Edukira zuzenean joan

Calder. Grabitatea eta grazia

hezkuntza-edukia

Funtsezko kontzeptuak

Bere artean mugimendua sartzerakoan Calder-en artelanek eskulturaren oinarrizko printzipio batzuk berriro definitu zituzten, eta XX. mendeko eskultore berritzaileena bihurtu zuten.

Calderrek bultzada handia eman zion bere obrari itzelezko tamainako eskulturak garatu zituenean. Bere geroko artelanak lerro okertuko eta forma abstraktu dotoreko eskultura erraldoiak izan ziren, eta gaur egun munduko hainbat toki publikoetan ikus daitezke.

Calderrek “egonkorrak” (stabiles) ere sortu zituen, euren plano ezberdinen bidez mugimendua iradokitzen duten eskultura estatikoak, baita “mugikor tenteak” (standing mobiles) ere, non mugikorra orekan mantentzen den egonkor baten gainean.

Marrazkia hiru dimentsioko bihurtu ostean, Calderrek mugimenduan jartzearen ideia asmatu zuen. Konstrukzio abstraktu batzuk garatu zituen non elementuak aire korronteen arabera mugitzen ziren, konposizioa aldaraziz. Alanbre eta xaflazko (edo beste material batzuetako) eskultura horiek “mugikor” izena hartu zuten (mobiles). Etzanik dagoen mugikorra eskeletoa besterik ez da, bere aukeren aztarna soila; esekita ostera bizia hartzen duela dirudi.

Hasierako garai hartan bertan, Calderrek eskultura figuratibo batzuk egin zituen alanbre etengabea erabiliz, eta orduko kritikariek espazioan egindako marrazkiak deitu zituzten. Calderrek masarik gabeko bolumena zizelkatzeko era ezberdinak aztertu zituen, baita lerroen ekonomiaren bidez eta mugimendu artikulatuaren bidez gaiaren esentzia atzemateko modua ere. Calderrek bere alanbrezko artelanetan gero eta gehiago sartu zituen zirkinak edo keinuak, mugimendua erabiliz. 1930eko hamarkadaren hasieran, esplorazio horiek bere eskultura zeharo abstraktuak sortzera eraman zuten.

1926an Parisera iritsi ostean, Calderrek Calder Zirkua (Cirque Calder) sortu zuen. Berau performancea edo publikoaren aurreko antzeztea zen, eta bertan alanbrez, zuraz, oihalez eta beste material batzuez egindako zirkuko figura txikiak erabiltzen zituen. Performance landu horien bidez, Parisko abangoardiako artistekin jarri zen harremanetan.

Alexander “Sandy” Calder 1898an jaio zen Lawntonen, Pensilvanian (orain Filadelfiako zatia, Ameriketako Estatu Batuetan) artista ezagunen familia batean, eta oso gaztetatik bultzatu zuten haren sorkuntza-gaitasuna. Umetan bere tailerra zuen, eta bertan arrebarentzako eta berarentzako jostailuak fabrikatzen zituen. 1919an ingeniari mekaniko titulua lortu zuen, baina luze gabe bere karrera artistikoari ekitea erabaki zuen. 1923tik 1926ra bitartean New Yorkeko Art Students Leaguen arte-ikasketak burutu zituen, eta bizimodua ilustratzaile lanetan irabazi zuen.