Edukira zuzenean joan

June Crespo. Baskularra

katalogoa

Egunkari baskularra

June Crespo

Izenburua:
Egunkari baskularra
Egilea:
June Crespo
Argitalpena:
Bilbao: Caniche Editorial eta FMGB Guggenheim Bilbao Museoa, 2024
Orrialdeak:
174
ISBN:
978-84-127621-2-9
Lege gordailua:
BI 00031-2024
Erakusketa:
June Crespo. Baskularra
Gaiak:
Emakumea artean | Artistak | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Sormena | Subjektibotasuna | Idazketa
Mugimendu artistikoak:
Arte Garaikidea
Aipatutako artistak:
Crespo, June

03 / 21

Txertaketa.

M.-ri esaten diot elkarri korapilatutako loreen orgia txiki bat iruditzen zaidala.

M.: “Udaberrian gaude. Zurtoinak haizearekin nahasten dira”.

Zinta itsasgarria ebakiak estaltzeko edo adierazteko. Brontzearen gainean esparatrapua erabiltzea pentsatu dut.

03 / 23

Berrantolatzen ari naiz. Atal-modulu bat lekuz aldatu dut. Gorputz bat mugitu.

Alboetarantz hedatzen da. Sorta izatetik zubi izatera pasa da.

Erdigunea erditik mugitu. Ez dauka oinarri bakar bat.

Irudi hauek bildu ditut Manuel Cirauquirekin izandako elkarrizketa baten ostean.

03 / 28

Argizarizko eranskinak egin ditut atalak luzatu edo elkartzeko. Ez dut inoiz lehendik galdatutako pieza batean argizariarekin lan egin; denborarik ezagatik, agian. Argizariak brontzearekiko duen materialtasun- eta kolore-kontrastea gustatzen zait. Horrela gera liteke.

Gaur goizean Alondegitik pasa naiz eta Elena Aitzkoaren azken eskultura ikusi dut hallean. Egunaren amaieran zatika egin ditudan argazkiak begiratzen ari naizela, nire piezaren zati batzuekiko antzekotasunak antzeman ditut, tolesdura eta pilaketa guneetan. Eskalan ere bai.

03/29

Duela bizpahiru aste K.-rekin lo egin nuen, eta amets erotikoa izan nuen strelizia batekin. Lorea hankartean egokitzen zitzaidan, xurgatu eta guztiz betetzen ninduen.

03 / 30

K.-ri argizarizko eranskinak dituen eskulturaren zati baten argazkia erakutsi diot. Miazkatzeko gogoa ematen duela esan dit.

Zurtoina osatzen duten atalak ordenatu ditut. Erretzea erabaki dugu.

Galdatzea, molderik gabe.

03 / 31

Monumentu lesbiano baten ideia buruan daukat duela egun batzuk.

Pieza txikiago bat lantzen hasi naiz. Hormigoizko lehen saiakera bat.

Zati zorrotz batzuk kentzea eskatzen du. Forma kamutsagoa. Bolumen kontzentratua. Gorputz-enborrak. Gorputzen fusioa. Gorputz imanduak.

Molde galdu bat egitea pentsatu dugu.

Hainbat isurketa eta egunetan betetzea. Denbora-tartea, geruzak, zimurtasun desberdinak. Bete ezean, forma editatzea.

04 / 12

Hirugarren gorputz bat gehitzea erabaki dut, alderantzizko posizioan.

Haien artean egokitzeko, zati bat berotu eta beste zatiaren kontra sakatu dugu.

Gorputz guztiei altzairuzko barrak sartu behar zaizkie eusteko, eta pasta jarri behar zaie pisuagatik ez zarrastatzeko.

04 / 24–25

Igeltsuzko molde (galduaren) lehen fasea. Harrigarria iruditzen zait haren testura ikustea, igeltsuarekin eskala honetan lan egiteak eskatzen duen ahalegin fisikoa. Eskuaren aztarna literala da. Inguruan hagaxka uzkurtuak jarrita sendotzen dute.

Barbara Hepworthen pieza batzuk etorri zaizkit gogora.

Hiru gorputzeko modulua argizaritan errepikatu dut. Metalez galdatzen badut xehetasun gehiago onartzen ditu, adibidez, lorearen orratzak, zorrotz eta ziztatzaile.

05 / 15

Oilategi-sarea jarri dute dagoeneko argizaririk ez duen moldea sendotzeko.

Eskailera batera igota, moldearen irekidurei erreparatu diet, burdina nola sartzen den. Ahal dudan sakonen begiratzen dut. Beheko alde batean argi pixka bat sartzen da.

Igeltsuzko pareta finenek aurretik gorputzen artean zegoen espazio negatiboa erakusten dute. Ertz organikoak dituzte.

Duela hainbat urte egin nuen molde baten barruko ikuspegi bat dakarkit gogora. Orduko hartan, maniki baten hanken eta aldaken arteko espazio hutsak espazio arkitektonikoa zirudien.

05 / 16 (Altkirch, CRAC Alsace)

Bart gauean Elfi Turpinek Mathilde Rosierrez hitz egin digu; Frantziako herri batera erretiratu omen da. Oso kontzentratuta eta inguruko paisaia kontuan hartuta lan egiten du.

Distantzia hartu.

Urratsak poliki ematen ari naizela konturatu naiz. Eskala eta aurrekontu kontuak direla medio, ezin diot guztiari aldi berean ekin. Proba batzuk baztertu ditut eta bidaiaren aurretik landu genituen argizari batzuk itxaroten utzi ditut. Nahiago dut proposamena birbideratu. Antzera funtzionatzen duten piezak proposatu. Bariazioak.

ATZERA EGINEZ AURRERA EGITEA

Bizpahiru gorputzeko moduluak elkartuta egin nituen maketa txikiak interesatzen zaizkit. Artikulazioak dirudite. Zangoak. Belaunak.

Baina tamaina errealera eramaten ditudanean munstro tankera hartzen diet.

Posizio horizontala duen hiru gorputzeko moduluak abiadura iradokitzen du, aerodinamikoa.

Ez ahaztu: prozesua erakusten duten piezak. Egikera. Joan-etorriak. Ebakiak eta birmihiztadurak. Eskala handiagora aldatzean ezaugarri hori mantentzea da erronka.

Prozesu nahia. Mugimenduarena. Berehalako emaitzen bila joatearen inertzia gainditzea.

Erabakirik ez hartzea. Erabakia atzeratzea.

Erakusketa oratzearen sentsazioa. Ni neu positiboki korapilatzea ere beharrezkoa da. Barruan/nahastuta egotea. Kanpoko ikuspegiak ematen duen kontrol sentsazioa galtzea.

Aurrekontua ondo ez kudeatzeko beldurra.

Epeek gaina hartuko ote duten beldurra.

Azken asteetan etenaldi asko eta beste lan batzuekiko gainjartzeak izan ditut (gorabehera emozionalak eta maitasun eroaldiak ere bai).

Han urrunean, galdategian, nire gauzak aurrera doazela jakiteak lasaitu egiten nau.

Hustu. Ezetz esaten ikasi.

05 / 17

Hangarreko egonaldian egin nahi ditudan asfaltozko eta hormigoizko piezetan pentsatzean, tentsioaren eta grabitatearen bidez paretarekin artikulatzen diren gorputzen ideiara bueltatu naiz. Paretan jarritako soka sistema.

Listoiak

Tirafondoak

Buztina

Igeltsua eta espartzua

6 mm-ko hagaxka uzkurtua

Silikona

Erretxina akrilikoa eta zuntz kuadriaxiala

Baselina

Azetato lodiak

 

Ekaina hasierarako plana:

bigarren lore bat modelatu eta bilatu.

05 / 18 (Zürich)

Eliza baten ondoan nago, zoruan galtzada-harriz marraztutako labirinto batean barrena ibiltzen. Labirintoak nire kezken inguruan emateko dituen aholkuak entzuteko prest nago. Egoera nahasi samar batean sartu naiz, baina isiltasuna badator pixkanaka.

Zera dio:

–Irten ahal izateko, sartu egin behar da.

–Ez dago lasterbiderik.

–Ez dago presarik.

–Berriro leku beretik pasatzen zarela dirudi, baina ez.

05 / 22 (Paris)

Claire Le Restiffekin hitz egin ondoren, argi ikusten dut izenburu bat aurkitu behar dudala 3Dak lantzen ari ginela Miquel Cardielek Aracne deitu zuen piezarentzat (horrela esaten diot lan egiten dudan jendearekin elkar ulertzeko). “Armiarma”-tik urrunduko duen izenburu bat.

Guggenheim Bilbao Museoko 105 aretora joan naizen azken aldietan oso gogoan izan dut nire lanak Louise Bourgeoisen Ama obra izango duela bizikide Museoaren kanpoaldean. 2020 ezkero tarteka bisitatu dut areto hori espazioaren sentsazio fisiko bat izateko, gorputz osoa aintzat hartuko zuen sentsazio bat. Espazioan barrena ikusten nuen. Edo, hobe esanda, proiektatu egiten nuen. Ondoz ondo ikusi nituen erakusketetako obrei jaramonik egin ezinik. Xabier Salaberria, Doris Salcedo, Cristina Iglesias, Richard Artschwager eta beste hainbesteren obrak tresnatzat erabili ditut altuerak neurtzeko, eta masen eta aretoko espazio hutsaren arteko erlazioak ikertzeko.

Louise Bourgeois, zuri so nago. Zurea den zerbait nahi dut niretzat.

