografía, 1867 [1944], Biblioteca de arquitectura, El Croquis editorial, Madrid, 2004 (1. argitalpena 2004), 24. or. [itzuli]
  3. John Ruskin, The Seven Lamps of Architecture (1849; New York: Noonday Press, 1961), 12. or. N.E.: Badago obra honen espainierazko bertsio bat [Las siete lámparas de la arquitectura, Ed. Alta Fulla, Barcelona, 2000], baina sarrera ez da sartu, eta, beraz, gaztelaniazko hemengo itzulpena gurea da. [itzuli]
  4. Maginel Wright Barney, The Valley of the God-Almighty Joneses (New York: Appleton-Century, 1965). [itzuli]
  5. Wright, Autobiografía, 1867 [1944], obra aipatua, 431. or. [itzuli]
  6. Frances Nemtin, Web of Life (Nemtin, 2001), 4-5 orrialdeak. [itzuli]
  7. Frank Lloyd Wright, The Natural House (1954, New York: New American Library, 1970), 141. or. [itzuli]
  8. Chicagora joan aurretik, Wrightek eskarmentua izana zuen bulego-ingurune batean lanean, zeren eta, Wiscosingo Unibertsitatean ikasle gisa egin zuen aldi laburrean, Alan Conover ingeniariak delineatzaile gisa kontratatu baitzuen Madisonen. Mary Jane Hamilton eta Anne E. Biebel eta John Q. Holzheuter, “Frank Lloyd Wright’s Madison Networks”, hemen: Paul E. Sprague, ed. Frank Lloyd Wright and Madison: Eight Decades of Artistic and Social Interaction (Madison: Elvehjem Museum of Art, Wiscosingo Unibertsitatea, 1990), 2. or. [itzuli]
  9. Muelleren eta Wrightekin izan zuen lan-harremanaren azterketa zorrotz baterako, ikus Andrew Saint, Architect and Engineer: A Study in Sibling Rivalry (New Haven, Connecticut: Yale University Press, 2007), 249-57 orrialdeak. [itzuli]
  10. Frank Lloyd Wright, An Autobiography (New York: Duell, Sloan and Pierce, 1943), 159. or. Pasarte hori desagertu egin da Wrighten Autobiografíaren espainierazko bertsiotik; 196. orrialdean egon behar luke, Tenplo Unitarioaren eraikuntzaz hitz egiten den lekuan. [itzuli]
  11. Saint, Architect and Engineer, 257. or. Petersek, zeinari Wrightek bere “lehen biolina” deitzen baitzion, funtsezko zeregina izan zuen Wrightek 1930eko hamarkadatik bere bizitzaren amaiera arte diseinatu zituen eraikinak egiterakoan. Aldi hartan bertan, Mendel Glickman-ek aholkuak eman zizkion Wrighti ingeniaritzako kontu espezifikoez. Ben Wiltscheck Johnson Wax eta Wingspread eraikinen eta Kansas Cityko, Missouri, Eliza Komunitarioaren kontratista izan zen. Wrightek Wiltschekekin zuen harremanaz egiten duen deskribapena bat dator Muellerekin zeukanarenarekin, “Benetako lankidetza zegoen denbora guztian, erabateko konfiantza bataren eta bestearen gaitasunean”. Wright, Autobiografía, 1867 [1944], obra aipatua, 539. or. [itzuli]
  12. Paul Kruty-k Wrightek estudioan eginiko antolamenduaren eboluzioari jarraitzen dio, hemen: “At Work in the Oak Park Studio”, Arris Journal of The Southeast Chapter of the Society of Architectural Historians 14 (2003). 17-31 orrialdeak. [itzuli]
  13. William Martinek Darwin D. Martini, 1904ko maiatzak 20, hemen aipatua: Quinan, Martin House, 88. or. [itzuli]
  14. Darwin D. Martinek Frank Lloyd Wrighti, 1905ko abenduak 26, hemen aipatua: Quinan, Martin House, 150-151 orrialdeak. [itzuli]
  15. Frank Lloyd Wright, “In the Cause of Architecture” (1908; Frank Lloyd Wright: Collected Writings, 1 liburukia: 1894–30, Bruce Brooks Pfeiffer, ed.) (New York: Rizzoli eta Frank Lloyd Wright Foundation, 1992), 98. or. [itzuli]
