Edukira zuzenean joan

June Crespo. Baskularra

katalogoa

Hitzaurrea

Manuel Cirauqui

Izenburua:
Hitzaurrea
Egilea:
Manuel Cirauqui
Argitalpena:
Bilbao: Caniche Editorial eta FMGB Guggenheim Bilbao Museoa, 2024
Orrialdeak:
174
ISBN:
978-84-127621-2-9
Lege gordailua:
BI 00031-2024
Erakusketa:
June Crespo. Baskularra
Gaiak:
Emakumea artean | Artistak | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Espazioa | Lan-prozesua | Materialtasuna | Tamaina | Eskala | Erakusketak | Guggenheim Bilbao Museoa | Feminismoa | Ingurunea eta natura | Euskal Herria | Poesia | Emozioa | Antropozenoa | Teknika eta materialak
Mugimendu artistikoak:
Arte Garaikidea
Artelan motak:
Eskultura
Aipatutako artistak:
Crespo, June

June Crespo (Iruñea, 1982) artistaren obra, egileak hala erabakita, hainbat ikerketa-ildo eta bide garaikideren bidegurutzean kokatzen da. Alde batetik, elkarrizketa eraldatzailea sortzen du azken hamarkadetako euskal artea markatu duten kontzeptuekin, “pare mugikorrekin”, hala nola abstrakzioa eta keinua, tragikotasuna eta opakutasuna, arintasuna eta bitxikeria. Era berean, duela gutxi arte eztabaida handietan premiazkotzat jotzen ez ziren zenbait gai hartzen ditu bere gain, bereziki sentsibilitate feminista eta bizimodu modernoak naturari eragindako suntsiketaren kontzientzia —produkzio- eta erreprodukzio-ziklo industrial eta post-industrialek eta Antropozenoaren higadurak natura dagoeneko erabat menderatuta daukaten honetan—.

June Cresporen obran, lehenengo lanetatik hasita, ensanblajeetan elkarreraginean dabiltzan eragile gisa ageri dira materialak, marruskaduraz eta erakarpenez betetako eragiketen eragile gisa, hain zuzen ere. Horrek esan nahi du sarritan agertzen direla, ia ezagutzeko moduan agertu ere, funtzionaltasun industriala gogorarazten duten ontzien edo egituren zatiak, esaterako, bidoienak, zementuzko kofratuenak edo zingilaz eutsitako burdin zatienak; baina horien kokapenak, sarritan, giza gorputzen proportzioei jarraitzen die altuerari, hedapenari eta lurrarekiko harremanari dagokienez. Hala, irudikapen antropomorfikoz, mundu naturalaren emulazioz zein arkitekturarekiko mendekotasun bikarioz osatutako eskulturaren nolabaiteko historian parte hartzen dute, eta berekin daramate historia hori. June Cresporen obran, harreman mekanikoak —zehazki, eskultura baten atal edo organoen artekoak— intentsitate afektiboekin nahasten dira. Erretxinazko masa zati bat eta igeltsuzko mugarri bat metalezko egitura batekin kontaktuan jartzean —Titulurik gabea (Eta zure urratsak entzuten ditut honantz etortzen) [Sin título (Y escucho tus pasos venir), 2018] lanean, adibidez— material horren guztiaren emozio eta potentzialtasunak jartzen dira abian. Materialek subjektu politikoen jarrera konplexuak erakusten dituzte; ezinezkoa da haien artean besarkadarik, musurik, tentsiorik eta urraturik ez ikustea, are etsaitasun eta tolerantziarik ere; keinuen eta praktiken erreferentziak, jatorriaren aztarnak —norbaitenak izandako arropak, laneko eskailerak edo zelak, inguruko mundua eraikitzeko balio duten aldamioak— kontraesanean daude obraren itxura abstraktuarekin, eta ezusteko enpatia-moduetara bultzatzen gaituzte. Cresporen lanetan behin eta berriz gertatzen da objektu jakin baten eraldaketek alienazioak eta elkarguneak eragiten dituztela aldi berean, eta horiek, halaber, eraldaketa—, zatiketa— eta konbinazio-eragiketak sorrarazten dituztela.