Benetakoa.

Gorputz-enborrak eta bustoak etxeko ehun, eskuzapi, tapizekin jantziak. Pisua eta dentsitatea duten gorputz-fardelak, altxatzen dituen barne tentsioa ere badutenak. Ehuna: azal adabakitua, orbainez betea. Amaren hanketako giharrak hodi-zati konkabo eta konbexuak lotzen dituzten soldaduraz beteta dauden bezalaxe.

Joan den udan The Woven Child (Gropius Bau, Berlin) erakusketa ikusi ondoren, ehunekin lan egiteko nolakotasun eta modu ez hain zaindua, ez hain sofistikatua berreskuratu nahi izan nuen.

Drapeatuak eta oihal gardenak alde batera utzi eta nire arropa zikin eta erabilietara bueltatzea, objektuen artean sartuak. Nire galtzarik kuttunenak, nire izterren igurtziak gastatuak.

Soinean neraman arropak ere, premia hutsagatik, barruan bukatu dezake keinu azkar batean. Garbitu ere egin gabe.

Arropak interesatzen zaizkit, badituztelako gorputzaren araberako egitura, jostura eta irekidurak. Daukaten koloreagatik edo ehunduragatik aukeratzen ditut. Elastikoak edo barrubigunak diren, beroak edo distiratsuak, gardenak edo estanpatu psikodelikodunak. Tapakiak, alfonbrak eta oheko arropa ere sartzen dira hor.

Ehunak sartzea kolorea jartzeko eta afektu jakin batzuk adierazteko dudan modua da. Keinuaren nolakotasunari ehunaren nolakotasuna gehitzen zaio.

Zerbait objektuen neurrira josi izan dudanean inoiz ez du lehenengoan funtzionatu. Egin egin behar dut eta gero desegin. Lotailuak jartzen ditut beste modu batera muntatu ahal izateko. Kasu horietan distentsioa eta nolabaiteko erortze gozagarria interesatzen zaizkit. Masen eta hutsuneen jokoa ere bai.

Haurtzaroa josten gogoratzen dut, eta etxean zeuden nire amaren parpaila, txatal edo adabakiekin peluxeentzako jantziak asmatzen. Lehenago ere, muntaia txikiak egiten nituen gerezi hezur, zotz, artile eta abarrez.

Batek inor begira ez dagoenean egiten duena.

Orainaldian bi ezaugarri jokatu nahi nituzke, biak bizitzarako ezinbestekoak: intimitatea eta potentzia: askotariko tenperaturak, eskalak eta inplikazioak.

06 / 3–4

ADARRA LEHORTZEN UTZI LORATU AHAL IZATEKO

06 / 5

Eibarrera iritsi naiz, galdategira, egun batzuk kanpoan izan ondoren. Unai igeltsuzko moldea puskatzen bukatzen ari da. Hormigoizko modulua mahaien gainean altxatuta dagoen brontzezko pieza konplexuenaren alboan dago.

Hormigoizko pieza uste baino latzagoa da.

Forma desitxuratuta ageri da, harriek higatua.

Haren testurak dar-dar egiten du, egin/desegin egiten da gainazal eta inguru zehaztuagoa duten guneekin kontrastean.

LEPOAK

Zati tente bat.

Haren bertikaltasuna, haren zutik/tente egotea, haren itxura arina.

Piezak elkarrengandik hurbil ikusteak, gainjarrita, nondik jarraitu erakusten dit.

Sintonia bi-bien itxura gordinean.

Laokoon eta bere semeak

Bi altuera

Mahaiaren gainean / lurra ukitzen ia

06 / 6

Fase lauago batera igarotzen ari naizela sentitzen dut.

Lasaitzen nau gauzak nola gertatzen diren baieztatzeak. Prozesuan ematen diren topaketak.

EGITEARI UTZI /

EGITEN UTZI

Aldendu. Bidaiek haizea ematen didate.

Modulu trinko bat egitearen ideia baztertu eta hasieratik nahi nuenera itzuli naiz: zubi eta lorategi moduko piezak.

Carlos Copertonerekin izandako elkarrizketa bat dut gogoan: erakusketa lorategi gisa.

NAHASTEAREN GOZAMENA

AMALGAMA

Nahaste konplexua

Gauza bat, bi gauzaz osatua, dela geruzaka, dela atal bereizezin gisa.

–Hormigoia–argizaria–altzairuzko hagaxka–oihala (2020).

–Erretxina–zementua–ehuna–silikona (2016).

–Erretxinatan blaitutako orratzekin egindako tolesdun ehuna (2022).

ARTIKULAZIOA

Lotura eta ebakia bat bera dira.

Lotura argia/etendura.

Gauza bat bestearen alboan “bere espazioarekin”.

–Brontzea eta ehuna, solidoa eta azala (2022).

06 / 7

Miren Agur Meaberekin gosaldu dut plaza Barrian, argazkiak eta xehetasunak erakutsi dizkiot, eta egiten ari naizen piezen eta aurreko batzuen prozesua azaldu diot modu desordenatuan. Nire lan egiteko moduari eta nire jardunbideari buruzko aztarnak.

Interesgarria iruditu zait azaltzen ari naizen prozesu zehatzaren urratsak deskribatzen ari nintzela neure burua kanpotik entzun dudanean: “Elementu baten zatiak batzen ditugu; entitate berri bat osatzen dugu; zatiekin osotasun bat berrantolatzen dugu berriro [...]”.

Tarteko urrats bakoitzean piezek materiaren eta beharrezko ekintza teknikoen arrastoak arrastatzen dituzte.

Itxuragabetzeko prozesua

(bir)gorpuztekoa

 

Lanaren haragitzea

Miren Agurrek nire gorputzarekin lotutako indarkeria edo gertaera traumatikorik bizi izan dudan galdetu dit. Erantzun diot, izatekotan, jaiotzea bera. Askotan aurkitzen dut gertaera horrekiko erlazioa nire lanean.

JAIOTZEA – erditze-kanala

Igarobideak/hodiak

Zulaketak

(Museoan maketarekin lan egin dut).

*Hodi gurutzatuen piezaren bolumetria gehiegizkoa iruditzen zait Aracneren aldean, baina 150 cm-ko diametroa mantentzea erabaki dut.

Piezak nire garaieraren antzekoak izatea nahi dudalako dute neurri hori.

Begiradaren mugan eta oinez ezin korrituzkoak.

(2021eko abendua)

Maketan, horizontalean jarritako pare bat lore elkarri akoplatuta.

Amaryllis bat eta strelitzia bat. Eskala errealean 8 metro inguru neurtuko lituzkete. Neurri horri esker pertsona bat baino gehiago objektu beraren inguruan elkartuta ibili daitezke. Kolektibotasuna dakarren eskala. Haren ondoan aireztatzeko plastikozko hodi batzuk eta diámetro txikiagoko kartoizko beste batzuk, espazioaren zati handi bat hartzen duen T bat eratuz1.

Erakusketa aretoarekiko lehen erabakietako bat pareta banatzailerik ez eraikitzea izan zen. Hala ere, funtzio hori izan zezaketen elementuak behar zirela ikusi nuen. Bereiztea, etetea, gainjartzea edo beste lan batzuk ezkutatzea. Halaber, espazioaren barruan espazioak sortzea.

Itxura industrialeko eskultura tubularren eta jatorri organikoko formen arteko interdependentzia eta oihartzuna lehen intuizioetan ageri ziren jada.

HODIAK/ZURTOINAK

GORPUTZA KANAL GISA

Andonik argazki bat bidali dit: strelitzia lanaren zurtoina (5 m) euskarri edo bastidore batera soldatuta (punteatuta). Altuera 2,10 m (1,90 m beheko aldean).

06 / 8

Zurtoina + euskarria.

Hainbat posizio probatzen ditut:

1. Zurtoina Aracneren ondoan edo hari itsatsita

2. Zurtoina + lorea: strelitzia osoa

3. Zurtoin exentua –Kanala– zurtoinaren forma bigun samarra

bastidorearen egituraren gainean.

Zurtoina jarrita piezak hartzen duen neurrian bada ilusioa egiten didan zerbait. Dibertigarria iruditzen zait nola hazten den.

Atzean dagoen zerbait hartzeko luzatzen den beso baten irudia.

Lorearen irudia nabariagoa egiten da. Trinkotasuna galdu du, irudia irabazi.

Zerk irauten du gehiago, formak ala irudiak?

Erakarpenaren eta erretina-gozamenaren esparrurantz joateko arriskua ikusten dut.

Espektakulutik urrundu nahi dut eta elementuak bereiz joatea erabaki dut beren indarra eta irekitasuna mantentzeko.

(Irailak 2) Zati hau transkribatzean, nola erreprimitzen naizen hauteman dut. Nire testuingurua hauteman dut. Aitzitik, baina, Isa Genzkenen arrosa ere badut gogoan. Irudi horren indarra eta nik ez dudan lotsagabekeria.

Hormigoi eta brontzearen alboan hainbat kolore eta dentsitateko goma-apar

zatiak jarri ditut,

eta kontrastea gustatu egiten zait.

Goma-aparrezko piezak negatiboan mekanizatzeko aukera aztertu dut, forma gogorretara egokitu ahal izateko.

 

Julia Spínolaren Persona, foto, kopia erakusketa ikusi dut Artium Museoan (Vitoria-Gasteiz).

Bakarrik, museoa eguerdian ixten dutenean.

Argi naturalarekiko bizipena — begiak alde ilunetara ohitzeko denbora.

