Edukira zuzenean joan

Frank Lloyd Wright

katalogoa

Koadrikulatik abiatuta komunitate bat sortzea

Neil Levine

Izenburua:
Koadrikulatik abiatuta komunitate bat sortzea
Egilea:
Neil Levine
Argitalpena:
Milan: Skira Rizzoli Publications, 2009
Neurriak:
30 x 26 cm.
Orrialdeak:
360
ISBN:
978-0-8478-3470-9
Erakusketa:
Frank Lloyd Wright
Gaiak:
Giza harremanak | Artea eta ekonomia | Artea eta espazioa | Artea eta gizartea | Artea eta komunikabideak | Artea eta paisaia | Artearen historia | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Espazioa | Forma | Geometria | Tamaina | Ingurunea eta natura | AEB
Teknikak:
Marrazkia
Artelan motak:
Arkitektura
Aipatutako artistak:
Lloyd Wright, Frank

Esan izan da Frank Lloyd Wright hirietako auzo periferikoetarako familia bakarreko etxeen arkitektoa dela gehienbat eta ez zitzaiola komunitate jendetsuagoentzako proiektuak egitea interesatu, harik eta 1930eko hamarkadan Broadacre City automobilean oinarritutako hiri deszentralizaturako estudioa egin zuen arte. Saiakera honetan zalantzan jarriko da planteamendu hori. Wrightek arkitektura moderno goiztiarraren historiari eginiko ekarpenik ziur asko garrantzitsuenean zentratuko gara, Belardi-etxe iraultzailean, alegia, XX. mendearen hasieraren eta I. Mundu Gerraren hasiera artean garatu zuena. Ideia hau adieraziko da: Belardi-etxea ez zela sortu mota domestikoari buruzko ikerketa erabateko batetik abiatuta, komunitate baten plangintzaren inguruko kontzeptu sozial zabalago batetik baizik, Chicagoko paisaia antolatzen duen koadrikularen eskema ekitatiboarekin bat eginik. Azkenik, defendatuko da plangintza komunitarioari buruzko alderdi sozialaz arkitektoak zituen ideiak ez zirela Broadacre Cityrekin hasi, haren lehen obrekin baizik.

Arazoaren jatorrian ohiko bi kontzeptu oker daude, hau da: (1) Wrightek Willits familiarentzat 1902an diseinatu eta hurrengo urtean bukatu zuen etxea Highland Park-en, Chicagoko iparraldeko auzo periferiko batean, alegia, arkitektoaren lehenengo Belardi-etxea zela; eta (2) etxe horretan edo antzeko beste batzuetan plantea zitekeen ezein zoru-plangintza tradizio Pintoreskoari zordun zitzaiola, zeinaren XIX. mende bukaera amaierako adibide bat Frederick Law Olmsted izan bailiteke Estatu Batuetan, eta, bereziki, Calvert Vaux-ekin batera hark Riversideko auzo hurbil samarrerako diseinatu zuen proiektua (1868–69)1. Egia da Willits etxeak Belardi-etxea tipifikatzen duela —haren lerro horizontal markatuak, etxe-hegal irtenak, elkarren barnera sartzen diren formak, erdiko tximinia handia eta, batez ere, biragailu itxurako planoa, barrualdeko espazio dinamiko mota berri bat aurkezten baitu, barrutik kanpora etengabe isurtzeko irudipena ematen duena—, eta mendebalde erdialdeko belardiaren zabaltasunaren aipua egiten du horrela; eta, are garrantzitsuagoa dena, planoaren foko zentralizatu eta birakaria diseinuaren izaera autonomoaren adierazletzat hartzen da, bai eta hura sortu zeneko prozesuaren adierazletzat. Badirudi Willits etxea, bakartua, independentea, beraren energia espazialen erdigunea eta sorburua dena, etxe indibidualaren beraren diseinuan soilik errotutako inperatibotatik abiatuta garatu dela.

Historialariek arkitektoaren aurretikako diseinu-sorta bat seinalatu dute garapen horren ernamuina kokatzeko eta mota domestikoaren barne eboluzio formal autonomo baten ideia indartzeko horrela. Genealogia hori arkitektoak berarentzat 1889an hasi eta hurrengo urtean bukatu zuen etxearekin hasten da; Oak Parken dago etxea, Chicagoko mendebaldeko auzo periferikoan, non gerora Wrightek bere estudioa zabalduko zuen. Frank Lloyd Wrighten etxeak eta estudioak, hala deitzen baitzaio orain, Willits etxearen alderdi jakin batzuk aurreratzen ditu, erdigune zentral bat baitauka, tximinia bat hain zuzen, inguruan, nolabait esateko, jiraka dauzkan eta kanpora zabaltzen diren espazioen ardatz gisako bat dena. Eta are garrantzitsuagoa dena, espiritu libre bat ezaugarritzat duen diseinu horren izaera nolabait larreko eta ustekabekoak Wrighten arkitektura suburbano goiztiarrari dagokion bigarren kontzeptu okerrekoa justifikatzen du, hau da: estetika Pintoreskoaren haren mendekotasuna. Interpretazio egokia izan badaiteke ere Belardi-estilo aurreko etxeentzat, ez da inolaz ere egia garatutako Belardi-etxeei edo geroztikako etxeetan eginiko plangintzari dagokionez.

Riversiden —Oak Parketik bost kilometro eskas hego-mendebaldera dago— egiaztatu ahal izango zuen Wrightek zehatz-mehatz nola estetika Pintoreskoak eragina zuen ez bakarrik etxebizitza partikularren diseinuan, baita ere etxebizitza horiek multzo bat eratuz zuten taldekako antolaeran. Kale kurbatuekin, zelai-eremu handiekin eta berdegune irekiekin planifikatu zen auzoa, landa-paisaia otzandu baten irudia sortzeko. Familia bakarreko etxeak, bata bestearen ondoan ilara uniformetan lerrokatu ordez eta bata bestearen aurrean kalearen bi aldeetan ortogonalki kokatuak egon ordez, ustez naturalagoa den diseinu bati jarraituz kokatzen dira, eta, horri esker, askotariko ikuspegiak dituzte, eta halakoxe bakartze- eta intimitate-maila bat ere bai. Olmsted-entzat, “naturalismo” hura eta dibertsitate hura hiriguneko komertzialismo gogorrerako eta hotzetikako ihesbide bat ziren, zeinaren ezaugarria, Chicagoren kasuan batik bat, koadrikula zorrotz, monotono eta mekaniko bat baitzen. “Hirietako kaleen lerroaren zuzentasun ohikoaren ordez, eta horrek dakarkion planoaren erregulartasunaren ordez […], zeinak aurrera azkar egiteko gogoa iradokitzen baitu, ez eskuinera ez ezkerrera begiratu gabe”, Olmstedek, haren “Preliminary Report upon the Proposed Suburban Village at Riverside”n (Riversideko hiri suburbanoari buruzko aldez aurreko txostena) proposatzen zuen, kaleak diseinatzerakoan, egin zitezela oro har kurba atsegineko lerroak, espazio zabalak, izkina nabarmenik gabeak, soseguzko, kontenplaziozko eta patxadazko sentipen bat iradokitzeko eta sorrarazteko”. Gainera, jarraitzen zuen, “tankera horretako auzo baten plano orokorrak izan behar luke, ez bakarrik irregularra, baita ere […] Pintoreskoa zalantzarik gabe eta zeharo berritzailea, gure hiri modernoak ezaugarritzen dituzten angelu zuzenen, lerro zuzenen eta eremu lauen etengabeko errepikapenarekin alderatuak”2.

