Edukira zuzenean joan

Robert Rauschenberg: atzera begirakoa

Sarrera

Robert Rauschenberg: atzera begirakoa

Robert Rauschenbergen artea beti izan da gogoeta eragitekoa. Gai, estilo, material eta teknika askorekin lan egin du. Hori dela eta, amerikar espresionismotiko gerra-osteko ia mugimendu guztien aitzindari deitzea merezi du. Hala ere, edozein afiliazio zehatzetik kanpo egoten jakin du. Beraren karrera artistikoaren hasieran, 40ko hamarkadaren hasieran, beraren usteak, margolaritza artearekin eta bizitzarekin lotua zegoelakoak, zuzeneko erronka ekarri zion nagusi zen estetika modernoari. Haren Konbinatu (Combines) ospetsuek, 50eko hamarkadaren erdialdean hasitakoek, benetako munduko irudi eta gauzakiak sartu zituzten margolaritza abstraktura, eta pinturaren eta eskulturaren artean onetsitako banaketei aurre egin zieten. Lanok artistaren elkarrizketa etengabea ezarri zuten, bitartekoen, artisautzakoaren eta readymade (dagoeneko egina) delakoaren eta pintzelaren keinu-teknikaren eta mekanikoki birsortutako irudiaren artekoa. Hark mundu osoko aktoreekin, inprimatzaileekin, ingeniariekin, idazleekin, artistekin eta eskulangileekin betidanik izandako lankidetzarako konpromisoa haren filosofia artistiko hedakorraren agerpena da.

Texasko Port Arthurren jaio zen 1925ean, eta Milton Ernest Rauschenberg izena jarri zioten. Artista honek bere heziketa artistikoa 1945ean Estatu Batuetako Itsas Armadan lizentziatu ostean hasi zuen. Nashvilletik hurbileko Black Mountain College-an, Ipar Carolinan, Bauhaus delakoaren jarraitzaile zaharra dugun Josef Albers-en ikaslea izan zen. Era berean, toki honetan oinarriztatu zuen bere John Cage konpositorearekiko eta Merce Cunningham dantzari/koreografoarekiko adiskidantza.

1949 eta 1954 bitartean, Rauschenbergek lan egiteko etengabe balio izan dioten teknikak, materialak eta motiboak sartu zituen. Epealdi emankor horretan zehar argazkilaritzaz arduratu zen, bere lehenengo monoinpresioak egin zituen eta antzerki-antzezpenean ibiltzen hasi zen Cageren Antzezlana 1. zk  (Theater Piece#1) lanean parte hartuz, 1952an. Bere lehenengo pintura, eskultura eta marrazkietan ere, materialak eta irudiak bere hurbileko ingurunetik ateratzeko konpromiso etengabea izango zuena islatu zuen.

New Yorken bizi zela, 1949an, Rauschenbergek espresionista abstraktuen lana ezagutu eta bere pinturetara pintzelkada edo zertzelada askea sartu zuen. Beraren De Kooning-en marrazki ezabatua (Erased de Kooning Drawing), aldi berean, Willem de Kooning margolariarenganako ordaina eta adibide espresionista abstraktuaren mugak gainditzeko kontzeptua da. Hark bere lehenengo banakako erakusketa 1951ko maiatzean egin zuen New Yorkeko Betty Parsons Gallery arte-aretoan, zeinek denbora hartan espresionista abstraktu asko agertarazi baitzituen. Jainkoaren Ama (Mother of God) lanak (1950 ingurukoak), erakusketa horretatik geratzen den lan bakanetako bat baita, artistaren kezka goiztiarra erakusten du, mapak, diagramak eta zenbakiak bezalako gai figuratiboei leku emateko lengoaia zabaltzeak eragindakoa.

1951 eta 1953 bitartean sortutako bere pintura zuri eta beltzetan, Rauschenbergek ingurune espresionista abstraktua are gehiago aztertu zuen; hala ere, bere garbitasun piktorikotik desbideratu zen mihisea gainditzen zuten erreferentziekin. Harkoskoak eta lurra estanpatu zituen Gau-loraldia (Night Blooming) pinturen pigmentu beltzean (1951). Pintura zuriak (White Paintings) (1951) lauak ziren inguruko baldintzei erantzuten zieten argi eta itzaletarako pantaila bihurtu ziren. Egunkari collagea Pintura beltzen oinarria (Black paintings direlakoena) izan zen (1951–3).