Begi niniak zabaldu eta uzkurtu egiten dira oinez ibili ahala. Nire gorputzean aldibereko mugimenduak hautematea.

 

Erlazioa: argia–espazioa–presentziak.

Espazioaren bizipen haptikoa gorputz-mugimenduen emaitza diren

pertzepzioz osatzen da.

Espazioan barrena, gorputz mugimendu horiek ikusmena eta ukimena

lotzen dituzte aldi berean.

 

Umorea / maitagarria dena / biguna dena / “amaitu gabea” dena /

gardena dena / zaurgarria dena / irekia dena / iragazkorra dena

*Zalantzan jartzen dut materialak nola erabiltzen ditudan. Brontzea gehiegizkoa egiten zait. Material prekario, galkor eta bigunagoen gogoa dut, eskuz egitekoak diren prozesu intimoagoena, nire denbora eta ni behar gaituztenena. Juliak JAIn2 gidatutako tailerra praktikan jartzen has ninteke. Lehen egunean aretoko leku fisiko bat aukeratzeko proposatu eta material bakarra eskaini zien partaideei: poltsa bat. Egunero material berri bat gehitzen zitzaion aurrekoari (inork ez zekien, aldez aurretik, zein izango zen): metalezko sarea, satinezko xingola eta plastikozko loreak. “Material horietako bakoitzak egoera bat eragiten du, soinu bat sortzen du…”.

Material horiek soilik erabiliz eta toki finko batean lan egitea. Toki horrekiko konpromisoa hartzea eta piezarekin tokia “egitea”. Aretoan espazio/denbora bat sortzea. Barruranzko denbora. Prozesua luzatzea. Ahalik eta gehien zabaltzea.

06 / 9

Basileara etorri naiz goizean goiz. Eguna logelan pasa dut, atseden hartzen.

Inguruan jatetxe dominikar bat aurkitu dut eta gustura sentitu naiz nire hizkuntza hitz eginda, patakonak eta bachata. Claudia nirekin hemen egotea nahi nuke.

Lo egin.

Esnatu. BCNko egonaldian, laburra izan arren, zerbait ateratzeko edo saltsaren batean sartzeko gogoarekin konektatu dut3.

Presioa – produkzioa. “Orain edo inoiz ez” dela sentitzearen presak energia ematen dit.

Artiumeko piezetarako porexa mekanizatu dion pertsonaren kontaktua eskatu diot Juliari.

 

M.-rekin hitz egiten dudan bitartean ilundu egin du.

Goiz oheratu naiz.

06 / 10

Egunkari hau transkribatzen hasi naiz. Goiz osoa kontzentratuta pasa dut.

Javi dator Bregenzetik. P. Staffen erakusketa ikusi dugu Kunsthalle Baselen.

Dominikarrera joan gara berriro eta gomendatu diguten taberna latinoamerikar batean dantzatu dugu.

 

Una espina saca otra (Álex Bueno & Frank Reyes)

Esa mujer (Luis Vargas)

Socorro (Jey One)

06 / 11

Duela hilabete batzuk Guggenheim Bilbao Museoko 105 aretoan ikusgai egon zen Doris Salcedoren pieza, oraingoan Fondation Beyelerren.

Hemen lortu dut ikustea.

Neurri batean zementuz kofratutako altzarien mihiztatzeetan oinarritutako eskulturen artetik, espazioan autonomia handien duten elementuak interesatzen zaizkit. Egitura argia eta presentzia propioa ageri dutenak. Piezak “gelak” edo ibilbideak eratuz kokatuta daudenean interesa galtzen dut.

Azokaren muntaketan Gordon Hall ikusi dut bere piezekin interakzioan dauden bi performerrekin entseatzen. Hitz egiteko gogoz geratu naiz.

Ibaian bainatu gara motxila flotagarri horietako banarekin.

Korronteak eraman zaitzan utzi. Izozkia jan.

Irteteak on egiten didala sentitu dut berriro.

Bartzelonarako hegaldia bertan behera utzi didate.

06 / 12

Bruce Naumanen bideoa, Practice, 2022.

Art Basel Unlimited.

… hands slowly moving across on an old wooden table. The camera alternates between the left and right hand, each of which draws one and the same mark on the tabletop. The apparently endlessly repeating gesture remains the same, forming an X over and over again.

06 / 13 (Bartzelona)

Pieza bat poliestirenotan mekanizatzeko aurrekontua eskatu dut eta baiezkoa eman diot.

 

PREMIA/BULKADA dut lanerako eragile.

Arriskatu egin naiz logikoa ez dirudien arren. Presioari eta denbora mugatuari erantzuteak errepikapenak egitera bultzatzen ote nauen galdetzen diot neure buruari. Beste nonbaitera eramango nauen konfiantza daukat.

Daukadanarekin lan egin. Azken bi urteetan 3Dn eskaneatzen joan naizen loreetako batzuekin forma berriak sortzen saiatu naiz. Programak guztien arteko bateratze aleatorioa egin du: amaryllis, fresia, hiazinto, iris, kala, anthurium…

zeharkatuak.

06 / 14

Loreak yogako jarreratan ipini nahi ditugu paretan. Tortsioak, okertzeak, etab. eginarazteko. Nukleodun eskeleto moduko batzuk egin behar zaizkie atalen mugimendua artikulatu ahal izateko.

Lore-gorputzak.

Ateliersen (2016) hodi eta erradiadoreetan txertatutako loreekin lan egiten nueneko irudiak datozkit.

Muntaia digitala vs. eskuz egindako muntaia Ple de forats4.

06 / 15 (Lleida)

Sorigué etxearen material-laborategira joan naiz. Materialaren harikortasunak eta trinkotzeko beharrak eraginda, asfaltoarekin lan egitea zaila dela berretsi dut.

Berotan lantzea bururatu zait: erretxina zeharrargiz egindako azal moduko batera isurtzea eta bertan eustea.

Errekarridun hormigoi ereduak ikusi ditut. Alearen konposizioa eta morfologia agerian uzten dituzten ebakiak.

06 / 16 (Zaragoza)

Goma-apar birziklatuzko konglomeratua.

06 / 17–18 (Madril)

Susana Solano. Con la mano 1970–80.

CA2M, Madril. Oihalean bolumena espontaneoki eragiten duten izurrak eta tolesdurak. Paretatik agertzea.

 

Forma – gainazala.

Begiek ukitu egiten dute.

06 / 20 (Eibar)

Zubia, argizarizko bi piezaren arteko mihiztadura, behin muntatuta hormigoizko piezaren aurrez aurre jarri duguna. Forma osoa da, baina irekia.

Ez dute elkar ukitzen. Oihartzuna dago.

06 / 21 (Bartzelona)

Ez dut asmatu porex mekanizatuaren eskalarekin. Handiegia da. Oraindik ez dakit kalkulu-akats hori larria den ala ez, baina dagoeneko ez dago atzera bueltarik.

 

Jende berria dago etxetxoan. Intimitaterik ezak eta presentziek hauskortasuna eta ezinegona eragiten dizkidate.

Banoa/dagokidan espazioa betetzeari utzi diot.

Manuel Cirauquirekin izan dudan bilerako ohar solteak.

 

Braktea. Zurtoinaren, hostoaren eta lorearen arteko erdibidea.

Infloreszentzia (fenomenoa). Zurtoinak berak sortzen ditu loreak.

 

Animalia-magnetismoa

Hibridazioa

Txertatzea

Aldaxka

Animalia bidezko polinizazioa

 

ARDATZA (landarearena)

garapen horizontala

garapen bertikala

BASKULARRA

Botanikako hiztegitik ateratako zenbait hitzen artetik, izenburua Baskular izan daitekeela iruditzen zaigu.

Erakusketarako maileguen zerrenda ixten saiatu gara. Muntaketari begira, erakusketa entitate gisa pentsatzea gustatzen zait. Garai desberdinetako lanak birdefinitu, birpentsatu edo gaurkotu, eta osotasun gisa aurkeztea.

Niretzat garrantzitsua da obren autonomia, mugak ezabatzea bezainbeste. Dena maila berean jartzea.

Haien artean zer mugitzen den ulertzea.

06 / 22

Espazioa/ordena/lasaitasuna berreskuratu du.

Materialak erostera joan naiz carrer Pujadesera, amona bizi zen lekutik oso gertu. María andrearentzat pieza bat egitea bururatu zait, eta hortentsiak etorri zaizkit gogora.

Lleidatik datozen moldeen garraioan egun batzuetako atzerapena egoteak beste bide batzuei jarkitzera/ekitera behartzen nau.

Guztiz erabaki gabe, porexezko piezak edonola itsasten hasi naiz.

Gozagarri zait materialari eta inbertsioari beldurra eta errespetua galtzea. Mihiztadura-akatsak, lotura erdiirekiak, markak, presioa egitean materiala nola deformatzen eta leheneratzen den.

Pieza izugarri handia da dudan espaziorako eta bakarrik egitea erronka hutsa da. Euskarri ezegonkorrak bilatzen ditut aparra solidotzen den bitartean, horrela piezaren posizioa aldatuz joan naiteke falta diren zatiak eransteko.

Gutxi gorabehera itsatsita egon denean, buelta eman diot piezari (ezin dut jasan gorantz begira ikustea). Barrez hasi naiz. Alaitasuna berreskuratu dut.

Lagunekin itsasora eraman eta flotagailu gisa erabiltzea bururatu zait, markak izan ditzan.

Goiz batean bulego idazmahai baten gainean nire zain aurkitzen dudala imajinatu dut. Film baten kutsua du.