Estatu Batuetako arkitekturaren historian izan zuen garrantzia gorabehera, Riverside ez zen anomalia bat besterik izan Chicagoren garapen suburbanoan eta, guretzat esanguratsuagoa dena, giltzarri bat izan zen Wrightentzat. Loopetik (hirigunetik) iparralderantz, hegoalderantz eta mendebalderantz zabaltzen den koadrikula metropolitarretik zeharo desberdina izanik, Riverside esperimentua ez zen sekula berriz errepikatu auzo periferikoen barne zirkuluaren barruan, eta egundaino ere guztiz ez ohikoa da bazter haietan eta Belardi-estiloko hango ingurunean. Chicagok, koadrikula gisa planifikatu baitzen 1830ean, 1785etik 1796ra bitartean indarrean sartu zen lur-neurketa sistema errektangularrak Estatu Batu berrietako mendebaldeko lurraldeetan ezarritako eredu ortogonalari jarraitzen dio. Lur-neurtzaileak erabakitako lurraren peritazio egokia eta banaketa zuzena herritarren erakunde demokratikoen eta komunitateko autonomiaren funtsezko oinarritzat interpretatu izan dira, eta gardentasunezko eta berdintasunezko ingurune bat sortu dute, André Corboz historialariak “utopikotzat” jo izan duena3. XIX. mendearen amaieran Chicagoko auzoak inguruko belardian zehar zabalduz joan ziren artean, Ilustrazioko koadrikularen gidaritzapean eratu ziren. Wrightek oso ondo ulertzen zuen komunitate bat eraikitzerakoan koadrikulak zuen balioa eta garrantzia. Nahiz eta, une jakin batean, bi etxe diseinatu zituen Riversiderako, sekula ez zituen hango planoak eredutzat onartu. Izan ere, uko egin zien, eta “angelu zuzenak, lerro zuzenak eta gainalde lauak” hobetsi zituen, Olmstedi zeharo inspirazio eta interes gutxikoak iruditzen zitzaizkion arren.

Lehenengo Roberts Hirigintza-Ordenazio Plana, 1896

Hiri-inguruko bere bezeroen premia indibidualak eta aspirazio komunitarioak aseko zituen bizitegi-arkitektura bat sortzeko Wrighten lehenengo ahalegina Belardi-etxea baino urte batzuk lehenagokoa da, eta hura sortzeko oinarriak ipini zituen, koadrikulak ezartzen zituen baldintzak oinarritzat harturik. 1896an, Charles E. Robertsek, Wrighten adiskide, bizilagunak eta kideak, —unitarioa bera bezala— etxe-sail oso baten garapen-plana enkargatu zion, arkitektoak berak Oak Parken zeukan etxetik zazpi etxe-sailera, mendebalderantz4. Kokalekuaren planoa, ia plazaratu gabea eta Wrighten artxiboetan gordea dagoena, guztiz harrigarria da. Bere karrerako lehen garaietan arkitektoak talde-diseinuaren arazoa nola planteatu zuen ikusteko aukera paregabea eskaintzen du, eta, gainera, lehenengo Belardi-etxearen ideiaren ernamuina erakusten du5.

Arkitektoak paper koadrikulatua erabiltzen duen lehen aldian, nonbait, puntu-lerroak eta eraikinen aztarnak arkatzez arin markatzen ditu tinta gorriz marraztutako koadrikula baten gainean, alboko 2,44 metroko koadroak adierazteko, eta beltzez, berriz, jabetzaren kanpoko muga adierazteko6. 1900eko hamarkada hasierarako, “diseinu-unitate sistema” bat erabiltzen zuen jadanik Wrightek, baina azpiko koadrikula nekez sumatuko zen7. Eta ez zuen, ezta ere, Robertsen antolamendu-planoko zeregin bera. Azken adibideetan, modulua leiho orridunaren zabaleran oinarritua zegoen, eta egiturazko eta proportziozko sistema koherentea eta integratua sortzeko barne gailu bat zen. Eraikin indibidual baten diseinua eta, azken batean, eraikuntza kontrolatzeko konposizio-tresna abstraktu baten gisa aritu ordez, Robertsen antolamendu-planoaren koadrikulak materialki definitzen du etxe-komunitate baten lurraldea. Aldez aurretikako koadrikula erreproduzitzen du, hark arautzen baitu auzoa bere osoan azpizatitzeko sistema, eta garbi uzten du horrekin Wrightek area metropolitar zabalagoko sare sozialtzat sortu zuela Robertsen proiektua.

Wrighten antolamendu-planoak badu berritasun bat, hau da, zein eratan manipulatzen duen koadrikula espazio komunitario bat lortzeko, eta, aldi berean, sustatzaileari etekin handiagoa eman diezaiokeen inbertsio bat ere lortzeko. 1894an markatutako hemeretzi lursailen ordez, Wrighten planak hogeita bi zeuzkan. Gainera, ordu arteko mapako lursailak zabalera bera bazuten eta Chicago Hiribidera orientatuak bazeuden, T itxurako kale-sistema bat sorturik horrela, Wrighten proiektuak antolamendu orekatuago bat du, espazio zentral komunitario baten inguruan. Irtenbide horren berritasuna begien bistakoa da, baldin eta kontuan hartzen badugu estilo horretako Ingeles Lorategi Hiriko ideiak ez zirela hurrengo hamarkadako erdialdera arte sortu8. Robertsen planeko erdiko patio lorategi bihurtua hogeita hamar metrotik goraxeago da zabal eta hirurogei metro luze. Diseinu obalatua du, espazio publiko zabala eskaintzen du, eta lorategitik zalditegietara eta estalpeetara sartzea errazten du. Kalea, bereizgarria eta maiz laidoztatua, pasabide estu batera murriztua gelditu da, zeinak, hegoaldetik, patiora baitarama Superior kaletik.

Roberts proiekturako behin betiko diseinuek ez dute ezer berezirik. Haietariko seiren marrazkiak gorde dira, eta oso-oso txikiak dira denak9. Izkinetako lau etxeek dute berez interes pixka bat, eta horrek zerikusia du ordenazio-planak kokalekuaren izkinak bereziki nabarmendu izanarekin. Izkina karratuko etxeek Wrighten beraren etxearen diseinua garatzen dute, izkina eratzen baitzuen hark ere. Roberts proiektuko izkinako etxeak eskaintzen diren hogeita bietatik zabalenak dira, eta plano espazialki konplexuagoa dute. Elementu batzuez gainera —portxe bat fatxada betean eta erdiko tximinia bat bi aldeetara irekia—, sukaldea angeluan dute, eta zerbitzarientzako eskailera batek lotzen du sukaldea, korridore diagonalen bitartez, obalo zentralarekin. Angeluetatik erdialdera bitarteko lotura esplizituak ematen dio, izan ere, interes berezia antolamendu-planari eta hartxek ematen die garrantzia Wrighten geroztikako proiektuei.