Gaurdaino, materialtasunaren izaera bizi eta aktiboa beti egon da Cresporen jardunaren baitan, eta Guggenheim Bilbao Museoan ikusgai dagoen Baskularra erakusketaren proiektuaren oinarri-oinarrian ere badago. Erakusketa horren xedea Cresporen obrari buruzko ikuspegia eskaintzea da, eta, era berean, baita artista orain arte bere lanean aztertu gabeko eskala eta hedapena esploratzera bultzatzea ere. June Cresporen eskulturek askotariko elementuak biltzen eta nahasten dituzte —landareetatik ateratako moldeak, aurkitutako arropa edo oihalak, eraikuntzarako piezak (adreiluak, totxoak…), hagatxoak, egunkariak— eta, hala, azpimarratu egiten dute zer-nolako kontraste bortitza dagoen bizitako materialaren eta gure bizitza hesitzen eta bideratzen duten elementu estrukturalen artean, izan hodiak, txapak, moldeak nahiz kofratuak. Horiei zurtoinak atxikitzen zaizkie, edo haien arteko loturetan harrapatuta geratzen dira oihalezko piezak zein paperak. Tenkatzaileen bidez lotuta edo besterik gabe bata bestearen kontra jarrita, elementu horiek galdekatu egiten dute elkar. Azken zazpi urteetako hogeita hamar pieza ingururekin batera, Baskularra erakusketa ekoizpen berri eta bikain baten inguruan artikulatzen da, non Cresporen sail askotan errepikatutako formak, keinuak eta galderak elkartzen baitira. Horren adibide dira argazkien erabilera eskultoriko edo are arkitektonikoa, lurreko inprimatze handi bilakatuta; edo ekoizpen industrialeko zein eraikuntzako euskarriak (hala nola lan-mahaiak edo plataforma jasotzaileak) aurkeztea, ez rol autonomoan, baizik eta eskultura-multzo baten rol funtzionalari lotuta; eta biak ala biak euskarri bilakatzen dira, forma begetal, tubular eta zilindrikoak espazioan zehar ugaritu daitezen. Halako keinu eta galderen talkak aukera ematen du ikerketa material eta formal berriak garatzeko, eta horiek tamaina erraldoiko espazioa hartzeko, bertan harreman-ildo ugari marraztuta. Baskularra erakusketan, June Cresporen pieza bakoitzaren barne-komunikazioa adierazi nahi da, bukatutako eskulturek nahasteen, edontzien, substantzia urtuen, garbiketen mundu likido eta jariakorrarekin duten zorra. Baina ez hori bakarrik. Erakusketak proiektuan dauden obra guztien arteko transmisioak ere iradokitzen ditu, ontzi komunikatu eta kapilar-sare gisa jokatzen baitute, bai kontakizun materialari dagokionez, bai Crespok eskarifikazio gisa eskulturan azalerarazten dituen potentzial semantikoei dagokienez. Horrelaxe sortu da proiektu hau, non espazioarekin duen harremana birplanteatu baitu artistak, eta non bira harrigarri bat egin baitu, bere lana ezohiko hedapen batera birkalibratuta. Instalazio berri hau izen bereko erakusketarako pentsatua eta egina izan da, eta artistaren ibilbidea ezagutzeko bide posible bat marrazten duten zenbait eskultura-sail jasotzen ditu.

June Cresporen obran oso erraza da indibidualtasunaren haria galtzea: homonimiak, errepikapenak eta sail irekiak nagusitzen dira (adibidez, Dividual, 2002). Horrenbestez, erakusketa barnean piezak multzokatzeko irizpideak assemblage eskultoriko baten barne-eraketan dagoen irizpideari jarraitu dio; irizpide horrek ez du zerikusirik kronologiarekin, izenekin edo zenbakiekin, baizik eta espazioan duten afinitatearekin, intentsitate komunarekin eta ahaidetasunarekin. Hala, antzemangarri suertatzen dira Baskularra (Vascular, 2024) sail berriak honako obra hauekin dituen triangulazioak: VSCHC (2023); Beloak (Veils, 2022); Acts of Pulse (2022); aipatutako Dividual (2022); No osso (2021); eta Banoa, bai (Voy, sí, 2020). Eta hori hain da horrela, non esan baitezakegu Cresporen banakako piezak ez direla benetan indibidualak, sail bateko iterazioak baizik, eta haietan osagai bat bakarra ezagutzen dugun arren gehiago ere egon litezkeela. Piezak leku jakin batean elkarrekin egoteak berekin ekar ditzake gogoeta- eta berrantolaketa-prozesuak. Artista ohituta dago horiek onartzen, eta itxura batean amaitutzat emanda zeuden obrak edo pieza-sekuentziak berregin edo editatzen ditu modu harrigarrian. Hor, bada baskularitate boteretsu bat, lanaren alde morfologikoa gainditu eta egiturari eragiten diona. Baskular izatea metodologia bat da, baina pathos bat ere bada, eta proiektu honek hor hartzen du zentzua, obra berri baten genesi gisa, eta, orobat, egindako bidearen berrirakurketa gisa.

Argitalpen honek —erakusketaren bidelagun izateaz gain haren eraginpean ere badagoenak eta harekiko lotura baskular askoak dituenak— bere material-sorta propioa planteatzen du. Horien artean, artistaren ekoizpen-egunkariko oharrak nabarmentzen dira, proiektu honetarako sorkuntza-lan berrien garapen-fase nagusietan jasoak. Ohar horien eta Baskularra izenburupean biltzen diren obren arteko korrespondentzia hain da intimoa eta indartsua, ezen elkarri belarrira xuxurlaka ari direla baitirudi. Cresporen ekoizpen-egunkariaz gainera, Miren Agur Meabek idatzitako poema-ziklo bat ere badago, hura ere ezin intimoagoa, bi-bien unibertsoek bat egiten duten eremu komunaren adierazgarri: erresonantzia-ekintza. Liburuak biltzen dituen bi saiakera kritikoek, berriz, June Cresporen lanaren eragin sakona dute, eta modu diskurtsiboan erantzuten diote lan horri, ez hainbeste azalpen artikulu gisa, baizik eta obrak aurkezten dizkigun problematiken lanketa sendo gisa. Bai Jara Rocharen testuak, bai nireak, esploratzea dute xede, Cresporen jardunak horretarako gonbita egiten baitigu bere ez-osotasun sendotik; prozesuaren eta fintasunaren arteko, filosofikoa denaren eta erraietakoa denaren arteko gainezarpen etengabetik.