Edukira zuzenean joan

Chagall. Urte erabakigarriak, 1911−1919

hezkuntza-edukia

Artista polifazetikoa

Izenburua:
Artista polifazetikoa
Erakusketa:
Chagall. Urte erabakigarriak, 1911−1919
Gaiak:
Erlijio-margoa | Antzerkia | Errusia
Teknikak:
Horma-pintura | Marrazkia
Artelan motak:
Pintura

ANTZERKIA

Bere bizitzan zehar, Chagallek hainbat antzerki-konpainiarekin lan egin zuen Errusian, Mexikon, AEBn eta Frantzian, eta eszenografia berritzaileak sortu zituen. Taulekiko harremana 1911n hasi zen, Léon Bakst margolari errusiarrarekin ikasten ari zela —eszenografiaeta jantzi-diseinatzailea ere bazen Bakst—, eta 1920 ostean joera esperimentala zuen Moskuko Ganberako Estatu Antzerki Juduarekin lanean jardun zen. Geroago, arte bisual eta eszenikoak integratzeko interesa erakutsi zuen Chagallek: New Yorkeko Balletarekin lankidetzan aritu zen (Aleko, 1942 eta Suzko txoria, 1945), Bigarren Mundu Gerra zela-eta AEBn eman zuen denboran (1941–48); halaber, Parisko Operarekin (Daphnis eta Kloe, 1959) eta New Yorkeko Metropolitan Operarekin (Flauta magikoa, 1967) lan egin zuen. Egin zituen eszenografia eta jantziak bere artelanen antzekoak ziren, eta pinturetako ikonografia taula gainera eramateko aukera luzatu zioten.

LIBURUEN ILUSTRAZIOAK ETA OBRA GRAFIKOA

Chagallek hainbat testuren ilustrazioak egin zituen. Goiz hasi zen ilustratzaile lanetan, 1914–15 aldera, Jizchok Leib Peretz idazlearen Magoa kontakizunarekin. 1920ko hamarkadan, inprimatze-teknikak ezagutu zituen artistak, eta horiekin esperimentuak egiten hasi zen; lehenik, akuaforteak egin zituen 1922ko Eygens (Nire bizitza) autobiografiarako; geroago, irudiak sortzen jardun zen hainbaten lanetarako, besteak beste: Nikolai Gogol-en Arima hilak, Jean de La Fontaineren alegiak, Biblia eta Lesboseko Longus idazlearen Daphnis eta Kloe Greziako kontakizun klasikoa. Literatur generoen aniztasuna Chagall beraren izaera eta interes polifazetikoen isla da: kutsu autobiografikoa duten Errusiako bizitzaren irudikapenetatik, bere espiritualtasun pertsonala eta balioak adierazteraino. Litografiaren kasuan, Chagallek aurrekaririk gabeko emaitzak lortu zituen, kolorearen erabilera bikainaren eta testura kartsuen bitartez.

ARTE PUBLIKO ETA MONUMENTALA

Chagallen mundu artistikoa arte monumentalera ere hedatu zen. 1916an jada jaso zuen San Petersburgoko bigarren hezkuntzako eskola judurako horma-irudiak sortzeko enkargua, osatzera iritsi ez zena. Alabaina, bere bizitzako azken 25 urteetan bideratu zuen batik bat bere sormena arte mota horren bitartez, eta beirate nahiz mosaikoak gauzatu zituen, lan horiek hartuko zituzten tokiekin hertsiki lotuz. Chagallen arte monumentalak leku sakratu bat edo kontenplazio edo elkarrizketarako gune bat hartu ohi zuen: kontzertu-areto bat, museo bat, bilera-gela bat. Bere artearen adibiderik adierazkorrenen artean, gai biblikoak lantzen dituzten hamabi beirateko sail bat dago, Hadassah Unibertsitateko Mediku-zentroan dagoen Abbell Sinagogarako sortu zuena, Jerusalemen (1960–62). Halaber, New Yorkeko Nazio Batuen Egoitzako Bakearen leihoa ere Chagallen obra da; 1964an egin zuen, Parisko Operako sabaiaren dekorazioa osatu zuen urte berean, arte monumentaleko obra garrantzitsua hori ere.