Hogeita bat metrotik gorako alboa duen karratu batek definitzen du erdialdean obaloko espazio komunitarioa, izkinetako lursail karratuen antzera. Zentzu honetan, plan hori interpreta daiteke, lehenik, hiriaren koadrikula unitate karratu txikiagotan zatitzen duen zerbaiten gisara, hura marraztua dagoeneko papereko koadrikulari dagozkiolarik unitateok, eta, gero, unitate horietatik abiatuta, modulu-antolamendu bat eraikitzen du, izkinen mesedetan eta haiek erdigunearekin parekatuz. Wrighti, zalantzarik gabe, hemendik estrapola zitekeen eredu orokorragoa interesatzen zitzaion, eta, handik gutxira, hiriaren koadrikula errektangularra nola azpizatitu aztertzeari ekin zion, eta eskema koadratu ideal bat lortu zuen, izkinako lursailak besterik izango ez zituena eta erdigunea bilgune komunitario bihurtuko zuena. Berak “lau etxeko etxe-sailaren planotzat” bataiatu eta Ladie’s Home Journal aldizkarirako handik lau urtera egin zuen plano-prototipoa da Wrighten ideiaren lehen fruitua. Horrexek markatzen du orobat Belardi-etxearen agerpena.

Lau etxeko etxe-sailaren planoa eta Ladies' Home Journal aldizkaria, "A Home in a Prairie Town" (Etxe bat Belardi-hirian), 1900—01

Robertsen hirigintza-planak eskaintzen zituen aukerak garatzeko aukera ikusi zuen Wrightek Ladie’s Home Journal aldizkariak 1900eko urriko alean argitaratzekoa zen “New Series of Model Suburban Houses which Can be Built at Moderate Cost” (Kostu gutxirekin eraiki daitezkeen etxe suburbanoen ereduaren sail berriak) azterlanean parte hartzeko eskatu zionean. Data horren eta 1902ko urtarrilaren artean plazaratu ziren hamalau kolaborazioetatik bat, Wrightena, “A Home in a Prairie Town” (Etxe bat Belardi-hiri batean), 1901eko otsailean argitaratua, izan zen enkargua etxe indibidual baten testuingurutik harago zabaltzen zuena eta komunitate bat eratzen zuten etxe-multzo baten diseinua eskaintzen zuena. Bigarren diseinu batez gainera, zeina Wrightek 1901eko uztaileko alean aurkeztu baitzuen, haren proiektua izan zen sorreran bertan koadrikulan esplizituki oinarritua zegoen bakarra, hura instrumentalizatzen baitzuen10.

Willits etxeari lehentasuna ematen zaion arren “Etxe bat Belardi-hiri batean” ereduaren adibide gisa, arkitektoak Belardi-etxerako egin zuen hasierako zirriborrotzat jo izan da, oro har, non elementu bereizgarri guztiak agertzen baitira: lerro horizontal zabalak, elkarretara barneratzen diren bolumenak, tximinia bakartu bat erdialdean eta Chicagoko kokaleku suburbanoarekiko lotura estu-estua11. Baina horrek guztiak garrantzi handiagoa du konturatzen garenean Wrightek ez zuela objektu autonomotzat ez pentsatu ez aurkeztu etxea. Orrialdearen goialdeko lauki batean, artikuluaren izenburuaren eta testuaren gainean, lau etxe berdin-berdinen planoa eta perspektiba ageri da, eta lau etxe horiek eratzen dute Wrightek hemen lehendabizikoz “lau etxeko etxe-sailaren planoa” deitu ziona, izenburuan argi ikusten den bezala12.

Wrighten testuak taldearen diseinuaren funtsezko alderdiak eta komunitateak gizabanakoarentzat duen garrantzi handia azpimarratzen ditu. Proiektu orokorrari iruzkin bat eginez hasten da, lau etxe bereiz diseinatzeko aitzakiatzat eta justifikaziotzat baliatzen duena. Lehenengo esaldian hau esan ondoren: “landa-aldera joaten den hirikumeak garrantzi handiegia ematen dio bere etxeari eta ez behar hainbat garrantzi bere lurrari”, bigarren paragrafoan hau dio: “energia alferrik galtzea dirudi etxe baten plangintza zorira egitea, dagoeneko distortsionatua dagoen egoera bat onartzea edo hari jaramonik ez egitea”. Jarraian, Wrightek bere planteamendu nagusiari heltzen dio, alegia, “hirikumeak belardian behar duen etxerako irtenbide partzial hau hasieratik hasten da eta lau etxe sartzen ditu etxe-sail karratu bakoitzean —alboan ehun eta hogei metro bakoitzak— belardiko komunitaterako gutxieneko lursailtzat”. Gero jarraitzen du azaltzen: “orrialdearen gainaldean ageri den […] etxe-sailaren planoak […] erakusten duen lau etxeen antolaerak komunitate osoaren bizitza eta etorkizuna bermatzen du eta, aldi berean, erabateko pribatutasuna bermatzen du, bai komunitateari dagokionez eta bai lau etxeetako bakoitzari dagokionez”13.

Etxe-multzoaren aldez aurreko plano eskematikoak argi eta garbi erakusten du diseinuaren azpian dagoen biragailu kontzeptua, eta ezin eztabaidatuzko eran aditzera ematen du Willitsen enkargua baino gutxienez bi urte lehenago iritsi zela Wright errotazio-kontzeptu horretara, eta, are garrantzitsuagoa dena, hori hala egin zuela etxe bakarraren diseinua koadrikularen eskema orokorrari jarraituz planteatu izanaren ondorioz14. Marrazkiak (zeinari 1903ko okerreko data jarri ohi baitzaio, Wrightek berak eskuineko beheko angeluan geroztik egin zuen ohar batengatik) argi eta garbi uzten digu agerian zenbateraino etxe bakoitzaren gurutzeko oinplanoa eta etxeak elkarren artean erlazionatzen dituen biragailu itxurako forma bat datozen etxe-sail karratuaren eskema ortogonalarekin eta zenbateraino eratorri diren hartatik.

4 akreko lurralde zabala laurdenetan banatu zen akre barreko izkinako lau lursail sortzeko, haietariko bakoitzak 200 oineko bi aurrealde zeuzkalarik. Espaloietatik eta jabetzako barne-mugetatik distantziakide den puntu batean zentratua dago etxe bakoitza. Honela, espaloiek inguruko kaleekiko funtsezko erreferentzia zentrokide bat ezartzen dute eta koherentziaz integratzen dituzte lau egoitza bakartuak. Etxe bakoitzeko teilatu-hegal teilakatuen X itxurako kokaerak gutxi gorabehera barne karratu baten gisara berdefinitzen du kanpoko muga hori. Argitaratu zen multzoaren perspektiban xehetasun handiagoz ikus daitekeen bezala, etxe-sail baten barruko barne-etxe hori tarteko horma txiki batzuek mugatzen dute, etxe bateko sargunezko angeluetatik beste etxekoetara doazenak. Eta esparru hain adarkatu horren erdian azken karratu bat dago, biragailu tankerako koadranteetan zatitua, eta koadrante horiek estalpeak eratzen dituzte, sarbidea etxeetako lau sarreren bidexka paraleloetatik dutenak. Etxeen planoa biragailu tankerakoa izateak bermatzen du etxe bakoitzak kaletik sarrera independente bat edukitzea, eta orobat bermatzen du erdiko lorategiarekiko intimitatea.

