Edukira zuzenean joan

Haunted: egungo argazkigintza-bideoa-performancea

hezkuntza-edukia

Haunted

Didaktika honetan Haunted: egungo argazkigintza-bideoa-performancea erakusketan parte hartzen duten artista batzuen ahotsak batzen dira. Aipu horiek artistek iraganaren ideiari nola heltzen dioten erakusten dute. Iragan hori askotan zaharkitzapenarekin, desagerpenarekin eta heriotzarekin lotua dago, eta gai horiek bultzatuta, artistek halabeharrez erabiltzen dituzte grabatzeko teknologiak, esaterako, argazkigintza, bideoa eta zinema, euren lan-prozesuen oinarrizko baliabide moduan. Askok denbora “izozteko” edo jada desagertu diren momentuak gogora ekartzeko erabiltzen dituzte euskarri horiek; beste batzuek, aldiz, denboraren iragaitea era poetikoago batean oroitarazten dute eta beti iraganari atxikita dagoela ematen duen malenkonia sentimendua azaleratzen dute.

Aipuez gain, Zazpi obra sinple (Seven Easy Pieces) lanaren bideoak ere aurkezten dira, 2005ean Marina Abramović-ek New Yorkeko Solomon R. Guggenheim Museum-en aurkeztu zuen performance-multzo bat jasotzen dutenak. Lan horren atzean dauden kontzeptuak —bereziki, zuzeneko performanceen bidez iraganeko lan igarokorrak berregitea— ondo lotzen zaizkie Haunted erakusketan dauden argazkiei, bideoei eta filmei. Museoaren hirugarren solairuan, XV. mendetik gaur egun arte irudiaren garapena eta ikusmen-hautematearen kontzeptua bultzatu zuten gertaera historiko, aurrerapen teknologiko eta giza-bilakaera multzoa batzen duen kronologia aurkituko duzue. XX. mendeari eskainitako atalak Haunted: egungo argazkigintza-bideoa-performancea eta Guggenheim Bilbao Bildumaren aukeraketak erakusketetan agertzen diren artista batzuen lanak hartzen ditu adibide gisa; hala, ikusizko kulturaren egungo ikuspegia eskaintzen dute eta Guggenheim Bilbao Museoan aurkezten diren erakusketa guztiak erlazionatzen dituzte.