Edukira zuzenean joan

Richard Serra: Denboraren materia

katalogoa

Nemrod

Carmen Giménez

Izenburua:
Nemrod
Egilea:
Carmen Giménez
Argitalpena:
Göttingen (Alemania): Guggenheim BIlbao Museoa eta Steidl Verlag, 2005
Neurriak:
30,5 x 24,5 cm
Orrialdeak:
255
ISBN:
84-95216-42-6
Erakusketa:
Richard Serra: Denboraren materia
Gaiak:
Artea eta denbora | Artea eta espazioa | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Perspektiba | Sinbologia | Guggenheim Bilbao Museoa | Ingurunea | Pertzepzioa | Teknika eta materialak
Mugimendu artistikoak:
Arte Garaikidea | Post-Minimalismoa
Artelan motak:
Instalazioa
Aipatutako artistak:
Serra, Richard

Orain sei urte, 1999an, Richard Serra. Eskultura 1985-1999 erakusketa antolatzeko eta aurkezteko ohorea izan nuen, Los Angelesen egon ondoren, urte hartako martxoaren 27tik urriaren 17ra bitartean Guggenheim Bilbao Museoan ikusi ahal izan genuena. Erakusketa hiri horretan egiteak zerbait berezia adierazten zuen, Guggenheim Bilbao Museoak eskultore iparramerikarraren obra monumental bat baitzuen bere bilduma iraunkorrean, Snake (Sugea), 1994-1997koa, hasieratik bertaratu zen publikoaren interesa eta miresmena piztu zituena; baina, garrantzizko gertaera horrez gain, Serrak Bilborekin eta, orokorrean, Espainiarekin zuen harremana oso oparoa izan zen 198oko hamarkadatik aurrera gutxienez, proiektuak eta obrak egin baitzituen bertarako. Beraz, ez da beharrezkoa aipatzea aita Mallorcakoa izateak, edo bera jatorriz Kaliforniakoa izateak kultura eta sentsibilitate latinoa eta espainola aurretik hobeto ulertzeko balio izan ziola.

1999ko erakusketaren katalogorako idatzi nuen hitzaurrean Richard Serrak gure herrialdearekin izan dituen era askotako harreman horien errepasoa egin nuen, baita dagoeneko mendearen laurden bat luzatu diren gertaera horien guztien zorioneko lekuko izan naizen aldiena ere. Beraz, testu honetan ez diet datu horiei berriro helduko, ez errepikakorra izan nahi ez dudalako bakarrik, orain berriro ere Guggenheim Bilbao Museoaren esparruan gertatzen ari dena aparteko zerbait dela eta parekorik ez duen sortze prozesu baten gailurra dela uste dudalako, bai Serraren obrak Espainian dituen aurrekariei dagokienez bai, eta batez ere, eskulturari dagokionez ere.

Bereziki zaila egiten zait Denboraren materia izenburua duen instalazioaren aurrean sentitzen dudan zirrara idatziz azaltzea. Guggenheim Bilbao Museoak bere bildumarako Serrari enkargatutako zazpi eskultura monumental dira, eta dagoeneko aipatutako eta Museoaren eskariz artistak bertarako lehendik sortutako Sugeari gehituko zaizkio. Guztiak lehen Fish izena zuen espazioan kokatuta daude, orain Arcelor Aretoa dena, instalazio garrantzitsu hau babesten duenari merezitako omenaldia eskainiz.

Nire ustez Denboraren materia erakusketak adierazten duenaren aurrean sentitzen dudana azaltzeko zailtasuna, obra plastiko bat hitzez komentatzeak beti eragin ohi duen frustrazioagatik ez ezik multzo monumental honek duen kutsu mitikoagatik ere izan daiteke. Izan ere, instalazioa osatzen duten piezak, ikuspegi askotatik, ezohikoak, iraultzaileak dira nolabait ere. Aurrena, beren diseinuak konplexuak eta berritzaileak direlako, eta hurrena beren exekuzio materialak zailtasun tekniko handia ekarri duelako, artistak abentura nekagarri bati aurre egin behar izan baitio, mundu guztian zehar leku apropos baten bila aritu behar izan baitu pieza horiek egiteko. Materialen tamainaz, pisuaz eta instalazioaz ere gauza bera esan daiteke, baita artistak hori guztia aurrera eraman duen moduaz ere, ekinaren ekinez eta ausardiaz. Eta nola ez, Guggenheim Bilbao Museoak egin duen apustuaz, lan hau aurrera eramateko erabakia ekimen historikoa baita arte garaikideko museografiaren parametroen barruan. Horrek guztiak, dagokion mailan, ohiturazkoa dena gaindituz, une gogoangarria adierazten du niretzat inolako zalantzarik gabe, eta gainera Richard Serraren eta bere obraren dimentsio mitikoa agerian uzten du.

