katalogoa
3D, 2D, 1D: Gertatu behar izango zatekeena
Jara Rocha
- Izenburua:
- 3D, 2D, 1D: Gertatu behar izango zatekeena
- Egilea:
- Jara Rocha
- Argitalpena:
- Bilbao: Caniche Editorial eta FMGB Guggenheim Bilbao Museoa, 2024
- Orrialdeak:
- 174
- ISBN:
- 978-84-127621-2-9
- Lege gordailua:
- BI 00031-2024
- Erakusketa:
- June Crespo. Baskularra
- Gaiak:
- Emakumea artean | Generoa eta sexualitatea | Artistak | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Forma | Konposizioa | Lan-prozesua | Sinbologia | Feminismoa | Natura | Euskal Herria | Teknika eta materialak
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Garaikidea
- Artelan motak:
- Eskultura
- Aipatutako artistak:
- Crespo, June
Izaki fotosintetikoen komunitateek, edozein industria-instalazio baino ahaltsuago izanik, elementuak berrantolatzen dituzte planeta mailan.
Natasha Myers1
Konputazio iheskariarekin ditudan konpromisoak zorretan daude desordena natural honen ulermenarekin, etorkizuna ziurtatzeko orain hartutako ekintza iheskarien bidezko biraketa honekin. Prekarietatearen paralisia gaindituta, mundu berri bat prestatzen iraungipenaren aurrean.
Romi Ron Morrison2
June Cresporen lanean, absentziaz osatutako konposizio batek posible denaren bizipen zabaldua aktibatzen du: “Absente baina irudikatuta dagoen etorkizun baten bitartez orainaldian jarduteko deialdiak dira, kontuan izanda etorkizun horrek, dei horren kariaz, orainean eragiteko gaitasuna duela”3; absentzia eratzaileak dira, konposizio-eragiketa batean orainaldi konplexuaren eta haren etorkizun erlatiboaren latentzia eta are potentzia gisa hautematen direnak. Hau da, Crespok maniobra teknokulturalen multzo bati erreparatzera garamatza; eutsiko gintuzkeenaren materialak eta semiotikak beste modu batean aurkezten dituzten maniobrak. Eta galeren bidez landu ditu batez ere.
Eduardo Kohn-ek absentzia eratzaileak planteatzen dituenean, ingelesez geroaldiko baldintza erreal gisa jokatzen den aditz-forma gogorarazten dit; Tina Campt-ek4 adierazitako kontzeptua da, gero Romi Ron Morrison-ek mugiarazi zuena pentsamendu konputazional beltzaz hitz egitean: gertatu behar izango zatekeena (that which should have had to happen), “oraindik gertatu ez den baina gertatu behar duen etorkizun baten performance-a […]. Gaur egungo gertakarietatik haratago irudikatzeko ahalmena da, eta ez dena, baina izan behar duena, bistaratzeko ahalmena”5. Cresporen erakusketaren irakurketa hortik egin daiteke agian: gertatu behar izango zatekeenaren ebidentziak. Amaitzen ari den mundu baten fikzio politikoen gainean a posteriori aplikatutako begirada arkeobotaniko gisa.
“Mota guztietako zeinu-prozesuek, ez bakarrik bizitza biologikoarekin zuzenean lotuta daudenek, absentzia baten ondorioz dute esanahia: ikonotasuna nabaritzen ez denaren emaitza da; indexikalitateak oraindik presente ez dagoenaren iragarpena dakar; eta erreferentzia sinbolikoak, ikonotasuna eta indexikalitatea ere inplikatzen dituen prozesu korapilatsu baten bidez, mundu absenteen irudia identifikatzen eta atzematen du ahoskatutako edozein hitzen esanahirako testuinguru absentea den sistema sinboliko batean txertatuta egoteko dituen moduei esker”6.
Konstanteak, arauak eta usteak kanpoan geratzeko moduak, berez, maniobra teknokultural espezifikoak dira, eszepzionalismo gizatiar, maskulino, zuri, heldu eta kapazaren azalera moderno bortitzen aurrean ageri (eta errepikatzen) direnak; banakako existentzia-planoen abstrakzioa, eta fluxu ugariren (denbora, erauzketa, ekoizpena, kapitala, zentzua) linealtasun aurre-ezarria. Crespo lautada horretan porositate potentziala7 manufakturatzen inplikatzen da.