Ikuspegi abstraktu batetik, lau etxeko etxe-sail-planoak gai hauek lantzen ditu: demarkazioa eta laurdenetan zatitzea, erdialdea eta periferia, erdigunea eta perimetroa. Biragailu tankerako azken diseinuan zentratzen bagara, planoa, uste izatekoa denez, barrutik kanpora irakurri behar da. Baina demarkazioan eta azpian datzaten eta nagusi diren laurdenetan zatitzean zentratzen bagara, periferiatik erdialdera irakurri beharko dugu nahitaez planoa, eta halaxe irudikatu zuen, hain zuzen, Wrightek perspektiban. Eta hortxe gelditzen dira garbi proiektuaren asmoa eta esanahia. Karratu zentrokide bakoitzak barrurantz eginiko mugimendu-gradu bat erakusten du, publikotik pribatu/komunitariora. Espaloiek etxe-multzoaren aurreko zelai-eremu bat lauki batean kokatzen dute, eta etxeetako pareta komunek, berriz, lauki batean kokatzen dute han bizi direnek bakarrik ikus dezaketen barne esparru bat. Atzealdean lorategi komun bat sortu izanaren bitartez komunitate partekatu baten sentipena eskaintzean, barneko patioko hostotza trinkoak ere orobat sortzen du bizilagunak bakartzen eta aldi berean estalpe elkarri atxikiak disimulatzen dituen pantaila bat15.

Hemen ez dago plangintza Pintoreskoaren frogarik. Kalearen diseinua ez da agerian agertzen; gauza bihurtu da barneko lorategi zentralean. Etxe indibiduala eta proiektu komunitarioa interdependenteak dira, eta biak, bere aldetik, edo hobeki esanda hasieratik, koadrikula metropolitarren eta hura diseinu-prozesuan erreproduzitu izanaren mendean zeuden. Proiektu sozial zabalago honetan hartu zuen Belardi-etxearen X itxurako oinplano luzanga eta espazioaren definitzaileak bere tankera.

Lau etxeko etxe-sailaren planoa Robertsen etxe-sailera egokitzea, 1903

“A Home in a Prairie Town” argitaratu eta handik bost hilabetera, iragarri zen hala Chicagoko prentsan nola Oak Parkekoan Wrightek proiektu bat zuela Oak Parken “kolonia” bat edo “komunitate” bat eraikitzeko; launa etxeko bi etxe-sail izango ziren, lau etxeko etxe-saileko planoan oinarrituak16. Ezer gutxi gehiago jakin da ez zeregin hartaz eta ezta ere ea Charles Roberts haren aldekoa ote zen ere. Nolanahi ere, handik bi urtera Robertsek oniritzia eman zion Wrighti berak 1896an bere antolamendu-planoa egina zion etxe-saila berdiseinatzeko. Lau etxeko etxe-sailaren planoa 1903ko orubeari egokitzerakoan, “Proiektu komunitariotzat” izendatu zuen Wrightek diseinua. Une hartan bere bezeroak proiektua mamitzeko borondatea zuela sumatu zuenez, inondik ere, Wrightek aurkezpenezko marrazki-sorta bat sortu zuen, xehetasun milimetrikoz inprimatutako oihal batean tintaz egindakoa17.

Robertsek Wrighti antolamendu-plan berraztertu hura eskatu zionerako, Oak Parkeko garapena ekialderantz azkar mugitzen ari zen eta Chicago Hiribidea bide nagusi erabakigarria bilakatzen ari zen. 1902–03an kalearen zoladura, espaloien eraikuntza eta inguru hartan farolak ezartzea onartu zen (komeni da azpimarratzea ezen 14. irudiko ezkerreko eta beheko izkinako iparraldeko orientazioak irudikatzen duen formak farola baten antz handia duela). Proiektuaren urgentziak estutua egongo zenez seguru asko, Wrightek lau etxeko etxe-sailaren planoaren kontzeptua ustiatu zuen, eta handitu egin zuen Robertsen orubeko etxe-kopurua, aurretik proposatu zituen hogeita bitik hogeita laura (izan ere, 1906tik aurrera, Robertsek bere partaidetza saldu zuenean, azkenean eraiki zirenak baino lau gehiago).

Aurkezpenezko marrazkietan lau etxeko plano partzial bat sartu zen, baina, handik gutxira, etxe-sailen goiko erdiaren, alegia, iparraldekoaren, plano idealizatu batean, hogeita lau etxeetatik hamabi ikusten dira18. Ladie’s Home Journal aldizkarirako diseinuarekin konparatua, etxe indibidualeko lursail bakoitza murriztua geratu zen ia 4.000 metro karratutik seiehun metro karratu pasatxora, eta kendu egin ziren aurreko multzoko erdialdeko estalpeak. Gainera, etxeak berak 1896ko planekoak baino handiagoak eta, baita ere, ugariagoak zirenez oro har, espazio irekiarekiko eraikuntzaren proportzio handiagoak espazio publikoaren eta espazio pribatu/komunitarioaren arteko erlazioa xehetasun handiz aztertzera behartu zituen, bai eta batetik bestera joateko era ere.

Etxe indibidualak, berdin-berdinak denak, eta adreiluzkoak izango zirenak, Wrigthek ordu arte egindako proiekturik aurreratuena dira, elementu arkitektonikoen segregazioari eta abstrakzioari dagokionez. Zentzu honetan, Bufaloko Martin etxea eta Larkin Company bulego-eraikina aurreratzen dute, izan ere, biak bukatuta zeuden 1906an, 1904an sortutako diseinuetan oinarrituak baitzeuden19. Baina Wrighti, Belardi-etxearen batasunaren forma estandarizatuaren eguneratze soila bainoago, gehien interesatzen zitzaiona zen etxe elkartuak elkarri nola lotzen zitzaizkion ikustea eta, batez ere, oinezkoen eta ibilgailuen zirkulazioak nola funtzionatuko zuen ikustea. Pribatutasun eta ikus-eremu auziak konpontzea zen biragailu tankerako diseinuaren helburua.

Lau etxeko multzo bakoitzari elkarrenganako lotura eta kaletik bakartua egotearen sentsazioa emateko eta, aldi berean, metropoliaren koadrikularekiko jarraitutasun bati eusteko, barruko lorategien maila —lau etxeetako bakoitza elkar konektatzen zituen bereizte-horma txikiak mugatuak— malda baino beherago kokatu zen (aise suma daiteke hori ezkerreko goialdeko eta eskuineko behealdeko zatien aurreko alboko bistetan). Eta zirkulazioa errazteko, Wrightek elkarrengandik bereizitako sei mini etxe-sailetan zatitu zuen etxe-saila, bai “zabaldi” deitu zien oinezkoen kale batzuen bitartez, bai “patio” izendatutako ibilgailuentzako pasabideen bitartez. Erabilera askoko kale bakarraren ordez, mota desberdineko bide sare finago bat aurkezten zuen, bide haiek izanik zabalagoak eta, aldi berean, bizitoki-unitateen beren tamainari hobeto zegokion dimentsio-sentsazioa ematen zutenak.