Hain zuzen ere, azken zentzu honetan, idazterakoan, ez dakit zergatik, Genesiko pasarte hori etorri zitzaidan burura, Nemrod izeneko pertsonaia mitikoa aipatzen duen hori. l. Liburuan, 10, 8 eta ondorengoetan, Noeren ondorengoei buruz ari denean, Sem, Cam eta Jafeti buruz eta, Uholdearen ondoren, guztien seme-alabei buruz, bigarrenaren, hau da, Camen seme-alabak eta bilobak eta euren artean, bat bereziki, Cus izenekoa aipatzean, hauxe dio: "Eta Cusek Nemrod ernalarazi zuen, lurrean lehenengo ahalduna izango zena. Ehiztari kementsua izan zen hura Jehovaren aurrean; beraz, honela dio: Nemrod, ehiztari kementsua Jehovaren aurrean. Eta bere erresumaren hastapena izan zen, Babel, Erec, Acad eta Calne hartzen zituena, Sinarreko lurrean. Lur hartatik Asiriara abiatu zen, eta Ninive eraiki zuen, baita Rehobot, Cala, eta Resen ere, azken hau hiri handia zena, Ninive eta Cala artean zegoena" . Ez naiz luzez arituko pertsonaia berezi honen inguruan Biblian eta historian kontatzen zaigunari buruz, mendeen oroimenean "ehiztari" eta "eraikitzaile" gisa grabatuta geratu den horri buruz alegia, sekulakoa izan zena. Ustez Asiriar inperioaren fundatzaile izan zen eta, ikuspegi anitzetatik Prometeo antzeko bati lotua, Yahveren atentzioa erakartzea lortu zuena eta, nolabait, haren asmoei desafio egin ziena.

Zer lotura du Nemrod horrek Richard Serrarekin? Mitoen hizkuntzan analogiak ezartzeko aukera ematen digun lizentzia poetikoa alde batera utzita, hainbat eta hainbat urtek banantzen dituzten bi pertsonaia horiekin ezartzen dudan analogia horrek, nire ustez, badu bere funtsa. Orain bi izakion halabehar mitiko/historikoa behartuko luketen konparazio sotilekin entretenitzeko aukera izango nuke. Haietako bat erabat legendarioa da eta bestea erreala eta hurbilekoa, XX. mendearen bigarren erdiko eskultura garaikidearen funtsezko irudi izateaz gain gure artean lanean jarraitzen duena, XXI. mende honen hastapenetan, gaur bertan ziurtatu ahal izango dugunez. Hemen ezarri nahi dudan loturak badu bere funtsa, bi kasuetan "ehiztari" izateak eta "eraikitzaile" izateak esan nahi duenagatik; hau da, desafiozko mugikortasuna eta, batik bat, "grabitatea". Jakina, Asiria/Babiloniako erliebe zinegetiko zoragarri horietan pentsatzen jar gaitezke eta, noski, "zigurat" izenez ezagutzen dugun eraikuntza harrigarri horretan. Hala ere, analogia horretatik erakartzen nauena bi ezaugarri dira, oso zehatzak; ehiztariaren arintasun ausarta eta grabitateari, pisuari desafio egiten dion – menderatzen duen -eraikitzailearen eldarnio zoragarria; hitz batean esanda: sintesia, eskulturan funtsezkoa dena, arintasunaren eta pisuaren artean, dantzaren eta asentamendu irmoaren artean; ordena desordenatzeko, natura bortxatzeko, azken finean, "gizatartzeko" paradoxa ikusgarria.