June Cresporen lanaren baitan bizitzea da hemen gure plana, Guggenheim Bilbao Museoaren 2024ko erakusketan bildutako azken ekintza (eta omisio) ildoak bereziki kontuan hartuta, baina baita haren obraren prozedura-konplexutasun osoa ere —agian ez da hain irakurgarria azken gauzatzeetan—, eta sistema dimentsional taktiko batekin lotzea, zeinak modernitate patriarkal-koloniala deserrotzen lagundu behar izan ahalko baitu, erakusketa hau gertatzen den unean areagotua, turbokapitalismo konputazional soluzionisten inplementazio nabarmenagatik eta erauzte bertikaltasunaren erregimenak berezkoak dituen ingurumen-sakrifizio eta -bidegabekeria arrandiatsuengatik: beti goitik behera eta iparraldetik hegoaldera. Manuel Cirauquik liburuki honetan adierazten duen bezala, ordena bertikala eteten laguntzea da helburua8.
June Cresporen lanetik abiatuta, modernitatearen deserrotzearen hiru —edo gutxienez hiru— dimentsio antzeman ditut, aurrerago garatuko ditudanak. Etendura eta jarraipeneko hiru maniobra ontoepistemiko dira, eta deserrotze hori adierazteko erabiltzen diren zenbait magnitude finkatzen dituzte: becoming-undone-together9.
Deserrotzeetako bat (1D) poroen egituraren inguruan dago antolatuta, eta passing10 delakoaren harreman-politikekin du zerikusia. Mukulu exentuaren berezko osaera etetea; zeharkako presentziaren eta iragate gertaeraren birpolitizazioarekin jarraitzea.
Beste deserrotze bat (2D) munduaren azpiegitura-bilbean sartzen da. Bigarren deserrotze horrek bere egiten ditu zerbitzuaz honat dagoen bizimodu bat11 —edozein esperientziaren aurreko eraginkortasun inposizioek gainezkatua— antolatzeko aukera eman behar izango duten hamaika jostura, ertz eta atzera-puntadak (seamfulness). Optimizazio teknikoaren berezko arintasunaren jarraitutasuna etetea, bereziki konputazionalki neurtutako harremanetan; testurarekin eta marruskadurarekin jarraitzea.
Hirugarren deserrotzeak (3D) lumarekin du zerikusia, geroaldiko baldintza errealaren premisa estetiko baten zati den aldetik: queer monumentaltasunaren absentzia eratzailearena. Bazterketa-, ustiaketa-, erauzketa- eta sarraski-sistema baten berezko ordezkaritza etetea; oparotasunarekin eta baieztapenarekin jarraitzea. Saiakera honetan Cresporen lanaren harira adierazitako sentsibilitateak honako egile hauen planteamendu metodologikoak dira funtsean: Elizabeth A. Povinelli (Four Axioms of Existence)12, Trinh T. Minh-ha (Speaking Nearby)13, Possible Bodies (Volumetric Regimes)14, The Cell for Digital Discomfort15 eta Eduardo Kohn (absentzia eratzaileak)16. Zenbait irudi ere badaude, hemen idatziz jasotzerik lortu ez arren esan behar izango zatekeenaren konposizio bisualak iradokitzen dituztenak.
1D. Poroa: passing delakoaren harreman-politikak
June Crespok manufakturatzen dituen pieza asko pasaguneak dira, log(ist)ikoki igarogaitzak, erabilezinak. Matematika ez-eraginkor ederrekoak dira, eta ez-erabilgarritasuna dute erlazio-baldintza. Elkartzeko beste jardunbide batzuk proposatzen ditu Crespok, eta erabilera-arau estandarizatuak alboratzen: “Arazoa egon dadila”17. Horrela, igarotzea bera gertaera erlazional bat da, mugimendurik eza ekar dezakeena, zertarako eta hurbiltzearen eta ko-existentziaren logika aldatzeko. Ez pasatzea. Pasa daitezela horrela ez pasatzeko moduak. Hortik ez pasatzea, eta modu horretan ez zeharkatzea. Dagoeneko (no-longer) forma horretatik forma horietara ez pasatzea, beste gauza batzuk pasa daitezen. Zentzu- eta arreta-fluxuak birbanatzea, adibidez, birreskalatze-, segmentazio- eta zarakartze-eragiketen bidez.