Europatik eta Ipar Afrikatik 1952an Cy Twombly artistarekin bidaiatu zuen bitartean, Rauschenbergek collageak sortu zituen gai ezberdinak uztartzeko beraren metodoa iragarri eta beraren lanaren gune izaten iraun duten motiboetako asko dituzten italiar alkandorak tolesteko erabilitako kartoiekin. Motibo horiek honakook dira: animaliak, gorputz-zatiak, garraiatzeko moduak, arte-kopiak, tipografia eta diagramak. Egotaldi horretan sortu zituen Rauschenbergek bere Scatole Personali lanak, muntaia txikiak eta aurkitutako materialen muntaia fetitxistak. Lan horiek haren ondorengo Konbinatuetarako laborategiak izan ziren, Oinarrizko Eskulturak (Elemental Sculptures) eta Pintura Gorriak (Red Paintings) sailak bezala. Sail hori 1953an New Yorkera itzulitakoan hasi zuen Rauschenbergek.

Berarentzat, Pintura Gorrietatik Konbinatuetaraino berezko progresioa zegoen, bi dimentsioko collagea eta azkenean hiru dimentsioko gauzakiak nabarmentzen hasi zenean. Lehenengo eta benetako Konbinatuetako bat den Odaliska (Odalisk) konbinatuan (1955/1958), honakook ikus ditzakegu: oilar disekatua, argi elektrikoak eta burukoa eta material autobiografikoak eta beraren miniaturako zianografietako bat. 1954ko abenduan, Pintura Gorriak eta beraren lehenengo Konbinatuak New Yorkeko Egan Gallery galerian erakutsi zirenean, kritikari asko nahasirik sentitu ziren ordura arte zeuden artearen definizioak probarako jartzen zituzten lanen aurrean. Marcel Duchamp-en readymade-en kontzeptuan sakonduz, Rauschenbergek garrantzi berria eman zien oihalki-ohazala edo automobil-pneumatikoa bezalako gauzaki arruntei, berauek berauekin zerikusirik ez zuten gauzakien ondoan eta artearen testuinguruan jarriz. Rauschenberg urte horietan zehar Cagerekiko eta Cunninghamekiko eta Jasper Johns artistarekiko elkarrizketa intelektualak babestua egon zen. Jasper Johns artistak, berak bezala, artea gauza arruntetatik desbideratu nahi zuen.

50eko hamarkadaren bukaerarako eta 60koaren hasierarako, aurkitutako irudiak garrantzi handia bereganatua zuen Rauschenbergen ikus-hiztegian. Hark egunkari eta aldizkariak sartu zituen bere marrazki, inpresio eta pinturetara, disolbatzaileekiko transferentziako teknikak, litografiakoak eta serigrafiakoak hobetzen joan ahala. Konbinatuekin batera egindako transferentziarengatiko marrazkietan collage-aren elementua bi dimentsioko planora eraman zuen: aurkitutako irudiak azal piktorikoarekiko etengabeak ziren eta margotu eta libreki marraztutako eremuekin nahastuak zeuden. Figurazioaren eta abstrakzioaren nahaste horrek Rauschenbergen estiloaren bereizgarria izaten iraun du egundaino.

1962rako Rauschenberg bere grabatu-edizioetan transferentziaren teknika aztertzen hasia zegoen. Urte hartan bere lehenengo litografia egin zuen New Yorkeko West Islipeko ULAE (Universal Limited Art Editions) delakoan. Eta 1963an International Exhibition of Prints ospetsuaren sari nagusia jaso zuen Jugoslaviako Ljubljanan. Inpresiogintzak funtsezkoa izaten iraun du Rauschenbergen praktika artistikoan. Horren arrazoiak bi dira: hari datxekion teknikaren erreproduzigarritasuna eta hark beroni esker lor dezakeen efektu-gama zabala.

1962 eta 1964 bitartean serigrafiatutako pinturetan, erreproduzitzeko merkataritza-bide bat erabili zuen Rauschenbergek komunikabideen gaiak nabarmenduz. Bide horrek artista pop art-arekin identifikatu zuen. Fotomekanikoki produzitutako serigrafiek hari bere argazkiak eskala handian transkribatzea ahalbidetu zioten, baita herriko prentsatik hartutako irudiak ere. Gaiak Izenbururik gabe (Untitled) delakoko publizitate-paneletatik (1963), esate baterako, Armadaren helikopteroetarainokoak dira. Beste bideetako bere ikerketen parean, Rauschenbergek bere paleta beltz eta zurira murriztu zuen serigrafiatutako lehenengo pinturetan. Kolorea saila nahiko aurreratua zegoenean sartu zuen.

Rauschenbergek bere belaunaldiko puntako artista bezala izandako izen hazkorra museo bateko haren lehenengo banakako erakusketarekin eta sari nagusi batekin sendotu zen. Erakusketa hori New Yorkeko Jewish Museum-ean egin zen 1963an. Sari hori Veneziako XXXII. Bienalean eman zioten hurrengo urtean. Hamarkadako gainerako urteetan, Rauschenberg inpresiogintzaz eta antzerki-abentura kolektiboetan parte hartzeaz eta teknologian oinarriturik artea aztertzeaz arduratu zen. Jarduerok zirela eta, bere estudiotik urrun ibili zen.

