Edukira zuzenean joan

Richard Serra: Denboraren materia

Sarrera

Richard  Serra: Denboraren materia
 

Izenburua:
Richard  Serra: Denboraren materia
 
Erakusketa:
Richard Serra: Denboraren materia
Gaiak:
Artea eta pertzepzioa | Sorkuntza artistikoa | Denbora | Espazioa | Lan-prozesua | Materiala | Oreka | Perspektiba | Proportzioa | Frank Gehry
Mugimendu artistikoak:
Arte Garaikidea | Minimalismoa
Artelan motak:
Eskultura | Instalazioa
Aipatutako artistak:
Serra, Richard

Richard Serra XX. mendeko eskultore gailenetakoen artean dago. Bere obrak berritzaileak eta desafiatzaileak dira, eta fabrikazio prozesua, materialen ezaugarriak eta ikuslearen parte-hartzea eta kokatuta dauden ingurunea nabarmentzen dituzte. Bere ibilbide artistikoaren hasieran, hirurogeiko hamarkadaren hasieran hain zuzen, Serrak sorkuntza artistikoaren izaera aldarazten lagundu zuen. Bere belaunaldiko minimalistekin batera, obrak egiteko material industrialez eta ohi kanpokoez baliatu zen eta material horien ezaugarri fisikoei garrantzia ematen hasi zen. Eskulturak, bere funtzio sinbolikotik aske, oinarri edo idulki tradizionala alde batera utzita, eta ikuslearen espazio errealean murgilduta, beste era bateko harremana sortu zuen ikuslearekin, eta hark objektuarekin zuen esperientzia fenomenologikoa bere esanahia ulertzeko funtsezko bihurtu zuen. Izan ere, ikuslea eskulturen inguruan, zenbaitetan gainetik, eta zeharkatuz mugitzera bultzatzen da dituen perspektiba anitzak aurkitu ahal izateko. Urteetan Serrak luze hitz egin izan du subjektuaren eta objektuaren arteko eremu espazialari buruz. Azkeneko bi hamarkadetan arreta berezia jarri du eskala handiko obretan, leku zehatzetan kokatzeko diren obretan. Obra horiek harreman berezia sortzen dute kokatuta dauden ingurunearekin, alegia arkitekturarekin, hiriarekin edo paisaiarekin eta, horrela, berriro definitzen dute inguratzen duten espazioa eta ikuslearen pertzepzioa.

Denboraren materia izeneko obra hau, iraunkorki kokatu da Museoan, eta artistak espazioaren fisikotasunari eta eskulturaren izaerari buruz egin duen gogoeta sakonena adierazten du. Serrari enkargatutako zazpi eskulturak Frank Gehry-k diseinatutako eraikinaren areto handienean instalatuta daude eta Museoaren inauguraziorako egin zuen Sugea (Snake, 1994–97) piezari gehitu zaizkio, historia modernoan aurrekaririk ez duten eskala eta hedadura duen instalazioa sortzeko.

San Franciscon (AEB) 1939an jaioa, Serra Literaturan lizentziatu zen Kaliforniako Unibertsitatean, Santa Barbaran, eta ondoren, 1964an, Master bat lortu zuen Yale-eko Unibertsitatean. Hurrengo bi urteak Parisen eta Italian ikasten eman zituen eta 1966an New Yorkera bizitzera joan zen. 1967 eta 1968 urte bitartean, artistak aditz zerrenda bat aztertzen aritu zen, esate baterako “zipriztindu”, “bildu”, “eutsi”, “moztu” eta “tolestu”, eskuez nahiz fabrikazio metodo industrialez baliatuz bere ibilbidean zehar erabili izan dituen prozesuetako asko deskribatzen dituzten aditzak izanik. Aurretik ere Serrak eginak zituen fabrikazio prozesua funtsezkotzat zuten obrak. Ohi kanpoko materialak erabiliz, adibidez kautxua, aretoetako paretetan zerrendatan zintzilikatzen zuena, eta ospetsu bihurtu zuen Zipriztina (Splash) obraren berun urtua, paretaren eta zoruaren arteko angeluan isurtzen zuena, Serrak garrantzi berezia eman zion materialen eraketa prozesuari eta material horiek kanpoko baldintzekin, esate baterako grabitatearekin edo tenperaturarekin erreakzionatzen duten moduari.

Lehenengo lan haiek zoruarekin edo paretarekin irudi-hondo erlazio tradizionalarekin zerikusi handia izaten jarraitzen zutela kontuan izanik, Serra, 1969an, beste norabide batean mugitzen hasi zen. Gaur egun ikono bihurtutako Tona baten zurkaiztea (Karten gaztelua) One-Ton Prop (House of Cards)] obrarekin. Izan ere, lan honetan beren pisuaren indarrez bertikaltasuna mantentzen duten berunezko lau xafla bata bestearen gainean eusten dira. Serra eskulturaren izaera tektonikoan interesatzen hasi zen. Sorkuntzaren prozesua adierazten zuten lanekin bezala, eraikuntzaren izaera ere antzeman zitekeen oraindik. Zurkaitzen lanen seriean, Serrak orekaren eta grabitatearen printzipioak agerian utzi zituen baita eskulturen produkzioan betetzen duten funtsezko zeregina ere. Beruna malgu eta pisu handikoa izan arren, lan horiek tentsioz beteta daude; elementuen itxurazko ezegonkortasunak gatazka sortzen du pieza goitik behera erortzeko beldurraren eta fisikaren legeen ulermenaren artean.