Igaro ezin diren pasabideak, gurutzaketa gehiegi izateagatik edo existitzeko prozesuak berak eragindako buxadurengatik sortutako nopassing eremuak, perspektiba desoptimizatzeko eta hamaika ikuspuntu emateko konputazio-gaitasunaren mende jartzen dira, eta baztertu egiten dute bat (monokularra) edo hemen (geldi) kontzeptuak jakintzat ematea. Édouard Glissant-ek opakutasun-18 eta alderraitasun-baldintzak mugiarazi zituen esperientzia inposatu, garden eta linealen fluxuen unibertsaltasunari aurre egiteko harreman-modu gisa. Maria Dadak esan bezala:
“Zentzu batean, sustraiaren aurka joateko nahia da, non sustraia Mendebaldeko ikuspuntuaren hastapen historikoa eta haren unibertsalizazioa diren. Mendebaldeko historia beti egon da nazionalitate-nozio zurrunei lotuta, eta ideia hori nazio kolonizatuetara esportatu da, hala nola Libanora; ondorioz, nazio kolonizatu horiek ere antzeko errotze unibokoa dute xede. Alderraitasunaren ideia, Glissanten aburuz kolonizatuek berezkoa dutena, subjektibotasun ez-zurruna da, identitatearen eta mugimenduaren nozioen artean kokatua”19.
June Crespok zirkulazio pseudoperimetrala proposatzen du, jarraipen iraunkorra eskatzen duten serie ordenaturik gabea. Eta horren erdian, badirudi urrats mugatzailearen nolakotasunak liluratuta daukala. Eskailera batera ere igotzen da eta zulotik begiratzen du, argiak eta bihurguneek uzten dioten tokiraino20. Eta gero men egiten du: “Azaleren kontrola gal dezadala”.
Glissantek proposatutako opakutasunaren eta alderraitasunaren maila taktiko berean, itsukeria da bitartekaritza konputazionaldun garaikidetasunaren erresistentzia- eta gaitzespen-taktika zirraragarrienetako bat. “Esaldi batean, itsukeria zera da: informazio anbiguoa, nahasia edo engainagarria nahita gehitzea datuen zainketa eta bilketa oztopatzeko”21. Hainbat entitateri irakurketaren (edo zainketaren) plano-errealitaterako deia luzatuta zaratatzeko, lainotzeko, kamuflatzeko edo eklipsatzeko ideia-sorta zabala eskaintzen du. Ezabatzeko batzea da. Hodien joan-etorria, aldi berean, azpiegiturazko kateter irtenen bidez esekitzea, kapitalismo fosilaren botere-matrize trinkoaren aurrean borrokatzeko modu ausarta da22.
Ekitaldi ez-misto23 baten atean gertatzen den bezala, ez pasatzeak, berez, eremu eta hutsuneen mundu oso baten porositate-bizipena areagotzen du, beste modu batera egoteko, hain emanak ez diren edo oraindik (not-yet) emanak ez diren harremanetatik ikasteko: oklusioaren pedagogia aktibatzen du. Buxadura edo mozketa abiapuntu duten esperimentuak. Pixka batean inguruan egotea, bueltan, ondoan: nearby24. Eta zerbait pasatuko da. Denetarik pasatuko da: “Absentzia zentzu honetan: ‘oraindik-ez’ (not-yet) horrek orainari eragingo dion esperantzan orainaldira ekarritako etorkizunaren irudikapena. [...] etorkizun hori posible egiteko behar diren urrats guztiak gauzatzea ere absentzia eratzailea da”25.
2D. Bilbea: seamfulness
“Josturen lengoaiak gogorarazten digu, askotan, azpiegiturek talka egiten dutela: haien josturak agerikoak dira beren punta, ertz eta bazterketa ugarietan. Hesiaren metaforak ez bezala, edo are geruza sentsazioak ez bezala, josturen eta seamfulness delakoaren lengoaiak iradokitzen du sistema bakoitza beste sistema batzuekin gainjartzen dela tokian-tokian, modu nahasian eta are artikulatu gabean egin ere. Mihiztadurarako nodo egonkorrak aurkeztu beharrean, josturek adierazten dute modu asko daudela sistema ugari, txatalak balira bezala, tokiko lerrokatze bakarrean elkartzeko”26.