Gelaren tamainarekin alderatuta duen eskala gustatzen zait.

 

Chocolate Remix + Kumbia Queersen kontzertura joan naiz, bakarrik.

Kanpoan/barruan/kanpoan sentitu naiz.

Bakarrik dantzatu dut, pertsona mordoa inguruan ditudala. Tipa motak sailkatzeari utzi.

 

Zer itxura/mugitzeko eta begiratzeko modu du gorputz lesbianoak?

Nire lekua aurkitzea.

Onartua/zerbaiten parte izateko nahia.

06 / 23

Mercat dels Encants. Suge-estanpatudun larru-txatalak, zerrendak, ehoziri-lanezko mahai-zapitxoak, botoiak.

Pareta-pieza txikiago bat lantzen hasi naiz oihala, latexa, larruzko zerrendak eta palmondo-orri bat erabiliz.

Hortentsiak enkargatu ditut

Manikura egin dut

Jatetxe libanoar batean bazkaldu dut

Denbora organikoaz gozatu dut

Gauzak has eta batetik bestera pasa daitezen uzten dut behartu gabe

Poliki nabil oinez

edo gorputzak eskatzen didan erritmoan

06 / 26

Hortentsia urdinak

06 / 28

Asfaltozko mihiak

06 / 29

J. R. <3

06 / 30

Pieza lau pertsonaren artean altxatu dugu ama birjina bat balitz bezala, bakoitzak mutur batetik.

Halaxe eramango dugu argizarizkoa, segur aski gorria, Monegrosen eta Ebroko Deltan barrena5.

Argizariak bereganatu ditzakeen arrastoak interesatzen zaizkit, arroz soro berde-berde batean sartu, ibaian...

Hodi/zurtoinetatik ura sartu eta irten dadila.

Pieza bitan moztu dugu

furgonetan sar dadin.

07 / 1

David Bestuéren Ciutat de sorra erakusketara bisita gidatua, Fabra i Coats (Bartzelona).

Mâché papera igeltsu, kartoi edo zementuzko zutabeen gainean jarrita.

Ardatz bertikala dute.

Testura dardaratsu, ez itxi, porotsuak bere barne konfigurazioa erakusten du. Sagar hozkatu bat. Azal eta barru latza, hezetasun lehor sentsazioa mantentzen duena. Egunkari deseginaren kolorea. Modelatua. Gorputzaren biribilgune jakin batzuk ardatz horretara eramanak, modu estilizatuan. Gorputz osoa kontzentratzen duen zatia.

Busto batek hegoak dituela dirudi.

Kolore gabeko bugainbilea-lorezko azala.

07 / 6 (Bilbo)

Pieza, alderantziz jarrita, iturri bat izan daitekeela uste dut.

07 / 9

Jaiotzean, lehen artikulazioa lurrarekin da, gure gorputzaren pisuarekin, grabitatearekin. Energiazko koltxoi bat eratu dut, lurraren eta nire arteko espazio bat.

Lurraren erdigunearekiko imantazioa esekitzearekin konpentsatu dut.

Artikulatzeak posizioa aldatzea esan nahi du, finkatzeari uztea.

 

Nire erraien barruan egon den norbaiten falta igartzen dut.

(kanta bat entzuten da) *Siempre Así

 

Se me va

Este amor que he ido amasando con mis manos, se me va

Se me va

Lo que tanto tiempo yo he querido tanto, se me va

 

Zuk utzi egin nauzu,

nik (nahita) askatu egin zaitut.

07 / 10

Egitea da hemen kontua

Bultzatzeari utzi nahi diot

Zertarako ari naiz bultzaka? Emaitza bat lortzeko.

07 / 11

Porexezko piezaren moldea egiteko prozesua hasi dugu. Zenbait pertsona ari gara lanean estudioan: Diego Vivanco, Miren Barrena eta Ada Garrués. Hilabete honi geratzen zaiona eta abuztuaren zati bat beharko ditugula kalkulatzen dut.

Neketsua eta astuna da eskalarengatik, baina irudi erakargarri batzuk dakar eta beste posizio batzuk aintzat hartzeko aukera ematen dit.

Zatitze-marrak. Pieza zatikatuek, mahaiaren plano horizontalera egokituta, etzanda dauden edo hanka bakar bat mahai gainera altxatuta duten figurak dirudite.

Atsegingarri zait karkasa sendotzen duen hagaxka kurbatuaren marrazkia.

07 / 12

Eibarrera joan naiz Federico Belizónekin.

Nire lan-prozesua grabatzen ari da estudioan eta galdategian.

Piezak parkingera atera ditugu haien inguruan ibili eta urrutitik ikusi ahal izateko.

Piezaren ondoko kotxe batek hodi gurutzatudun piezaren bolumen bera du gutxi gorabehera.

Txaparen diametroari buruzko gaizki-ulertu batek eman dit gakoa: diametro txikiagoko hodi goratu bat egitea, zurtoinaren eta 150 cm-ko hodien tartekoa.

Piezen euskarrien ezaugarriei buruzko zalantzak piztu zaizkit: gurdi hidraulikoa?, lantegiko mahai gastatuak?, berriak?

Txapak mota guztietako idazmahai eta mahaien gainean?

Gogoan dut J. R. Amondarainek Lupa e imán lantegian erakutsi zidan The Happy End of Franz Kafka´s Amerika (1994) instalazioa, Martin Kippenbergerrena6.

07 / 16

46 cm-ko diametroko hodia – 3 m × 1,5 m-ko txapa bat, kurbatua.

95,5 cm-ko diametroko hodia – 3 m × 1,5 m-ko bi txapa, soldatuak eta kurbatuak.

T´ai Smithen artikulu bat etorri zait gogora7.

07 / 17–18–19–20

Diego oporretan dago. Adak eta biok moldearekin jarraitzen dugu.

Lan errepikakorra eta fisikoa da, eta podcastak entzunez arinagoa egiten saiatzen gara.

Entzundako guztitik Sara Torres idazleari egindako elkarrizketa batekin geratzen naiz, adiskidetasun-harremanen haustura edo urruntzeari buruzkoa8.

Kontakizun txiki batengatik jasotako kritika txarrak askatu egin zuen Virginia Woolf “atsegin ematen ziona egin eta idazteko, eta esan zezatela nahi zutena”9.

07 / 21

Galdategia bisitatu dut Manuel Cirauqui eta Jose Morillorekin.

Vicente Larrearekin egin dugu topo. Berotuta dabil bere azken eskulturarekin. Grekoaren jantziak gogorarazten dizkit.

07 / 22–23 (Madril)

Goiaren freskoak San Antonio de la Florida elizan. San Antonio Paduakoaren miraria kupulan. Neskatila baten xal zuria edo soinekoaren oihala, bertaratuak begira dauden barandaraino zabaldua.

Aingeruek benetako haurrak dirudite, nola jolasten, ezkutatzen edo azaltzen diren, oihalak nola altxatzen dituzten eta abar ikusita. Bereziki erakargarri egiten zaidan gune ilun bat dago, aingerutxo baten ipurdia

eskaintzen da bertan.

Arrosa-lorategia.

*Nigandik neuganaino goratu.

07 / 24

Paula Vilageliurekin tutoretza Uharten. Badago lana eta lana aurrera doa. Konfiantza prozesuarengan, arretan. Haren lehen ideiak materialki agertzen hasi dira, gertatzen hasi dira. Bideoak ere pilatzen ditu. Jarduera paralelo gisa, lanean ari denean eta piezak lekuz mugitzen dituenean bere burua grabatzen du, etxeko espazioan elkarbizitzako momentuak eta beste neska lankide batzuekin partekatutako prozesuak atzitzen ditu. Erabakitzeko unea, forma eman eta material hori egituratzekoa. Inazio Escuderoren Date (2005) bideoa ikusi dugu elkarrekin.

Ioana Hernándezekin tutoretza bere zeramika lantegian, gaur ezagutu dugu elkar.

 

Bere amonaren loreontzi batetik abiatutako zeramikazko piezekin ari da lanean, luzangak, simetrikoki kontrajarriak.

Tapaki, hesgailu eta zaldi-zingilaz biltzen ditu.

Keinuak oraindik lotsatiak dira. Artikulazioak lanaren osagaiak bat egin eta eraldatzea falta da.

 

Gehiago ezkutatu? Jatorrizko forma apur bat askatu.

Ezkutatu, beste zerbait agertu dadin.

Gauzak ikusteko egiten dugu lan?

07 / 25

Artiatx. Estanis Comellaren erakusketa. Josu Bilbao da komisarioa.

Maiak eta biok larunbatean duen kontzertuko entsegu batera geratzeko pribilegioa izan dugu. Ederra da espazioak nola islatzen eta anplifikatzen duen haren ahotsa. Harmonikoak, ahotsa + oinarria.

Edertasuna. Barru-barruan egotea. Intimitate partekatua. Durundi egitea, beste batzuk aurrean daudela.

Formekin eta materialekin hori egitea lortu nahiko nuke.

*** Uzkurtu egin naiz, existitzeari eta hedatzeari utzi diot > norbait hurbiltzen denean, norbaitek zalantzan jartzen nauenean, nik neuk neure burua epaitzen dudanean.

07 / 26

Argi berdea galeriaren laguntzaz galdategian pieza bat egiteko (ez zait aurrekontuan sartzen).

