Edukira zuzenean joan

Oteiza: Mitoa eta modernotasuna

Sarrera

Oteiza: Mitoa eta modernotasuna

Oteiza: Mitoa eta modernotasuna artista honi azken hamabost urteetan eskainitako atzera begirakorik zabalena da. Erakusketak Margit Rowell eta Txomin Badiola ditu komisariotzat eta museo eta bilduma partikularretako 140 eskultura inguru biltzen du. Erakusketan, gainera, 40 marrazki eta collage baino gehiago daude ikusgai, inoiz jende aurrera eraman gabekoak eta Fundación Museo Jorge Oteiza Fundazio Museokoak. Guggenheim Bilbao Museoko hirugarren solairuko forma bereziko lau aretoak hartzen ditu erakusketak, eta Oteizaren bilakaera formala eta kontzeptuala irudikatzeko asmoz bere prozesu esperimentala hurbiletik jarraitzeko irizpidearen arabera antolatua dago.

Oteiza, zalantzarik gabe, XX. mendeko euskal artistarik garrantzitsuenetakoa da, nahiz eta bere obra aldi banaka batzuetan baino ez den jarri ikusgai. Jorge Oteizaren lana definitzen zaila da; izugarri pertsonala baita eta ezin baita bere belaunaldiko beste inorenarekin alderatu. Atzera begirakoa eginez gero artistaren azken aldiak amerikar minimalismoarekin —artistaren sorkuntzaren aldiaz geroztik sorturiko mugimenduarekin— lotu ahal izango balirateke ere, Oteizaren eskulturak XX. mende hasierako arte-abangoardietan erroturikoak dira, hau da, kubismoan, espresionismoan, surrealismoan eta oso bereziki neoplastizismoan eta konstruktibismoan. Era berean, mundu-gerraren ondoko beste zenbait artistak bezalaxe abstraktuarekiko, espiritualarekiko eta humanista denarekiko sentikortasun berezia ageri du.

Jorge Oteiza Orion, Gipuzkoan, jaio zen 1908. urtean. Medikuntza-ikasketak egin zituen hiru urtez Madrilen eta Arte eta Ofizioen Eskolan jardun zuen ondoren. Garai honetakoak dira, hain zuzen ere, Jacob Epstein, Dmitry Tsaplin eta Alberto Sánchez artisten eragina duten bere lehen eskulturak, Madrilen erakusgai jarri zirenak. 1931. urtean Adam eta Eva. S=E/A tangentea (Adán y Eva. Tangente S=E/A) eskultura aurkeztu zuen Donostian, eta lehendabiziko saria irabazi zuen beronekin Gipuzkoako Artista Berrien IX. Lehiaketan. 1935. urtean Latinoamerikara egin zuen lehen bidaia erabakigarria izan zen bere bizitzan. Bertan zela, hainbat erakusketa egin zuen Txileko Santiagon eta Buenos Airesen, eta aldi berean, zeramikako irakaskuntzan eta ikerkuntzan aritu zen, Buenos Airesen lehenik eta Bogotan beranduago. Aldi hartan “Carta a los artistas de América. Sobre el arte nuevo en la posguerra” argitaratu zuen, baita “Informe sobre una estética objetiva (fórmula molecular, ontología, para el ser estético)” eta “La investigación de la estatuaria megalítica en América” delako dokumentuak ere hitzaldi banatan. Aipaturiko dokumentuek, 1948. urtean Bilbora itzulitakoan egin zituen obrek bezalaxe, bere obra osoko aldirik garrantzitsuena izango zen haren, Helburu esperimentalaren, oinarriaren bilaketa adierazten eta aurreratzen dute.

Berrogeita hamarreko hamarkadan zehar bere obra nazio mailako zein nazioarteko aitorpena eskuratuz joan zen. 1950. urtean Ale hirukoitz eta arina (Unidad triple y liviana) obrak Jorge Oteizaren etengabeko esperimentazioari eman zio hasiera, hots, “organismo espazial huts gisa ulertutako estatuaren izaera estetikoari”. Urte hartan bertan, Arantzazuko basilikako estatuaria egiteko betekizuna hartu zuen bere gain artistak. Eskultura-multzo handi haren plangintza 1953. urtean egin zuen eta 1968. eta 1969. urteen artean gauzatu zuen. Multzo honetan, motibo erlijiosoak despertsonalizatu egiten dira, irudiak hustu egiten dira eta espaziora irekitzerakoan eduki espiritualez betetzen dira.