Aurkezpenezko marrazki bukatuek, ikusi dugun bezala, lau etxeko sei multzoetatik bakarra erakusten dute. Etxeen lursailak luzangak dira, dimentsiorik luzeena etxe-sailaren alderik laburrenaren paraleloan dutena. Hamarretik gora metro zabal den “patio” batek zatitzen du iparraldetik hegoaldera etxe-saila, eta bost metro eta erdi zabal diren bi “zabaldik”, lore multzodunak, “patioa” ebakitzen dute etxe-sailaren heren bakoitzean20. Diseinua erro-errotik konbentzionaltasun gutxikoa zenez, ez da erraza imajinatzen nola hauteman ahal izango zen komunitatea eta ezta ere zer-nolako itxura izango ote zuen. Wrightek bere bezeroentzat marraztu zuen perspektibetako batek aukera hori ematen digu, ordea, Robertsek saldu ondoren eraiki zen etxe-sailaren airetiko argazki batekin konparatzen badugu, batez ere.

Han ageri diren etxeak 1906tik 1910era bitartean eraiki ziren, gertu-gertu daude elkarrengandik (haietariko batzuen arteko tartea hiru metro eta erdikoa da) eta kalerantz bakarrik daude orientatuak. Batzuen atzealdeak beste batzuen atzealdera ematen du, eta batzuen alboak besteen alboetara eta bi kale nagusietara. Fatxaden kokaera dimentsio bakarrekoak eta linealak esplizituki kontra egiten dio kalearen koadrikularen bi dimentsioko izaerari. Eta etxeen atzean geratzen diren espazioak kalezulo baten mugakide diren patio luzatuak dira, eta horrek indartu egiten du kaleak fatxada gisa duen izaeraren itxura uniformea. Wrighten lau etxeko etxe-sailaren planoak, aitzitik, etxe-sail osoa aktibatzen du, guztiz aintzat hartzen baititu koadrikulak planoan dituen bi dimentsioko ezaugarriak, bai eta haren hiru dimentsioko nolakotasunak, espazioko burdin hesi bat balitz bezala. Ez da hierarkikoa, testura homogeneoa du, eta dinamikoa suertatzen da bere antolamendu orokorrean. Etxeak, lorategiak eta kaleak elkar txirikordatzen dira, eta eskala-sekuentzia graduatu batean zehar mugitzen den eredu bat eratzen dute, eta igarotzen dira, hala, publikotik pribatu/komunitariora, uzten diolarik batari bestean sartzen eta “komunitatearen” ideiari dialektikoki definitzen: elkarri lotutako etxe-multzo baten eta azpian datzan koadrikularen azpizatiketa baten gisara.

Wrighten lau etxeko etxe-sailaren planoaren ugaltzea

1903ko amaieran edo hurrengo urtearen hasieran geldiarazi zuen Robertsek proiektuaren bigarren bertsioa. Ez da gauza jakina bere bezeroaren beste enkargu batengatik izan ote zen edo lau etxeko etxe-sailaren planotik abiatuta koadrikula behin eta berriz zatitzeko beraren obsesioagatik, baina Wrightek ideia lantzen jarraitu zuen eta Robertsen diseinuaren hamaika bertsio egin zuen tamaina eta etxe-kopuru desberdineko etxe-sailetarako. 15. irudiko etxe-sail erdiaren plano idealizatua sekuentzia horren parte izan zen. Hasieran proposatu ziren lursailen forma luzangarekin pozik ez zegoenez, inolaz ere, Wrightek agindu zuen marraz zedila bere estudioan 90 graduko errotazioko ahalik eta lursail karratuenak izango zituzten hamabi etxeko plano bat21. Horrela, “zabaldia” iparraldetik hegoalderako pasabide bihurtu zen, oinezkoentzat bakarrik, eta ekialdetik mendebaldera orientatutako bi “patioak” kale partikular bilakatu ziren. Zirkulazio-biderik estuena iparralde-hegoalde ardatzean jartzeak eta hura oinezkoen mugimendura mugatzeak bide hura ohituraren arabera banalerro zen erdialdeko hiribidetik desberdintzeko balio zuen, eta horrek koherentzia-sentsazio handiagoa ematen zion, oro har, etxe-sailari. Aitzitik, “patio” zabalagoek, ekialdetik mendebaldera ebakitzen zutenak eta ibilgailuen eta oinezkoen sarbidea errazten zutenak, etxe-sailaren eskala murrizteko eta haren barruan eta handik kanpo porositate-maila handiagoa bermatzeko balio zuten22.

Robertsen 1903ko proiektu idealizatuarekin zerikusi zuzena duten beste bederatzi plano gorde dira23. Marrazki-multzo osoa esku bakar berarena (edo gehiagorena) da; ohial inprimatu mota berean eginda daude eta enkarguaren diseinuan erabili ziren tinta eta akuarela berekin. Eta are garrantzitsuagoa dena, marrazki guztietan etxearen txantiloi txiki bat erabili da, diseinu-prozesua estandarizatzeko asmoz24. Eta, aztertutako etxe-sail guztiek luzera desberdina badute ere, Robertsenak gutxi gorabehera zeukanaren zabalera bera dute denek25.

Planoetako bat 435 oineko luzerako etxe-sail baterako da, non hamasei etxe eraikiko baitziren, lau multzotan; bi hogeita hamabi etxeko urbanizazio batekoak dira, 685 oineko etxe-sail batean; eta lau hogeita hamabi etxeko urbanizazio baterako dira baita ere, 750 oineko etxe-sail batean. Azken multzoko marrazkirik bukatuenean, etxeetako lursailak karratuak dira ia eta patioak norabide laburragoan eginak dira, Robertsen etxe-sail erdiaren plano idealizatuan bezala. Bateko marrazkiek oin-planoaren marrazkia erakusten dute, besteetakoak, berriz, estalkiaren perspektibatik marraztuak daude. Azken bi horiek bakarrik dauzkate garajeak edo zalditegiak. Bi etxeetarako sarbidea erraztearren, kendu egin zen etxe-saila luzetara zatitzen duen oinezkoen zabaldia eta pasabide estu bat jarri zen haren ordez. Hala ere, tinko eutsi zitzaion etxe-ereduaren estandarizazioari, ez baitzitzaion sarrerako ataririk erantsi zortzi egitura horiei.

Robertsen hirigintza-proiektuko plano ugaldu horietan Belardi-etxearen diseinua estandarizatua egoteak eta etxearen unitatea txantiloi bidez errepikatzeak argi eta garbi uzten du Wrighti gehiago interesatzen zitzaizkiola erlazio espazialen gaiak eskala handiago batean, komunitatearenean, etxe indibidualarenean berean baino26. “Etxe bat Belardi-hiri batean” proiektuan bezala, etxe-multzoak etxearen beraren diseinuak baino askoz lehentasun handiagoa zuen. Horrek ez du esan nahi Belardi-etxe motaren garapena faktore hutsala zenik berarentzat. Baina kontuan hartu beharra dago beti lau etxeko etxe-sailaren planoak hasieratik balio izan zuela garapen formal haietarako molde gisa eta haren geometria, seinale komunitario gisa, Chicagoko koadrikula metropolitanoaren azpizatiketa ideal berri baten esparru sortzaile bilakatu zela arkitektoarentzat.

