hezkuntza-edukia
Kafetegiak topagune
- Izenburua:
- Kafetegiak topagune
- Erakusketa:
- Urte eroak, 1920ko hamarkada
- Gaiak:
- Arte eta iraultza kulturala | Artistak | Lan intelektuala | Sorkuntza artistikoa | Kafetegiak | Nazismoa | Dantza | Europa | Musika | Hannah Höch | Albert Einstein | Josephine Baker | Leon Trotsky | Sigmund Freud
Aipatutako intelektualek usu parte hartzen zuten kafetegi mitikoetako tertulietan. Ohiko elkargune izaten ziren, esaterako, Universal, Levante, Pombo edo Comercial, Madrilen; Español, Bartzelonan; Boulevard, La Concordia eta Iruña, Bilbon; zein Alameda, Granadan. Europako hirien artean, baina, Vienak izan zuen kafetegi-tradizio handiena; horren erakusle dira Landtmann, Central eta bertako museoetako kafetegi ospetsuak, adibidez. 1920ko hamarkadaren erdi aldera, Berlingo Romanisches Café ere izan zen Europako beste topagune nagusietako bat. Kafe-etxeak modernotasunaren eta kosmopolitismoaren irudi izan ziren, eta haietatik sortzaile, pentsalari eta politikari handiak pasa ziren, hala nola Bertolt Brecht, Otto Dix, Albert Einstein, Sigmund Freud, Adolf Loos eta Leon Trotski, baita Marlene Dietrich, Hannah Höch, Josephine Baker, Valeska Gert eta Billy Wilder ere urte batzuk geroago. Joseph Goebbels propaganda-ministro naziak hauxe adierazi zuen: “Judu boltxebikeak hor daude, Romanisches Cafén eserita, azpikerian, beren plan iraultzaile makurrak antolatzen; gauez, lepo betetzen dituzte Kurfürstendammeko aisia-lokalak, beltzen orkestrek dantzara zirikatzen dituzte, eta barre egiten diete garaiko miseriei”. 1933an, atentatu bat jasan zuen kafetegiak, eta gainbeheran hasi zen.