Cell for Digital Discomfort27 delakoak zera hartu du xede: plataformakapitalismoari eta David Golumbia-k28 eta Syed Mustafa Ali-k29 “konputazionalismoa” deitu zutenari erantzuteko premisa estetikopolitiko gisa zimurtasuna aldarrikatzeko moduak asmatzea eta probatzea. Konputazioaren bidez betearazten den zapalkuntza kolonial sistematikoan oinarritutako erregimena da konputazionalismoa, eta arin eta erraz gertatzen da, patrika bakoitzetik, eragiketa mundutar bakoitzean.
June Crespok ere arreta handiz erreparatzen dio eskultorikoki zein pragmatikoki prozesatutako materia zimurtsuaren haptikotasunari. Eta prozesuak tresna digitalak eskatzen dizkionean, jarrera sinesgogorra (awless) izaten du, preview eta render bidez bistaratutako distiratxoekiko eta akaberekiko eszeptikoa. Discomfort delakoaren aliatua da. Etortzeko dagoen seamfulness-taktikak konputazionalismo horren baliomultzoarekin (eraginkortasuna, efizientzia, optimizazioa, produktibitatea) eta guztia zerbitzu gisa hartzen duen eskaintzarekin bat ez datozen ezusteko parametroak proposatu behar izango zituzkeen awlessness bidez. Cresporen josturaz beteriko sorkuntzetan progresio semiotikomaterialik ez egoteak lodiera eransten dio digital discomfort deituaren muntaia izugarri, ekin eta sortzaileari. Ingurunea, tenperatura, eskala, perspektiba (batzuetan sotil, besteetan bortitz) aldatuz, erregimenaren euskarriak erori egiten dira; agian a posteriori agertzen dira, ordena informatikorik ezak itxuraz adierazten duen azpiegitura-hutsunearen infernuaren aurreko babes gisa.
“Infernura joan-etorria egina naiz. Eta esan beharra daukat zoragarria izan dela”30: ustekabeko artikulazioak dituzten lore ornodunak, POVaren baitan niaren batasuna iraultzen duten errenderizazioak, onespenaren araberako interfazeak, objektiboak ez diren eskanerrak, elkarrekikoak diren hosting eta sostengu trans*feministak: mundu-bilbe teknoanitza31, munduak bestelako bitarteko geldo, kiribildu, zail, latz, preziatu batzuen bidez manufakturatzeko.
3D. Luma (birds of no feather): queer monumentaltasunaren absentzia eratzailea
“Mundu berriak irekitzeak dakarren plazeraz, samurtasunaz eta zirraraz gainezka daude queer eta elbarriei buruzko liburuak. Eskaner hackeatuek, gaizki erabilitako ereduek eta gorputz zakarrek, denek ere, bolumetria alternatibo gisa biratzen diren desbideratze-izpiak sortzen dituzte”32. Argitaratu beharreko mito teknokultural bat dago, eta June Cresporen egunkariek berpiztu egin dute. “Lumaren ezintasuna” du izenburu, eta cistema-ren backstage-an egindako sartu-irten baten istorioa kontatzen du. MakeHuman izena duen humanoideak modu bolumetrikoan modelatzeko middleware baten makina-gelan hasi zen. Bere interfaze grafikoak ezarritako parametroen bidez, tresnak humanoidearen ezaugarriei buruzko zenbait metadatu biltzen ditu, “generoa” barne, besteak beste. Eredua 3D animaziorako tresna batera inportatu daiteke, eta harekin batera doaz bere metadatuak ere. Mitoaren arabera, “femenino” gisa erregistratutako (metadatatutako) gorputz-eredu bati motion capture prozesu bidez “maskulino” gisa atzemandako mugimendu bat esleitzen saiatzean, egitura erori egin omen zen zuzen-zuzenean, begien bistan galdu omen zuen ardatz oro pantailan bertan; erorketa hori grabitate birtual baten legatuaren mende zegoen, itxuraz helburu bakarrarekin jarauntsia: amiltzea; kolapsoa disidentziaren ondorioz animatzea: lumaren ezintasunaren erregistro teknikoa. Ezintasun hori, kontuan hartzen ez diren lumen absentzia eratzaile hori, elkarrekikotasun-egoeran paramonumentaltasun zeihar eta atzemanezina posible den mundu bat loratzeko gertatu behar izango zatekeen amiltze konputazionala da.