Esker-emateak

Saiakera hau zorretan dago Frank Lloyd Wright Archives-eko Bruce Brooks Pfeiffer-ekin, Oskar Muñoz-ekin eta Margo Stipe-rekin, marrazkiak eta bestelako funtsezko materiala nire eskura jartzeko jarrera mugagabeagatik. Esker oneko natzaio bereziki Pfeifferi, bere denbora eskaini baitzion marrazkietako asko nirekin begiratzeari, eta bere iruzkin ezin baliotsuagoak eskaini zizkidalako. Eskerrak eman nahi dizkiet, baita ere, William Jerousek-i, Michael Koperniak-i, Frank Lipo-ri, Sandra Sokol-i, John Thorpe-ri eta Fred Zinke-ri, Oak Parkekin bereziki erlazionatutako materialarekin laguntzeagatik. Lehenik “Paris-Chicago circa 1850-1900: Parallels Morphological and Conceptual” (Paris-Chicago 1850-1900 inguruan: paralelismo morfologikoak eta kontzeptualak) sinposioan egin nuen hitzaldian oinarritua dago testua; sinposio hura Chicagon eta Oak Parken egin zen 2000ko irailean. Sinposioaren antolatzaile, David Van Zanten-ekin izan nituen elkarrizketei zor zaizkie gehienbat nire ideietako asko. Hura zabaldu ondoren, testua lehen batean The Urbanism of Frank Lloyd Wright deituko den eta bukatzeko zorian daukadan liburu baten lehenengo zatia da.

[Itzulpena: Jon Muñoz]