  16. Anthony Alofsin-ek bere estudioa berriz martxan jartzeko Wrighten ahaleginak aztertzen ditu hemen: Frank Lloyd Wright–The Lost Years, 1910–1922: A Study of Influence (Chicago: University of Chicago Press, 1993), 67-72 orrialdeak. Wrightek Taylor Woolley-ri 1911ko apirilaren 22an idatzitako gutuna aipatzen du, non “guardia zaharra” aipatzen baitu, 68. or. Ikus, gainera, Paul Kruty, Frank Lloyd Wright and Milway Gardens (Urbana: University of Illinois Press, 1998), 19-21 orrialdeak. [itzuli]
  17. Wright, Autobiografía, 1867 [1944], obra aipatua, 210. or. [itzuli]
  18. Eskerrak ematen dizkiet Taliesin Preservation, Inc.eko Carol Johnson-i eta Keiran Murphy-ri, Taliesinen eraikuntzaren historiaz dakitena nirekin partekatzeagatik. [itzuli]
  19. Amerikar Sistemako Etxe Eraikiei dagokienez, ikus Kenneth Martin Kao, “Frank Lloyd Wright: Experiments in the Art of Building”, Modulus 22 (1993): 79-90 orrialdeak. [itzuli]
  20. Wrighten eta Marshall Erdman-en lankidetzari dagokionez, ikus Paul E. Sprague, “The Marshall Erdman Prefabricated Buildings”, hemen: Sprague, ed., Frank Lloyd Wright and Madison, 151-67 orrialdeak. [itzuli]
  21. Ikus Robert Sweeney, Wright in Hollywood: Visions of a New Architecture (Cambridge, Massachussetts: MIT Press, 1994). [itzuli]
  22. Jeffrey Chusid lanean ari da gaur egun Freeman etxearen historia zehatz batean. [itzuli]
  23. Wrightek A. N. Rebori-ri, 1927ko irailak 15, hemen aipatua: Sweeney, Wright in Hollywood, 118. or. [itzuli]
  24. Sweeney, Wright in Hollywood, 118. or. [itzuli]
  25. Wright, Natural House, 208. or. “Usonian Automatics” (Usoniar automatikoak) deitzen zien etxe horiei. [itzuli]
  26. Ikus Joseph M. Siry, “Frank Lloyd Wright’s Annie M. Pfeiffer Chapel for Florida Southern College: Modernist Theology and Regional Architecture”, Journal of the Society of Architectural Historians 63, 4. zbk. (2004ko abendua): 505-506, 515-516; Mary Jane Hamilton, “The Unitarian Meeting House”, hemen: Sprague, ed. Frank Lloyd Wrigth and Madison, 181-182 orrialdeak. [itzuli]
  27. Nemtin, Web of Life, 21. or. [itzuli]
  28. John Sergeant, Frank Lloyd Wright’s Usonian Houses: The Case for an Organic Architecture (New York: Whitney Library of Design, 1976), 121 or. eta hurrengoak. [itzuli]
  29. Bernadine Hagan, Kentuck Knob: Frank Lloyd Wright’s House for I. N. and Bernadine Hagan (Pittsburght, Pennsylvania: Local History Co, 2005), 17-18., 22. orrialdeak. [itzuli]
  30. William Wesley Peters Greg Williamsek elkarrizketatua, 1989ko azaroak 29, Frank Lloyd Wright Archives. Amherst-eko, Massachusetts, Theodore Baird etxerako kontratista orokorra ere Peters izan zen. [itzuli]
  31. Paul R. eta Jean S. Hanna, Frank Lloyd Wright’s Hanna House: The Clients’ Report, 2. ed. (Carbondale, Illinois: Southern Illinois University Press, 1987). [itzuli]
  32. Hannatarrekin izandako esperientziaren ondoren, Rebhun, Suntop, Winkler-Goestch, Christie, Affleck eta Wall etxeen eraikuntzaz arduratu zen Turner. [itzuli]
  33. Wright, Autobiografía, 1867 [1944], obra aipatua, 517. or. [itzuli]
  34. “Builder Jim De Reus Tells Your ‘What We Learned from Frank Lloyd Wright”, House & Home, 15, 2. zbk. (1959ko otsaila). 126-33 orrialdeak. [itzuli]
  35. De Reus, House & Home, 126 or. [itzuli]