Edukira zuzenean joan

Serra/Seurat. Marrazkiak

hezkuntza-edukia

Serra: denbora eta prozesu artistikoa

Izenburua:
Serra: denbora eta prozesu artistikoa
Erakusketa:
Serra/Seurat. Marrazkiak
Gaiak:
Artea. Materiala | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Argia | Bolumena | Espazioa | Kolorea | Lan-prozesua | Mugimendua | Marrazkigintza | Teknika eta materialak
Mugimendu artistikoak:
Arte Garaikidea
Teknikak:
Marrazkia
Aipatutako artistak:
Serra, Richard

Richard Serrak (San Frantzisko, 1938) nazioarteko aitorpena dauka bere eskultura-lan monumentalengatik. Alor horretan murgildu baino lehen marrazketa ere jorratu zuen artistak, eta diziplina hori lantzen jarraitu du bere ibilbide profesional guztian zehar. Serraren marrazkigintzan eta ekoizpen grafikoan, bere eskulturan ere oso ohikoak diren ezaugarriak nabarmentzen dira, hala nola materiaren garrantzia, prozesu artistikoa, denboraren erregistroa eta pertzepzioaren aldaketak.

1970ean Japoniara egindako bidaia batean, Kyotoko Ryoanji tenpluko zen lorategian paseatzeko aukera izan zuen Serrak. Bertan konturatu zen arreta ez zegoela paisaiaren elementu zehatzetara bideratuta: lorategia erabateko espazio bezala zegoen planteatuta, eta hura diseinatzeko orduan kontuan hartuak ziren behaketa-ekintzan bertan eragina duten faktoreak ere, hala nola denbora, mugimendua eta meditazioa. Faktore horiek Serraren obraren helburu nagusi bihurtu ziren geroztik.

 

Materiarekin esperimentatzen

Richard Serrak garrantzi handia ematen dio sorkuntza-prozesuari. Izan ere, prozesu horretan erabilitako teknikaren eta materialen araberakoa izaten da emaitza.

Kozo paper japoniarra

Bere marrazki- edo grabatu-lanetan, Serrak gramaje handiko artisau paper japoniarra baliatzen du, gehienetan kozo-zuntzezko papera (masustondo mota bat da kozoa), teknika tradizionalen bidez egina, oso erabilia Sortaldean. Japonian badira landare-zuntzez —hala nola ganpia eta mitsumata— egindako beste paper-mota batzuk ere, baina, hiruetatik, kozo-zuntzezkoa da gogorrena.

Kozo-azala manipulazio-prozesu neketsu baten bidez beratzen da, zuntz luze batzuk lortzeko. Zuntz horiek ore bihurtzen dira eta, ondoren, uretan disolbatzen dira. Orea bahetu egiten da elkarren artean jositako banbuzko kanabera finez egindako moldean (forma). Ondoren, orriak xukatu eta kontu handiz prentsatzen dira soberako ura kentzeko, eta jarraian banandu eta lehortzen jartzen dira eguzkitan, euskarri lau baten gainean.

Olio-barratik materiala sortzera

Urteetan zehar, Serrak hainbat marrazketa-prozesu landu ditu. Prozesu horietan guztietan, margo bakarra erabili du: beltza, berak koloretzat baino gehiago materiatzat hartzen duena. Izan ere, bisualki, beltza astuna da, bolumen trinkoak sortzen ditu, argia xurgatzen du, eta argia desegiten. Hirurogeita hamarreko hamarkadaren erdialdean, Instalazio-marrazkiak (Installation Drawings) direlako irudi gero eta handiagoak egiten hasi zen Serra, eta horrek lan-tresna berri eta zeharo pertsonal bat sortzera eraman zuen: olio-barrak urtu eta molde angeluzuzenetan isurita, olioblokeak sortzeari ekin zion. Marrazteko orduan bi eskuak erabiltzea eta gorputz osoarekin ahalegin handiagoa egitea eskatzen du teknika horrek, erdiko kuboko horma-irudian ikus daitekeen bezala.

Solidoak (Solids, 2008) izeneko marrazkiak egiteko ere olio-barrak urtu zituen, baina testura ia likidoa lortu eta gainazal solido batera (mahai batera edo zorura) isurtzeko helburuarekin. Gero papera ipintzen zuen margo likidozko geruza horren gainean, eta ausaz sakatzen zuen testura desberdinak sortzeko.

Azkenik, Ibilbideak (Ramble Drawings, 2015) lanetan —erakusketa honetan ikusgai—, Serrak marrazkien eskala txikitu zuen, intimotasuna eta arintasuna eman nahian. Horiek egiteko, mahai baten gainean zabaltzen zuen materiala, mota askotako beltzez osatua: olio-barrak, argizari litografikoak, pastelak, grafito-hautsak, grabatu-tintak, silizea eta bestelako gaiak. Pigmentuen gainean, gramaje handiko papera ezartzen zuen, eta altzairuzko pieza baten laguntzarekin, indarrez sakatzen zuen gainaldea.