Oharrak

  1. Nahita erabili dut “ohiko” hitza Willits etxea lehenengo Belardi-etxetzat daukan “okerreko kontzeptua” esapidearekin batera. Auzia are korapilatsuagoa da. Willits etxea “lehenengotzat” jo izan da (a) eraikia izan zelako eta (b) oro har uste delako eraikuntza-lanak 1901ean hasi zirela eta ez 1902an. Henry-Russel Hitchcock-ek In The Nature of Materials: The Buildings of Frank Lloyd Wright, 1887-1941 liburuan (1942; berriz inprimatua, New York, Da Capo Press, 1975) liburuan, 33-34 orrialdeetan, zioenez, “A Home in a Prairie Town” (Etxe bat Belardi-hiri batean) proiektua, saiakera honetan bertan aurrerago aipatua, “lehenengo Belardi-etxea” zen. Wrightek, Hitchcockek baino hainbat urte lehenago, Winslow etxea aipatzen zuen, 1893—94, River Forest-en, Illinois, “lehenengo Belardi-etxe” gisa, hemen: “Recollections: United States, 1893—1920”, Architects Journal 84 (1936ko uztailak 16): 78. orrialdean eta (1936ko uztailaren 30ean): 142. orrialdean. Bradley eta Thomas etxeak kronologia honetan non kokatu diren jakiteko, ikus aurrerago 12. oharra. [itzuli]
  2. Olmsted, Vaux & Co, “Preliminary Report upon the Proposed Suburban Village at Riverside, near Chicago, by Olmsted, Vaux & Co. Landscape Architects”, 1868ko irailak 1, hemen: The Papers of Frederick Law Olmsted, ed. David Schuyler eta Jane Turner Censer, 6. liburukia, The Years of Olmsted, Vaux & Company, 1865—74 (Baltimore eta Londres: Johns Hopkins University Press, 1992), 280, 286-87 orrialdeak. [itzuli]
  3. André Corboz, “Les Dimensions culturelles de la grille territoriale américaine”, Le Territoire comme palimpseste et autres essais liburuan, ed. Sébastien Marot (Besançon: Editions de l’Imprimeur, 2001), 172-84 orrialdeak. Koadrikula gatzgabea, monotonoa eta aspergarria zelako aurreko ideiaren kontrako oraintsuko interpretazioen artean, hauek aipa daitezke: Andro Linklater, Measuring America: How an Untamed Wilderness Shaped the United States and Fulfilled the Promise of Democracy (New York: Walker, 2002); eta Dell Upton, Another City: Urban Life and Urban Spaces in the New American Republic (New Haven eta Londres: Yale University Press, 2008), 113-79 orrialdeak bereziki. [itzuli]
  4. Etxe-saila Ridgeland herrian kokatua zegoen, 1902an Oak Parkek beretu zuen arte, eta Chicago Hiribideak mugatzen du iparraldetik, Fair Oaks Hiribideak (gerora Scoville deituko zitzaion) mendebaldetik, Superior kaleak hegoaldetik eta Ogden kaleak (gerora Elmwood deituko zitzaionak) ekialdetik. Dimentsioak, 465 bider 364 oin (142 bider 111 metro, gutxi gorabehera) jabetzaren kanpoko lerroei dagozkie, eta kanpoan uzten dute zintarria arteko espaloiaren zabalera guztia. Roberts 1889an hasi zen etxe-sail osoa erosten, eta 1895ean eskuratu zuen jabetza osoa; urte hartan bertan hasi ziren Chicago Hiribidean erdialderako tranbia-zerbitzua eskaintzen. Recorder of Deeds Office, Cook County, Chicago, Illinois. Eskerrak ematen dizkiot Heidi Galles-i informazio hau emateagatik. Wrighten etxea Chicago eta Forest hiribideen izkinan dago. [itzuli]
  5. Muturreko kasu bat bada ere, marrazki hau saiakera honetan aipatzen ditudan marrazki askoren eredu on bat da, ez baita lehenago argitaratu eta ia ezezaguna baita. Gainera, Frank Lloyd Wright Archivesetako marrazki askori oker ipini zitzaion data edo oker identifikatu zen, eta horrek nahaspila handia sortu du gai honetan espezializatutako literaturan, urri samarra baita, izan ere. Neure testuan egindako aipamenaz gainera, “The Quadruple Block Plan: l’obsession de Frank Lloyd Wright pour la grille/The Quadruple Block Plan and Frank Lloyd Wright’s Obsession with the Grid”, Ea V: La revue de l’école nationale supérieure d’architecture de Versailles/Versailles Architecture School Journal 11 (2005/2006): 64-68 orrialdeak, literatura espezializatuan axaletik besterik ez da proiektu hau aipatu, eta 1980ko hamarkadatik aurrera bakarrik, eta, gainera, akatsekin. [itzuli]
  6. Ez dago garbi ea paper koadrikulatua erabiltzea Wrighten ideia izan zen. Lursailen zenbakiak eta estolderiaren erregistrokoak, tintaz, ez dira haren eskuz eginak, baina arkatzez egindako ohar guztiak, etxeen sinboloak, kale-izenak, barne-pasabideak eta erdiguneko dimentsioak arkitektoak berak edo haren estudioko norbaitek eskuz idatziak dira. [itzuli]
  7. Gertstarren Whitehall-eko, Michigan, (1902) bi landetxeen marrazkiak, haietan ere koadrikula gorria baita, salbuespena dira. Architectural Recordeko 1928ko urtarrileko aleko Martin etxeko planoen koadrikulak, Bufalo (1902–06), Oak Parkeko Tenplu Unitariokoak (1905—08) eta Coonley etxekoak, Riversiden, (1906­–09), aldizkarian argitaratzeko erantsi ziren. Maiz aipatzen den gutun batean, 1904koa, Charles E. White Jr., Wrighten estudioko delineatzaileetako batena (eta Charles E. Robertsen suhia), hark hau dio: “[Wrighten] plano […] guztiak modu simetrikoz eta sistematikoz elkartutako unitatez osatuak daude”, eta gero hau eransten du: “sistema bateratu hori da” —haren iritzian— “Wrightek arkitekturari eginiko ekarpenik handiena”. Charles E. White Jr.ek Walter Wilcoxi, 1904ko maiatzak 13, hemen: “Letters, 1903­–06, by Charles E. White Jr. from the Studio of Frank Lloyd Wright”, ed. Nancy K. Morris Smith, Journal of Architectural Education 25 (1971ko udazkena): 105. or. 1904an hasi zen White Wrightentzat lanean. [itzuli]
  8. Tentazioa izaten du batek, marrazki hau ikusita, XVIII. mendeko eta XIX. mende hasierako angloamerikar hiri-plaza tipikoa tankera suburbanoan eraldatu dela pentsatzeko. [itzuli]
  9. Etxeen sei marrazkiak eredutzat balio izatea zen asmoa. Seiretatik, hiru “House 1”, “House 2” eta “House 4” idazkunarekin etiketatuak daude marrazkian bertan, eta bat “Corner House” izendapenarekin [“Izkinako etxea”]. 1 eta 2 marrazkien datak 1896ko urtarrilaren 16koa eta 20koa dira, hurrenez hurren. Gainerako marrazkietatik bat berak datarik ez badu ere, ez dago arrazoirik askoz beranduagokoak direnik pentsatzeko. Ez dago frogarik Frank Lloyd Wright Archivesek Corner Houserako eta antolamendu-planerako proposatzen duten 1897ko data baieztatzeko, ezta proiektu desberdin baterako zirela baieztatzeko ere. [itzuli]
  10. Wright izan zen bi diseinuk ordezkatutako arkitekto bakarra. Haren “A Small House with ‘Lots of Room in it’” aldizkariko 1901eko uztaileko alean argitaratu zen. Beste arkitekto batzuen diseinuak ere argitaratu ziren, hala nola: Ralph Adams Cram, Wilson Eyre, Elmer Grey, Milton Medary eta Bruce Pierce arkitektoen lanak. [itzuli]
  11. Town “hiria” hitzak garai hartan komunitate suburbano bat aipatu ohi zuen landa-giroko bat baino gehiago. 1 oharrean gorago esan dudan bezala, Henry-Russell Hitchcockek, haren “In the Nature of Materials” lanean, aipatu zuen lehenik “Etxe bat Belardi-etxe batean” Belardi-etxearen prototipo gisa. Hala ere, ez dago garbi ea “Etxe bat Belardi-hiri batean” lanerako egindako marrazkiak Kankakee-ko, Illinois, Bradley eta Hickox etxeak baino lehenagokoak edo gerokoak ote diren; bi etxe horiek 1900eko ekainean diseinatu ziren, eta kontzeptu honen lehen agerbide eraikiak dira. Thomas etxea Oak Parken, 1901ean eraiki zena, “Etxe bat Belardi-hiri batean” laneko fatxada nagusiaren egokitzapen oso leial bat da. Kokapenaren eremu urriagatik ezin izan ziren planoak erabat garatu. [itzuli]
  12. Lau etxeko etxe-sailean oinarritutako proiektu honen eta beste batzuen bigarren mailako iturriak hauek dira: David P. Handlin, The American Home: Architecture and Society, 1815–1915 (Boston eta Toronto: Little, Brown, 1979), 141-66, 158-66 orrialdeak; Gwendolyn Wright, Moralism and the Model Home: Domestic Architecture and Cultural Conflict in Chicago, 1873–1913 (Chicago eta Londres: University of Chicago Press, 1980), 132-49, 280-94 orrialdeak; D. P. Handlin, “The Context of the Modern City”, Harvard Architecture Review 2 (1981ko udaberria): 76-89 orrialdeak; G. Wright, “Architectural Practice and Social Vision in Wright’s Early Designs”, hemen: The Nature of Frank Lloyd Wright, ed. Carol R. Bolon, Robert S. Nelson eta Linda Seidel (Chicago eta Londres: University of Chicago Press, 1988), 98-124 orrialdeak; Donald Leslie Johnson, “Origin of the Neighbourhood Unit”, Planning Perspectives 17 (2002): 227-45, eta D. L. Johnson, “Frank Lloyd Wright’s Community Planning”, Journal of Planning History 3 (2004ko otsaila): 12-19 orrialdeak. [itzuli]
