Edukira zuzenean joan

Urte eroak, 1920ko hamarkada

hezkuntza-edukia

Max Reinhardt-en antzerki esperimentala

Izenburua:
Max Reinhardt-en antzerki esperimentala
Erakusketa:
Urte eroak, 1920ko hamarkada
Gaiak:
Eragin artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Kritika | Sorkuntza artistikoa | Forma | Dekorazio-arteak | Nazismoa | Antzerkia | AEB | Europa | Musika | Bertol Brecht | Emozioa
Artelan motak:
Ikus-entzunezkoa
Aipatutako artistak:
Reinhardt, Max

Max Reinhardt zinema- eta antzerki-zuzendari austriarrak (1873–1943) ordu arteko dramaturgia tradizionalaren oinarriak irauli zituen: ikusleengan inpaktu emozionala sortzea bilatu zuen, zenbait elementu nabarmenduz, hala nola dekoratuak, musika edo antzezleen aurpegiko adierazkortasuna. Reinhardten lanek formatu aldetik ezberdintasun ageriak zituzten: batzuk aktore gutxiko eta ia ikuslerik gabeko antzezlan txiki eta intimoak izan ziren; beste batzuk, berriz, estra asko eta soinu-banda harrigarriak zituzten ekoizpen handiak. Adierazkortasun horrek talka egiten zuen antzerki tradizionalagoko naturaltasunarekin. Bete-betean jarri zuen praktikan adierazkortasun hori, aurrena haren antzerki-konpainian (aktoreentzako hezkuntza-erreferente bilakatu zena) eta ondoren bere filmografian. 1920an, Richard Strauss eta Hugo von Hofmannsthalekin batera, Salzsburgoko Festibala sortu zuen, gaurdaino arte eszenikoen zaleek galdu ezin duten zita. 1920tik 1932ra Berlingo Grosse Spielhaus eta Schall und Rauch aldizkariaren koeditore ere izan zen. Hala ere, 1933an Europatik alde egin behar izan zuen, nazismoak jazarri baitzuen judua zelako, eta New Yorken finkatu zen. Bertolt Brecht (1898–1956) aro modernoko beste funtsezko dramaturgo eta idazleetako bat izan zen. Burgesiaren kontrako antzerkiaren alde egin zuen, epikoa edo dialektikoa, ikuslea pentsatzen jarriko zuena, uste irmoa zuelako gogoeta horiek mundua aldatzen lagundu zezaketela. 1924an, Reinhardtentzat ibili zen lanean dramaturgo gisa Deutsches Theaterrean, eta urte batzuk beranduago hango zuzendari lanetan ere ibili zen. Brecht antzerki didaktikoaren aitatzat jotzen dute, eta kapitalismoari kritika egiten lehenengoetarikoa izan zen.