1955. urtean argiaren tratamendua lantzen hasi zen. Hala, “argi-kondentsadore” izendatu zituen irekigune edo zulo txiki batzuk, osatuak zein osatugabeak, egiten hasi zen erliebeetan lehendabizi eta forma exentuetan ondoren. Irekigune hauek, Boccioni-ri omenaldia (Homenaje a Boccioni, 1956–57) gisako obretan, argia obraren barruan sartzea ahalbidetzen dute, obrari energia berria emanez. Artistak harrizko bloke txikiak landuz eman zion jarraipena bere esperimentazio-lanari, aipaturiko blokeetan disko baten bidez hainbat ebaki eginez, eta modu honetan, barne-egitura ezagutzera emanez; Diskoz landutako harriak (Piedras discadas) hauek Oteizak, poliedroak irekiz espazioak masan esku-hartze handiagoa izan dezan, eginiko bilaketaren adierazgarri dira.

1956. urtean Oteizak esperimentaltasun hori eskulturan ahalik eta modu erradikalenean jorratzeko mintzaira berria sortzeko beharra izan zuen; horretarako, hainbat unitate formal ireki definitu zuen, beren artean erlazionatuz hiztegi berri oso bat eratzen joan zitezen. 1956. eta 1957. urteetan elementu hauek oinarri hartuta garatu zituen bere sail esperimentalak. Sail hauetako lehendabiziko sorkuntzak bere eskulturarik garrantzitsuenetako batzuk dira, hala nola Malevich-i omenaldia (Homenaje a Malevich, 1957) edota bere makla-serie ezaguna.

1957. urtean, Sao Pauloko IV. Bienalean Nazioarteko Eskultura-Saria irabazi zuen familia esperimentaletan aurkeztutako 28 eskulturarekin; Propósito experimental, 1956–57 testua zuen katalogoa ere argitaratu zuen bere obraren oinarri teorikoen euskarri gisa. Sao Paulo ondoren, bere eskulturan aurkitzen zituen hustasunaren eta isiltasunaren egiteko progresiboari buruzko gogoeta egin zuen Oteizak. Garai honetan, Ley de cambios (Aldaketen legea) formulatu zuen, eta haren arabera, adierazpen-handitze aldi baten atzetik adierazpen-itzalaldia izaten da: “beti hartzen da ezer ez den ezereza guztia den Ezerezera heltzeko abiapuntu”.

Bi urte eskaseko prozesu azkarrean (1958–59) ondoriozko artelanak egin zituen, eta aurreko formulazioak irudikatu zituen horietan. Artelan horietatik kuboaren desokupazioari eskainitakoak dira, Kutxa hutsak (Cajas vacías) deritzanak bereziki, bere esperimentazioaren ondorioak ondoen adierazten dituztenak. Horiek abiapuntu hartuz, berriz, saiakera berriak egin zituen, bere artelan preminimalistarik muturrekoenak sortuz azkenean, 1959. urteko Velázquez-i omenaldia (Homenaje a Velázquez) delakoa esaterako. Urte hartan bertan, Oteizak bere obran aurkitzen zuen hutsune progresibo hura euskal historiaurreko harrespilekin alderatu zuen eta “eskultura, adierazpen gisa, gizakiari eta hiriari batu ezin zitzaion ondorio esperimentalera iritsi zen” eta eskultura ekoizteari utzi zion.

Hirurogeiko hamarkadan zehar, Jorge Oteiza buru-belarri aritu zen estetikaren eta hizkuntzalaritzaren ikerketan, batik bat euskal kulturaren esparruan, eta Euskal Herriaren kausa politikoarekin eta sozialarekin konprometitu zen aktiboki. Gai hauei buruzko azalpen zabala eman zuen Quousque tandem...! (1963) edo Ejercicios espirituales en un túnel (1965) liburuetan. 1972. eta 1975. urteen artean eskulturari heldu zion berriz ere, eta bere sail esperimental batzuk osatu zituen. 1986. urtean, 25 urtean lehendabizikoz, Qu’est-ce que la sculpture moderne? izenburua zuen nazioarteko eskultura-erakusketa batean izan zen bere lana. Aipaturiko erakusketa Parisko Musée National d’Art Moderne, Centre Georges Pompidou-k antolatutakoa izan zen.

1988. urtera artean, Oteizaren obraren ezagutza eskasa izan zen. Urte hartan, ordea, Oteizaren obraren atzera begirakoa egin zen, eta bere arte-ondarearen dimentsioa ikusi ahal izan zen lehen aldiz Caja de Pensiones Fundazioak Madrilen, Bilbon eta Bartzelonan antolatu zuen erakusketan. Urte hartan bertan, bere obra Veneziako Bienaleko Espainiaren pabilioian izan zen Susana Solano-renarekin batera.

Ordutik aurrera, merezi zuen arreta jasotzen hasi zen Oteizaren obra. Madrilgo Museo Nacional Centro de Arte Reina Sofía, Bartzelonako Museu d’Art Contemporani museoa edota Bilboko Arte Eder Museoa, besteren artean, bere piezak eskuratzen hasi ziren.

Erakusketa hau Guggenheim Bilbao Museoak antolatu du, Museo Nacional Centro de Arte Reina Sofía-ren laguntzaz.