  13. Frank Lloyd Wright, “A Home in a Prairie Town”, Ladies’ Home Journal, 1901eko otsaila, 17. or. [itzuli]
  14. Ladies’ Home Journalerako Wrightek egindako bigarren diseinuaren planoak, “A Small House with ‘Lots of Room in It’’’, “A Home in a Prairie Town”en jadanik zirriborratutako biragailuaren ideia lantzen zuen, gerora Willits etxean hartu zuen forma zehatzarekin. [itzuli]
  15. Ez zegoen, nonbait, atzeko patio batzuk bestetatik bereiziko zituen hesirik, nahiz ezin den ziurtasun osoz baieztatu. [itzuli]
  16. “New Ideia for Suburbs. Plan of Frank Lloyd Wright”, Chicago Evening Post, 1901eko uztailak 12, 8. or.; Oak Park Reporteren berrinprimatua, 1901eko uztailak 18, 4. or. [itzuli]
  17. Marrazkiek datarik ez badute ere, ez dago zalantzarik proiektuari egozten zaion 1903ko data zalantzan jartzeko. Baliteke 1904en jarraitu izana. Charles Whitek Walter Wilcoxi datarik gabe idatzi zion gutun batean, 1904koa dela uste den arren, Smith-ek, “Letters”en, 107. or. hau dio: “Roberts aita” pentsatzen ari da orain “Wrightek bere etxe-sailerako eginiko hogei [sic] etxeko zirriborroaren asmoa aurrera eramatea”. [itzuli]
  18. Erdi plano idealizatuari dagokionez, ikus segidan 22. oharra. Wrightek oker argitaratu zuen plano hori 1900–01eko “Etxe bat Belardi-hiri batean” zegokionari balitz bezalakoa bere Ausgefürhte Bauten und Entwürfe von Frank Lloyd Wright (Berlin: Ernst Wasmuth, 1910[1911]) lanean. Aldez horren ondorioz, gai honetan espezializatutako literaturak nahasi egin du bere leku zehatza lau etxeko etxe-sailen planoen iterazioen kronologian. [itzuli]
  19. Martin etxearen planoa “Etxe bat Belardi-etxe batean” planoarena da zehatz-mehatz, 1903ko Roberts etxeetan islatzen den diseinuaren eboluzio baten arabera bereizia eta abstraitua. [itzuli]
  20. Lau etxeko multzoaren dimentsioak zuzenak diren artean, Superior kaleko eta Scoville Hiribideko fatxaden dimentsio orokorrak alderantzizkatuak daude. Gainera, azkenekoa bere aurreko izenaz izendatua dago: Fair Oaks. [itzuli]
  21. Horren ondorioz, luzatu egin zen etxe-saila (espaloien barne ertzeraino), eta, hala, lehen 465 oin bazituen, orain 558 oin zituen (142 metrotik 170 metrora). [itzuli]
  22. Aldi bere-berean, etxe-sailaren hegoaldeko erdiaren planoaren bertsio alternatibo bat ekoitzi zuen estudioak, non eraikinen eta bide publikoen oso konfigurazio desberdina agertzen baitzen (FLW0309.019; aldez aurretik FLW0019.004). Plano horretan, zeinaren ardura, ziur asko, Walter Bulley Griffin-ena izango zen, Wrighten delineatzaileetako batena, hain zuzen, etxeek ez dute jadanik biragailu-antolamendua, eta ez daude, ezta ere, beren lursailean erdiratuak, aitzitik, binaka konbinatzen dira eta ekialdetik mendebaldeko norabidean orientatutako kaleen espaloietara eta “patioetara” hurbiltzen dira. Etxe-sail bakoitzaren erdian multzo independenteak eratu ordez, lau etxeko taldeek unitateak osatzen dituzte kale pribatuen espazio barruan. Etxeen atzealdeko galeriak elkartzen dituzten horma txiki baxu batzuk iparraldea-hegoaldea norabidean orientatuta daude, barne lorategi luzeak eratzeko, zeinak “patioak” zeharkatuz luzatzen baitira, espaloietan ebakiak eta landare-parterreak egin izanaren bitartez. Zelai-eremu are handiago bat zabaltzen da iparralde-hegoalde norabidean etxe-sailaren erdiraino, eta jendeari sarbidea ixten zaio, bai hegoaldetik eta bai iparraldetik, bigarren horma txiki luze eta etxe-sailaren perimetro osoan jarraipena daukan baten bitartez. Etxe bakoitzak sarrerako pasealeku bat du, eta, baita ere, ondoko etxearekin partekatutako auto-sarrera bat dirudien zerbait, eta horrek susmoa sortzen du ez ote den plano alternatibo hau ariketa bat leku hartan garajeak edo estalpeak nola egokitu zitezkeen ikusteko. Halakoxe nahaspila gertatu da Griffinek Wrighten plangintza suburbanoan izan zuen zereginari dagokionez. Donald Leslie Johnson-ek liburu honetan, The Architecture of Walter Burley Griffin (Melbourne eta Sidney: Macmillan Company of Australia, 1997), 41. orrialdean, hau zioen: “Wrighten lau etxeko planoen hasierako garapen lana Griffini enkargatu zitzaion”, nahiz hura ez zen Wrighten estudioan sartu 1901eko ekaina arte, proiektua argitaratu eta handik lau hilabetera arte, alegia. Ideia horri jarraituz, Charles E. Aguar-ek eta Berdeana Aguar-ek, Wrightscapes: Frank Lloyd Wrights Landscapes Designs (New York, McGraw-Hill, 2002) idazlanean, 55-58 orrialdeetan, Griffini egozten dizkiote 1903ko Robertsen etxe-sailaren diseinuaren bi bertsioak, Grant Carpenter Manson-ek, 1940an, Marion Mahony Griffin, Walterren emaztea, aldez aurretik Wrightentzat lan egin zuena, elkarrizketatu zuenean hartu zituen oharretan oinarriturik. Hau da, berez, Mansonek hartu zuen oharra: “Griffinek, bat-batean, hirigintza-plangintzarako halako sen bat erakutsi zuen, eta horrek emulazio-nahi bat eta jelosia pixka bat piztu zuen FLWrengan —horren ondorioa izan zen FLWen ‘Lau etxeko etxe-sailen planoak’ esan zitzaiona—, baina oso gaizki iruditzen zaio, ikuspegi erabat okerra: etxeek ez zuten barrualderantz orientatuak egon behar, etxe-sailaren kanpoalderantz baizik. Eta, gainera, kalerik eta espaloirik gabe”. Grant Carpenter Manson, “Records of F.L. Wrigth”, Oak Park Libraty, Oak Park, Ilinois, 2. fitxa, aurrealdea. Marion Mahony Griffin-ek, “Democratic Architecture-II. Its Development, Its Principies and Its Ideals”, Building 14 (1914ko abuztuak 12) 91. orrialdean, hau esaten zuen: “Wrighten lehenengo [sic] ohiko multzo-planoak” elkartuak aurkezten zituela lau etxeak, “etxe-sailen erdialdeetan, batik bat, lursail guzti-guztiak fatxadak ematen duen kalerantz irekita utzirik, eta, beraz, ez dute pribatutasunik eta puska batean ibili edo gidatu beharra dago etxeetara sartu ahal izan aurretik”. Hori batere praktikoa ez zela konturaturik, Walter Burley Griffinek “lau etxeen eskema eraldatu zuen, eta izkinetan ipini zituen, etxe-sailaren erdian jarri ordez”. Cammie McAteeri eskertzen diot Mansonen elkarrizketaren transkripzioa eman izana. [itzuli]
  23. Horietako hiruk bakarrik, aurreko oharrean deskribatutakoak barne, jarraitzen dutenez Griffinen antolamenduaren eskema alternatiboa, uste izatekoa da Wrightek argi eta garbi nahiago izan zuela lau etxeko etxe-sail mota. Bederatzietako bat marrazki bat da (FLW0309.006), zeinak, lau etxeko etxe-sailen planoen konposizio bat ilustratu ordez, erakusten baitu etxe-sailaren alde batean kalerantz orientatutako etxe konbentzional sail bat eta, beste aldean, berriz, Wrigth estiloko etxe-sail multzo bat. Marrazki horren xedea Wright estiloko etxeek etxe konbentzionalekiko duten nagusitasuna erakustea zela interpretatu izan den arren, oro har, nik esango nuke marrazki hori egin zela argi uzteko etxeen diseinuak berak ez zuela garrantzirik, lau etxeko etxe-sail planoak eratzen zuen azpizatiketa berriarekin konparatuta. [itzuli]
  24. Interesgarria gertatzen da Wrightek txantiloia gorde izana; aldez aurretik sekula argitaratu ez bada ere, Frank Lloyd Wright Archives-en dago txantiloi hori. [itzuli]
  25. 367koa izan zen aldea, 364 oinen aurrean (112 metro 111 metroren aurrean, gutxi gorabehera). [itzuli]
  26. Txantiloia 1912–13 arte ere erabili izan zen; orduan, George Hooker, Chicagoko City Club-eko udal-idazkariaren eskari bati erantzunez, Wrightek marrazki bat egin baitzuen lau etxeko etxe-sailean oinarritutako hogeita hamabi etxe-saileko bizitegi-urbanizazio baterako. City Clubek antolatutako koadrikulako sail-eredu bat (Model Ouarter Section) diseinatzeko lehiaketan berariaz parte hartu ez bazuen ere, Wrighten proiektua 1913ko udaberrian erakusgai egon zen beste proposamen batzuekin batera eta lehiaketa dokumentatu zuen liburuan argitaratu zen: Alfred B[eaver] Yeomans, ed., City Residential Land Development: Studies in Planning. Competitive Plans for Subdividing a Typical Quarter Section of Land in the Outskirts of Chicago, Publications of the City Club of Chicago (Chicago: University of Chicago Press, 1916ko abendua) 96-102 orrialdeak. [itzuli]