Nolabait ere, zeharo konbentzituta nago Richard Serrak oraingo eskulturan betetzen duen zeregina paregabea dela edo, beste hitz batzuetan esanda, eskultore bakarra dela eskultura tradizionalaren arazoei eta eskultura horrek tektonikoki konpondu gabe utzi dituen horiei aldi berean aurre egiten ari zaiena; hau da: betiko eskultura "eguneratzea" helburutzat hartu duen sortzaile bakarra da orain.

Eta halaxe da, Richard Serrak eskultura klasikoaren inguruko galdera guztiak bildu dituelako, baina denboraren oztopo guztiak gaindituz ordea, eta horien artean, material berrien aprobetxamendua, grabitatearen muga konbentzionalak berriro planteatzeko gaur egungo munduak ahalbidetzen dituen horiena, eta forma berrien asmakuntza. Zentzu horretan Richard Serrak mugaraino bizi du espazioa, gaur egun ikuspegi kosmikoak dituen espazioa, baina ez du bizi ikuspegi kontzeptualetik edo metaforikotik egiten, ikuspegi "errealetik" baizik: hau da, grabitatea lapurtu gabe, harekin aurrez aurre jarriz- kargatuz-baizik.

Denboraren materia! Titulu aproposa benetan instalazioaren zentzua kontuan hartzen badugu. Marguerite Yourcenarren Denbora, eskultore handia saiakera iradokitzailean, idazle honek estatua klasikoen higadura, denbora igarotzearen poderioz ekintza suntsitzaileak halabeharrez egindako kalteek eraginda lortzen duten gero eta edertasun handiagoa deskribatzen ditu. Amaieran hausnarketa hunkigarria egiten du eskultore batek ondo asko gogoan har lezakeena: "Estatua erabat desitxuratuta geratzen denean, orduan hasten da harriaren bizitza". Aparta! Baina nire ustez ez da, ez, biltzen duen eduki alegorikoagatik, ezta sormenaren itxaropenezko baieztapenagatik ere, zerbait gehiagogatik baizik: espazioaren eta denboraren arteko dialektika- aurkaketa - ulertzen duelako edo, gauzak Richard Serraren instalazio honen eremura ekarriz: denboraren materia espazioa delako.

Richard Serrak argi eta garbi azaldu ditu Denboraren materia bere instalazioaren historia eta izateko arrazoia eta, bereziki, erabakigarriak izan diren pieza batzuek betetzen duten zeregina, batik bat Torqued Ellipse I (Bihurritu eliptikoa I, 1996) izenburua duenak, lehen aldiz, Francesco Borrominik bere eliza ezagunean, San Carlo alle Quattro Fontane-n, planteatuta utzi zuen arazo korapilatsua konpontzen baitu bertan: kontrakzio laukoitza egin zaion elipsearen garapen bertikala. Uzkurtutako elipse baten garapen bertikalaren gai erakargarri horrek, arkitekto italiarrak eraikinaren plantan ezin hobeto diseinatuak eta nabean goratuta dagoen lehenengo gorputzean ebatziak, ez zuen bobedaren maila gainditzea lortzen, eta ohiko elipsera itzultzen zen, ondoren eraikinaren kanpoko gailurrean estalita geratzeko: dekorazio bikainean, maskarada arkitektonikoan, modurik bikainenean. Borrominiren ukazio horren arrazoia begien bistakoa zen Serra iritsi zen arte: estrukturaren bidez espazioaren kontrakzioak eraikinaren garapen bertikalean jarraitzekotan, bigarren gorputzak irregularki sabeldutako gurpil baten ezinezko itxura izango luke. Ikerlan eta esperimentazio nekezaren ondoren, Richard Serrak uzkurtutako bi elipse bihurritzea posible dela erakutsi digu, elkarren arteko erlazio bertikalean, gurpil desnibelatu baten efektu barregarria sorrarazi gabe, kono bitxi batena baizik, baina kono izan gabe, bere arintasuna inolako ilusionismotara jo gabe mantentzen duena, egituraren eta tektonikaren arazoa bere gain hartuz, eta grabitatea airatuz.

