katalogoa
BIOGRAFIA
- Izenburua:
- BIOGRAFIA
- Argitalpena:
- Madril: La Fábrica eta FMGB Guggenheim Bilbao Museoa, 2026
- Neurriak:
- 15 x 21
- Orrialdeak:
- 287
- ISBN:
- 979-13-87960-42-1
- Lege gordailua:
- M-18534-2026
- Erakusketa:
- Steve McQueen: 66-76-26
- Gaiak:
- Artea eta musika | Artistak | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | AEB | Ingalaterra | Londres | Zinema
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Garaikidea
- Aipatutako artistak:
- McQueen, Steve
Steve McQueen (Londres, 1969) artista eta zinemagilea da, eta bere lanak eragin sakona izan du mugimendudun irudiari lotutako praktika garaikidean. Zinema, argazkigintza, eskultura zein instalazioa baliatuta, botereari, memoriari, lan-munduari eta errepresentazioari buruzko istorioak aztertzen ditu bere lanetan, esperimentazio formala eta urgentzia politikoa uztartuz. Bere ibilbidean zehar, aise mugitu izan da arte garaikidearen eta zinemaren artean, eta bi-biak baliatu ditu irudiek esperientzia pertsonal zein kolektiboak nola baldintzatzen dituzten aztertzeko.
Chelsea School of Art, Goldsmiths College eta New Yorkeko Unibertsitateko Tisch School of the Arts ikastegietatik igaro ondoren, McQueen bere belaunaldiko artistarik garrantzitsuenetako bat bihurtu zen 1990eko hamarkadan. New Yorkeko Museum of Modern Art (1997), Frankfurteko Portikus (1997), Londresko Institute of Contemporary Arts (1999) eta Kunsthalle Zürich (1999) erakundeetan eskaini zizkioten bakarkako erakusketei esker izen ona egin zuen nazioartean, eta Documentan (1997 eta 2002) parte hartu izanak mundu-mailara zabaldu zuen haren lana. 1999an Turner saria jaso zuen, eta 2003an Imperial War Museum erakundeak gerrako artista ofizial izendatu zuen Irakerako. Azken hiru hamarkadetan, McQueenek erakusketa handi eta enkargu ugari egin ditu hainbat erakundetan, nola diren Art Institute of Chicago (2012), Basileako Schaulager (2013), Manchesterreko Whitworth Art Gallery (2017) eta Bostongo Institute of Contemporary Art (2017). Britainia Handiaren ordezkaria izan zen Veneziako 53. Bienalean (2009), eta behin baino gehiagotan aukeratu dute Bienaleko pabiloi nagusirako ere (2003, 2007, 2013 eta 2015). 2019an 3 urtea (Year 3) aurkeztu zuen Tate Britainen: Londresko ikastetxeetako haur-belaunaldi oso baten eskala handiko erretratua; 2020an, berriz, banakako erakusketa garrantzitsu bat eskaini zioten Tate Modernen, eta Milango Pirelli Hangar-Bicoccara eraman zuten 2022an. 2023ko udaberrian Grenfell aurkeztu zuen Londresko Serpentine South Galleryn. International Film Festival Rotterdamen 52. ediziorako enkargu gisa jaiotako Eguzkiaren estatua (Sunshine State) proiektua, aldiz, New Yorkeko Dia Chelsea eta Milango Hangar-Bicocca aretoetan izan zen ikusgai, besteak beste. 2024an, Dia eta Basileako Schaulager erakundeen enkargu gisa egindako Baxua (Bass) instalazioa inauguratu zuten New Yorkeko Dia Beacon aretoan. 2026an, berriz, Atlas ikusgai egon da Tilburgeko De Pont Museumen.
Arte plastikoetako jardunaz gain, McQueen zinema-zuzendari gisa ere aritzen da, eta bost film luze egin ditu: Gosea (Hunger, 2008), Lotsa (Shame, 2011), 12 urte esklabo (12 Years a Slave, 2013), Alargunak (Widows, 2018) eta Blitz (2024); azken hori BFI London Film Festivalen 68. edizioan estreinatua lehenengoz. Gosea filmak Caméra d’Or saria jaso zuen Cannesko Zinemaldian eta 12 urte esklabo pelikulak, berriz, Oscar saria, Urrezko Globoa eta film onenaren BAFTA saria 2014an. Artistak gerora egin dituen zinema-lanen artean aipatzekoak dira Aizkora txikia (Small Axe, 2020), Londresko antillar komunitateari buruzko bost filmez osatutako antologia bat; Matxinada (Uprising, 2021), James Roganekin batera egindako hiru ataleko dokumental bat, 1981ean Londresko New Cross auzoan gertatutako suteari buruzkoa; eta Hiri okupatua (Occupied City, 2023), urte hartako maiatzean Cannesko Zinemaldian estreinatutako dokumental bat. Halaber, 2025–26 ikasturtean, McQueen Charles Eliot Norton Professor of Poetry gisa aritu da Harvard Unibertsitatean, eta Pulse izeneko sei saioko hitzaldi-ziklo bat eman du bertan.
McQueenek hainbat sari jaso ditu arte- eta zinema-munduei egindako ekarpena aintzatesteko, besteak beste, arestian aipatutako Turner saria (1999), Johannes Vermeer saria (2016), BFI Fellowship (2016) eta arte plastikoen Rolf Schock saria (2024). Britainiar Inperioaren Ordenako Ofizial (OBE) izendatu zuten 2002an, eta Britainiar Inperioaren Ordenako Komendadore (CBE) 2011n. 2020an, berriz, Sir izendatu zuten Urteberriko ohoreen zerrendan. Aurten, Praemium Erasmianum Fundazioak 2026 Erasmus saria eman dio. McQueen Londres eta Amsterdam artean bizi da, eta lan ere bietan egiten du.