1970az geroztik, Serrak altzairua landu izan du batez ere. Arkitekturarekin eta ingeniaritzarekin gehienbat lotu ohi den materiala da, eta diziplina horietan artista eskulturaren jatorria ulertzen saiatu da. Altzairua material gisa erabiltzen hasi zenean, bere obraren eskala izugarri handitu zen. Harrezkero piezak ezin ziren objektu diskretutzat hartu; beren esanahia eta osaera ezin dira ingurunetik bereizi, eta ikusleak ezin ditu ikusi osotasun gisa azterketa peripatetikoa egin gabe. Espazioan eta denboran barrena mugimenduarekiko eta Serraren hitzetan "gogoeta eta aurrerapenarekiko" kontingentea den pertzepzio-esperientzian artistak adierazitako interesa Kyotoko Zen lorategiak ezagutu zituenean sortu zen, 1970ean Japonian sei astez egon zenean: Zen lorategietan ez dago perspektiba finkorik. Bidaia honek artistarengan izan zuen eragina nabarmena da bere ondorengo lan ugaritan, hemen erakusten diren horiek barne, beren kanpoko perspektibak barruko formaren aztarrenik ematen ez duelarik.

Serraren Bihurritu eliptikoak (Torqued Ellipses, 1996–) amaitu gabeko serieak, horietako bi instalazio honetan ikusgai ditugularik, azken 30 urteetan zehar garatzen aritu den hiztegi artistikoari lotuta jarraitzen du, baina horrez gain aldaketa garrantzitsu bat adierazten du. Orain arte espazioaren fisikotasuna artistaren etengabeko kezka izan bada ere, lan berri hauetan espazioa material bihurtzen da. Artistak "errezeptakuluak" izena eman dien piezen diseinua, angelu batean gainjartzen diren bi elipse perfektuk eta berdintsuk osatzen dute. Altzairuaren plano kurbatuak barrurantz eta kanporantz makurtzen dira continuum batean, arkitekturan edo eskulturan aitzindaririk gabeko forma sortuz.

Denboraren materia instalazioan Serraren forma eskultorikoek izan duten bilakaera ikusi ahal izango dugu, nahiko elipse bikoitz bakunetik hasi eta espiralaren konplexutasunera arte. Bilakaera honen azkeneko bi obrak toruen eta esferen sekzioetan oinarrituta sortu ditu artistak, ikuslearen mugimenduan eta pertzepzioan efektu desberdinak eragiten dituzten inguruneak sortzeko. Obra horiek ustekabean aldatzen dira bisitariak eskulturak zeharkatu eta inguratu ahala, mugimenduzko espazioaren sentsazio zorabiagarria eta ahaztezina eraginez.

Bisitaria aretoan sartu ahala eskulturen espazioan barneratzen da, instalazioan alegia; galeria osoa eskulturaren eremua baita. Zati anitzez osatutako bere beste eskultura batzuekin gertatzen den bezala, artistak modu zehatz batean kokatu ditu obrak ikuslea eskulturetan eta inguratzen dituen espazioan zehar mugitzeko, horrela beren presentzia fisikoak ikusmenean duen eragina, materialaren portaeraren inguruan sortzen den ziurgabetasuna eta obren pertzepzio zatikatua nabarmentzeko. Bigarren solairuko balkoitik bisitariak espazio osoaren ikuspegi panoramikoa behatu ahal izango du, baita eskulturen kokapen zehatza ere. Hala ere, eta artistak dioen bezala, “obren aurretiko bista partzialki ezkutatuta geratzen da beti”.

Obrak mailakatuta kokatuta daude forma sinpleetatik konplexuetaraino, eta aurretik sumatu ezin diren pasabide desberdinak sortzen dituzte —estuak eta zabalak, konprimatuak eta zabalduak, itxiak eta irekiak, apalak eta kolosalak—. Horrez gain, denboraren progresioa antzeman daiteke: batetik, bisitariak Denboraren materia hasi eta bukatu arte behar duen denbora kronologikoa; eta, bestetik, esperientziaren denbora, berriro konbinatzeko eta berriro esperimentatzeko iraungo duten oroipen zati fisiko eta bisualak. Serrarentzat, obraren azken esanahia ez datza bakarrik bere bilakaera artistikoa adierazten duen moduan, esperientzia aberastu eta aldaketak eragin ditzakeen moduan baizik:

Hauxe nahi dut nik: Bilboko nire obra besterik gabe produkzio estetiko bat gehiago balitz bezala ez hartzea. Ideia anitzak dituen jendearentzat erreferentziazko leku bihurtzen bada eta nire eskultura beren buruak topatzeko aukera ematen dien esperientzia baldin bada, primeran. Instalazio hau espazio publiko bat izatea nahi nuke, irekia, edozein etortzeko modukoa, batik bat gazteak. Baina baldin eta formaren ikuspegitik obra berritzailea ez bada, ezer ez da aldatuko. Formalki berritzailea behar du izan, pertzepzioak, emozioak eta esperientzia aldarazteko.

Hal Fosterrekin hizketan, 2004ko urria–azaroa.