Edukira zuzenean joan

Haunted: egungo argazkigintza-bideoa-performancea

TAG_Tirudiak_VALUE
Izenburua:
Haunted: egungo argazkigintza-bideoa-performancea
Data:
2010ko azaroak 6 - 2011ko martxoak 13
Komisariotza:
Jennifer Blessing eta Nat Trotman
Erakusketa mota:
Taldekoa
Gaiak:
Artea eta denbora | Artea eta emozioa | Artea eta teknologia | Memoria
Mugimendu artistikoak:
Arte Garaikidea
Erakusketa birtuala:
https://www.guggenheim-bilbao.eus/eu/erakusketak/haunted-egungo-argazkigintza-bideoa-performancea/

Egungo argazki eta bideo ugari iraganak, artearen historiak eta mamuek sorgindu dituztela ematen du; izan ere, mamu horiek erreprodukzio-baliabideetan, zuzeneko performanceetan eta giro birtualean azaltzen dira. Artistek itzuli ezin daitekeen iragana berreskuratzeko grina dute eta nahi malenkoniatsu horixe gauzatzen dute euren artelanetan, askotariko baliabide estilistikoez eta garaiz kanpoko, zaharkitu diren edo ia erabiltzen ez diren gaiez eta teknologiaz baliatzen direla. Obsesio hori jaso zuen Haunted: egungo argazkigintza-bideoa-performancea erakusketak eta horretan erreprodukzio-baliabideen indar berezia azpimarratu zuen.

Erreprodukzio-baliabideek eta performanceek denborazkotasun zatikatua azaltzen dute eta horrexek definitzen ditu oinarrian: iraganeko edo aurreko gertaerei biziki erreferentzia egiten diete eta horiek orainaldian antzematean, iragana orainaldira etortzen dela sentitzen dugu, hildakoak metaforikoki berpiztu direla; beraz, ikusleak historiaren eta berehalakoaren artean zintzilik daude. Maiz, teknologia horien bidez hartutako irudiak iraganaren dokumentazio literala dira: izandako esperientzia batzuen lekuko dira hala, eta, horrenbestez, gertakizun horiek baieztatzen dituzte; izan ere, hala izan ezean, esperientzia horiek oroitzapen iheskor gisa, labur eta modu urdurian besterik ez lirateke gordeko. Ezaugarri horrek eman dio argazkigintzari sortu zenetik, baita performanceari ere, halako botere magikoa, eta horregatik uste izan da argazkigintzak heriotza gainditzen duela, memento morigisa, denboraren halabeharrezko joana etengabe gogora diezagun.

Gehienbat Guggenheim Museoen Bilduma Iraunkorraren lanak ziren Haunted erakusketakoak eta horien artean honakoak egon ziren: argazki bakunak eta sailak; argazkigintzaren osagaiak txertatzen dituzten pinturak; eta eskulturak, bideoak, filmak, kokapen zehatzeko instalazioak eta soinu-grabazioak. 2001etik aurrera sortu ziren lan ugari zeuden arren, 1960ko hamarkadatik aurrera argazkigintza artean nola txertatu den azaldu zuen erakusketak eta denboraren joanaren eta ikus-entzunezko erreprodukzioen arteko erlazio bereziari so egin zion.