Manikura

Ile-apaindegia

Arropa garbitzea

Maleta

07 / 27 (Milan)

Fonderia Battagliara bisita (molderik gabe lan egitea merkeago izan dadin):

–Nahiko zurruna eta apur bat zeharrargia den argizari batekin 3Dn inprimatzeko aukera, hondakinik utzi gabe zuzenean galdatu daitekeena.

– Poliestireno hedatuzko eredu mekanizatu bat, zuzenean errea.

Patinen katalogoak atentzioa eman dit. Lehen aldiz, kolorea jartzeko gogoa dut.

Galdategiko artxibategiko irudiak ikusi ditut. Atentzioa eman didate Katinka Bocken igeltsutan tailatutako ereduek eta egite-prozesuan diren Giorgio Andreotta Calòren marmoken argizari batzuek, geruzaka pigmentatuak.

argizari horiaren gainean argizari gorria eta gainean argizari urdina

Argizaria azken material izan duen piezarik ekoitzi duten galdetu dut. Argizariak egonkorrago bihurtzeko formula bat dute, argizari mikrokristalinoa + kolofonia-erretxina gehituta lortzen dena.

07 / 28 (Florentzia)

Santa Felicita eliza > Pontormoren Kristoren eraistea.

Museo Bargello > ezpataburuak, sastakai ondulatuak, armadurak eta kaskoak.

07 / 29–30 (Bolonia)

Museo Poggi > argizarizko eredu anatomikoak. Obstetriziari eskainitako aretoa. Erditzean egon daitezkeen arazo guztien ereduak.

Plaza Nagusiko San Petronio basilikaren sabaiko nerbioa gogorarazten duen egitura muskularra.

Norabidea, bultzada.

Gainera joan eta eutsi.

Adierazpen izoztuak hustua dirudi.

Atsekabea jantzi eta izurretara eramana.

07 / 31 (Erroma eta Arpinorantz)

Lagunekin elkartu gara.

Nire feedbackaren ondorioz, Miren Agur Meabek solemnitatetik ihes egiten dudala eta protagonismoak deseroso sentiarazten nauela hauteman du.

08 / 1 (Arpino)

Emanuele Cocciaren irakurketak:

Jantziek agerrarazi egiten gaituzte.

Subjektua irudi bilakatzen dute10.

Ehunak Velos (párpados)11 piezetan nola funtzionatzen duen pentsarazten dit. Pieza batzuetan estaltzeko keinua ikusten dut; beste batzuetan keinua ikusezina da. Estaltzeak agerrarazi egiten du. Errezela eta hark estaltzen duena banaezinak dira eta irudi gorpuztu bakarra osatzen dute. Marc Navarrok aipatu egiten du gertaera12.

Substantzia edo objektu desberdinen interakzioak sortzen dituen hiru lotura mota:

alboan jartzea

bat egitea

erabat nahastea13

Miren Agur Meaberen poemak ozen irakurri ditugu, nire pertzepzioa anplifikatu egin da beste ahots batzuetan entzutean.

08 / 2 (Arpino)

Mendira txangoa. Sasi baten zurtoina ikusi dut, eta beste zurtoin tipologia batzuk erregistratzeko aukeran pentsatu dut. Hodi horizontal handitu eta goratuak.

Martak On Kixoteren lehen liburuko Marcelaren diskurtso protofeminista irakurri digu.

08 / 3 (Arpinotik Erromarantz eta Palermorantz)

Museo Massimo > Villa Liviako freskoak

*Lausoa den hori.

08 / 4 (Palermo)

Sizilia, irlaren kontzientzia, penintsulatik oso hurbil dagoela jakiteak lasaitu egiten nau.

Lorategi botanikoa, ficus izugarri handiak, sustraiek zurkaiztutako adarrak.

08 / 5

Haizeak ez digu Filicudirantz abiatzen utzi eta Cefalún geratu gara.

Inprobisatu egin dugu eta piano piano gerturatu gara.

Gainetik nagoela sinesteari uzteak nire zaurgarritasunarekin kontaktuan jartzen nau.

08 / 6 (Salina)

Itsasontziz egin dugun ibilbidean askatzeko beldurra sentitu dut.

Lurrarekin geroz eta kontaktu gutxiago. Lurra berriro zapaltzeak lasaitu egin nau.

08 / 7–8–9 (Filicudi) <3

The Waves (Virginia Woolf)14

Lo que hay (Sara Torres)15

08 / 10 (Palermo)

Santa Maria Martorana konkatedrala.

San Cataldo eliza.

08 / 15 (Bilbo)

Ehunak eskaneatzeko eta orratzekin egindako marrazkientzako barne logika bat aurkitu behar al dut?

Errepikatzen ditudanean zentzua galtzen ote dute? Edo pilaketarekin irabazi egiten ote dute?

Musika-pieza edo partitura baten (adibidez) sekuentzia-logika edo itzulpena erabat behartua izango litzateke nire kasuan.

Nire sistema uste dudana baino hurbilago dago. Errepikatu, behin eta berriz egin, nire buruaz aspertu berriro zentzua emango dion bariazio bat aurkitu arte.

08 / 16

Sasiaren arantzak muturretatik elkartu nahi ditut. Muturrak eta hodi jarraitua.

Sasiaren argazkiaren bila nabil, baina landare-motibo itxura duten ezpataburuen argazkiak aurkitu ditut.

08 / 17

Diegok eta biok aurrera egin dugu moldearekin. Amaitzea, hori besterik ez dut nahi, eta iraila baino lehen berriro egun batzuetarako oporretan joatea.

 

(Ametsa)

Nire gorputz biluzia etzanda ikusten dut neure begietatik. Gorputz iletsu eta zakilduna bihurtzen hasten naiz. Gorputz hori ezagutzen dut.

Beste pertsona bat hurreratu eta nire alboan esertzen da belaunen gainean. Ukitu egingo nau eta ni, gorputz horren barruan edo haren menpe, airerik gabe sentitzen naiz. Bataren eta bestearen artean, desagertu egiten naiz.

08 / 18

(Ametsa)

Erromako Accademian beka bat ematen didate (Ateliers eta Casa Velázquez arteko nahasketa). Eraikinean zehar nabil gidatzen nauen atezain batek lagunduta. Zaindu egiten naute. Gainerako artista bekadunak kokatuta daude jada eta ni zertxobait beranduago iristen naiz. Leihorik gabeko espazio bat ez izatea erregutzen dut. Azkenean leiho handi bat duen espazio batera iristen gara, lasaia asteburuan, jendetsua aste barruan. Ikuspegiak eguzkia eta zuhaitzak dituen ertz batera ematen du. Une batez bakarrik geratzen naiz nire txokoan eta hartaz gozatzen hasten naiz. Instant horretan tipo bat motoan sartzen da abiada bizian, eta bitxiak lapurtzen dizkit.

08 / 21–22

Moldea estudioan bukatu dugu.

Izugarri handia eta pisutsua da. Barrualdeak kobazulo bat edo hezurrezko gune bat dirudi, garezurrekoak bezalako josturak dituena.

Lokatzez zikinduta dauden eta zati puskatuak dituzten porexezko atalak berrantolatu ditut. Binaka batuta, belaunak, ukalondoak edo bestelako artikulazioak dirudite. Ugaztun handiren baten bizkarra edo izterra ere bai.

Gainazal beroa, bizia.

08 / 23

Terapian ordena jarri dut.

08 / 24

Hondartzara joan naiz.

Gustuko dut planak bakarrik egitea.

Atzeratu ohi ditudan gauzak egitea.

08 / 25

Kirol apur bat egiten hasten naiz.

08 / 26 (Valentzia)

Imajinazioa/inspirazioa/ihesbidea.

Federico García Lorcaren hitzaldiak16.

Ozen eta jarraian irakurtzen ditut beren errepikapen, bariazio eta interpretazio desberdinekin.

Imajinazioak ohiz kanpoko harremanak deskubritu, antolatu eta

sortzeko jarreran jartzen gaitu. Baina ez da munduaz libratzen!”.

 

Inspirazioa arimaren egoera bat da, fede-egoera bat, apaltasunik

erabatekoenaren erdian”.

“… nahi (dut) eta ezin (dut) maitatu”.

08 / 27

Andrea Davilak gomendatutako Jane Bennetten Vibrant Matter17 liburuko lehen kapitulua irakurri dugu ozen. Poztasun handia sentitzen dut, aspaldi gertatu beharreko topaketa batena bezalakoa.

Gauzen boterea

08 / 29

Battagliarako aukerak pentsatu ditut:

 

Sasi-zurtoin zuzen eta horizontala (1,5–3 m) / patinadun kolore-gradazioa.

Molde bat egin eta segmentu bat errepikatu?

Sasi-zurtoin kurbatua —ezpataburua bezalakoa— sastagai ondulatua18.

08 / 30

Bertikal guztiak posizioz aldatzeko aukera otu zait.

Zutabetik hodi horizontalera pasatzea.

08 / 31

L´Écorce

09 / 4

Eva Hesseren egunkarien pasarteak irakurri ditut berriro19. Edizioari erreparatu diot.

09 / 5–6

Asti nahikoa hartu lanari beste norabide bat emateko. Kontraste handia sortzen duen materialen bat gehitu.

Argizari pigmentatua (edo are porexa ere) behin betiko material gisa?

Piezak ELKARREN ONDOAN ikustearen garrantzia/INGURUAN IBILTZERA behartuko nauten hainbat zeregin izan/urrundu, irten, atea zabaldu eta itzuli, piezak ahaztu eta berriz aurkitzea.

Ezinbestekoarekin geratu.