Elizabeth A. Povinellik galdetua da “zergatik dirudi pertsonen balioa, haien giza eskubideen eta eskubide zibilen onarpena, zuhaitz genealogiko baten adar ahul xamarren mende dagoela beti? Zergatik egon behar dugu adar horien mende?”33, eta galdera horretan odol- edo izerdi- loturen absentzia eratzailea hautematen da; lotura horiek dira, hain zuzen ere, konbentzioz indibidualak diren espezimenen existentzia-moduak espezie, genero, familia, ordena, klase, filum, erreinu eta domeinu kategoria-adarren baitan mantentzen dituztenak. Gertatu behar izango zatekeena zurtoin horien errekuntza izango da, taxonomia monumental horren eraistea.
Premiazkoa da, beraz, gimnastika bat asmatzea modernotasun patriarkal-kolonialaren hutsuneetatik hautematen den denbora ez-linealaren bitartez erorketari eusteko. Agian, erorketari eustea flotatzea34 izango da, edo intimoak baina asertiboak diren gainazal harrigarri eta anbiguoetan zirkulatzea, eta, horrela, gertatu behar izango zatekeen paramonumentaltasuna egiturena baino maiztasun txikiagoko politika materiala izatea. Agian, ez-bitar, otherkin, marroi, transmarikabollo, niñe eta elbarrien konspirazioetarako sekuentzia gimnastikoak egikaritu behar izango zatezkeen. Etengabeko erremediorako prest dauden materializazioak, monumentaltasunaren absentzia oparoaren (hura lantzearen) bila. Monumentalitate hori queer angeluek35, jarrera arraroek36, deserosoek37 osatzen dute, inoiz bikoiti ez bakoiti ez direnek38. Beharbada hasia izan beharko da keinuak probatzeko ariketa ezagunak eta ezezagunak biltzen dituen zerrenda bat; Elsa von Freytag- Loringhoven39 baroisa dandyaren moduko keinuak, angeluak beren onetik aterata dituztenak, eragiketa teknikoek, burokratikoek, goranzko desklasamenduek eta alboetaranzko genero-parametroek eutsita. Edo Lucía C. Pinorenak, queer izaera hartzen doazen gorpuztasun-oskolez osaturikoak40; Sina Seifee-renak, rigging piratak probatuz sortutakoak41; Abelardo Gil-Fournierrenak, soilik gizakienak ez diren ikusmen/ denbora gurutzaketak adierazten dituztenak42; edo Pascale Barretenak, bolumen-larrialdien eta haien egituraren arteko agentzia-simetria zaintzen dutenak43.
Cresporen formek ere ezinezko lumak dituzte. Absentziaren erakuskeria egiten dute, barru-kanporantz handiesten dute beren ezintasun kartsua. Kumulu hutsak diren heinean, gainera, passing egiten dute, adibidez generoari, espezieari eta erreinuari (kingdom dysphoria) dagokienean (Quimera Rosa44; So-called Plants45), baina, era berean, ez dute inolaz ere passing egiten. Eta sentikorra dena desorientatzen duten espezimenak dira (Ahmed46), “elkar egiten” dutenak (Crespo47). Normalaren sakrifizio-eremuak seinalatzen dituzte (Dragona & Rocha48): arraza-teknokapitalismoaren modernitate zis-hetero patriarkalkolonialaren forma guztiak, dagoeneko (no-longer) ez dabilenaren eta oraindik (not-yet) erabat ez dabilenaren artean dilindan. Brontzeak eta hormigoiak ez zuketen munduaren zentzu bakarra ezarri behar izango. Handitasunak eta irmotasunak ez zuketen orientaziorik edo norabiderik inposatu behar izango. June Cresporen geroaldiko baldintza errealean monumentaltasun autoritario eta errepresiboarekiko zorra kitatuta dago, eta harrizko unibertsaltasuna berriz bilakatu da arrunt. Hori da, beharbada, gertatzen jarraitu behar izango zatekeena paramonumentaltasun queer bat zeiharki loratzeko. Ez zedila ezarri, ez zutitu, ez finkatu, ezta hemen/horrela geratu.