Pieza horretan oinarrituta, Richard Serrak lerromakurraren melodia zoragarria garatzen du, musikala baita benetan, Ingresen biluzi bihurritu bat bezalaxe, bere aurpegi guztiak piano bakar batean eskaintzen dizkiguna, baina aldi berean materiala eta grabitatea ere ba dena, elipseak, nahiz eta toruak eta bihurdurak altzairuzkoak izan, lurreko grabitatea utzi gabe hegan egiteko gai bihurtzen den altzairuaz eginak. Are gehiago, garai guztietako artelan handiekin gertatzen den bezala, musika hau, marrazkia eta eskultura da, garaiz kanpokoa eta, hala ere, modernoa, berria zeharo bere formulazio fisikoan. Denboraren materia instalazioa arkitekturako lezio bikaina da, hitzaren zentzu grekoan, bere arje sustraiaren bidez artearen oinarria edo sorrera aditzera ematen baitigu. Jakina, pieza horiek gehienak sartzeko eta zeharkatzeko modukoak dira, eta bisitariak, igarotzen den denboran erreparatu gabe, espazioaren esperientziarekin topo egiten du halabeharrez, bat-batean erlatibitatearen teoria formularik gabe baina formekin barrutik bizitzen arituko balitz bezala. Formula konbentzionala izatera iristen den forma da zalantzarik gabe, beharrezkoa eta baliagarria den zerbait, baina artistak, Richard Serrak, ezohiko formak sortzen ditu ezinezkotzat jotzen den horri desafio egiteko, grina eta bilaketa desinteresatuaz ematen dio bizia espazioari, bildu egiten gaitu eta nahasi: orain arte ezagutzen ez genuen munduan bizitzen erakusten digu, bertatik arduragabe bagabiltza ere.

Ez dakit lortu ote dudan Denboraren materia instalazioaren aurrean sentitzen dudan zirrara eta hunkipena adieraztea. Orain hamarkada batzuk ikasi nuen Serraren obra miresten, eta gero eta grina handiagoaz beti. Orain ausartu egiten naiz esatera beharbada gaur egun dagoen eskultore bizi bakarra dela, eta ez da bizirik dauden eta oso obra interesgarriak egiten dituzten beste batzuk ez daudelako, ez, baina konbentzituta nago ez dagoela inor bera orain egiten ari dena egiten ari denik eta, beraz, etorkizuna hainbesteko indarraz proiektatzen digunik. Izan ere, Richard Serrak zeharo originala den edertasunaz sortu du pieza multzo hau, eta baliteke beren zeregina hau besterik ez izatea, pentsatzera eta espazioa bizitzera gonbidatzea: forma arinak, joriak, grabitatean oinarrituak, guri eusten digutenak eta gure munduari eusten diotenak. Errenazimenduaren dotrina artistikoak adierazten zuen zentzuan, vero inventore-a da, benetako asmatzailea, naturaren plastikotasuna aurkitu eta garatzen duena eta bere bitartez hitz egiten duena.

Beraz analogia zuritzailetzat har al daiteke Nemroden eta Serraren artean egin dudan hori? Ez al da Serra arkulari ausarta, piezak airean harrapatzen dituzten gezien parabolarekin bere ahalmena zabaltzen duena? Ez al da eraikitzailea, bere dorreak kemenez goratzen dituena zerua ukitzeraino? Richard Serrak espazio fisikoaren bi muturrak menderatzen dituela erakutsi digu: bere arintasun amaigabea eta bere pisu amaigabea. Espazioaren gainaldea eta azpialdea, mutur batetik bestera ibilitakoa. Bere tolesa. Bere jarreran hauskorra eta titanikoa den zerbait sumatzen da. Ehiztariaren eta eraikitzailearen jarrera. Nemrodena, beharbada; baina baita Akiles garaiezinaren eta "oin arinekoaren" indar zaurgarria ere, grabitatearen lege orori desafio egiteko gai, espazioa, bere hedadura guztietan, bere bilakatu baitu, bere etxe, alegia.

[Itzultzailea: Bitez Logos
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]