Erortzen utzi.

Inausketa/edizio/garbiketa prozesua:

Uraska + egiturak, aldamioak, euskarriak eta zurkaitzak.

“Aire gehiago”20.

09 / 7

Zubi-forma osatu, kiribiltzen diren gorputzez, komunikatzen diren lepo-ahoz osatutako gorputz biribila balitz bezala.

Bi katalogo Manuel Cirauquiren mahai gainean Guggenheim Bilbao Museoko liburutegian.

Metalaren nolakotasun bigunean pentsatu dut. Berunezko xaflak, eztainua, alanbrea. Altzairuak brontzearen fusio-tenperatura jasaten du, eta metal batek bestea besarkatzen du. Aluminioa tenperatura baxuagoan urtzen da, eta eremu hibridoak eratzen ditu, non bi metalak nahasten diren. Galdaketatik gustatzen zaidana zera da, moldearen bitartez gai dela argizariaren eta beste edozein materialen biguntasuna kopiatzeko. Ebaki dezaketen ertzak izan arren.

6 mm-ko diametrodun hagaxka uzkurtu bat arazorik gabe toles dezaket nire besoen indarraz. 8 mm-ko hagaxka tolesteko erreminta behar dut.

Altzairuzko xafla bat gurina bezala ebakitzen da plasmarekin.

Leialtasunak moztu / Sufriarazten didanarekiko daukadan adikzioarekin neure baitan moztu.

Aste honetako egun batean azken urteko artxiboak begiratu ditut mugikorrean, argazkien bila, erdizka geratu zen zerbaiti berriro ekiteko asmoz. Harrituta utzi nau 2022ko urtarriletik ekainera estudioan zenbat lan egin dugun, eta krisiak jota utzi nau. Produzitzeko inertziak, erritmoak eta motak antzematea.

Tell Them I Said No21

“How the needs of the artist and the needs of the art world diverge”.

 

Erakusketen eta harremanen artean tartea uzteko beharra.

Merkatua ez zerbitzatzea eta harentzat ez produzitzea, edo nire jardunbidea baldintzatu dezala ekiditea.

09 / 9

Libreki ibiltzeko gunea.

Prest egotea

Ez tematu blokeoa kentzen, barrurago jo eta handik hedatu.

Zutik egoteko eusten didan laguntza-sarea desegin.

Urteetan zehar sortutako gorputz EGITURAK askatzeko modua aurkitu, beldurraren ondorioa baitira:

Tentsioa masailezurrean — artikulazio atlanto-okzipitala itxita >

garunaren eta gainerako gorputzaren arteko komunikazioa etetea.

Kontrol-sentsazio faltsua.

09 / 12–13–14

Doktoretzari berriro ekin—organigrama—tesia aurkeztu 2026ko otsailean.

 

Genealogia bat marraztu.

Elkarrizketa metodologia gisa.

Beste artista batzuen ispilua.

09 / 15 (Uharte Zentroa)

Paula eta Ioanaren master amaierako lanaren azken fasea. Jarraipen puntuala izan da. Pozgarria da garapena eta lanarekiko konpromisoa ikustea. Geure buruari prozesuan sartzen uztea.

 

(Ioanarekin elkarrizketa)

Bidea praktikatik abiatuta aurkitu, segurtasuna ematen diguten jarraibideak askatu ahal izateko. Eman diezaioket baimena neure buruari “itsusia”/”gaizki egina” den zerbait egiteko?

Elementu berberen bariazioetan, elementu-errepikapenean, konbinazio metodoan jarraitzearen segurtasuna.

Zaldizkoa ala zaldia izatea.

09 / 16

Olga Balemak elkarrizketa batean deskribatzen duenez, hitzaldi batean artista bati buruz hitz egiteko hari buruz ikertu ondoren, hark bezala pentsatzen edo egiten harrapatzen du bere burua.

09 / 17

Egunak daramatzat amaitu gabe ditudan piezekin kezkatuta. Nire baitan, tristezian edo etsipenean kokatu da nire zati bat, dena definituta eta aldatzeko aukerarik gabe egongo balitz bezala. Ezgauza sentitu arren, oraindik ekiteko eta lana neure egiteko astia badudala uste dut.

Kolore argiko alkandora tolestu eta trokelatu baten irudi garbia.

09 / 19–20

Kementsuago eta energiarekin jaiki naiz. Erabakia: nire agentzia berreskuratzea, oraindik lanari norabide berria emateko aukera badudala sinistea.

Goiz esnatu eta nagikerian egon gabe jaikitzeak on egiten dit. Nire pentsamenduak menperatzea lan-eremua errazteko. Eskuragarritasuna eta konfiantza.

Ezetz esateko gai izan naiz.

Ez dut eskaeraren arabera produzitu nahi, ez inertziagatik, ez atsegin emateagatik, ez…

Neure buruari entzun eta neuretzat benetan zer nahi dudan pentsatu beharra dut.

Kontzentratuta aritu naiz Frieze Londonerako bi pieza lantzen (kontraesanak). Lasaitu egiten nauen entrenamendu edo ariketa txikia dira. Horietako bati lehenagoko pieza baten antzeko bariazio gisa heldu diot. Bestea hondakinekin egin dut. Lortutako forma helbururik gabeko zatiak egokitzeko zailtasunaren emaitza da. Zerbait berria ateratzen ikusteaz gozatu dut.

Aldibereko prozesu ugari ditut galdategian. Begiratzeko eta ibiltzeko aprobetxatzen dut zatiak mozten edo soldatzen dituzten bitartean. Arreta lausoagoa, zeharkakoa, pieza handiengan.

Paraleloki, Aitor molde bat garbitzen aritu da presiopeko urarekin, eta mahuka urdina hurbil ikustean piezetako bati eransteko gogoa eman dit.

Brontzea plastikozko mahukarekin zeharkatu dut. Zerbaitek poztu egin nau hor: koloreak, materialtasunak, zirkulazioak, piezatik ura ateratzen ikusteak.

 

Susana Solanoren Artificios erakusketa Carreras Mugica galerian — GAZTETASUNA

Lotsa apur batekin, metalarekin egindako zenbait prozesuren hoztasunak eragiten didan kezka adierazi diot. Xafla kurbatuzko piezekin arriskatzera animatu nau. Muntatzean, soldatzean, bihurguneak agertuko dira ziur, pieza gizatiarragoa egingo dutenak.

09 / 21

Eibarrera bidean, ni ezagutzean norbait harritu egin zela gogoratu dut.

Bere ustez, nire lanetik eta nigandik jasotzen zuena ez zetozen bat.

ERABAKITASUN-energia

Egunero lantegira joatearen garrantzia.

Ez da ordu kopuruaren kontua.

Batzuetan denbora gutxi izateak lagundu egiten du.

 

Brontzea pintatu Pello Irazuk bezala? Piezaren bati patina eman beste akabera bat izateko?

Enbarazu egiten didaten aurreiritzi asko desegin beharra.

 

Kostatu egiten zait Bilbon erakustea (haztea).

Neure mamuetatik (irakasleak eta kideak) askatzeko beharra sentitzen dut, eta izateko baimena ematekoa.

 

Helburu horretan animatzen nauten artista batzuen erakusketen irudiak begiratu ditut berriro. Sarah Lucasen erakusketa baten irudi bat gorde dut; tamaina handiko inpresio bat agertzen da: kamiseta bat, zulotxoetatik titiburuak ageri dituela (islatutako irudia da), jakintzat ematen dut bere gorputza dela, bere kamiseta.

Areto berean daude brontzezko kalabaza itxurako pieza erraldoi batzuk eta zakil bikoitz bat, hura ere eskala handian eta metalez egina, patina zuriz estalia.

09 / 22

Ibai Labega eta biok ametsetan aritu gara brontzezko peoniekin eta uniformeetako

gonen oihal tolesdun eta koadrodunekin piezak egiteari buruz.

Horretan lan egiteko datak jarri ditugu.

09 / 2322

Nik aukeratu ezean, nire inertziak aukeratzen du.

Ihes egiteko mila moduen artetik, bertan geratzea da gauzak gertatzeko modu bakarra.

Erronka bati aurre egitearen ideiak tentsioa, bultzada, pazientziarik eza eragiten ditu. Badago lortu “behar dudan” zerbait.

Munduan beste nonbait udaberria da.

Badira beste modu batzuk:

plazerez, gozamenez eta dibertsioz egitea.

Desioa beharraren ordez.

NEURE BURUA DESIDENTIFIKATZEA

NAIZENA IZATEARI UZTEKO MODUAN EGOTEA

EZEZAGUN ZAIDANA IZATEA

NIRE FORMA UZTEA / FORMA IZATEARI UZTEA – AMORFOA

IZATEA – FORMALDATZEA – BESTE FORMA BAT HARTZEA

formak > metamorfosiaren orbainak23

09 / 24

Lantzen ari naizen erakusketa gaizki aterako dela aurreratzen ari naizela konturatu naiz.

EZEREZTU EGIN DUT PENTSAMENDU/SENTIMENDU HORI.

BALIOA EMAN DIOT nire lanari.

Nigan aldaketak egiteko nigan presente egon behar dut ezinbestean.

Ezinezkoa da alienatuta banago, nigandik at.

09 / 26

Bilera Jorge Satorre, Mònica Planes eta Àlex Palacínekin. Feedback bila nabil, kanpoko (eta beste testuinguru bateko) begirada baten bila, hain zuzen. Lasaitu egin naute, eta egindakoari eutsi diot.