[Itzulpena: Bakun;
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]Oharrak
1. Natasha Myers, “Cómo cultivar mundos habitables: Diez pasos (no tan fáciles) para la vida en el Plantropoceno”, hemen: Climaterra.org, 2021.
2. Romi Ron Morrison, “Voluptuous Disintegration: A Future History of Black Computational Thought”, hemen: Digital Humanities Quarterly, 16. lib., 3. zk., 2022ko uda.
3. Eduardo Kohn, Cómo piensan los bosques. Hacia una antropología más allá de lo humano, Abya Yala, Quito, 2021.
4. Tina Campt, Listening to Images: An Exercise in Counterintuition, Duke University Press, 2017.
7. The Institute for Technology in the Public Interest & Peter Westenberg, Potential Removal, Critical Medialab & Atelier Mondial, Basilea, 2023. Hemen eskuragarri: https://
titipi.org/pub/potentialremoval/potentialremoval_imposition.pdf.
8. Ikus Manuel Cirauqui, “June Crespo, hedapen baskularra”, liburuki honetan.
9. Oracle(s), Becoming undone together (1) [online], 2020. Hemen eskuragarri: https://vimeo.com/441452535
10. Passing hitza ingelesez erabili ohi den termino bat da, eta dela talde nagusiarekiko asimilazio bidez, dela autodefentsa bidez pribilegiozko testuinguru batean sartzea errazten duten gizarte-ulergarritasun mekanismoak izendatzen ditu. Adibidez, oso baliotsua da mekanismo horien inguruan Elaine Ginsberg-ek egindako azterketa historiografikoa (Passing and the Fictions of Identity, Duke University Press, 1996).
11. Jara Rocha, LaaS (Life as a Service), Hangar/ La Virreina, Bartzelona, 2023. Hemen eskuragarri: https://hangar.org/es/fellowship/laas-life-as-a-service-de-jara-rocha-primerfellowship-hangar/
12. Elizabeth A. Povinelli, Between Gaia and Ground. Four Axioms of Existence and the Ancestral Catastrophe of Late Liberalism, Duke University Press, 2021.
13. Nancy N. Chen, “Speaking Nearby. A Conversation with Trinh T. Minh-ha”, hemen: Visual Anthropology Review, 8. lib., 1 zk., 1992ko udaberria.
14. Possible Bodies (Jara Rocha eta Femke Snelting), hemen: Volumetric Regimes: Material Cultures of Quantified Presence, Rocha eta Snelting (ed.), Open Humanities Press, Londres, 2022. Hemen eskuragarri: https://volumetricregimes.xyz
15. Cristina Cochior, Karl Moubarak eta Jara Rocha (ed.), “Digital Discomfort”, hemen: BAK basis voor actuele kunst, Utrecht, 2022. Hemen eskuragarri: https://www.bakonline.org/nl/prospections/on-digital-discomfort-editorial/
17. Marc Navarro, “June Crespo. Forma cerrada pero rota”, hemen: El estado mental, 2016ko azaroa. Hemen eskuragarri: https://elestadomental.com/diario/june-crespo-formacerrada-pero-rota
18. Édouard Glissant, Poétique de la Relation, Gallimard, Paris, 1990.
19. Maria Dada, “Rehearsal as the ‘Other’ to Hypercomputation”, hemen: Volumetric Regimes, op. cit. Hemen eskuragarri: https://volumetricregimes.xyz/index.
php?title=Rehearsal_as_the_%E2%80%98Other%E2%80%99_to_Hypercomputation
20. Ikus June Crespo, Prozesu-egunkaria 1, liburuki honetan. BI TESTUETAKO ERREFERENTZIA BATERATU
21. Finn Brunton eta Helen Nissenbaum, Obfuscation: A User’s Guide for Privacy and Protest, The MIT Press, 2015.
22. Andreas Malm, How to Blow Up a Pipeline: Learning to Fight in a World on Fire, Verso, 2021.
23. (Ed. oh.) Esparru ez-mistoak zera dira, talde zapaldu bat zapalkuntza hori eragiten dion taldeko kiderik gabe elkartzeko guneak.
