Edukira zuzenean joan

Jeff Koons: atzera begirakoa

Sarrera

Jeff Koons: atzera begirakoa

Jeff Koons-ek artelan bereziak, nahasezinak eta berritzaileak garatu ditu; horrexek bihurtu du gaur egungo artearen irudi gailenetako bat. Haren lanak publikoarentzat ulerterrazak eta ezaguterrazak izan ohi dira, gaur egungo beste artelan batzuk ez bezala. Artearen historiako iturri askotatik edaten dute, hala nola, Surrealismotik, Pop Art-etik eta Dadaismotik. Koonsen estilo berezian, era harmoniatsuan elkartzen dira hasiera batean antagonikoak ematen dituzten kontzeptuak eta dualitateak, ikonografiari eta erabilitako materialei esker: bizitza eta heriotza, iragana eta orainaldia, sexualitatea eta xalotasuna, luxua eta soiltasuna, betierekoa eta berria, publikoa eta pribatua, industriala eta eskuz egina, femeninoa eta maskulinoa. Artelanen akabera bikaina lortzeko, estudioa haren ezinbesteko tresna da. Koonsek haren artegintzan bere buruaren onarpena gauzatzen du. Gure banakotasuna aldarrikatzera garamatzate Koonsen pinturek eta eskulturek, eta gizartearen barruan sailkatzen gaituzten eta gure zereginak mugatzen dituzten tabu eta ohitura jakin batzuk apurtzera gonbidatzen gaituzte. Artea pizgarri gisa erabiltzen du Koonsek, gizartean aldaketa eragiteko. Lan batzuetan, industriako materialak erabiltzen ditu, baina garesti itxura ematen die, luxuzko antza emateko. Arketipo ezagunen erreferentziak gehitzean, ikuslea bere kultur ezagutzekin eroso sentiarazten du.

Ezusteko proposamenez betetzen ditu erakusketak eta harridura handia eragin dute kritikaren eta publikoaren artean. Orain, lehen aldiz, ekoizpen osoa hartzen duen atzera begirakoa antolatu da: produkzio koherentea eta egituratua, are berritzailea eta harrigarria, duela agerian jartzen du. Koonsen lanek norberak bere burua onartzeari, munduari begiratzeari eta artearen bitartez izatea berresteari buruz hitz egiten digu. Mundu honetan gure lehen eguna izango balitz bezala egoteko aholkua da.

New Yorkeko Whitney Museum of American Art-ek antolatutako erakusketa Parisko Centre Pompidou-rekin eta Guggenheim Bilbao Museoarekin lankidetzan.