60ko hamarkadan, bere antzerkiko partaidetzak dantzaren abangoardian kokatu zuen. Haren lana gehitu zen, Cunninghamen eta Paul Taylorren dantza-konpainientzat dekoratuen, jantzien eta argiztapenaren diseinatzaile bezala 50eko hamarkadaren erdialdean hasitakoa. Era berean, koreografo eta antzezle bezala lan egin zuen, neurri handi batean, Judson Dance Theater delakoarekiko bere loturari esker. Judson Dance Theater hori dantzari- eta artista-talde zabala zen. Ingurune guztietako beraren praktika artistikoaren ezaugarri bezala esan behar denez, Rauschenbergen antzezlanek egunerokoa eta ustekabekoa sartu zituzten: dantzariek sarritan erabiltzen zituzten konposatuak, batzuetan aurkitutako gauzakienak, Konbinatuenak eta giza jarduera eta eszenategiaren attrezzoa ezin bereizizkoak ziren benetako bizitzatik ateratako eszenografiarenak. Koreografiatutako haren lehenengo lana izan zen Pelikanoa (Pelican) lanean (1963), esate baterako, antzezleak, irristagailu eta jausgailuekikoak, kritikari baten arabera, Giza Konbinatuak ziren, bozina, kilkir eta telefonoek bat egiten zuten collage ozenak lagunduta zihoazenak.

Artisten eta ingeniarien arteko lan-harremanen sustapena izan zen E.A.T. (Experiments in Art and Technology) erakundearen oinarrizko abiaburua. Erakunde hori 1966an ezarri zuen Rauschenbergek Billy Klüver Bell Laboratories-eko ikerketa-zientzilariarekin eta beste batzuekin batera. 50eko hamarkadaren erdialdean, Rauschenbergek bere Konbinatuetara gailu elektriko eta elektronikoak sartuak zituen, bonbila- eta irrati-itxurakoak. Baina 60ko hamarkadako urteetan ingeniariekin izandako lankidetza izan zen argia, soinua eta mugimendua eskala handiko ingurune elkarreragileetan sartzea ahalbidetu ziona. Sorginkeria teknologikoak Orakulua (Oracle) (1962–5) eta Soinuak (Soundings) (1968) bezalako lan eskultorikoak sarritan jendearen partaidetzak aktibatutako instalazio txit elkarreragile bihurtu zituen.

Rauschenberg New Yorketik Captivara joan zen 1970ean, Floridako Golkoaren kostako irla batera alegia. Hori zela eta, bere paleta argitu zuen. Hiri-ikonografiatik ihes egin zuen eta lengoaia abstraktua eta ehuna eta papera bezalako zuntz naturalen erabilera landu zituen. Beraren Kartoiak (Cardboards) (1971) eta Veneziarrak (Venetians) (1972-3) obrek islatzen dutenez, berari oso gustatzen zaizkio aurkitutako materialei datxezkien historia, ehundura eta kolorea. Kotoitik satenerako ehunen efektu eder eta ezberdinak bi sailetan aztertu zituen. Lan horiek honakook dira: Antzigarrak (Hoarfrosts) (1974-5) eta Belauntziak (Jammers) (1975-6). Frantziako eta Indiako paper-fabrikekiko lankidetzek paper-oreari itxura artistikoaren lerruna ematen zitzaion lanak sorrarazi zituzten.

1976an National Collection of Fine Arts, Smithsonian Institution (Washington, D.C.) delakoak haren karreraren erdia bildurik zuen atzera begirako bat antolatu zuen. Une hartan Rauschenberg hautatu zen bere lanarekin bigarren mendeurren amerikarra ospatzeko. Bere lehenengo lanak berriro aztertzeko aukerarekin, artistak kezka zaharrak berriro bizi izan zituen. Beraren Hedadurak (Spreads) (1975–82) eta Eskalak (Scales) (1977–81) lanek batzuetan gela osoak harturik dituzten instalazioetan transferitutako eta serigrafiatutako muntaia eta irudiak sarturik dituzte.

Rauschenbergen argazkiekiko interes goiztiarra 1979an berriztatu zen: hark lehen aldiz lan egin zuen Trisha Brown Company konpainiarekin. Beraren Glaziar-amuzkirako (Glacial Decoy, 1979) dekoratu-diseinuak barnean hartu zituen haren zuri eta beltzeko argazkien proiekzioak. Gero, argazkilaritza-proiektu batzuk egon ziren, hala nola, Hiriaren mugetatik kanpoko + barruan (In + Out City Limits) (1980–1), Fotemak (Photems, 1981/1991) eta Udako pabiloi txinatarra (Chinese Sumerhall, 1982–3). Horiek guztiek artistaren gai arrunt eta kaletarrekiko lehenespena islatzen dute. Harrezkero, ingurune guztietan haren lanera sartutako irudiak haren argazkietatik bakarrik etorri ziren.