26. Janet Vertesi, “Seamful Spaces: Heterogeneous Infrastructures in Interaction”, hemen: Science, Technology & Human Values, Special Issue: The Conceptual and the Empirical - expanding STS, 39. lib., 2. zk., 2014ko martxoa.
27. Cochior, Moubarak eta Rocha, op. cit.
28. David Golumbia, The Cultural Logic of Computation, Harvard University Press, 2009.
29. Syed Mustafa Ali, “A Brief Introduction to Decolonial Computing”, hemen: XRDS: Crossroads, The ACM Magazine for Students, 22 (4), 2016.
31. Yuk Hui, “Rethinking Technodiversity”, hemen: The UNESCO Courier [online], 2023. Hemen eskuragarri: https://courier.unesco.org/en/articles/rethinking-technodiversity
32. Helen Pritchard, “Clumsy Volumetrics”, hemen: Volumetric Regimes, op. cit. Hemen eskuragarri: https://volumetricregimes.xyz/index.php?title=Clumsy_Volumetrics
33. Elizabeth A. Povinelli, “Notes on Gridlock: Genealogy, Intimacy, Sexuality”, hemen: Public Culture, Duke University Press, 14. lib., 1. zk., 2002ko negua.
34. Jara Rocha eta Femke Snelting, “The Possible Bodies Inventory: dis-orientation and its aftermath”, hemen: InMaterial, 2. lib., 3. zk. (Miradas sin límites: Cuerpos poliédricos y diseño), 2017. Hemen eskuragarri: https://www.inmaterialdesign.com/index.php/INM/article/view/29
35. Jane Prophet eta Helen Pritchard (ed.), Plants by Numbers: Art, Computation, and Queer Feminist Technoscience, Bloomsbury Publishing, 2023.
36. Femke Snelting, Awkward gestures: designing with Free Software, Freeze, 2008. Hemen eskuragarri: https://freeze.sh/_/2008/awkward/
37. Cochior, Moubarak eta Rocha, op. cit.
38. MELT, Never Odd or Even, Sonic Acts, 2021. Hemen eskuragarri: https://overexposed.sonicacts.com/neveroddoreven/
39. Gloria G. Durán, Baronesa dandy, reina dadá, Díaz & Pons, 2013.
40. Lucía C. Pino, Makebelieve Neuromancer, La Capella, Bartzelona, 2021.
41. Sina Seifee, “Rigging Demons”, hemen: Volumetric Regimes, op. cit. Hemen eskuragarri: https://volumetricregimes.xyz/index.php?title=Rigging_Demons
42. Abelardo Gil-Fournier, “La vibración de los juncos: imagen, tiempo y terraformación”, hemen: Accesos [online], 2019. Hemen eskuragarri: https://www.accesos.info/abelardogil-fournier
43. Pascale Barret, This Obscure Side of Sweetness is Waiting to Blossom, Constant, Brusela, 2017. Hemen eskuragarri: https://www.pascalebarret.com/projects/this-obscureside-of-sweetness-is-waiting-to-blossom-2/
44. Quimera Rosa, The Secrets of Natureculture (or How to Escape Kingdom Dysphoria), Fundació Miró, Bartzelona, 2023.
45. Jane Prophet eta Helen Pritchard (ed.), op. cit.
46. Sara Ahmed, Queer Phenomenology. Orientations, Objects, Others, Duke University Press, 2006.
47. June Crespo, “Una escultura haciéndose”, hemen: Pero... ¿ESTO ES ARTE?, CA2M, 2018. Bideoa hemen eskuragarri: https://www.youtube.com/watch?v=uLlrVdz5uPY
48. Daphne Dragona eta Jara Rocha, Espaciotiempos (in)deseados, La Irrupción erakusketaren ibilbide narratiboa, Santa Mònica, Bartzelona, 2022. Hemen eskuragarri: https://artssantamonica.gencat.cat/es/detall/Espaitemps-desestimats