Edukira zuzenean joan

Calder. Grabitatea eta grazia

hezkuntza-edukia

Musika

Alexander Calder artista polifazetikoa, 20ko eta 30eko hamarkadetako erdialdean harremanetan egon zen Pariseko abangoardiarekin. Ordutik aurrera, lankidetzan jardun zuen musikari, antzerkigile eta konpositoreekin balletak, antzerki-lanak edo performanceak eszenaratzen dekoratu, jantzi eta propio sortutako piezen bidez. Atal honetan, musika hautapen bat aurkezten da, Alexander Calderrek eszenarekin izan zuen harreman profesionala agerian uzten duena. Lankidetza horren adibide bikaina dugu Calderrek 1936. urtean Erik Satie konpositore frantsesak 1920an sortutako Socrate lanerako egin zuen dekoratu mugikorra. Gainera, bazeuden Calderren sormena miretsi zuten beste musikari eta artista asko, adibidez Edgar Varèse konpositore paristarra (1883–1965). Azaltzen zuenez, bere musika bat zetorren Calderren eskultura abstraktuen mugimendu berritzailearekin, eta hain zuzen Calderrek diseinatu zuen bere 1971ko Amériques balleterako jantziak.

Joséphine Baker dantzari eta kantari estatubatuarrak (1906–1975) bere Folies Bergère-ko abesti eta emanaldiekin lilura berezia sortu zuen Europako gizartean, baita Calderren baitan ere; eta Calderrek bera alanbrez erretratatu zuen 1926an. Sidney Bechet-en (1897–1959) eta Louis Armstrong-en (1901–1971) hautapen batek agerian uzten du Calderrek mende honetako lehenengo erdialdeko jazzarekiko zuen zaletasuna.