80ko hamarkadan zehar, Rauschenbergek epe luzerako bi proiekturi ekin zien. Lehenengo lana, Milaren 1/4 edo 2 estadio-lana (The 1/4 Mile or 2 Furtong Piece), 1981ean hasitako aurrerabideko lana da, orain 191 bat zati dituena, 300 metrokoa dena eta, bukatua dagoenean, 400 metro edo gehiagoko lekua hartuko duena. Atzera begirako lan hori haren bizitzaren eta karreraren aipamenez betea dago eta motibo eta teknika zaharrak eta haren artearen egungo joerak agertzen ditu.

1984 eta 1991 bitartean, artistak aktiboki parte hartu zuen ROCI (Rauschenberg Overseas Cultural Interchang/Rauschenberg Ozeanoz haraindiko Kultur Trukea) proiektuan. Nazioarteko gizarte-aldaketaren eragile gisako lankidetza artistikoko eta artearen ahalmeneko beraren sinesmenaren adierazpide nabaria eta giza eskubideekiko beraren konpromiso luzearen goren-maila izan zen. Proiekturako, Rauschenbergek hamaika herritarako bidaiak egin zituen eta toki-praktika artistiko eta kultura batzuk aztertu. Herri bakoitzean bere artearen erakusketa bat antolatuz, esperimentazio artistikoa kendua zen tokian, elkarrizketa sortzen eta elkar ulertzea lortzen saiatu zen, sormenezko prozesuaren bitartez.

ROCIk 80ko hamarkadaren erdialdean hasitako metalezko pintura eta eskulturen sailari aurrera eragin zion aparteko lan multzo askotarikoa sorrarazi zuen. 1985ean Txileko ROCI erakusketaren karietara lehenik kobrearen gainean margotu eta serigrafiatu ostean, Rauschenbergek hurrengo hamarkadan zehar aztertu zuen, elkarren ondorengo sail batzuetan, metala pinturarako eta serigrafiatutako irudietarako, esmalteetarako eta hisketeetarako euskarri bezala erabiltzea. Sarritan, aurkitutako irudiak eta gauzakiak artistaren bidaiei zegozkien, landutako metalezko azaletan lanen hurbileneko ingurunea islatua zegoen bitartean. Metalezko pinturek efektu asko eskaintzen dituzte. Esate baterako hor ditugu Urban Bourbons (1988-95) delakoaren esmalte ezin hobeto koloreztatuak eta Gaueko itzalak (Night Shades) (1991) direlakoen monokromo iluna. Borealis (1989–92) sailaren marroi janak eta berde urdinduak eztainuzko, brontzezko eta kobrezko hondoen kontrako pintura bezala erabilitako hisketaren agenteen erreakzioak dira. Gehiegikeriak (Gluts) lana, 1986an hasitakoa, metal-hondakinez eginda dago, hala nola, gasolindegi-seinalez eta automobil-piezaz. Hondakinok, sarritan, beren jatorrizko zertasuna galtzen dute, hormako eskultura edo eskultura libre bihurtzen direnean.

1992az geroztik, Rauschenbergek Iris inprimagailu bat erabili du bere argazkien koloreko inpresio digitalak produzitzeko. Teknologia horrekin lortu ditu eskala handiko paperaren gaineko oraintsuko lanen tonalitate argidunak eta bereizmen handiko irudiak, hala nola, Anagramak-enak (Anagrams) 1995-97. 1996an Iris inpresioak igeltsu hezera transferitu zituen Arkadiako erretiroak (Arcadian Retreats) sailean. Fresko-sail horrek aztertzeko bide guztiz berria ireki zion artistari. Duela ia berrogeita hamar urte egin bezala, Rauschenbergek bere artea asmatzeko eta material, teknologia eta ideia berriak aurkitzeko gogoz bideratzen jarraitzen du.

Robert Rauschenberg: atzera begirakoak barnean harturik du artista honen lorpen nabarmenen hatsa. Erakusketa kronologikoki antolatua dago museoko bigarren eta hirugarren solairuetako galerietan. Haren pintura eta eskultura nabarmendu behar dira. Era berean, erakusketa horrek ingurune batzuetan lan egiteko haren era harturik duela esan beharra dago. Halaber, haren marrazkiak, argazkiak eta inprimakiak agertuko dira, baita antzerki-arteetako eta teknologian oinarritutako laneko haren lankidetza garrantzitsuak ere. Azkenik, lehen aldiz ikusi ahal izango da Milaren 1/4 edo 2 estadio-lana etengabeko leku batean.