Figurazio-maila handiagorako baimena eman diot neure buruari. Azkenik bi zurtoin egongo dira.

10 / 4–5

Argizarizko azken pieza muntatu dugu, metalezko egitura batek zeharkatuta. Arriskutsua izan arren, buelta ematen tematzen naiz alderantzizko posizioan ikusteko, beste piezatatik gertu. Eskalan izandako akatsak eta handitzeak gainerako lanekin bat egiten duten neurtu beharra daukat.

 

Bi, hiru, lau hanken gainean altxatzen dela dirudi. Ebaki bat aldakan, gandor iliakoen altueran.

Enbor hustua.

Barrutik ura pasa eta osagaien junturetako arrakala batzuetatik ateratzeko nola egin nezakeen pentsatu dut. Pieza hainbat zirrikitutatik txiza egiten irudikatzea gustatzen zait.

10 / 6

Arropa tolestuei argazkiak egin dizkiegu.

Eskaneatzeak dakarren lautasunaren aldean bolumen handiagoa dute.

Arropekin batera, euskarri itsaskorrean itsatsitako ileek eta hautsak duten garrantziaz jabetu naiz, neurri handiko inpresioen publizitate logikatik kanpo.

Bihotz nikia/Lore nikia

Konpromisoa: egiteari utzi ezin zaion hori.

10 / 9

Bilboko aireportura bidean tristezia sentitu dut; aitarekiko urruntasunak umetan eragiten zidan tristezia gogorarazi dit.

Manuel Cirauquirekin bilera Bartzelonako aireportuan — errealitate-kolpea:

Nola konpondu aseguru etxeek maileguzko piezentzako ezartzen dituzten segurtasun-neurriak eta baldintzak?

Xafla, ohol eta abarretan pentsatu dugu; zailtasun berezia eskultura exentuetan, adibidez, zutabeetan.

3D idulkiak eta plataformak marraztu ditut proba gisa. Piezak beira arasetan daudela ematen du. Ez zait bat ere gustatu.

Mota horretako neurriak behar dituzten maileguak kentzea bururatu zait.

Piezen eta espazioaren arteko harreman naturala apurtzen dute. ZORU BERBERA ZAPALDU BEHAR DUTE.

Bartzelonatik Basileara noa hegazkinez. CRAC Alsacera bidean. Lucía C. Pinoren Crines24 ia osorik irakurri dut.

Nire haurtzaroarekin lotutako supermerkatu frantsesa. Iruñean oraindik saltoki handirik ez zegoen garaian Baionara joaten ginen hipermerkatuan erostera. Familiaren denbora-pasa izaten zen. Esnekien sail amaiezina, kosta egiten zait jogurt “normal” bat aurkitzea, ez dut erratuta gazta freskoa eraman nahi. Erosketa haietan gaztaina-krema izaten zen nire grinarik handiena. Aurkitu egin dut.

Gogoan dut ikastolan lagunekin parte hartu nueneko tarta-lehiaketa (lehena eta bakarra izan zen). Enbor moztuaren itxurako pastela egin genuen (Mathilde Rosierrek egiten dituenen antzekoak), eta gaztaina-krema zeraman. Polita geratu zitzaigun, baina gogorra eta jangaitza ere bai. Gogoan dut, dastatu aurretik, gure inozentzian, irabazletzat jo genuena geure burua.

Urduritasuna sentitzen dut.

GERRA

10 / 10 (L´écorce erakusketaren muntaia, CRAC Alsace. Komisarioa: Elfi Turpin)

Ziurtasun batekin esnatu naiz: tapaki eta alfonbra gorriak sartu nahi ditut alderantziz dagoen piezako ebaki eta irekiduretan. Agian ebakiak egin eta tamaina txikitu.

Atzo Manuelek erakutsi zidan koralaren irudia datorkit gogora.

 

Gelatik kanpoko soinuak interpretatzen ari naiz.

Bakarrik egon arte ez dut irten nahi.

Garbitzailea baino ez dagoela ulertu dudanean lortu dut irtetea.

Bihar goizago jaiki behar dut etxean inorekin topo ez egiteko. (Ez dut lortu, eta eskerrak. Ana Vaz eta bere familiarekin elkartu naiz gosaltzerakoan, eta atsegina izan da).

Atzotik nabari dut usainekiko oso sentikor nagoela. Bat-batean nazka ematen dit jogurtaren usainak eta garbiketa produktua oso desatsegin egiten zait.

Rosemarie Trockelen Post-menopause katalogoa jaso dut.

Ehunak matrize moduan erabilita zuzenean tinta jarri eta estanpatzeko gogoa sartu zait.

10 / 11

Visual pleasure25 / Z.-k eragiten didan erakarpena.

 

Neure eskulturen aurrean arrotz sentitzen naiz. Urrun sentitzen naiz.

Hala ere, haiek berriro begiratu eta nireak direla antzeman dezaket.

10 / 12

Ez dut nire lana erakusteko ilusiorik sentitzen (ez dakit orokorrean den). Hein handi batean azken egunetako tristeziaren arrastoagatik dela uste dut.

Gaza modu gizagabean bonbardatzen ari dira.

10 / 13

Lehen orduan bi kandela piztu ditut.

Etengabeko asegabetasun sentsazio zaharra alde batera utzi, perfekzionismoa alde batera utzi.

Gogoratu beharrekoa: formei lagun egitea bera baliotsua da. Haiek existitzea lorpen bat da. “[…] egiteko modua asmatzen duen egiteko modu bat, horrek esan nahi du saiakeren bidez egiten dela aurrera, eta horrelako eragiketa baten emaitza ona, zehazki, lorpen bat da. […] Lorpenak, behar bezala egin denean, bere lege propioa adierazten du argi; lehenago, aitzitik, prozesua oraindik egiten ari denean, ez dago arau argirik, izan ere, egitearen ekintzan bertan aurkitu behar da arau hori. […] Lortu denean, lorpena ezin da banandu”26.

Hemen daude, ez ditut gehiago epaituko.

(Neure buruarekiko) konparazioak egiteari utziko diot

Neure baitan naiz.

10 / 15

Mathilde Rosierrekin hizketan aritu naiz etengabeko asegabetasunak lanean jarraitzeko ematen duen indarraz. Prozesuaren parte da.

Asegabetasunean ainguratzea, horixe da aldea. Urte askotan sentimendu horrekin identifikatu naiz, eta neure buruari ez diot utzi pozik egoten eta lorpenak ospatzen.

 

Igande goiz batean eta periferian27 inauguratzearen alde ona ikusi

dugu. Arreta ezberdina da. Erakusketa hiri-erdigunean egitea eta

ikusgarritasun handiko une bat izatea opari pozoitua izan daiteke.

 

Erakusketa bat bakarrik, denboraz eta barne-egoera jakin batekin bisitatzeak benetako topaketa errazten du.

Erakusketa bat hainbat aldiz bisitatzea. Pertzepzio desberdinez jabetzea. Lan bera momentu desberdinetan erakusteak haren baitan sartzea ahalbidetzen du, hari buruz zerbait esan ahal izatea.

10 / 16

Velos eta Acts of Pulse sailetako pieza guztiak CRACeko erakusketan elkartuta ikusteak azken urteko lan egiteko moduaren aurrean jarri nau, eta horrek areagotu egin du nire krisia. Espazioaren egitura, kasu honetan, oso konpartimentatua da, eta piezak banan-banan topatzen dira, elkarrekin harremanean ikusteko aukera ematen duten sekuentziak eratu ezinik.

Gustuko dut Mathilde Rosier eta Ana Vazen lanarekin nahasteak eragiten duen bitxitasuna. Ez dute elkar ukitzen baina elkarrekin daude, elkarri eragiteko edo bata bestearekin kutsatzeko modua espazioan zehar ibiltzean gertatzen da, behartu gabe. Apur bat gogaitzen nau erritmo eta eskaera jakin batzuei erantzuteak. Ikusgai egoteak neure burua ezkutatzeko nahia eragiten dit.

Ez da erosoa, baina krisi honek zer dakarkidan ikusi nahi dut, zeharkatu egin nahi dut. Agian hartutako forma baten galeraren hasiera da. Onartu, gogoan hartu eta nahi dudanarekin bat ez datorrena, koherentea iruditzen ez zaidana aldatu.

Existitzen diren objektuetatik zuzenean ez datozen formak sortzen saiatu nahi dut.

Molderik behar ez duten lan egiteko moduak aurkitu errepikapena/ bariazioa/konbinazioa erabilita.

Denboraldi batez metalarekin lanik ez egitea.

Erreproduzitu beharrean, ikertzeko denbora nahi dut.

Sortzen ari garen gorroto-espiralaren aurrean: MAITASUNAK

MAITASUNA DAKAR, Teresa Avilakoa

 

APALA IZATEA JASOTZEN DITUGUN DOAIAK AITORTZEA DA

HORTXE IKUSTEN DUGU [...-K] DENA EGITEN DUELA ETA GUK EZ

DUGULA IA EZER EGITEN

 

APALA IZATEA GEURE ERDIGUNEAN EGOTEA DA

APALTASUNA EZ DA EPELKERIA

PORROTAK GORABEHERA GOGO BIZI ITXAROPENTSUA IZATEA

BAIZIK

APALTASUNA […-RI] EGITEN UZTEA DA

Rosemary Mayer:

“Making something that makes itself—letting things be themselves—finding a way that gives room to let the colors [shapes] play—the process makes the art—but now maybe it is fine to take this so far and go further.”28

10 / 17 (Eibar)

Akidura fisikoa.

