Edukira zuzenean joan

Haunted: egungo argazkigintza-bideoa-performancea

Sarrera

Haunted: egungo argazkigintza-bideoa-performancea

Izenburua:
Haunted: egungo argazkigintza-bideoa-performancea
Erakusketa:
Haunted: egungo argazkigintza-bideoa-performancea
Gaiak:
Artea eta denbora | Artea eta emozioa | Artea eta teknologia | Sorkuntza artistikoa | Memoria
Mugimendu artistikoak:
Arte Garaikidea
Artelan motak:
Argazkia | Bideoa | Eskultura | Ikus-entzunezkoa | Instalazioa | Performance | Pintura | Soinu-artea

Egungo argazki eta bideo ugari iraganak, artearen historiak eta mamuek sorgindu dituztela ematen du; izan ere, mamu horiek erreprodukzio-baliabideetan, zuzeneko performanceetan eta giro birtualean azaltzen dira. Artistek itzuli ezin daitekeen iragana berreskuratzeko grina dute eta nahi malenkoniatsu horixe gauzatzen dute euren artelanetan, askotariko baliabide estilistikoez eta garaiz kanpoko, zaharkitu diren edo ia erabiltzen ez diren gaiez eta teknologiaz baliatzen direla. Obsesio hori jasotzen du Haunted: egungo argazkigintza-bideoa-performancea erakusketak eta prozesu horretan erreprodukzio-baliabideen indar berezia azpimarratzen du. Erreprodukzio-baliabideek eta performanceek denborazkotasun zatikatua azaltzen dute eta horrexek definitzen ditu oinarrian: iraganeko edo aurreko gertaerei biziki erreferentzia egiten diete eta horiek orainaldian antzematean, iragana orainaldira etortzen dela sentitzen dugu, hildakoak metaforikoki berpiztu direla; beraz, ikusleak historiaren eta berehalakoaren artean zintzilik daude. Maiz, teknologia horien bidez hartutako irudiak iraganaren dokumentazio literala dira eta hala, izan diren esperientzia batzuen lekuko dira eta, ildo horretan, gertakizun horiek baieztatzen dituzte; izan ere, hala izan ezean, esperientzia horiek oroitzapen iheskor gisa, labur eta modu urdurian besterik ez lirateke gordeko. Ezaugarri horrek eman dio argazkigintzari sortu zenetik, baita performanceari ere, halako botere magikoa, eta horregatik hartu izan da argazkigintzak heriotza gainditzen duela, memento mori gisa, denboraren halabeharrezko joana etengabe gogora diezagun.

Gehienbat Guggenheim Museoen Bilduma Iraunkorraren lanak dira Haunted erakusketakoak eta horien artean honakoak daude: argazki bakunak eta sailak, argazkigintzaren osagaiak txertatzen dituzten pinturak eta eskulturak, bideoak, filmak, kokapen zehatzeko instalazioak eta soinu-grabazioak. 2001etik aurrera sortu ziren lan ugari dituen arren, 1960ko hamarkadatik aurrera argazkigintza artean nola txertatu den azaltzen du erakusketak eta denboraren joanaren eta ikus-entzunezko erreprodukzioen arteko erlazio bereziari so egiten dio.