Behin baino gehiagotan gelditu naiz

gorputzak hala eskatuta.

2,26 × 2,90 m-ko argizari-pieza baten gainazala lantzen ari naiz xehetasun handiz.

Presa sentitzen dut, baina neure buruari denbora eman eta poliki lan egitea erabaki dut, zereginak eskatzen duen erritmoan.

(ezin gogoratu nabil platerak garbitzen ari nintzela burura etorri zaidan pentsamendu garrantzitsu bat).

[Itzulpena: Bakun;
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]

Oharrak

1. Bai Manuel Cirauquik, bai David Bestuék nire lanean eskala handiagoak esploratzera animatu ninduten eta Bartzelonara egindako bisita batzuk baliatu nituen Moisés Puenteren liburutegian hainbat arkitektoren obra ikertzeko Moisés bera, Miquel Mariné eta David Bestuérekin batera. Saio haiek asko astindu nindutela gogoratzen dut, eta gerora jarraitu ditudan arkitekto askoren —adibidez, Smiljan Radić— lanekiko sentsibilizatu ninduten.

Elkarrizketek Berta Gutiérrezekin jarraitzen zuten Julia Spínolarekin batera zuen etxean, han geratzen bainintzen. Hark erakutsi zidan Petra Blaise-ren lana. Arkitektoei begiratzen nien haiengandik zerbait jaso nahian. Gogoan dut nire eskulturentzat pabiloi bat egiteko desioa. Lehengo saiakerak hutsune handi biribilen bidez hustutako paretak izan ziren.

Hormigoizko eskultura txikietan lan egitea erabaki nuen arrasto ziurragoak emango zizkidan hurbilketa bat izateko. Hutsune biribildun horma erdi kurbatuak. Geroz eta konplexuagoak. Forma haiek eskatzen zituzten kofratuak izan ziren niretzat deigarriena. Moldeak kartoizko hodi gurutzatuak ziren, eta sortzen zuten forma bera baino erakargarriagoak iruditu zitzaizkidan.

Hala hasi nintzen maketan hodi desberdinak sartzen eta hodiek pareten funtzioa izan zezaketela pentsatzen. Hasiera batean funtzionalak ziren elementu horiek eskultura bilakatzea eta haientzako materialtasun eta eskala egokia aurkitzea izan da ondorengo lana.

2. JAI (Jardun Artistikoen Institutua) artistentzako ikasketa programa bat da Itziar Okariz, Asier Mendizabal eta Ibon Aranberrik kontzeptualizatua eta zuzendua. 2020an hasi zen udako eskola gisa eta Tabakalera (Donostia), Artium (Gasteiz) eta Oteiza Fundazioan (Altzuza) garatzen du bere jarduera. JAI galdera baten inguruan egituratzen da, irakasle taldean sartzera gonbidatzen diren pertsonei egiten zaien galdera bera: Zure lan prozesua definitzen duten ezagutza praktikoetatik, besteei zein transmititzeko gai zara?

3. Anna Manubensek Hangarren egonaldi bat egitea proposatu zidan Soriguérekin elkarlanean materialak ikertzeko.

4. Bartzelonako Arts Santa Mònica antolatutako erakusketa, komisarioak: Èlia Bagó, Marta Echaves eta Sara Torres. 2023.06.14 –2023.09.25.

5. Mònica Planesek eta David Bestuék puntu geografiko batzuetan zehar ibilbide bat egitea proposatu didate eskultura bat kamioi batean eramanda. Erakusketa ibiltari bat prozesio eta ospakizun moduan. Pieza zenbait pertsonen artean eramatea da ideia, paisaia desberdinetan. Ahalegin fisikoa eta izerdia egon daitezela. Denok batera bazkaltzea.

6. 2005ean Artelekun Iñaki Imazek koordinatutako tailerra.

7. Close-ups of fabrics: “The intimacy of a woven texture was particularly suited to the scrutiny of the lens. The slight swellings, recesses, and shadows produced by the crossing of weft and warp, the way the fabric folded or creased, or the subtlety of the tactile sensations generated by wool against cellophane seemed infinitely refined when framed by the sharp focus of a precise optical apparatus. […] Photograph helped to present textiles as structurally, materially, and industrially sophisticated products. With detailed close-up photography, the textures came into focus, and with framing that implied the potentially infinite field of fabric, the photographs highlighted the sense of textiles as tactile phenomena.” T’ai Smith, “Limits of the Tactile and the Optical: Bauhaus Fabric in the Frame of Photography”, hemen: Grey Room 25, The MIT Press Journals, 2006ko udazkena.

8. Radio Primavera Sounden ziberlokutorioa. “Dejar ir” irratsaioa, Sara Torres gonbidatuarekin.

9. Javier Peñaren podcasta, Virginia Woolfi eskainitakoa, Grandes infelices. Luces y sombras de grandes novelistas saioaren hirugarren denboraldia.

10. Ikus: Emanuele Coccia, La vita sensibile Il Mulino, 2023, 187–88. Or. (italieratik M.-k itzulia).

11. entre alguien y algo erakusketa, Carreras-Múgica, Bilbo, 2022.

12 “Velos (párpados) bezalako piezak gertaera baten aukeraren ikuspegitik begiratuak izan behar dira, beren izaera performatiboa aintzat hartuta. Baina eskulturaren izaera transformatiboaren esplorazio gisa ere bai; Cresporentzat ikerketa-eremu zabala da hori. Pieza beraren gainean egindako ondoz ondoko bariazioen helburua ez da konplexuago bihurtzea, baizik eta praktika modu ez hain zurrunean egitea, keinuari dardara itzultzea eta eskulturari berriro agertzeko aukera ematea. Merleau-Pontyren hitzak aintzat hartzen baditugu, berreskuratzea ‘inoiz ez da berrezartzea, ezkutatzea baizik’ esaten duenean, orduan estaltze horren helburua ez da forma bat sortzea, presentzia bat berriz osatzea baizik. Arreta ez da zuzentzen, beraz, zer uzten den agerian eta zer estaltzen den erabakitzera, baizik eta opakutasuna berrezartzera, eta, paradoxikoki, horrek eskultura berriro osoki agertzea ahalbidetzen du”. Marc Navarro, “Más Graves”, hemen: Vieron su casa hacerse campo, erak. kat., CA2M, Madril, 2023, 61. or.

13. Emanuele Coccia, La vida de las plantas. Una metafísica de la mixtura, Miño y Dávila Editores, Buenos Aires, 2017, 57. or.

14. Virginia Woolf, The Waves, Penguin, New York, 2000.

15. Sara Torres, Lo que hay, Reservoir Books, Bartzelona, 2022.

16. Federico García Lorca, Conferencias, Editorial Comares, Huerta de San Vicente 19 bilduma, Granada, 2001. Prentsako hainbat artikuluren bost bertsio biltzen ditu argitalpenak, eta 1928 eta 1930 artean hainbat lekutan egin zen hitzaldi horren transkribapenak jasotzen ditu.

17. Jane Bennett, Vibrant Matter: A Political Ecology of Things, Duke University Press, Durham (Ipar Carolina), 2022.

18. Azaroak 4. Fonderia Battaglian egiteko modukoa iruditzen zaidan ideia bat otu zait azkenean. Paretaren barrutik komunikatzen diren pieza/zuloak. Interfono bat, bi aho, bi belarri. Horma tartekatuak eta agian soinudunak. Erakusketa bat egin nahi dut Vieron su casa hacerse campo (CA2M, 2022) erakustaldian arreta berenganatu baina bigarren maila batean geratu ziren esku-hartzeetako batzuk garatzeko. Espazioa hutsik izango du erakusketa horrek, zuloak besterik ez dira egongo, eta piezak pareten atzean egongo dira. Sakontasun handiago edo txikiagoko piezak arkitekturaren hutsuneetara eta tarteko guneetara egokituta.

19. Eva Hesse: Diaries, Barry Rosen eta Tamara Bloomberg (ed.), Yale University Press eta Hauser and Wirth Publishers, 2020.

20. Jaime Cuencak Bilbao aldizkarian nire entre alguien y algo erakusketaren inguruan egindako erreseina.

21. Martin Herbert, Tell them I Said No, Stemberg Press, Berlin, 2016.

22. Sistema consciente para técnica del movimiento ikastaro trinkoa, Feli Estévezen eskutik.

23. Emanuele Coccia, Metamorfosis. La fascinante continuidad de la vida, Siruela, Madril, 2021.

24. Lucía C. Pino, Crines, Caniche Editorial, Bilbo, 2023.

25. Laura Mulvey, “Visual Pleasure and Narrative Cinema” (1975): “PLEASURE IN LOOKING/FASCINATION WITH THE HUMAN FORM. . . . There are circumstances in which looking itself is a source of pleasure, just as, in the reverse formation, there is pleasure in being looked at. Originally, in his Three Essays on Sexuality, Freud isolated scopophilia as one of the component instincts of sexuality which exist as drives quite independently of the erotogenic zones. At this point he associated scopophilia with taking other people as objects, subjecting them to a controlling and curious gaze.”

26. Luigi Pareyson, Estética. Teoría de la formatividad (1954), Ediciones Xorki, Madril, 2014, 106. Or.

27. Elfi Turpin komisario duen L´Écorce inauguratu dugu CRAC Alsacen.

28. Excerpts from the 1971. Journal of Rosemary Mayer, Marie Warsh (ed.), Soberscove Press, Chicago, 2020, 27. or.